Salgai dagoen hirian, gazteria ikusezin

  • Ikusezin zaigun izebergaren zatia azaleratzeari ekin dio Eragin Bilbo mugimenduak. Gazteen ikuspegitik, instituzioek ezarritako politikek sortzen dituzten albo-kalteen berri emateari, hain zuzen. Hiriburu bizkaitarra ardatz hartuta jendartean kontzientzia garatu nahi du Eraginek, Bilboren alde prekarioa ere postaletan ager dadin.

Ernaik deituta, otsailaren 16an Bilbon bildu ziren mila lagun inguru prekarietatearen kontra (Argazkia: Ecuador Etxea)
Ernaik deituta, otsailaren 16an Bilbon bildu ziren mila lagun inguru prekarietatearen kontra (Argazkia: Ecuador Etxea)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Komunitate, kultura edo lurralde batasun bati izena emateaz gain, Euskadi nazioarteko produktu bilakatu dela dio Xabier Gantzarainek Zuloa liburuan. Saldu egiten den herria da geurea. Azpietiketa ugari har ditzake, eta horren adibiderik behinena Bilbao da. “Guggenheim efektuak” gogor kolpatu du Bilbo: industriaren sektoreari aspaldi egin zion muzin Bizkaiko hiriburu zaharrak, eta nazioarteko erakusleihoaren lehen lerroa hartu nahian lehiatzen da. Dena den, erakusten zaigunaren aski ezberdina da errealitatea: Bilbo asko bizi dira Bilbaon.

Hiru urteko bizia du Eraginek. Gune autogestionatu eta gazte mugimenduen ohiko esparruetatik harago kokatzen dute euren burua: sozioekonomia dute aztergai. Gaizka Suarezekin izan gara, eta finkatuta dituzten lan lerroez eta hauen problematikez hitz egin dugu: “Prekarietatearen aurkako kanpaina iraunkor bat egiten ari gara, klase kontzientziaren berreskurapenaren logikan eta antolakuntzaren apologia eginez”.

Desindustrializazio prozesu bizkorrak Bilboren eta Euskal Herriaren koiuntura erabat aldatu du, eta horrek guztiak lan esparruan eragin zuzena du. Hiri ereduaren kritika horretatik abiatuz, Eraginek lan-sektore zapalduenetan eragitea du helburu, langileen atomizatzeari aurre eginez. Euskaldunaren itxiera, Peraltako nekazariena eta La Navalen egungo borroka gero eta kasu bakanagoak dira; hirugarren sektorearen indarra areagotuz doan heinean, lan egiteko moduak aldatuz doaz. Eraginek bitartekari izan nahi du langileek antolatzeko zailtasunak dituzten lan guneetan. Ez da lan makala, baina: hirugarren sektoreko enpresak, industriaguneetan ez bezala, langile gutxiz osatutakoak dira. Gainera, langileen gehiengoa militantzia esparruetan sekula aritu gabea da, eta horrek Eraginen lana nahi baino gehiago mantsotzea ekarri du. Segurtasun falta eta lanarekiko dependentzia handia dute, eta beldurra da nagusi, hala uste du Suarezek.

Erakundeetan zein kaleetan ekimen ugari jarri ditu martxan eragin bilbok. ‘Black Friday’ dela-eta egindako ekintza hiriaren erdigunean. (Argazkia: Foku / Aritz Loiola)

Azken urtean nabarmen egin du gora Eragin mugimenduak. Glovo banaketa enpresaren inguruan lanketa egin zuen iaz, eta ondoren etorri dira Ostalaritza Duina dinamika eta apustu etxeen aurkako ekintzak. Instituzioek gazteria jokora bideratzen dutela salatzen dute, eta bestalde, ostalaritzako hitzarmena argitara ekarriz, ostalarien sarea osatu berri dute. Aipatutako hiru esparruei begirada emango diegu segidako lerroetan.

Autonomo faltsuen bizimodua

Ez dira gutxi autonomo kuotak eta zergak ordaindu eta multinazionalentzat lan egiten dutenen kopurua. Arautu gabeko mundua izateak kezkatzen du Suarez. 2017an Bilbora heldu eta gizartean zeresana piztu duen Glovo enpresa banatzailearen jarduna azaleratzeak hiritarren kontzientzia zerbait garatzeko balio izan duela uste du. Azken hilean, bestalde, janari banaketaz arduratzen den beste enpresa bat heldu da hirira: Uber Eats.

Ohiko motxilak baino handiagoak diren kaxa hori deigarriak bizkarrean hartuta, hara eta hona aritzen dira Glovoren langileak. Sarritan bizikletan edo bestetan garraio publikoan mugitzen dira, garraioaren kostua langileak ordaindu behar du eta.
Autonomoen gastuak ordaindu arren, ez dute ohiko autonomoen egunerokotasuna: enpresak agindutako lan orduak baino ezin dituzte egin. Orduen esleipena, puntuazio ranking baten bidez egiten da. Lehiara bideratzen dituzte langileak: geroz eta puntu gehiago eduki, are lan ordu gehiago egiteko aukera eskaintzen dute. Puntuazio hori egindako lanaren araberakoa izaten da. Asteburutan eta gauez lan egitea, adibidez, gehigarri bat da puntuazio handiagoa lortzeko.

Prekarietatearen aurkako kanpaina iraunkor bat egiten ari gara, klase kontzientziaren berreskurapenaren logikan eta antolakuntzaren apologia eginez
Gaizka Suarez (Eragin Bilbo)

“Soldata duina izateko ordu asko egin behar da lan”, dio Tintxuk, Eraginek iaz elkarrizketatutako langileak. Oporraldi finkorik eta osasun-asegururik gabe, enpresaren menpeko langileak bihurtu dira. Egindako banaketa kopuruaren arabera alda daiteke soldata, baina orduko batez beste 4 euro irabazten direla dio Tintxuk. Norberak atera ditzala kontuak, hilero 300 euro inguruko autonomo kuota ordainduz, zenbat ordu egin behar diren lan Euskal Herrian bizimodu duina izateko.

Azken urtetan gazteak erakartzeko bideak erraztu ditu Glovok –kuota merkeagoa jarri die–, eta horrek Eraginen langile sarea antolatzeko bideak zaildu ditu. Partzialki lan egitera sartzen dira gazte gehienak, pare bat hilabetetan –batik bat udan– sos batzuk irabazteko asmoz. Busti nahi ez izatea dakar horrek: asimilazioa eta pasotismoa.

Gazteen eta atzerritarren esparrua

Sektoreko esparrurik zapalduena ez bada, zapalduenetakoa da ostalaritza. Are gehiago turismoak berebiziko garrantzia duen guneetan. Kezkak eraman zituen Eragineko kideak bertan esku hartzera, baina taberna edo jatetxe zehatzetan muturra sartu beharrean, asanblada ireki bat deitu zuten. Batik bat langileek euren esperientzia pertsonala partekatzeko asmoz, eta arazoa orokorra dela jabetzeko helburuaz. Horren eskutik etorri da ostalariez osatutako Ostalaritza Duina dinamika.

“Modu informatiboan gerturatu ginen haiengana, galdetuz ea betetzen diren Espainiako Estatuko ostalarien hitzarmenak ezarritako gutxiengoak”, dio Suarezek. Gehienetan ez dira betetzen, eta asko zifra horietatik oso urrun daude. Hitzarmeneko bederatzi eskumen jarri dituzte jomugan, zerbitzarienak zein sukaldarienak, arazoa publiko egin eta instituzioei esku hartzeko eskatuz. Bilboko kale bazterrak kartelez josi izan dituzte, prekarietatea salatuz.

Gehiengoa gaztea edota atzerritarra izateak egoera are gehiago larriagotzen duela uste du Suarezek, atzerritar asko prest daudelako hamar ordutik gorako lanaldiak egiteko soldataren beharrarengatik, eta gazte askok epe motzerako egiten duelako lan. Lanarekiko menpekotasuna eta asimilazioa ekar dezake horrek.

Bada egun lantzen ari diren beste lan esparru bat: akademiak eta klase partikularrak. Otsailaren amaieran bildu ziren lehen aldiz, ostalarien antzera sare moduko bat osatzeko nahiarekin. Klase partikularrak ematea ez da normalean lan gisa kontsideratzen, eta benetako garrantzia kentzeak arazoak ekar ditzakeela uste du Suarezek. Gune oso feminizatua da, eta ekonomiaz harago, arlo sozialean eragiten duen gaia da.

Bilboko Udalean apustu etxeen inguruko mozioa aurkeztu zuen. (Argazkia: Eragin Bilbo)

Desaktibaziora bideratutako politikak

Lan egoerez harago, instituzioek ezarritako politiken biktima ere bada gazteria. Batik bat gazte prekarioenak dira kaltetuenak, desesperazio eta itxaropenik gabeko egoeran daudenak. Etorkizuna ilun ikusten duen eta galduta dagoen gazte jendeak sisteman jarraitu dezan, menpekotasuna sortzen duten jokoak eskaintzen zaizkie, instituzioen babesarekin. Hori da Eraginek salatzen duena.

Betidanik eman den arazoa da, baina azken urteotan izan duen gorakada nabarmenak orain arteko marka guztiak hautsi ditu: 2012tik hona, %150 hazi da apustuetan gastatutako dirua. Jon Torner ARGIAko kazetariak erreportaje batean zabaldu zituen datuok iazko urrian. Deustuko Unibertsitateak berriki argitaratutako ikerketa baten arabera, hiru gaztetik batek dirua jartzen du jokoan EAEn. Jokatzeko guneak areagotzeak eragin zuzena du: Bilbon 43 joko areto eta 11 apustu etxe daude.
Aktibaziorako baino, desaktibaziora bideratutako politika da apustu etxeena. ETBren 360° programak apustu etxeen inguruan egindako erreportajea gogor kritikatu du Suarezek: “Azaletik jorratu zuten gaia, eta arduraz jokatzeko eskatzen dugu; ez dute aztertu zergatik jokatzen den, zer dagoen horren atzean eta zergatik izan duen horrenbesteko gorakada”. Sakoneko arazoari duen garrantzia emateko eskatzen du.

Bilboko Udalean mozioa aurkeztu zuen Eraginek, apustu etxeei irtenbidea emateko eskatuz. Besteak beste, horrelako guneak ikastetxeetatik urruntzea eta gune publikoetatik hauen publizitatea kentzea eskatzen dute. Azaldu dutenez instituzioen ardura da, legeen bitartez eta ikuskaritzak areagotuz, arazoa errotik aldatzea; bai apustu etxeetan zein “langileak esplotatzen dituzten” enpresa txiki, ertain eta multinazionaletan. Mozioa atzera bota zuen udalbatzak, eskumenik ez zuela esanez. “Beste aldera begiratu eta neurri zehatzik ez hartzea onartezina da –azaldu du Eraginek–. Jokoaren gaitzari egin izan dioten kondena zinikoaren ondoren, gure mozioari emendakin lauso eta eduki gabe batekin erantzun diote, eskumenak aitzaki gisa jarriz”.

Desindustrializazio prozesu bizkorrak Bilboren eta Euskal Herriaren koiuntura erabat aldatu du, eta horrek lan esparruan eragin zuzena du. Hiri ereduaren kritika horretatik abiatuta, sektore zapalduenetan eragitea du helburu Eraginek

Hala, ekintzara pasa dira mugimenduko kideak, eta besteak beste, dozena bat lagun RETA enpresak Errekalde auzoan duen egoitzan sartu ziren apirilaren 1ean, Carlos Soberaren aurpegia irudikatzen zuten maskarak jantzita zituztela –telebistako aurkezle ezaguna 888 Póker apustu etxearen iragarkietako baten protagonista da–. Ekintza horrekin, adierazi nahi izan dute udalak arazoari “inolako inportantziarik” eman ez arren, gazteak ez direla “lurrera begira geratuko”.  

“Bilbaon esperantza oso mehar, ilun eta laburra da”, hala jarraitzen du Xabier Gantzarainek aurrez aipatutako eleberrian. Kopetilun antza, saltzen den herriari salgaia noizbait amaituko zaiolakoan edo. Eraginek etorkizuna ilun ikusi baino, gakoa gazteria suspertzean dagoela uste du.

Ikasketak, emantzipazioa eta enplegu prekarioa

Urtez urte beheranzko joera darama ikasketen uzte goiztiarraren tasak. Kalifikazio maila zehazten ez den arren, esan liteke egungo gazteek euren gurasoek baino hezkuntza eta jakintza gehiago eskuratzen dutela. Krisia lehertu zenetik are zurrunagoa izan da beherakada. Egun, gazteen %55ak ditu goi mailako ikasketak, eta %8k baino ez oinarri-oinarrizkoak.

Ikasketak amaitu orduko lanean hastea gero eta ezohikoagoa da. Nola da posible inoizko belaunaldi kalifikatuenek lan merkatura jauzi egiteko zailtasunak izatea? Arazoaren larritasunaz mintzatu zen Sara De la Rica EHUko doktorea 2016an Berria-ri eskainitako elkarrizketan: “Ez da posible gazteen lan ibilbidea 25 urterekin hastea”. Itxaropentsu agertu zen, baina, urtebete lehenagoko datuak eskuartean zituela: “Argi ikusten da atzeraldi zikloa amaitu dela, eta bide ematen dio hazkundeari; enplegua sortuko da”.

Gazteen langabeziak beherantz egin du; %19 inguru da egun. Baina zer nolako enplegua sortu da? Emantzipatzeko behar bestekoa ez, antza. Hor dago arazoa: soldataren erdia baino gehiago etxebizitzara bideratu beharra. Arazoari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak aurten jarri du indarrean emantzipatzen laguntzeko proiektua: gehien jota 250 euroko diru laguntzak emango ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2025-07-03 | Leire Artola Arin
Marbellako zerbitzari baten egunerokoa: prekaritatea, gehiegikeria eta turismoaren mendekotasuna

Udako opor hauetan ez dira gutxi izango Andaluziako eguzki eta ur epel bila doazen euskal herritarrak. Kontrako bidea egin zuen Ana Geranios (San Pedro Alcántara, Andaluzia, Espainia, 1988) kazetari eta idazleak martxo amaieran, Euskal Herrira etorri baitzen Costa del... [+]


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


Lan heriotzak salatzeko Jaurlaritzaren Bilboko ordezkaritza blokeatu du LABek

Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Asteko laugarren langile hila, Bilbon, teilatutik erorita

Ostegun goizean hil da langilea, Bilboko José María Ugarteburu kalean. Astelehenean bi langile hil ziren, Andosillan (Nafarroa) eta Atxondon (Bizkaia), eta asteartean beste bat Amurrion (Araba).


Lan heriotzak ez normalizatzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Greba Batzordeak

Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.


Eragozpenak errepidean

Pasa den asteko berria dugu: Irunen 67 urteko garraiolari bat hil zen, kamioia kargatzen ari zela. Errepidean izan balitz, “eragozpenak errepidean” entzungo genuke; ondoren, baxu antzean, “kamioilari bat hil da istripuan”. Gipuzkoa aldean trena hartzea... [+]


Inko Iriarte (LAB): “Prebentzio neurriek egiten dute huts behin eta berriz”

"Prebentzio neurriek egiten dute huts behin eta berriz", salatu du LAB sindikatuko lan osasunerako Nafarroako arduradun Inko Iriartek. Atzo izan zen azken lan heriotza. Andosillako lantoki batean karga gainera erorita zendu zen 49 urteko errioxarra. Hamaika egunean... [+]


2025-05-27 | ARGIA
Azpikontratatutako langile bat hil da Amurrion teilatutik behera erorita

Tubos Reunidos enpresan ari zen lanean eta teilatutik behera erorita hil da, sindikatuek jakinarazi dutenez. azken honekin 22 dira 2025ean hil diren langileak.


2025-05-27 | ARGIA
50 urteko behargin bat hil da Andosillan, zama gainera erorita

Foruzaingoaren esanetan, ezbeharra gertatu den lekuan bertan hil da 50 urteko langilea. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, urte honetan dagoeneko 21 langile hil dira beharrean ari zirela.


2025-05-22 | LAB sindikatua
67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen
LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude... [+]

Langile bat hil da lan istripuan, Laudion

Langile bat hilik topatu dute astearte goizean Laudioko Bebidas Serrano enpresan. Osalanek adierazi du hipotesi nagusia gizonak bihotzeko bat izan duela dela. Istripu honetan hildakoarekin, 2025ean 19 langile hil dira jada lan istripuetan.


2025-04-30 | Sonia González
Zaurgarritasunaren tranpa

Zenbait urtetatik hona sarri entzuten dugun kontzeptua da zaurgarritasuna. Gaur gaurkoz, diskurtso politikoetan pertsona zaurgarriez aritzea ohikoa da. Seguru nago nik ere inoiz erabili dudala berba hori Bizilan.eus webgunean, eskubide laboralak eta prestazio sozialak azaltzeko... [+]


Teknologia
Teknologia kakatsua eskuratzeko kurba

Ekonomialariei asko gustatzen zaizkie merkatuen jokabideak adierazten dituzten grafikoak, kurbak alegia. Deigarria egin zait zentzu horretan Pluralistic webguneko “The future of Amazon coders is the present of Amazon warehouse workers” artikuluan (Amazonen... [+]


Eguneraketa berriak daude