Autoritarismoa eta erresistentzia

  • Europako eta Espainiako Estatuko instituzio nagusiak osatu dira iragan hilabeteetan, baita foru eta udal erakundeak ere. Jule Goikoetxea filosofo politikoak eta irakasleak aztertu du azken hauteskundeen ondorengo erakundetze prozesua.


2019ko abuztuaren 07an - 10:26
Xabier Sagasta

Espainiako Estatuaren azken hauteskundeetan eskuin muturra lehen aldiz kongresuan sartu dela ez da egia. Zein uste duzue dela ba elite ekonomiko finantzarioaren ideologia? Elite horrek 80ko hamarkadatik darama gobernatzen. Existentzia ez da hedabideetan ikusgarri denaren sinonimo, galdetu bestela ikusgaitzak diren gizarte sektore horiei guztiei: desjabetuak, manteroak, Sanfraneko neskame arrazializatuak, astero bortxaketak pairatzen dituzten etxeko langileak, ikasketak ordaindu ezin dituzten ikasleak.

C’s eta PSOEren arteko ikusezintasuna azalekoa dela uste dut, baina azala gorputzeko organo bat da, eta IBEX35aren esku daude egun espainiar organo ia guztiak. Laburbilduz, Sánchezek legealdi osoa irauten badu ere, oso higatua amaituko du

Horiek ez dira agertzen hedabideetan, antolatzen ez diren arte, eta antolatzen direnean, orduan, ultra-eskuina ikusgarri(ago) bilakatzen da. Fenomeno sozial ororen kausak anitzak dira, beti, eta kasu honetan, gizarte oro denez misoginoa, arrazista eta kontserbadorea, zumitz berdinez eginiko neoliberalismo patriarkal eta kolonialak erraz eraman dezake hori guztia muturrera sortzen duen pobrezia, prekarietatea eta desegonkortasun sistemikoaren bidez. Orain dela gutxi Norvegian egindako ikerketa batean hipotesi hau berretsi da: Europa iparraldean faxismoaren zabaltzea ez da migratzaile kopurua handitu denean eman, ezpada prekarietatea irmotzen hasi denean. Espainiako Estatuan berdin: prekarietate masiboarekin zabaldu dira ultrak, nahiz eta eskumak eta faxistak migranteei, feministei eta independentistei egotzi errua. Neoliberalismo patriarkalaren zabalkundearekin pobrezia eta ziurgabetasuna zabaldu egiten dira, nekropolitika global honek migrazio masiboak sortzen ditu, eta miseria eragiten duten eliteen jatorrizko herrialdeetan populazioa haserretzen da, baita ere: feministak antolatzen dira, pentsionistak, garbitzaileak eta etxeko langileak asaldatzen dira, gorputz arrazializatu eta sexualizatuak erantzuten dute, independentismoaren aldeko nahia eta hori lortzeko presa handitu egiten da, kaosa eta desobedientzia pasarteak tartekatzen dira (krisiak, shock doktrina), leialtasun politikoak hautsi egiten dira eta alderdibitasunean oinarritutako alderdi-sistemak, Espainiaren kasuan bezala, apurtu egiten dira, zatiketa soziala bideratzeko ezgaitasunak gobernaezintasuna dakarrelarik.  

Gobernagarritasun eza egiturazkoa denez, bi gauza gerta daitezke. Lehena, PSOE gutxiengoan gobernatzen saiatuko da, akordio puntualak eginez alderdi ezberdinekin. Bigarrena, alderdiren batekin, birekin edo hirurekin, egonkortasun akordio bat egitea. Nahiz eta posible den legealdi osoa gutxiengoan edo gobernu akordio batekin igarotzea, ez diot bide luzerik ikusten. Egia da ere alderdi txikiak (Navarra Suma, Coalición Canaria, eta abar.) laguntza emateko prest agertu direla, baina ez da nahikoa.

EAJren kasuan, hiru gai jarri dituzte negoziazio mahaian, Maiatzaren 26ko hauteskundeak eta gero: Eusko Jaurlaritzaren gobernabidea, Sanchezen inbestidura eta Nafarroa. Arazoa da EAJk PSOEren behar handiagoa duela, PSOEk EAJrena baino. Horrek EAJren eragiteko maila mugatzen du. EAEn akordioetara ailegatuko direla ziur naiz, azken 35 urteetan –gerra tarteko– halaxe egin baitute. Nafarroakoa estatu afera da, eta PSOEk 155.eko blokea du etxetzat, beraz, ez dirudi oso urrun iritsiko direnik, batez ere PSEk Podemos, ERC edo C’s behar dituelako estatuan. Podemos litzateke egonkorrena, baina ez litzateke nahikoa eta M26a eta gero, aukera hori zaildu egin da. ERCk ez dirudi kudeaketa zehatz baten ordez babesa emango dionik, eskakizun politikoak baitaude mahai gainean: preso politikoak eta erreferenduma. PSOE ez da hortik pasako. Azkenik, C’s eta PSOEren arteko ikusezintasuna azalekoa dela uste dut, baina azala gorputzeko organo bat da, eta IBEX35aren esku daude egun espainiar organo ia guztiak. Laburbilduz, Sánchezek legealdi osoa irauten badu ere, oso higatua amaituko du.

Kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa desagertzen ez diren bitartean, izan faxismo europarraren formatuan, izan Silicon Valleyren ordo-liberalismo digitalaren forman edo neocon anglo-amerikanoen eran, haren kontrako erresistentziak aurrera jarraituko duela argi geratu da azken urtean

Hala ere, (ultra) eskumak irabazi izan balu, duten barne zatiketa kontuan hartuta, ez lukete legealdi bat iraungo, ezta ere. Horregatik da gobernagarritasun eza egiturazkoa. Gauza bat hauteskundeak irabaztea baita eta beste bat estatua gobernatzeko behar diren baldintzak lortzea. PSOEk gainera errebotez irabazi ditu hauteskunde espainiarrak, faxismoa eteteko. Hori gutxi ez balitz, nazio gutxituetan espero baino jende gehiagok nazio ikuspegiarekin bozkatu du, ardatz gatazkatsu horrek hor dirauela ikusaraziz. Nazio gutxituetan ematen den nazio identitatea politikoa baldin bada, ez folklorikoa –Bilboko EAJrena bezalakoa–, neoliberalismoaren oztopo bilaka daiteke. Ez da kasualitatea PSOErekin gobernuan aritzeko, Ibex 35ek, C’s nahiago izatea ERC baino; EAJ Podemos baino. Espainiaren batasuna mantentzea espainiar elite ekonomiko eta politikoaren biziraupenaren baldintza oinarrizkoena baita, eta elite horretan PSOEko, PPko, C’seko, EAJko eta Voxeko jendea dago. Beste batzuen artean.

XX. mendeko faxismoa eta ultra-eskuina kapitalismo arrazista eta misogino zehatz baten altzoan sortu zen. Ez dakigu zer-nolakoa izango den XXI. mendeko autoritarismoa baina pozgarria den gauza bakarra zera da: kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa desagertzen ez diren bitartean, izan faxismo europarraren formatuan, izan Silicon Valleyren ordo-liberalismo digitalaren forman edo neocon anglo-amerikanoen eran, haren kontrako erresistentziak aurrera jarraituko duela argi geratu da azken urtean. l

(Erreportaje hau Aktualitatearen gakoak aldizkarian argitaratu da. Aldizkari osoa nahi baduzu Argiako azokan eros dezakezu.)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
"Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da"

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


Eguneraketa berriak daude