Walt Disneyk irakatsi zigun maitatzen “Gure lagun Atomoa”

  • 1950eko hamarkadan AEBetako Gobernuak eta erreaktore nuklearrak mundu osoan saldu nahi zituzten korporazioek irudi operazio handia abiarazi zuten indar atomoaren mesedeez eta arriskurik ezaz konbentzitzeko herritarrak, haur eta gaztetxoak bidenabar. Walt Disneyren konpainiak protagonismo berezia izan zuen propaganda hartan.   

Our Friend, the Atom liburuaren irudietatik aterea dago hau. Telebistarako bestelako itxura eman zioten, askoz beranduago merkaturatutako Aladinen antza handiagoz. Filmean jenioak esango du: "Hemen nire eskuan daukat suaren indarra, atomoa. Zuei emango dizuet". Argazki txikian Walt Disney bera telebistarako eta eskoletarako prestatutako 45 minutuko saioaren hasieran, atomoaren egitura irudikatzen duen maketa eskuetan. 1957ko filmaren pasarte batean aipatzen zuten erradioaktibitateak laguntzen duela tiroideetako gaitzak sendatzen. Bitxikeria odoltsua: Ian Tomas Ash bukatzen ari den A2 dokumentalak erakusten ditu Japoniako haurrak, Fukushimako erradiazioek tiroideetan kisteak eragin dizkietenak. Trailer minbera Interneten jarri du. Disney Channel nuklearzaleak ez dizkie eskainiko lekukotasunok Fantasylanden bizitzea promesten zaien gure gaztetxoei.

Campanita, Tinkerbell, La Fée Clochette... Disneyren faktorian Peter Pan mitikoa babesten duen iratxo bihurria, mila bider ikusi dugu haur ginenetik. 1960ko hamarkadako telebistan zuri-beltzez agertzen zitzaigunean Disneylandeko eskualde magikoak aurkezten -Frontierland, Tomorrowland, Adventureland eta Fantasyland- ez ginen askorik ohartzen neskato ñimiño hegodun hark erradioaktibitatearen ikurra margotzen zuela.

2012ko azaroan Frantziako Canal Plusek Camille Lepomellec errealizatzailearen Catastrophes nucléaires: Histoires secrètes dokumentala erakutsi zuen, gaur Internetez ikus daitekeena, energia atomikoaz herritarrek ezagutzen ez dituztenez. Hartatik ohartu ginen asko Walt Disneyk energia atomikoaren propagandan egindako lanaz.

Filmak ordu bete eta 12 minutu daramanean, offeko ahotsak kontatzen du 1979ko apirilean Harrisbourgeko zentraleko istripuak eragin zuela lehenbiziko ebakuazio nuklearra, amerikar askori zalantzak sorraraziz atomoaren ontasunaz: “Nuklearraren hasieratik, erradiazioek ikaratzen zituzten herritarrak lasaitzeko, gobernuak eta industrialek hainbat film eginarazi zituzten, eskoletan eta telebistan pasatzeko. Honako hau Walt Disneyk ekoiztu zuen, 1957an”. Eta gure haurtzaroan mila bider ikusitako Campanitaren sarrera famatuen ostean irekitzen da asteko gai berezia: Our friend, the Atom, Gure lagun Atomoa.

Canal Pluseko dokumentalean, Disneyren filma erakutsi diete Harrisbourgen Three Mile Islandeko zentralaren 1979ko istripuan etxetik ihesi egin behar izan zuten senar-emazteei. Ondo gogoan dute. “Lehen hezkuntzan erakusten ziguten, zientzien atalean. Pantailan atseginagoa zen liburuan irakurrita baino. Marrazki bizidunez egina zen gainera, are atseginagoa”.

Paperezko bertsioa ere baduen arren –gaztelaniaz Nuestro amigo el átomo bataiatua– benetan marka utzi zuena filma izan zen. Marrazki bizidunok eskolan ikusi zituzten 1950- 1960 hamarkadetako haurrek. Gaztelaniazko azpitituluz ere ikus daiteke gaur Internetez.

Ivan Jimenez Montalvok La fórmula del lápiz blogean azaldu du Our friend, the Atom hain eraginkor zerk egin zuen. “Funanbulista baten gisan, Disneyk asmatu zuen elkartzen entretenimendua eta hedapen zientifikoaren espektakulua; enpresen interesak lotzen pedagogiarekiko arretarekin; masa komunikazioa eta erantzukizun soziala”. Bestela esanda, gerra mundialean balio militarra erakutsi zuen energia atomikoa gero negozio lerro bihurtzea erabaki zuten korporazioei lana txit egoki egin ziela.

Disneyk iragartzen zuen aro atomikoak mundua irauli behar zuela brontze aroak eta industrializazioak egin bezala. Etorkizuneko energi iturri nagusia nuklearra izango zen. Bonba atomikoak lehengo leherkari konbentzionalak zaharkituta utzi zituen  moduan, indar nuklearrak gaindituko zituen ikatza bezala petrolioa. Nuklearrak kolonizatuko zituen bizitzaren alor guztiak. Energia agortezin, garbi eta... hondakinik gabeko batek.

Munstro hiltzailea gure morroi

Our friend, the Atomen, Disneyland programaren atal guztietan bezala, Walt Disney bera aurkezle, eskuetan harturik atomoaren ikurra: “Atomoan datza gure etorkizuna. Denek nahi dute ulertu nola funtzionatzen duen”.

Jules Verneren 20.000 legoa itsaspean famatuaren aipamenetik abiatzen da: eleberriko urpekoa kapitainak leherrarazi egin zuen, hura zerabilen energia beste inoren eskuetan eror ez zedin. Gaztetxo guztiek fikzioan ezagutzen duten Nautilus  Walt Disneyk aurkeztuko du AEBetako armadaren izen bereko submarino atomikoarekin parekatuz. Zer gertatu da tartean?

Our friend, the Atomen zientzi arduraduna den Heins Haber fisikariak azalduko digu. Ipuinez lagundurik, honek ere, “ohartu baikara gaiak izugarrizko antza duela iratxoen istorioekin. Zehazki batekin, 1001 gauak  liburuko Arrantzalea eta jenioa izenekoarekin”.

Ba omen zen aspaldian arrantzale bat arras pobre bizi zena. Egun batez, sareak behin eta berriro bota ondoren, brontzezko ontzi bat iritsi zitzaion eskuetara. Ahoa estalirik zeukan berunezko tapailuz. Aurkikuntzaz harriturik, arrantzalea ziur dago hain ondo itxitako ontziak zerbait preziatua eduki behar duela.

Arrantzale zaharrak ireki duenean, ontzitik jenio izugarria azalduko zaio. “Hilko zaitut” dio beldurgarri, eta arrantzaleak galdeturik zergatik egin behar dion hori, jeinuak arrapostu: “Mende luzez egon naiz preso ontzi honetan. Haserrea handitu zait barruan, aunitz handitu, eta zin egin dut ni askatuko ninduenak hil egin beharko zuela”.

Herioari ihes egiteko, arrantzale erneari bururatuko zaio galdera bat egitea munstroari: “Nola da posible zu bezalako izaki ahaltsua hain ontzi txiki batean sarturik egotea?”. Jenioa are eta haserreago: “Nolaz? Duda egiten duzu nik ontzian berriro sartzeko ahalmenik ba ote dudan?”. Arrantzaleari apustua irabazteko ontziratu denean, hark jenioa preso hartuko du. Erraldoiak  onartu arte arratzalea duela nagusi eta eskatutako guztia egingo diola.

Horra energia atomikoaren funtsa Xerezade lagun Heins Haberrek laburki esplikaturik. Hortik aurrera luzatuko dira mundua aldatu behar duen energiaren azalpenak. Teorian, hasi Demokritok eta askoz beranduago John Dalton, Amadeo Avogadro, Antoine Henri Becquerel, Pierre eta Marie Curie, Albert Einstein eta abarrek egin aitzinamenduetara. Praktikan, erreaktore nuklear batek nola funtzionatzen duen era oso didaktikoan erakutsiz.

Hiru ordu laurdeneko saioaren bukaeran, General Electric eta multinazional gotorrenekin batera Walt Disneyk haur eta gaztetxoei erakutsi zien mundua milaka erreaktorez beteko zela, erradiazioek balioko zutela landareen uzta eta animalien produkzioa hobetzeko. Lurrazalean milaka eguzki ttiki piztuz.

Our friend, the Atomek ez zion atomoari arriskurik ikusten, ez bazen bidean arma atomikoei egiten zaien aipamena: Hiroshima eta Nagasakin ikusia zen zein hilkor diren, baina atomo zibilak arras ezberdin jokatuko zuen, jainko menderatua bailitzan fisikari eta ingeniarien eskuetan.

Pedagogiaz mozorrotutako propagandan hondakinik ere ez daukate zentral nuklearrek. Kutsadurarik hain gutxi. Horregatik da hain hilkorra Disneyren Our friend, the Atom dokumentala. Energia nuklearra daukaten herrialdeetako jendeei egiaren parte handi bat ezkutatu die, justu istripuak ugaritu direnean jendeok nozitu behar dituzten kalteen oinarrian dagoen egia kutsakorra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia nuklearra
Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


Nuklearra energia garbitzat hartzea eskatu du Europako Legebiltzarrak

Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]


Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Microsoftek energia nuklearra erabili nahi du adimen artifiziala elikatzeko

Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da. Zehatzago esanda, beste norbaiten ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak dira hodeia, eta energia kopuru izugarriak behar dituzte. Microsoftek erreaktore nuklear txikien aldeko apustua egin nahi du energia behar horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude