Celestino Córdova militante maputxeak 107 eguneko gose greba utzi du, Txileko Gobernuarekin akordioa lortu ostean

  • Txileko Justizia Ministerioak jakinarazi duenez, Inperial Berriko Kultur Arteko Ospitalean egongo da erabat berreskuratu arte. Ondoren, Hezkuntza eta Lan Zentro batera eramango dute, eta baimena izango du 30 orduko irteerak egiteko bere komunitatera.

     


2020ko abuztuaren 19an - 10:49
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astearte honetan, 107 eguneko gose grebaren ostean, Celestino Córdova lider maputxeak akordio bat sinatu du Txileko Gobernuarekin, eta gose greba bertan behera uztea erabaki du. El Mostrador eta Resumen Latinoamericano hedabideek eman dute horren berri, besteak beste. Zortzi puntuko akordioa lortu du Córdovak, non espetxe zigorra betetzen duen bitartean bere jaioterrira joateko baimena ematen zaion, "asko jota 30 orduz luzatu ahal izango dena, eta osasun- eta espetxe-agintariek ezarritako baldintzak beteko dituena". Halaber, akordioak jasotzen du Córdova "Inperial Berriko Kultura Arteko Ospitalean egotea, fisikoki eta espiritualki erabat berreskuratu arte, orientabideak barne". Horretarako osasun arloko profesional ofizialen eta medikuntza maputxe tradizionalaren artean adostutako tratamentuak jasoko ditu.

Lorpen gehiago

Gose greban dauden beste 27 maputxeei dagokienez, Justizia eta Giza Eskubideen Ministerioak konpromisoa hartu du, "Jendarmeriak emandako ebazpena aintzat hartuta, greba bertan behera uzten dutenean Txileko Jendarmeriak ez diela diziplinazko zigorrik ezarriko". Jatorrizko herrietako askatasunik gabeko pertsonak Hezkuntza eta Lan Zentroetara aurkeztea erraztuko da, haiek hala eskatuz gero. Azkenik, Zigor Defentsarako Erakunde Publikoaren bidez kautelazko neurriak berrikusteko eskaera erraztuko da. Esaterako, badaezpadako espetxeratzea etxeetan betetzeko aukera emanez.

Lekukoak

Justizia Ministerioaren eta maputxeen ordezkaritzaren arteko elkarrizketetan bitartekaritza lanak egin dituzte Giza Eskubideen Institutu Nazionaleko zuzendari Sergio Micco, Mediku Elkargo presidenteorde Enrique Morales eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren bulegoko Enrique Morales. Horiez gain, Córdovaren ordezkari Cristina Romo eta Giovanna Tafilo lekuko izan dira Córdovak hautatutako lau parlamentarirekin batera: Karol Cariola (PC), Emilia Nuyado (PS), Claudia Mix (Comunes) eta Juan Ignacio Latorre (RD).


Maputxe herria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...