Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora jaurtitzen hasiko da Japonia, arrantzaleen eta ekologisten protesta artean

  • Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txosten batek oniritzia eman dio Japoniari, 2011ko hondamenditik Fukushimako zentral nuklearra hozteko erabilitako ur kutsatua itsasoan zabal dezan. Duela bi urte iragarri zuen 1,25 milioi tona ur baino gehiago itsasora botatzeko plana Japoniako Gobernuak, eta  kritika gogorrak jaso ditu arrantzaleen, talde ekologisten eta inguruko herrialdeen partetik.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak etengabe "monitoreatuko" du urak askatzeko prozesua, dioenez. Argazkia: EANA

2023ko uztailaren 05an - 07:09
Azken eguneraketa: 10:50

Fukushiman duela hamaika urteko tsunamiak hondamendi nuklearra eragin zuenetik, edukiontzi erraldoitan pilatzen aritu dira hango hiru erreaktoreak hozteko erabilitako ur kutsatua.

1,25 milioi tona ur horrentzako soluziobide "errealistena" itsasora botatzea zela adierazi zuen 2021eko apirilean Japoniako Gobernuak, bere plana iragarri zuenean. Bi urteotan plan hori garatzen aritu dira eta orain Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (EANA) oniritzia eman dio horretarako.

EANAko zuzendari orokor Rafael Grossiren arabera "nazioarteko segurtasun estandarrak betetzen ditu" plan horrek eta "ingurumenean, uran eta arrainetan inpaktu hutsala izango du". Japoniako Gobernuak dio ura prozesatu ondoren soilik tritioaren isotopoak zabalduko direla, baina legeak ezartzen duen mugaren azpitik, beste zentral nuklear askok egin ohi duten moduan.

Ur erradioaktiboa kostaldetik kilometro batera askatuko dute tunel baten bidez, EANAren txosteneko diagrama honetan ageri den bezala. 

Astearte honetan argitaratu du bere txosten zientifikoa EANAk. Zentral nuklearraren jabe den TEPCO konpainiaren asmoa da uda honetan bertan hastea ur erradioaktiboa Itsaso Barera botatzen.

EANA Nazio Batuen Erakunde barruan dagoen organismoa da, munduko herrialde gehienek osatua, eta sarritan leporatu izan zaio industria nuklearraren interesak defendatzen dituela. Hala ere, Grossik argi utzi nahi izan du arrazoibide zientifikoei eman diela oniritzia txostenak, baina erakundeak ez duela "ez babestu ez arbuiatzen" Japoniaren plana.

Arrantzaleak, ekologistak eta bizilagunak kezkatuta

Japoniako Gobernuaren erabakiak kezka handia sortu du Itsaso Bareko irletan bizi diren arrantzaleen artean. Denera 2,5 milioi lagun baino gehiago bizi dira arrantzatik eremu horretan eta The Guardian-ek azaldu duenez, planaren inguruko "informazio falta" salatu dute.

Itsaso Bareko eremu horretan arrantzatik zuzenean bizi diren 2,5 milioi herritarrak oso kezkatuta agertu dira neurriarekin. Argazkia: EANA 

"Ezin dugu itsas ingurumena arriskatu, ezta hortik bizi diren pertsonak ere. Ez gaude prestatuta hondakin nuklearren eraginari aurre egiteko", azaldu dio egunkariari Papua Ginea Berriko arrantzale batek.

Zientzialari askok zalantzak ditu epe luzera zer kalte sortuko duen tritiodun ur kopuru hori itsasora jaurtitzeak. Pazifikoko Irlen Foroak ere "zalantza handiak" azaldu ditu planaren inguruan.

Inguruko herrialdeak ez dira Japoniaren planaz fido. Hego Koreako Gobernuak teknikari talde bat bidali du Fukushimara operazioa gertutik jarraitzeko, eta Txinak esan du EANAk denboran "estuegi" kaleratu duela bere txostena.

Edukiontzi erraldoitan pilatzen dute kutsatutako ura, egunean ehun metro kubo betetzeraino, eta sarritan arazo handiak dituzte filtrazioekin. Argazkia: EANA

Nolanahi ere, Fukushimako hondamendia ez da amaitu, erreaktoreek jarraitzen dute hozteko ura behar izaten, egunean 100 metro kubo, BBC-k emandako datuaren arabera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakin nuklearrak
2023-07-23 | Nicolas Goñi
Artikoan izotzen urtzeak zabor erradioaktiboak ere barreiatuko lituzke

Ekosistema artikoak bereziki hauskorrak dira, bertako tenperatura apalengatik izaki guzien hazkuntza mantsoa baita, eta nahasmendu baten ondotik berrosatzeko denbora luzea behar baita. Halere, ekosistema artikoak bihurtu dira XX. mendeko hainbat jarduera industrialen zabortegi,... [+]


Txernobyl ondoko ibaia kanalizatzeko obrek, berriz iratzarri dute kutsadura nuklearraren mamua

Prípiat ibaia uztailean hasi ziren dragatzen, Baltikoa eta Itsaso Beltza elkartuko dituen ubide erraldoia sortzeko. 1986an istripua izandako erreaktorearen hondakin nuklearrak daude ibai hondoan eta, ingurumen adituen ustez, ingurua gehiago kutsatzeko arriskua egon... [+]


2019-10-11 | Arabako Alea
Garoñako hondakin erradioaktiboen biltegiratzea 50 urtez luzatu daiteke

Garoñako zentral nuklearrean dauden 2.500 osagai nuklearrentzako denboraldiko biltegiak 49 edukiontzi izango ditu, aurreikusitakoak baino askoz gehiago. Eraispena 2032ra arte luzatuko da.


2019-08-30 | ARGIA
2021ean hasiko dira Garoñako zentral nuklearra eraisten, Espainiako Gobernuak dioenez

2012. urtetik geldi dago Garoñako zentral nuklearra eta 2021ean hasiko dira hura eraisten, Espainiako Gobernuak EH Bilduren galdera parlamentario bati erantzunez informatu duenez.


Buren jarraitzen du zabortegi nuklearraren aurkako erresistentziak: berriro basoa okupatzen saiatu dira

Larunbatean, martxoak 3, Bure herrian (Meuse departamendua, Frantzian) 300 ekintzaile ahalegindu dira bertan gobernuak hondakin nuklearrentzako eraiki nahi duen biltegi erraldoiaren aurka kanpaleku berri bat eraikitzen. Ingurueak gau eta egun zaintzen dituen polizia talde oso... [+]


Eguneraketa berriak daude