"Liburutegi inpertsonalaren eredua ari dira bultzatzen, eta ni ez nago ados"

  • Berragu Nafarroako liburutegi ibiltari bakarra da. Duela hogei bat urte hasitako ibilbidea luzatzen eta ontzen ari da Aurizberriko liburuzaina, orain bere Biblioneta berriaren laguntzaz. Mari Mar Agós Aurizberriko liburuzaina da, eta batez ere, irakurlezaina.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Mari Mar Agós Díaz (Iruñea, 1974)

Ikasketaz kazetaria eta bokazioz liburuzaina, Erronkariko eta Berako liburutegietan aritu ondoren, duela sei urtez geroztik Aurizberriko liburuzaina da. Pirinio aldeko liburutegi txikian 3.000 pertsona ingururi ematen die zerbitzua bai haren egoitzan, bai etxez etxe liburutegi mugikorraren bidez. Sari garrantzitsuak jaso ditu: 2016an 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien proiektu onenaren Espainiako María Moliner Saria, 2017an Espainiar Estatuko liburutegi mugikor onenaren saria, eta iaz Irakurketa Sustatzeko María Moliner Sarian accesita lortu zuen. Urtarrilean beste berri on bat izan dute: Biblioneta. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren bidez liburuak etxez etxe banatzeko ibilgailua dute orain.

Zergatik du Berragu izena zuen liburutegi mugikorrak?

Hori delako leihotik ikusten dugun mendiaren izena.

Zertan datza zehazki?

Berragu proiektua Martin Saraguetak, aurreko liburuzainak, jarri zuen abian 1998an, Pirinioetako 30 herrietako biztanleei etxez etxeko zerbitzua emateko. Nik berrikuntza batzuk egin ditut eta orain norbanako erabiltzaileei zenbait kolektibo gehitu dizkiet: Erro, Auritz, Lakabe, Garralda eta Luzaide-Arnegiko ikastetxeei, Irati Irratiari, Amma Ibañeta zaharren egoitzari, Zandueta adin txikikoen zentroari eta AEK-ko euskaltegiei, besteak beste. Denera 200 bezero ditugu orain, norbanakoak eta kolektiboak kontuan hartuta.

Nola egiten duzu banaketa?

Ostegunetan ateratzen naiz banaketa egitera. Eskualde osoa lau ibilbidetan banatuta dugu eta aste bakoitzean bat egiten dut. Joan baino egun batzuk lehenago telefonoz deitzen diet bezeroei jakiteko liburuak bukatu dituzten eta beste zerbait gehiago nahi ote duten galdetzeko. Askotan neuk gomendioak egiten dizkiet eta gustuko izan ditzaketen liburu eta bideoak proposatzen dizkiet.

Herri batzuetan, batez ere neguan, etxez etxe joateko beharrik ez izateko toki batean biltzen dituzte maileguak eta ni hara joaten naiz bila. Luzaiden adibidez, ile-apaindegian biltzen dituzte. Dena den, orain, furgoneta berriarekin askoz errazagoa da mugitzea.

Urtarrilean iritsi da Biblioneta. Berri ona, ezta?

Bai. Nafarroako Gobernuak 22.000 euroko dirulaguntza berezia eman digu eta guk diseinatu ahal izan dugu zer nolako ibilgailua behar genuen zerbitzu honetarako. Gure neurrira egindakoa da. Dekorazioa ere oso polita eta deigarria da eta balio du zerbitzuaren promozioa egiteko. Biblioneta iritsi zenean jende pila atera zen harrera egitera eta haurrek izugarrizko ongi etorri pankarta ederra prestatu zioten. Oso hunkigarria izan zen guztiontzat eta baita Kultura Saileko ordezkarientzat ere.

Orain arte nola egiten zenuen banaketa?

Nire auto zahartxoarekin, ahal nuen moduan. Baina, tira, behin baino ez dit hutsik egin.

Pirinioetan neguak oso luzeak izaten dira. Elurrarekin zer moduz moldatzen zara?

Lehenengo neguan gogoratzen dut elur geruza ni baino altuagoa zela. Argindarra joaten zen maiz eta nik ibilialdiak eta bezeroak ez nituen ongi ezagutzen. Hemengo herrietan, adibidez, kale izenak eta abizenak baino gehiago etxeen izenak erabiltzen dira, eta gainera, jende askok ezizenak ditu, eta aldiz, nik fitxetan izen-abizen ofizialak baizik ez nituen. Hori dena ezagutzea kosta egin zitzaidan. Bestalde, negu minean ibilaldiak batzuetan eguraldiaren arabera antolatzen ditut: Luzaidekoa eta Aezkoakoa gogorrenak dira. Elur asko dagoenean beste aste baterako uzten ditut eta Artzibar edo Erro aldera joaten naiz.

Zenbat kafe hartzen duzu banaketa egunetan?

Lehen urtean ez nintzen ezetz esatera ausartzen eta asko eta asko hartzen nituen. Orain ikasi dut eta ez horrenbeste, baina zerbait beroa beti eskertzen da batez ere egun hotzetan. Ni oso gustura joaten naiz jendearengana eta haiek haien etxean hartzen naute amultsuki. Txarrena da oso denbora gutxirekin joaten naizela, beti presaka. Haiek oso lasai egoten dira eta hitz egiteko gogoz, eta ni alderantziz. Nik uste dut hori hobetu behar dugula, jendeari denbora gehiago eskaini ahal izateko.
Murrizketen ondorioz jaitsi behar izan genuen banaketarako ordu kopurua, baina orain zuzendari orokor berriarekin ordu kopurua handitu ahal izan dugu, egoitzako ordutegia mantenduz.

Nabari da gustuko duzula landa eremuko liburuzaina izatea.

Bai. Izugarri. Hona etorri baino lehen lau urte eman nituen Erronkarin eta oposizioak gaindituta Berako plaza lortu nuen. Han izan nintzen hemen zegoen liburuzainak Iruñean dagoen Nafarroako Liburutegirako leku aldaketa eskatu zuenean. Hemen jendearengandik oso gertu nago. Pertsonalki eta profesionalki oso aberasgarria da eta nik uste dut liburuzain guztiek esperientzia honetatik pasa beharko luketela.

Ene irudiz liburutegien zerbitzuetatik liburutegi inpertsonalaren eredua ari dira bultzatzen, eta ni ez nago ados. Aitzitik, liburutegi sozialari garrantzia eman nahi diote taldeetan irakurketa sustatzeko. Nik uste dut halako tratu gertukoa eman beharko geniokeela jende guztiari, eta arreta ez jarri soilik kolektiboetan.  

Bestalde, lanbide honetan malgutasuna ere beharrezkoa dela uste dut. Abaurregainatik etortzen bazait bezero bat hogeita piko kilometro eginda ez dut esku hutsik bidaliko liburutegiko txartela ez duelako ekarri.

Bokazioa izatea oso garrantzitsua da eta gaur egun herrietako liburutegi txikietan proiektu oso politak egiten ari gara.

Argazkia: Dani Blanco.

Liburutegiak zer ematen dio herri txiki bati?

Liburutegia topagunea da. Arratsaldeetan neguan ez da beste ezer irekita eta jende asko etortzen da liburutegira. Musika eskolara, pilotalekura edo dendara etortzen direnak, hemen lan egiten dutenak eta haurrak etortzen dira, gehienbat. Hemen oso gustura gaude, goxo-goxo, eta mota askotako jarduerak egiten ditugu heldu zein txikientzat: informatika ikastaroak, ipuin-kontaketak, hitzaldiak…

Beste liburuzain batzuk kexatzen dira liburutegi handietan antolatzen dituzten gauzetara jende gutxi joaten delako. Hemen kontrakoa. Hemezortzi aulki ditugu eta askotan 40 pertsona baino gehiago biltzen dira.  

Dirurik ez dugunez, normalean zonaldeko pertsonak, elkarteak eta kolektiboak gonbidatzen ditugu tailerrak eta hitzaldiak musu-truk ematera. Batzuetan idazleak etortzen dira haien liburuen aurkezpenak egitera.

Herrietan lasaiago bizi da jendea?

Umeen artean nabari da aldea hemengo haurren eta ostiraletan edo udan Iruñetik etortzen direnen artean. Iruñekoek berehala eskatzen dute wifia, tableta… ez dute hainbesteko sosegurik liburu bat irakurtzeko, margotzeko edo lasai egoteko. Hemengo internet konexioa oso mantsoa da, gainera, eta ez dute batere pazientziarik.

"Liburutegi honetan Pirinioetako gaiak ageri dira irakurrienen artean, Dolores Redondok baino askoz arrakasta handiagoa dute"

Herri txiki batean bizi nahi zenuela argi izan duzu beti?

Iruñekoa naiz, baina aita maisua zen eta herrietan ibiltzen zenez, ikasturtean zehar berarekin joaten ginen. Udan itzultzen ginen Iruñera. Nik hogei urte baino gehiago daramat hiritik kanpo bizitzen. Orain Arriasgoti-Lizoainibarren bizi naiz, zortzi biztanle dituen Urrizelki herrian. Oso lasai. Nire bikotekidea artzaina da, bere aita zen bezala, gazta egiten dugu eta beste erritmo batean bizi gara. Nafarroako Liburutegira joaten naizenean pentsatzen dut nire liburutegi txiki osoa hango komunean sartzen dela. Niretzako ez dut hori nahi.

Nolakoa da orain saritu dizueten proiektua?

“Ipuinen mendia” du izena. Istorio moduko bat egin dugu ipuin klasiko eta berrien artean. Horren inguruan egituratu ditugu urtean zehar egindako ekimen guztiak. Haien artean batzuk oso berritzaileak izan dira. Bat, adibidez, “Ipuinak txakurrekin” deitzen zen. Dislexia duten bi haurrek ipuinak irakurtzen zizkieten txakurrei, eta oso ongi atera zen haurrek sentitu zutelako animaliak ez zirela denbora guztian haiek epaitzen ari. Beste proposamen bat “Landarte” izan zen. Herria ipuin bateko agertoki bihurtu genuen Leire Urbeltz artistaren laguntzarekin. Bezeroak ipuin honetako pertsonaiak ziren eta teknologia berriak ipuineko magia. Oso polita izan da.

Orain beste proiektu bat dugu: “Bazen behin zortzi liburutegi” izenekoa, beste zazpi liburutegi txikirekin batera elkarlanean egiten ari gara. Liburutegi bakoitzak prestatu du ipuin baten irakurketa gida, jarduerak eta tailerrak, eta hilabetez hilabete pasatzen ari gara liburutegi batetik bestera. Lan kolaboratiboa da, oso interesgarria.

Argazkia: Dani Blanco.

Zer nolako liburuak dituzte gustukoen zure bezeroek?

Urtero hamar liburu irakurrienen zerrenda egiten dugu eta normalean hemen beti lehen postuetan Pirinioetako gaiak ageri dira, bertako egileak edota hemengo ohitura eta bizimoduarekin zerikusia duten lanak. Dolores Redondo baino askoz arrakasta handiagoa dute, zalantzarik gabe.

Liburuak erosterakoan bezeroen parte-hartzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Ni saiatzen naiz beti haien eskaerak betetzen. Orain berriki gure aurrekontuak igo dituzte eta hobeki gaude herrietako liburutegietan.

Zergatik da ona irakurtzea?

Liburuek, istorioek oro har, leihoak irekitzen dizkigute. Mundu asko ematen dizkigute ezagutzera. Beste ikuspuntu bat ematen digute mundua begiratzeko.

Behin batean, hiriko liburutegi handi-handian...

“Ni beti landa eremuko liburuzaina izan naiz. Behin, formakuntza ikastaro batean, egokitu zitzaidan Nafarroako Liburutegi orokorrean jendaurrean aritzea. Ostiral arratsaldea zen eta ikaragarrizko jendetza zebilen liburu-maileguan. Harrera-mahaian nengoela, gure lana supermerkatuko kutxazainena iruditu zitzaidan, bizi-bizi maileguak egiten, jendeari kasik begiratu gabe. Orduan, nire modura aritzea erabaki nuen: ‘Kaixo, zer moduz zaude…’, esanez agurtzen nituen bezeroak eta bere izenez deitzen nien, txartelean izena agertzen delako. Eta galdetzen nien ea itzultzen ari ziren liburua haien gustukoa izan zen edo ea estilo horretako beste bat nahi ote zuten. Nobedade interesgarriak komentatzen nizkien edo laguntzarik behar ote zuten galdetu, adibidez, liburuen erreserbak on-line egiteko.

Nire ondoan zegoen lankideak esaten zidan azkarrago ibiltzeko ilara ikaragarria sortzen ari zelako nire postuan. Ilara gero eta gehiago luzatzen ari zela ikusita erabiltzaileei eskatu zieten beste postuetatik pasatzeko. Baina hura sorpresa! Nire ilara luzeko pertsona bakar bat joan zen. Beste guztiek esan zuten nirekin nahiago zutela. Nik uste dut jendeak eskertzen duela zerbitzua ez horren hotza izatea, egiten ari ginen ikastaroan kontrakoa esaten baziguten ere. Han zioten erabiltzaileek autonomoak izan behar dutela eta ez dutela langileen laguntzaren menpe egon behar. Areago, ez dela harreman zuzenik izan behar bezeroekin. Nik azaldu nien erabat kontrakoa egiten dudala, izan ere, etxez etxe joaten naiz liburuak eramaten. Jarrera hotz hori ez dut ulertzen”.

 

5.700 biztanle Nafar Pirinio osoan

“Nafarroako Liburutegien legeak dio 3.000 biztanle baino gehiago behar direla liburutegi publikoa izateko. Guk hiru bailara behar ditugu kopuru hori lortzeko: Erroibar, Artzibar, Aezkoa eta zenbait herri: Auritz, Orreaga, Orotz-Betelu eta Luzaide-Arnegi.
Erronkariko liburutegian Erronkari eta Zaraitzuko biztanleak hartzen dituzte, denera, 2.700 inguru. Ez dira 3.000ko gutxiengora iristen, baina zerbitzua mantentzen da oso garrantzitsua delako eta, gainera, liburutegi hori Nafarroako zaharrenetakoa delako. Espainiar Estatuan, hala ere, legea are zorrotzagoa da, han 5.000 biztanle izan behar dira”.
 

Maileguak baino zerbait gehiago

“Liburuzainok, maileguez gain, beste zeregin bat badugu. Gure bezeroek gauza gehiago eskatzen digute. Azken finean, ia dena dago interneten eta guk lortu behar duguna da liburutegiak kultura zabaltzeko tokiak izatea. Jarduerak, ikastaroak, solasaldiak, jokoen bidez hurbildu liburuetara… irakurketa beste ikuspuntu batetik begiratzeko moduak eskatzen dizkigute. Hori da gehien baloratzen dutena, eta ez horrenbeste liburu gehiago edo gutxiago izatea. Horregatik saiatzen gara, gero eta gehiago, haiengana bideratutako ekimen berritzaileak antolatzen”.


ASTEKARIA
2019ko martxoaren 31
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude