"Ama hizkuntza dut gaztelania, baina ez da gure hizkuntza"

  • Garabideren Aditu ikastaroan izan zen Sergio Marinao maputxea udazkenean. Txileko maputxe lur Wallmaputik etorria, zoli ibili zituen begiak gurean igaro zuen egun bakoitzean. Agurraren garaian, mapuzugunez bere gisara ikasitako gaztea maputxeen herri eta hizkuntzaz mintzatu zitzaigun.  

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Sergio Marinao (Puerto Saavedra, Wallmapu, 1993)

Maputxe lafquenchea, “itsasoko maputxea”, Ozeano Barearen itsasertzean jaioa. Jatorrizko hizkuntza mapuzuguna bere gisa ikasitakoa. Mapuzugunberria, eta euskaldunberri izateko bidean. Irakasle ikasketak egiten ari da eta, aldi berean, Maputxe Hizkuntzaren Nazio Institutuko kide da. Militantea. Maputxe herriaren banderapean egin ditugu elkarrizketa nola argazkiak.

Sergio Marinao...

Hori da. [Euskaraz ari da]

Euskaraz badakizu pixka bat!

Bai, pixka bat.

Nola ikasi duzu?

Euskaltegian. Euskara ikaslea naiz.

Baina oso denbora gutxi duzu hemen!

Bai… [Hemendik atzerakoak, gaztelaniaz egin ditu]. Hilabete eta erdi daramat. Baina gogotik saiatuz gero, konpromisoz, gauza asko lortzen dira. Lur honetan, Euskal Herrian, nago hiru hilabeteko, eta lur honi zor diodan errespetuarengatik, ahal dudana, gutxi nahiz asko, euskaraz ikastea erabaki dut. Baita guk geurean daramagun borrokarekiko konkordantziarengatik ere. Guk ere horixe nahiko genuke han, jendeak gure lurreko hizkuntza errespetatzea. Hemen gaudela, gure nahia erakutsi besterik ez dut egin, praktikaren bidez. Hitz hutsalek baino gehiago balio du beti praktikak.

Zu, arrotza zaituguna, aldi bateko zaituguna, euskaraz ikasten. Haatik, hemen berean bizi den askok ez dute horrelako saiorik egiten.

Badakit, bai. Hiru aldiz izan naiz Ipar Euskal Herrian, bertan luzaro bizi den jendea ezagutu dut, eta euskaraz oinarrizko elkarrizketarik egiteko gauza ez. Harrigarria egin zait.

Zuen kasuan, horrelakorik gertatzen da?

Askoz gehiago. Txilen eta Argentinan, askok ez dute bizi diren lurreko hizkuntzaren kontzientziarik. Herrietan bizi diren maputxe hiztunak kontzientziatuta daude, bai, baina hirietakoek kontzientzia linguistikoa zero dute. Mapuzugun hizkuntzaren presentzia bera ere zero da hirietan.

Nondik datorkizu izena? Sergio Marinao...

Aitaren aldeko deitura dut Marinao, maputxe izena. Amaren aldetikoa, Nahuelpan dut. Nire arbasoen izenak dituzu. Espainiarrak maputxe lurretara heldu zirenean, gure jendearen autonomia errespetatu zuten; hein batean, bederen. Aldiz, Txileko eta Argentinako nazio estatuak sortu zirenean, duela berrehun bat urte, kito izan zen. Soldaduek maputxe lurrak inbaditu zituzten. Lurra ez ezik, hizkuntza ere kendu ziguten. Kultur asimilazioa gauzatu zuten. Era berean, populazioaren errolda egin zenean, maputxeak ere erroldatzera behartu zituzten. Nire birraitona Marinao zen, besterik gabe, baina kristau izena harrarazi zioten: “Hemendik atzera Manuel Marinao izango duzu izena”, esan zioten. Bi anaia zituen nire birraitonak: batak Waikinao zuen izena; besteak, Ekiñenao. Nao leinukoak ziren. Errolda sistemarekin, izenak itxuraldatu zizkieten. Hala eta ere, gaur egun, maputxe izenak jartzen hasita dago jendea. Bada zerbait.

Inbasioa aipatu duzu.

Bai, Txileko eta Argentinako armaden inbasio militarra. Armada buruak heroi dira beren estatuetan, eta guretzat, aldiz, genozida hutsak dira. Arestian esan dudanez, espainiar koroak maputxeak errespetatu zituen, hein batean. Artean kolonizazio garaian, ez zuen lortu maputxeak oinperatzerik eta, gatazka betikotu ordez, bake hitzarmena sinatzea hobetsi zuen. Lurralde mugak ere zehaztu ziren orduan.

Emantzipazio aroan, nazio estatuak sortu zirenean, eliteak izan ziren protagonista, hau da, espainiar buruzagien seme-alabak, Amerikan jaioak. Horietarik dituzu San Martin, Bolibar, Higgins eta beste. Maputxeek nahiago zuten espainiar koroaren mende egon, elite haien azpian izan baino, espainiarrek maputxeen eskubideak errespetatzen baitzituzten –bake hitzarmenetan sinatutakoaren arabera, betiere–, eta eliteek, aldiz, ez. Denboraren joanarekin, nazio identitate faltsu bat asmatu zuten Txilen. Maputxeak herrialdeko nazio identitatearen oinarri direla zabaldu zuten lau haizeetara. Gezur historiko bat eraiki zuten, eta horrixe eusten diote oraindik, maputxeen errealitatea ukatuz.

Zertan oinarritzen du maputxe herriak bere identitatea?

Lurra izan du oinarri, Wallmapu-a, eta inplizituki, hizkuntza; mapuzugunari eutsi diogun artean, behintzat. Gaur egun, hizkuntzarik gabe gure identitateari eusterik ez dagoela iruditzen zait. Hizkuntzaren aldeko mugimendukoa naiz, eta kideon iritziko, oroz gain identitatea lurraldeari lotuta dator batez ere, baina baita gure pentsamendu eta kulturari ere. Hala ere, mapuzuguna oinarri hartuta.

Bizindarrik badu mapuzugunak?

Txileko alderdian bizi naiz, eta hango berri dakit nik. Duela hamar urte baino gehiago egindako inkesta soziolinguistiko batek, hiru eskualdetan –Biobio, Araukania eta Los Rios–, bizi diren maputxe hiztunen kopuruak zehaztu zituen: 250.000 hiztun. Horietarik guztiz gehienak adin handikoak dira. Haur eta gazteek ez dute mapuzugunez hitz egiten. Alegia, ez dago belaun arteko transmisiorik.

Bestalde, inbasioen ondorioz, maputxeek lurren %95 galdu zuten. Indigenak urritzeko programa bat izan zen tarteko, jakina, AEBetako indigenak urritzeko programaren kopia. Lurra murrizteak maputxeak pobreziara kondenatzea ekarri zuen, eta herrietatik hirietara migratzea. Hizkuntzak ere jendearekin batera egin du atzera, landa eremuetara zokoratuta geratu da, eta zoko horietan, adinekoek baino ez dute hitz egiten.

Azken erroldaren arabera, bestalde, milioi bat maputxe gara Txilen. Milioi horretarik seiehun mila, Txileko hiriburu Santiagoko metropoliaren inguruan bizi dira, Wallmaputik aparte, beraz. Diaspora bat, esateko moduan, baina Wallmapun bertan bizi diren baino askoz gehiago dira delako diaspora horretan.

Argazkia: Zaldi Ero.

Antolatuak zarete, nola edo hala. Mugimendua aipatu duzu arestian.

Maputxe Hizkuntzaren Nazio Institutua gara gu. Temucon gaude. Wallmapuko hiririk nagusiena duzu Temuco, Araukania eskualdean; 200.000 biztanle ditu. Concepciónen ere ari gara. 25 lagun gara lanean. Hamabost, ekintzaile aktibo garela esango nuke. Gainerakoak, bazkide, gutxi-asko laguntzen dutenak. Ikasle gara, edo langile eta, aldi berean, hizkuntzaren aldeko lanari emanak bizi gara. Bestalde, Araukanian bertan, Mapuzugunaren Aldeko Mugimendua duzu, eskualdean hizkuntzaren ofizialtasuna eskatzen ari dena zuzenean. Hala ere, gure institutua da hizkuntzaren irakaskuntzaren alde lan egiten duen bakarra.

Hizkuntza indarberritzerik ba ote dago?

Nahia ahala omen da, eta gu, hasteko, konbentzituta gaude ahal dela. Hala eta ere, hamaika lan egin beharko lirateke. Badakigu zein diren egitekoak, baina ez dugu denei ekiteko modurik. Estatu politikak beharko lirateke, hizkuntza ikastetxeetan inplementatzea, murgiltze eredua ezarriz… Neurri horiek, ordea, oso urruti daude gure errealitatetik.

Txileko Gobernuak ez du horrelakorik ulertzen. Eskola bera ere kulturbakarra da. Hegotik iparrera oso herrialde handia da Txile, zeharo ezberdina toki batzuetatik besteetara, baina eskola eredu bat bera da nagusi toki guztietan. Hezkuntza lurraldearen arabera egokitzea, beraz, gauza zaila da, eta irakaskuntza mapuzugunez bideratzea, berriz, ezinezkoa.

Gauzak horrela, irakaskuntza ez-formala lantzen dugu gure mugimenduaren bitartez. Hiru urte daramatzagu lanean, eta zenbait jendek hizkuntza ikastea lortu dugu. Programa estatalak baino gehiago lortu dugu, estatuak A ereduaren gisako egitasmoa abiarazi baitzuen eskolan duela hogei urte, eta programa horrek ez du hiztun bat bera ere sortu. Guk, aldiz, mapuzugunez batere ez dakien hiztuna hartu eta gaitasunez hitz egiteko gauza izan dadin lortu dugu.

Esan duzu ikasleek hiru urtean ikasten dutela mapuzugunez hitz egiten. Ikasteko zailtasunen inguruan galdetu nahi nizun.

Badira aldagaiak. Norberaren motibazioa, esate baterako, edo ikasteari egunero eskaintzen dion denbora, adibidez. Ni neu hutsetik ikasten hasi nintzen, 18 urte nituenean, familiaren baitan, gurean mapuzugun hiztun baitira gehienak. Transmisioak huts egin zuen gurean ere, eta bestalde, ez nuen mapuzugun eskolarik jasotzeko aukerarik izan, ez hizkuntza barnetegira joateko egokierarik ere. Neure gisara ikasi nuen.

Orain ikasten hasten denak, berriz, bizpahiru urtean oinarrizko mailatik gorakoa izango du. Astean behin ematen ditugu eskolak. Minimoa duzu. Jakina, nork bere etxean ere ikasi behar izaten du, eta bereziki azpimarratu ohi dugu lan hori, etxekoa. Ez dugu bestelako baliabiderik. Irakasleak ez du kobratzen, borondatez ari da. Eta, hala ere, jendeak ikasten du, bere burua ahalduntzen du, eta mugimendua indartzen ari da.

"Alferrik esango dugu mapuzuguna maputxeona beste inorena ez dela: gure lurretan diren txiletar eta argentinarrei ere badagokie"

Esan duzunez, ez zara jaiotzatiko mapuzugun hiztuna.

Ez, gaztetan ikasia dut gure hizkuntza, neure gisara. Birramona mapuzugun hiztun elebakarra nuen. Inoiz ez zuen gaztelania ikasi. Aitona-amonak, elebidunak izan nituen. Esaterako, aitona –mapuzugun hiztun elebakarra–, misiolarien eskola medio elebidundu zen. Aita, berriz, gaztelania elebakarra izan nuen. Gure etxean ez zen mapuzugunez hitz egiten. Hiru senide gara, eta oraingo egunean, nik beste inork ez du mapuzugunez ikasi. Nire bi senideek hizkuntzaren alde lanean ari garenokin sinpatizatzen dute, baina bestelako lehentasunak dituzte. Maputxeon gizarteak hizkuntza berreskuratzea ez besteko lehentasun oinarrizkoak ditu: pobrezia, alkoholismoa… Askok, besterik ez dakitelako hitz egiten dute mapuzuguna, edo errazago zaielako, baina hizkuntz kontzientzarik ez dute. Gaztelaniaz zuzen mintzatzeko gauza ez izan arren, nahiagoko dute gaztelaniaz nola edo hala mintzatu, mapuzugun egokian mintzatu baino.

Zeure gisara ikasi zenuen, baina nola?

Aitaren aldeko izeba-amamekin hitz eginez, hiztun aktiboak baitira. Landa eremuan bizi dira. Gaur egun, hara joan, hiru egun igaro eta ez dut mapuzugunez besterik hitz egiten. Gazteok, berriz, hirian gaudela, unibertsitatean, garraio publikoetan... mapuzugun hitz egin nahi dugu, horretarako eskubidea dugu, baina ez dago erraz.

Gaztelania zuen hizkuntzatzat daukazu?

Ez. Gaztelania ez da gure hizkuntza. Ama hizkuntza dut gaztelania, baina mapuzuguna da nire arbasoek bizi izan duten hizkuntz lurra. Eta ni arbasoei loturik nago, haiekin bat eginda. Nirea mapuzuguna da, ez gaztelania. Hizkuntz normaltasuna behar dugu, eta, kasu honetan, ez da normala hizkuntza bat berea ez duen lurraldera heldu eta han nagusitzea, eta are gutxiago, nagusitu ahal izateko, tokiko hizkuntza heriotzara kondenatzea. Horixe egin du gaztelaniak. Nik ez dut horrelakorik onartuko, kontra egingo diot horri, beti. Hasteko, neure hizkuntzan hitz eginez, kendu didaten hizkuntza ikasiz eta hitz eginez.

Zer dagokie mapuzugun hiztun ez direnei?

Hasteko, esan behar dut maputxe ez direnei ere irakasten diegula mapuzuguna. Orain artean, maputxea maputxeari zuzendu zaio, baina mapuzugunaren lurralde historikoetan hainbat jende ezberdin bizi da gaur egun, eta, beraz, alferrik esango dugu mapuzuguna maputxeona beste inorena ez dela: gure lurretan diren txiletar eta argentinarrei ere badagokie. Horixe egin dut nik hona etorri naizenean, euskaraz ikasi, ahal izan dudana, errespetuarengatik, bizi naizen lurrarekiko konkordantziarengatik. Gurean, ikasi nahi duen harixe irakasten diogu hizkuntza, jatorria zeinahi duela ere. Gu batzeko gaude, ez kenketarik egiteko. 250.000 hiztun garela esaten dute, optimista izanda. Ez gaude, beraz, inor baztertzeko moduan.

Hogei urtean mapuzuguna desager litekeela irakurri dut han-hemen. Arriskuan dela…

Badira ehun urte horixe esaten ari direla, mapuzuguna galtzeko zorian dagoela. Hor dago globalizazioa, eta globalizazioak ekarri duen kaltea, hizkuntza batzuek besteak desagerraraztea. Gure institutuan garbi ikusi dugu hil ala bizikoa dela egoera: edo hizkuntzaren heriotza sinatzen dugu, edo biziberritzeari ekiten diogu. Badakigu hizkuntzari buruz amesten ditugun gauza asko ez ditugula inoiz ikusiko, baina etorkizuneko oinarri sendoa jartzeak motibatzen gaitu, ondoko belaunaldiek geroa izan dezaten. Geuk egin behar dugu lan hori, guk beste inork ez du egingo gure ordez. Edo egiten dugu, edo, orduan bai, mapuzuguna galduko da.

Ahal dugu!

“Itxaropena eman dit Euskal Herriak. Duela 50 urte, euskarak gaur egun mapuzugunak bizi duen egoera bizi zuen. Biziberritzea ikusi dut, arrakasta. Gu, berriz, ‘Ahal dugu!’ esateko moduan gara.  Garabideren hizkuntz lankidetzarako Aditu ikastaroak bihotz eman digu hona bildu garen hizkuntza guztioi: izan maia, nahua, guarania, kitxua, edo mapuzuguna”.
 

Mapuzuguna, Wallmapun

“Santiagoren tamainako espaziotzar handi batean komunitatea osatzea zaila da oso. Zazpi milioi biztanle omen dira, eta hizkuntz komunitaterik osatzeko modurik ez dago hainbeste milioiren artean sakabanatuta dagoen jendartean. Egitekoak hamaika dira, baina gure mugimenduaren arabera, Wallmapun bertan indartu behar dugu mapuzuguna”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Maputxe herria
Amaitutzat eman dute gose greba preso politiko maputxeek, 100 egun igaro ostean

Maiatzean ekin zioten gose grebari 17 preso politikok. Haien eskubide kultural eta territorialak errespetatzea, lege antiterrorista bertan behera uztea, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169 hitzarmena onartzea eta preso politiko maputxeen askatasuna exijitu dituzte.


2023-04-02 | Karlos Zurutuza
Samien eta maputxeen borroka, Statkraften parke eolikoen aurka

Norvegiako berriztagarrien erraldoiaren hainbat proiektuk ondoeza eragin dute maputxe eta sami herriengan. Epaileek ere ilegaltzat jo dituzte azpiegiturak, baina gobernuek ez ikusiarena egiten dute. Giza eskubideen aldeko aktibista ospetsuek ere bat egin dute protestarekin,... [+]


2022-08-25 | ARGIA
Hector Llaitul militante maputxea atxilotu dute Txilen

Wallmapuko CAM Arauco-Malleco Koordinakundeko buru da Llaitul, eta egurra lapurtzea, lurrak indarrez kentzea eta estatuaren aurkako atentatua egitea leporatzen diote. Asteazken honetan, abuztuaren 24an, atxilotu dute.


Eguneraketa berriak daude