Errenta, demokraziaren muga Donostian

  • Zer ezkutatzen dute abstentzio datuek? Zerk eragin dezake, udal hauteskunde batzuetan, hiri bereko bi auzoren artean hamar puntuko aldea egotea? Zubiak Eraikiz plataforma eta Montera34 laborategia klase sozialen eta abstentzio mailaren arteko korrelazioa azaleratzeko ari dira lanean.


2019ko maiatzaren 06an - 09:49
Argazkia: Joseba Parron San Sebastian.

Auzo aberats edo txiro batean bizitzeak zuzeneko eragina du herritarren parte hartze politikoan. Izan ere, hainbat ikertzaileren arabera, klase sozial baxuko biztanleria duten nukleoetan hauteskundeetako abstentzio maila igo egiten da, Donostian zein nazioartean. Errealitate hori bistararazi ahal izateko, abstentzioaren auzoz auzoko mapa osatu du Montera34 laborategiak, EAEko azken urteetako hauteskundeetan bildutako datuak aztertu ostean.

Mapa horren bidez, Braulio Gomez Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak “demokraziaren zulo beltz” gisa definitutako puntuak ikusarazi dituzte (%50eko abstentzio maila gainditzen duten guneak). Horien artean, Bilboko Otxarkoaga eta Gasteizko Abetxuko auzoak nabarmentzen dira, besteak beste.

Zulo beltz horien errealitatea argitzeko asmoz, Zubiak Eraikiz plataformak hitzaldi bira bat antolatu du erkidego osoan zehar, Gomez ikertzailearekin eta Montera34ko Pablo Reyrekin batera. Plataformaren arduradunak, Sabin Zubirik, Donostian Otxarkoagaren eta Abetxukoren moduko muturreko kasurik ez dagoela zehaztu du, baina hiriko auzoetan errentaren eta abstentzioaren arteko korrelazio garbi bat dagoela dio.

errenta eta abstentzioa

Eustaten 2018ko urriko datuen arabera, Donostiako errenta pertsonal baxuena duten herritarrak Altzan bizi dira (16.575 euro), eta altuenekoak, berriz, Miramonen eta Zorroagan (40.850 euro). 2015eko udal hauteskundeetako datuak errepasatuta, bi eremuen arteko desparekotasun ekonomikoari bestelako diferentzia bat gehitzen zaio: Altzan abstentzio maila %40koa izan zen eta Miramon eta Zorroagan, berriz, %31,4koa.

Alboko grafikoan ikus daitekeen bezala, hauteskunde horietako abstentzio maila altuenak batez besteko errenta pertsonal baxuena duten auzoetan kontzentratu ziren; Altzan, Loiolan eta Bidebietan bereziki. Halaber, errenta pertsonal altuagoa duten auzoek abstentzio maila baxuagoak agertu zituzten. Zubirik azaldu du 2011ko udal hauteskundeetan eta 2016ko Espainiako hauteskundeetan joera berdina errepikatu zela, klase sozialen eta parte hartze politikoaren arteko lortura berretsiz: “Datuek erakusten dute abstentzio hori estrukturala dela”.

Joan den igandeko hauteskundeetan, berriz, auzoz auzoko abstentzio mailek aldaketa nabarmenak jasan zituzten, Donostiako EAJk jasotako parte hartze datuen arabera. Hala ere, Zubirik gogoratu du Espainiako Barne Ministerioak ez duela oraindik auzoen datu ofizialik argitaratu, eta informazio hori eduki gabe ondorioak ateratzea “arriskutsua” izan daitekeela gaineratu du.

Klase sozialen arrakala, ordezkaritza desorekatua

Klase sozialaren eta parte hartze politikoaren arteko lotura horrek sistema demokratikoaren funtzionamendu egokia ezbaian jartzen du. Izan ere, klase sozial ahulenetako pertsonek ere bozkatzeko aukera duten arren, hauteskundeetan parte hartzeko eskubide hori baldintzatua dagoela adierazi du Zubirik: “Euren egoera sozioekonomikoak bozketan parte hartzeko duten probabilitatea murrizten du, abstentzioa igoaraziz eta euren ordezkaritza politikoa gutxituz”.

Zubiak Eraikiz plataformako kideak azaldu du fenomeno honen atzean dauden arrazoien inguruan teoria asko daudela, eta zaila dela kausa konkretu bat zehaztea. Hala ere, agerikoa dirudi egunero hozkailuan zerbait edukitzea edo alokairua ordaindu ahal izatea kezka nagusi gisa dutenentzat zailagoa dela informazio politikoa jaso eta arazo kolektiboen inguruan hausnartzea. Zubiriren ustetan, “jende horrek politika nahiko urrun sentitzen du, bere eguneroko kezkei erantzun zuzenik ematen ez diolako, eta sentimendu hori ezaxola bilakatzen da hauteskunde egunean”.

Bidezko sistema demokratiko bat eraikitzeko bidean, hautesleen arteko desoreka hori gainditzea eman beharreko pauso gisa azaleratzen da. Zoritxarrez, nazioartean jasotako esperientziak kontuan hartuta, egoera aldatzeko formula magikorik existitzen ez dela uste du Zubirik. Hala ere, arrakala arintzen lagundu dezaketen neurriak badirela adierazi du Zubiak Eraikizeko kideak.

 

abstentzioa

 

Abstentzio aktiboaren aldeko pintada Benta Berrin. (Argazkia: Iñaki Agirre)

Adibidez, derrigorrezko botoa parte hartzea orekatzeko neurri eraginkorra dela frogatu da hainbat herrialdetan. Latinoamerikako hainbat lekutan erabiltzen da, eta baita Belgikan, Luxemburgo eta Australian ere. Azken hauetan, parte hartze kopurua %90era hurbildu ohi da hauteskunde egunetan.

Sistema horrek funtzionamendu sinplea izan ohi du: herritarra bozkatzera derrigortua dago eta, bere eginbeharra betetzen ez badu, isun txiki bat jasotzen du. Diru gutxien duten herritarrek isuna ez jasotzeko interes handiagoa dutenez, haien abstentzio maila jaitsi egiten da, parte hartze orokorra orekatuz.

Zubiriren arabera, “gure ikuspegitik, derrigorrezko botoaren sistemara pasatzea gauza zaila izango litzateke, baina badira gurean aplikatu ditzakegun bestelako neurri batzuk”. Legealdi bakoitzaren hasieran gobernuek ezartzen dituzten helburu sozial eta ekonomikoak adibide gisa hartuta, agintariek helburu politiko zehatz batzuk ezarri beharko lituzketela dio plataformako kideak: “Baztertuak dauden klase sozialen gizarteratze politikoa bultzatuko luketen neurri egingarriak hartu behar dira. Esaterako, informazio politikoa sustatzea eta herritarren arteko harreman sozialak indartzen laguntzea”.

Gainera, alderdiei abstentzio guneetan sortzen den gurpil zoroa etetea dagokiela adierazi du Zubirik: “Auzo batean gutxi bozkatzen bada, hautagaiak ez dira hango herritarrengatik interesatzen, eta horiek berriro ere abstenitzen dira hurrengo hauteskundeetan”. Izan ere, alderdiek merkatuaren logika jarraitzen dutela azpimarratu du adituak: “Abstentzio maila altuko zenbait zonaldetan ez da inoiz ekitaldi politikorik egin”. Hori dela eta, eztabaida politikotik urrun dagoen gizartearen zati bat politikara hurbildu nahi bada, ekintza politikoa gune horietara eramatea ezinbestekoa dela ondorioztatu du.

Ustezko joera aldaketa

Joan den igandeko Espainiako bozetako auzoz auzoko parte hartzearen datu ofizialak ez dira oraindik argitaratu, eta alderdi politikoek hautesleku bakoitzean bildutako zifrak soilik zabaldu dira oraingoz. Datu ofizialen faltan, jasotako ehunekoak soilik modu adierazgarrian har daitezke kontuan. Hala eta guztiz ere, behin betikoak ez diren informazio horiek hiriko auzoetako parte hartze joeran aldaketa bat egon dela ematen dute aditzera.

mapa abstentzioa 2019ko orokorrak

 

Apirilaren 28ko hauteskundeetako auzoz auzoko parte hartzea. (Iturria: Donostiako EAJ)

EAJk zabalduriko datuekin osaturiko mapan ageri den bezala, Egiako eta Erdialdeko abstentzio maila asko igo da, eta Altza eta Bidebietakoa, aldiz, nabarmenki jaitsi da. Aldaketa horien atzean hainbat arrazoi egon daitezke. Batetik, parte hartzearen hazkunde handiak islatu du orain arte bozkatzen ez zuen gizartearen zati bat mobilizatu egin dela. Hain zuzen, igandean hiriko parte hartzea zortzi puntutan areagotu zen 2015eko udal hauteskundeekin alderatuta, eta ia zazpi puntutan 2016ko hauteskunde orokorrekin konparatuta.

Bestetik, Zubirik zehazten duen bezala, igandean eskuin espainiarrak beherakada nabarmena jasan zuen hirian, eta ezker abertzaleak abstentzioaren aldeko kanpaina bati egin behar izan dio aurre azken asteetan zehar. Gertakari hauek auzoz auzoko parte hartzearen joera birmarraztu ahal izan dutela ondorioztatu du Zubiak Eraikizeko kideak, baina jasotako informazioa “nahiko harrigarria” dela azpimarratuz, datu ofizialak jaso arte itxaron beharra dagoela errepikatu du.

Bestelako faktoreak

Batez besteko errentaz gain, auzo bateko klase sozial orokorra markatzen duten bestelako faktore batzuk gogoratu ditu Zubirik, hala nola, bertako bizilagunen kultura maila eta haien arteko harreman sozialen indarra. Hain zuzen, horiek altuak direnean, gune zehatz bateko biztanleen parte hartze politikoak gora egiteko joera duela dio adituak.

Añorga, Igeldo eta Zubietaren kasua nahiko adierazgarria da zentzu horretan. 2015eko udal hauteskundeetan eta joan den igandeko bozetan abstentzio maila baxuenak agertu dituzte hirurek, eta euren biztanleek pareko errentak dituzten arren, gune hauetan jasotako datuen antzekotasunak izateko beste arrazoi bat duela azaldu du Zubirik: “Harreman sozial handiko herri txikietan eta zenbait auzotan, bizilagunek bozkatzeko joera elkarri kutsatzen diote, kontzientzia politikoa duen komunitate sendo batean giro elektorala asko hedatzen delako”.

Badira ere, klase sozialetik harago, parte hartze maila baldintzatzen duten beste faktore batzuk. Adinari dagokionez, esaterako, gazteek helduek baino gutxiago bozkatzen dutela adierazi du Zubirik, eta hauteslekuen irisgarritasunak ere hautesbarruti oso batean eragina izan dezakeela nabarmendu du: “Bozkaleku bat aldapa baten gainean egoteak pertsona heldu askok ez bozkatzea eragin dezake”. 2015eko hauteskundeetako grafikoa aztertuta, azken faktore honekUlia eta Ategorrietako abstentzio mailan eragina izan duela ondorioztatu daiteke.

Gauzak honela, eta maiatzaren 26ko udal hauteskundeen atarian, sistema demokratiko ordezkagarriago eta bidezkoago bat lortzeko helburuak exijitzen du orain arteko bozketetan jasotako datuak aztertu eta horien araberako neurri zehatzak hartzea.

Artikulu hau Irutxuloko HItzak argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako hauteskundeak 2019
Aurreakordioa sinatu dute koalizioan gobernatzeko PSOEk eta Unidas Podemosek

Espainiako Kongresuko eta Senatuko hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren, Pedro Sanchezek aipatutako "gobernu aurrerakoia" aurrera eramateko lehen pausoa sinatu dute alderdi biek asteartean.


2019-11-11 | ARGIA
Bizkaian EAJren nagusitasuna areagotu da

Botoen 100% zenbatuta, aldaketa parea Bizkaian: EAJk bere hegemonia indartu du, eserleku bat gehiago lortuz; eta E. Podemosek diputatu bat galdu du, eserleku bakarrarekin geratuz.


2019-11-11 | Z. Oleaga
Araban diputatu banaketa bera eta PP kanpoan berriz ere

EAJk, PSEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ordezkari bana lortu dute oraingoan ere Araban. Inkesta gehienek ziotenaren aurka PPk ez du eserlekurik eskuratu eta bera izan da hauteskundeen galtzaile nagusia herrialde honetan.


2019-11-11 | ARGIA
JARRAIPENA | Pedro Sanchezen hauteskunde errepikapenak faxismoari hegoak eman dizkio

Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeotan, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko herritarrek 23 ordezkari hautatuko dituzte. 20:00etan itxi dituzte hauteslekuak. Zuzeneko jarraipena egiten ari gara.


2019-11-05 | Hala Bedi
Paratxutistak azaldu dira Trebiñuko faroletan eskegita

Azaroaren 10eko hauteskunde orokorren atarian, Trebiñuko herritar talde batek paratxutistak eskegi ditu herriko faroletan Trebiñu Araba dela aldarrikatzeko.


Eguneraketa berriak daude