Gorputz askeen dramaturgiak kanona zabaltzeko

  • Urte berean jaio ziren Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias antzerkilariak eta elkarrengandik hamabost kilometro eskasera bizi dira. Hala ere, urtebete baino ez da elkar ezagutu zutela. Ez nolanahi, ordea: antzezlan batean topatu ziren estreinakoz eta, harrezkero, beste bi obra egin dituzte elkarrekin. Nabaria da bien arteko kimika.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Zarauzko malekoiaren muturreko kafetegian egin dugu hitzordua eta, garaiz iritsi banaiz ere, ordurako zain dauzkat Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias, txokoko mahaian, gosaldu berri. Barre artean kontatu didate orain gutxi ezagutu zutela elkar eta harritzekoa dela zenbat gauza egin duten batera hain tarte laburrean.

Lehena, enkarguz: Kalerki jaialdiaren hogeigarren urteurrena zela-eta, Aliceren abenturak lurralde miresgarrian obraren bertsio bat egin nahi zuten antolatzaileek, Zarautzeko aktoreekin –tartean zen Elias–. Obra zuzentzeko eskatu zioten Gaztañagari eta hala abiatu zen bien arteko adiskidetasuna. A Lurpean-en ondoren etorri ziren Agur eta Dolore eta Käffka. Prozesu ezberdinak izan dira, baina hiruretan jardun dira hein batean, berdin: Gaztañaga zuzendari, eta Elias antzezle.

Kanonetik kanpo, aske

Eliasek ipini du lehen gaia mahai gainean: “A Lurpean egin genuenean, niretzat lehen aldia zen emakume zuzendari batekin lan egiten nuena. Guk [Ttak teatroan eta Metrokoadroka sormen laborategian] askotan lan egin izan dugu zuzendaririk gabe, kanpo begirada batekin, baina beste modu batera. Zuzendaritza bat dagoenean eta gauzak garbi dituenean, hori ere marabilla bat da. Ederra izan zen”. Gaztañagak ederraren itzalari begiratu dio: “Zuzendari bezala badaukazu beti horrelako zama bat eta bakardade bat, aktore bezala ez dudana sentitzen. Gainera, ezberdina da zuzendari emakumea izatea. Zuzendari emakume bezala, badakizu zuk esaten duzunak ez daukala pisurik, edozein etor daitekeela, edozer gauza esan eta hori kolokan jarri”.

Amancay Gaztañaga: "Kultura tresna indartsu bat da eta igual sistema honi ez zaio interesatzen tresna hori denen esku egotea"

Baina zergatik jartzen dira zalantzan emakumeen gidaritzak? Gaztañagaren erantzuna: “Puntu interesgarria da: zergatik jartzen dut kolokan berez oso garbi daukadan hori? Taldeekin inoiz ez dut halakorik sentitu, kontrakoa: talde guztiek konfiantza pila bat jarri dute nigan beti, eta hori eskertzen dut. Baina badago borroka bat zure buruarekin, gizarteak jarri dizkizun arau horiei desafio egiten diezulako, jakina; eta, bestalde, besteen hitzetan halako gutxiespen inkontziente bat nabaritzen delako”.

Toki batzuetan emakumerik ez dagoela, horixe aipatu du Eliasek: “Dramaturgia berrien deialdia atera eta konturatzen zara ez dagoela emakumerik. Zergatik? Zer dago horren atzean? Ez dakit zein diren puntu klabeak, uste dut faktore bat baino gehiago egongo dela, baina gero errealitatea da toki batzuetan ez gaudela. Ez gaude. Badirudi emakume dramaturgoak ez direla existitzen”. Sistema gizonen neurrira eginda dagoela, horixe izan liteke faktoreetako bat, Gaztañagaren ustez: “Sentitzen dut dena dela konplikatua, arrotza, toki batzuetara iristeko ikasi behar dudala hizkuntza bat zeinarekin ez naizen eroso sentitzen; eta orain ari naiz horren kontzientzia hartzen”.

Amancay Gaztañaga (argazkia: Dani Blanco).

Oholtza gainean aritzean ere nabaritu dituzte lastak. Elias: “Oso barneratuta daukagu desiratuak izatearen kontu hori eta, oholtza batean jartzen zarenean, konturatzen zara jendeak zu ikusi eta zerbait pentsatuko duela: argalegi, lodiegi, gehiegi, gutxiegi… Etengabe dago halako juizio bat, nik uste dut guregana gehiago gizonezkoengana baino. Zentzu horretan, Agur eta Dolore piezan gure buruari permititzen diogu ez agertzea polit, egoki, desiragarri, baizik eta askatasunetik eraikitzea: hau ateratzen da eta kito. Igual du zer forma hartzen duen zure gorputzak”.

Gorputzen kanona ekarri du Gaztañagak hizpidera: “Nire baitan beti sentitu naiz zatarra, orduan, ez nago kanonaren barruan eta hortik kanpo aske sentitzen naiz, oso aske. Saltzen diguten hori, emakumeen irudi estereotipatua, kanonaren barrukoa, ezinezkoa da horra iristea. Erokeria bat da. Ez da erreala”. Bat etorri da Elias: kanonak “itxiturak” dira.

Publiko berri bat

Elkarrekin egin dituzten lanen artean bakarra ikusi baitut, Agur eta Dolore sortzeko prozesuaz galdetu diet, eta “magikoa”, “fluidoa” eta “ederra” erantzun didate, irribarrez. Bidea azaldu didate segidan: Bilboko Pabellón 6 aretoaren amuari tiraka elkartu ziren Miren Gaztañaga eta Elias. Gai konkretu baten inguruan hitz egin behar zuten eta gogoa zeukaten, gainera: kultura, oholtza, emakumeak. Bien artean ideia-zaparrada handi bat egin, atmosfera eta giro jakin batzuk bilatu, eta orduan jo zuten Amancay Gaztañagarengana, kanpoko begirada bat eskain ziezaien. Baiezkoa jaso eta gauzak probatzen hasi ziren. Gaztañaga: “Miren eta Iraiaren inprobisazio batean argi ikusi nuen erritualaren ideiak asko funtzionatzen zuela, horixe zela bidea. Etxeko lan batzuk bidali nizkien eta hortik sortu zen hemen kontatu ezin duguna”.

Iraia Elias (argazkia: Dani Blanco).

Beraz, inprobisazioetatik abiatu ziren, arropetatik, materialtasunetik, eta ondoren sortu zituzten testuak. Ohikoa da beraientzat, baina ez da ohikoena. Elias: “Antzokitan, toki ofizialetan, ohituta gaude mota bateko antzerkia ikustera, testutik abiatzen den antzerki bat. Gure moduko obrak ari dira pixkana territorioa irabazten, nahiz eta oraindik kostatu, beldurrak-eta sortzen direlako, baina egin beharreko bide bat dela iruditzen zait. Azkenean, oso modu ezberdinetan espresatu daitezke gauzak, eta zenbat eta gauza gehiago eduki aukeran ikusleak, orduan eta hobeto”.

Iraia Elias: "Zer estrategia politiko daukagu kulturarentzat?
Ez daukagu halakorik.
Eta horrek ere asko esan nahi du"

Arte bisualekin konparatu du Gaztañagak: “Zu ohituta baldin bazaude museo batean koadro errealistak bakarrik ikustera, bat-batean Rothko bat sartzen badizute, lau karratu, ba ez duzu ulertzen. Baina hori da arteak daukan gauza ederra eta horrek ere egon behar du”. Publikoa ekarri du Eliasek: “Askotan esaten da publikoa beti berdina dela, ez dagoela aniztasunik, baina, jakina, beti berdina ematen badiogu jateko… Nola sortu publiko berri bat? Ba produktu berriekin eta ezberdinekin”.

Adibidea eman du Gaztañagak: “Lehengoan Käffka-ren Zumaiako emanaldian gauza oso berezi bat gertatu zitzaigun, eta Agur eta Dolore piezarekin ere ari gara ikusten: bat-batean badago publiko bat, 19-23 urte bitarteko neska gazte pila bat, eta pentsatzen dugu: non zegoen publiko hau? Programatzailea bera harrituta zegoen. Hor badugu harrobi bat, eta ez baldin badugu elikatzen, agur”. Harrobi hori gordetzeko ardura denena dela, horixe ondorioztatu du Eliasek. Eta dagokion ordaina eman behar zaiola.

Estrategia politiko bat kulturarentzat

Hariari tira egin diot, eta gaur egungo eszenaren erradiografia egin dezaten eskatu. Eliasek aurrena: “Nik uste dut lanbide honek behar duela bere burua etengabe berrikustea eta momentu honetan berrikuspen potente bat eskatuko nioke, zintzotasunetik: nola dauden aktoreak, nola dauden zuzendariak, nola sortzen diren sareak, zer osasun daukagun momentu honetan, zer ondare ari garen uzten belaunaldi berriei, langile berriei… Uste dut gauza asko daudela berrikusteko eta egiteko moduak aldatzeko”.

Egoera jeneralari erreparatu dio Gaztañagak: “Kultura tresna indartsu bat da eta igual sistema honi ez zaio interesatzen tresna hori denen esku egotea, zeren, gaur egun, kultura pribilegio bat da, eskoletatik hasita, eta ez luke izan behar. Umeei txirula erakustea, hori ez da musika erakustea, eta zuk musika ikasteko joan behar duzu musika eskola batera, pagatu behar duzu diru bat aparte, igual familia askok ez daukatena, eta antzerkirako berdin. Baina matematika ezinbestekoa da, hor badakigu bi gehi bi lau direla. Zergatik gauza batzuk izan behar dute bai edo bai, eta beste batzuk pribilegioak dira?”

Eliasek biribildu du hausnarketa: “Azken batean, estrategia baten baitan egon behar du kulturak. Ematen du zerbait soltea dela: hauek antzerkia egiten dute, horrek bertsoak bota… Baina ez, kultura bizitza da, eta kulturaren bitartez gauza asko transmititzen dira. Zer estrategia politiko daukagu kulturarentzat? Ez daukagu halakorik. Eta horrek ere asko esan nahi du”.

Iraia Elias

Zarautz, 1980. Metrokoadroka sormen laborategiko kidea eta Ttak teatroaren sortzailea. Kolektibo horiekin egin ditu hainbat lan. Hortik kanpo ere, hainbat proiektutan aritu da aktore gisa oholtza gainean, besteak beste, aurtengo Donostia Antzerki Saria jaso duen Sherezade eta tipularen azalak lanean. Zinean ere aritu da: Amama eta Oreina filmetan, adibidez. Hain justu ere, 2016an Espainiako Goya sarietarako hautagai izan zen, Amaman egindako lanarengatik.

Amancay Gaztañaga

Guayaquil, Ekuador, 1980. Antzerki-ikasketak egin ditu eta horretan ibili da luzaroan, Euskal Herrian eta handik kanpo. Kamikaz kolektiboko kidea da, Miren Gaztañaga eta Erika Olaizola antzerkilariekin batera. Zestoan hazi zen eta bertan bizi da. Hainbat obra zuzendu ditu herriko antzerki taldearekin, Eromen Produkzioak. 2016an, adibidez, Sweeney obra taularatu zuten, eta Euskal Antzerki Topaketetako saria jaso. Grises musika-taldeko abeslaria da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


2024-02-13 | Euskal Irratiak
Oier Araolaza
"Libertimenduak herrietako harremanak erregulatzeko eta egituratzeko tresnak dira"

Nehoiz baino negu epelagoa izanik ere, ihauteek udaberriari dei eginen diote. Ihauterietako asteburu gotorrena heldu da. Irisarrin Donibane Garazin, Donostiako Añorga auzoan edota Iruñean libertimenduak izanen dira, Irurin maskaradak eta Lapurdiko hamaika herritan... [+]


Eguneraketa berriak daude