Fukushimako haurrek ere badute 'Ingurumen Gunea', kutsadura zein polita den ikasteko

  • Ingurumenaren Sormen Gunea deitzen da eta bertan Fukushima probintziako haurrek ikasten dute nola bizi den gizakia irradiazioen artean betidanik. Antzeko erakusketa gehiago badira, eskualdeko bezala Japoniako gobernuek antolatuak. Diote agintariek fukushimatarrek desdramatizatu beharra daukatela duela zortzi urte piztu eta oraindik itzali ez zaien amesgaiztoa, munduak ikusi duen hondamendi atomiko handienetakoa.

Atomo liluragarria. Bi haur Fukushimako Ingurumenaren Sormen Gunean, irradiazioen laborategiaren aurrean.
Atomo liluragarria. Bi haur Fukushimako Ingurumenaren Sormen Gunean, irradiazioen laborategiaren aurrean.

Maxime Polleri energia atomikoan berezitako antropologo iparramerikarrak The Atomic Scientist Bulletin-en plazaratu berri duen artikuluaren amaieran dio: “Japonian egin dudan denborak ahaztu ezinezko eszena bat utzi dit memorian: haur baten irribarre gardena irradiazioa nola blokeatu lehiaketa irabazi ostean. Mutikoak asko ikasia zuen arren erradioaktibitateaz, oso gutxi zekien irradiazioen arriskuen konplexutasunaz. Niri burura etorri zitzaidan Dr. Strangelove filmeko azken eszena, Kong jenerala zaldi gainean bezala eserita hegazkinetik jaurtitako bonba atomikoaren bizkarrean, ‘Yee Haw!’ oihuka”.

Pollerik aipatzen duen filma Dr. Strangelove or: How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb da [Strangelove doktorea: Nola ikasi nuen beldurra galdu eta bonba atomikoa maitatzen], gaztelaniaz eta frantsesez ere eskaini zuten Peter Sellersen 1964ko satira beltz gogoangarria, mundutarrok bizi ditugun arrisku larrienez industriak eta agintariek desinformatzeko daukaten trebeziaren irakasgai.

Urte eta erdi eman du Japonian Maxime Pollerik, funtsean Fukushiman, herritarrek ingurumen gaixotu batean nola bizirauten duten aztertzen. Eta The Atomic Scientist Bulletin-en laburbildu du hango agintariek, kutsadura atomikoarekiko beldurra ezabatzeko aitzakian umeak nola doktrinatzen dituzten erradioaktibitatearen onaz.

Haur eta gaztetxoentzako Fukushimako agintariek eraiki dute Ingurumenaren Sormen Zetroa. Dena ei da gozoa bertan, sarreran hipopotamo itxurako maskota batek ongi etorri gisa denei ematen dizkien besarkadetatik hasita. Guraso gazteak dira bertaratutako gehienak, beren seme-alabekin, Fukushimako hondamendi nuklearraren biktima izatera kondenatuak betirako.

Irradizioen arriskuak nola gutxitu ikasteko, bisitariek parte hartzen dute jolas batean, zeinetan kutsadura jaurtitzen duen iturri batetik babes daitezkeen ezkutu birtual bat osatuz: “Pantaila interaktibo baten aurrean haurrek beren mugimenduz blokea ditzakete alfa, beta edo gamma izpiak. Hori eginez puntuak irabazten dituzte eta, jolasaren amaieran, tanto gehien bildu dituena txapeldun.

Aurrerago, haurrei irakasten zaizkie 2011ko hondamendiak zer nolako isotopoak isuri zituen zentralak, “baina batere beldurrik ez emateko moduan irudikatuta. Afixak eta komikiak erabiliz, 239 plutonioa eta 137 zesioa bezalako partikula erradioaktiboak giza irudi xarmangarriz beztituta ageri dira. Partikula bakoitza bere ezaugarriekin, batek begiak marroi, besteak orrazkera berezia. Baina inon ez dute aipatzen isotopo horiek osasuna kaltetu dezaketenik, minbizi arriskuak handituz, esate baterako”.

Bestalde, jolasa kanpoko irradiazioez baizik ari ez denez, haurrek ez dute inon ikusiko 137 zesio partikulak irentsita horiek beren soinetan, gihar edo organoetan bezala geneetan, eragin diezaieketen kalterik.

Fukushimako zentral nuklearreko eztandaren eta hondamendiaren ostean, Tokyoko gobernuak erabaki zuen herritar batek urtean jasan zezakeen erradioaktibitatearen gehienezko maila 1-etik 20 millisiervertetara igotzea, eta hala jarraitzen du geroztik. Ingurumenaren Sormen Zentroak ez du aipatzen horrelakorik, alegia, zertan oinarritu diren agintariak erabakitzeko mundu osoan onargarria den irradiazioaren halako hogei jasan dezaketela japoniarrek.

Heziketaz mozorrotuta, propaganda

Gisa bereko beste zentro bat da Deskontaminazioaren Informazio Plaza, hau ere Fukushiman, hondamendiak  barreiatutako kutsadura garbitzeko sistemak azaltzen dituena, beti ere jolas bidez: miniaturazko etxe txiki bat kutsatuta dago, zuk pala batez bildu behar dituzu kutsagaiak diren pelotatxo gorriak eta zakutxo polit batean sartu. “Deskontaminatzeak itxura arrisku gabea dirudi, inon ez da ageri kutsagaiok ukitu, arnastu edo irenstearen arrisku zantzurik, ez lan horretarako jantzi bereziz babestuta joan beharra dagoenik ere“.

Japoniako Erradiologia Zientzien Institutuak hirugarren estrategia bat darabil hondamendi nuklearra desdramatizatzeko: erradiazioak zientziaren eta teknologiaren aurrerapen harrigarriekin lotzea. Chiba hirian antolatutako erakusketaren titulua zen “Gehiago jakin nahi dut. Zer egin dezakezu erradiazioekin?”. Hemen protagonistak dira kantzerraren kontrako borrokan erradiazioek ekarri dituzten onura handiak eta asmatu berri dituzten azken puntako eskaner eta besteek ekarriko dituztenak.

Aldiz, atomoaren arriskuez erakusketan zerbait bilatzen dutenek “Fukushimaren eragina” gunera jo behar dute. Baina atal honek askoz erakargarritasun gutxiago du besteek baino. Lau afixa txikik azaltzen dute deskontaminatze prozesua, aipatu gabe kutsagai nuklearrok osasunean eragindako kalteak. Haurrek, noski, nahiago dute partikulen azeleragailu erraldoiak eta abar ikusi. Horietan erradiazioa ageri da gorputzean sartu eta barruan dagoen tumore gaizto bat hiltzeko gai den laguna.

Zergatik horrelako komunikazio operazioak? “Elkarrizketatu ditudan funtzionario eta aholkulari teknikoek –dio Maxime Pollerik– esan didate Fukushiman ‘zurrumurru gaizto asko omen dagoela erradioaktibitatearen inguruan eta hori gertatzen dela jendearen ezjakintasunagatik. Horregatik saiatzen omen da gobernua ‘informazio egokia’ zabaltzen,  jendearen beldurrak bideratu eta Fukushimara berriro lasai itzultzen laguntzeko”.

Desinformazio operazio horiek ez dira Japonian asmatuak. Urte asko dira, Gerra Hotzaren beroenean AEBetan zentral nuklear eta arma atomiko berriak eraikitzen zituztenean, Walt Disneyk aurkeztu zuela Gure lagun Atomoa propagandazko filma. Askoz geroago, Txernobyleko istripuak Ukraina eta batik bat Bielorrusiako eremu zabalak betirako kutsatu zituenean, atomoaren industriak Ethos operazioa antolatu zuen hondamendiaren erdian bizi diren herritarren normaltasun berria arautzeko. Plan bera ari dira aplikatzen Japonian gaur egun, Munduko Osasun Erakundearen konplizitatez, hainbat mediku konprometituk salatua dutenez.

Normaltasun irudia behar du Japoniak, bai hurrengo Olinpiar Jokoak arrakastaz antolatzeko eta, batez ere, japoniarrak ez sobera haserretzeko. Zortzi urte Fukushimako erreaktore nuklearrak lehertu edo matxuratuta pitzatu zirela. 1.120.000 tona ur kutsatu metatuta itsasora noiz jaurtiko zain. 22 milioi zaku bete lur kutsatu. Tiroide, leuzemia, birika eta abarretako kantzer kopuruak biderkatzen. Erreaktoreak berak oraindik kontrolatu ezinean. Kutsadura zabaldu eta metatzen. Eta herritarrei etxeetara lasai itzultzeko deia.

 


ASTEKARIA
2019ko martxoaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude