"Euskara hiztunak gara guztiok, bat izan ezik"

  • Joan den urte amaieran Lazarraga Saria jaso zutenen artean da Baiona Hortz Klinika. Odontologia zerbitzua euskaraz eskaintzen du Gasteizen Nortxu Nuñezek (Trapagaran, Bizkaia, 1976) zuzentzen duen zentroak. 2004az gero ari da Arabako hiriburuan. Lazarraga Sariaren aitzakian joan gatzaizkio, eta ARGIAren mendeurrena aipatu digu berak.

“Klinikara etortzen zaizkigun neska-mutikoei euskaraz galdetu, eta gaztelaniaz erantzuten dute. Beharbada ez dute espero nik euskaraz egitea, edo euskaraz egiteko zailtasunak dituzte“. Argazkia: Zaldi Ero.
“Klinikara etortzen zaizkigun neska-mutikoei euskaraz galdetu, eta gaztelaniaz erantzuten dute. Beharbada ez dute espero nik euskaraz egitea, edo euskaraz egiteko zailtasunak dituzte“. Argazkia: Zaldi Ero.

ARGIAk ehun urte betetzen dituela jakin duzu.

Bai, bada! Etxean laguntzaile dugunak esan zidan, Hala Bedi irratian entzun omen zuen. Zorionak zuei ere!

Non duzu euskararekiko konpromisoaren jatorria?

Txikitatik dator. Ikastolan hazia naiz, Trapagarango Itxaropena ikastolan. Gurasoak ez ditut euskaldunak, baina ikastolara zuzendu ninduten. Unibertsitatean, Leioan, ezin izan nuen Odontologia ikasketarik euskaraz egin. Harrezkero, Gasteizen, ahal dudan moduan ari naiz. Egia esan, kalean ez da euskaraz entzuten, baina Meatzaldean ere ez, nire alderdian… Hortaz, nire erronka pertsonala izan dela esango nuke. Beti egin dut euskararen alde. Bi seme ditut, euskaraz eskolatzen ari dira auzoko eskola publikoan, eta bertako euskara batzordean parte hartu ohi dut.

Zeure erronka dela esan duzu.

Bai, eta ez dakit oso seguru ere. Beharbada, Itxaropena ikastola nola sortu zen jakin nuenean piztu zitzaidan gogoa. Ikastola hura sortu zuten gurasoek ez zekiten euskaraz, baina bihotzean zeramaten euskara. Aita bertakoa dut, ama kanpotik etorria, baina oso txikitan. Hala ere, ilusioa zuten gu euskaraz eskolatzeko.

Zein presentzia du euskarak zure hortz klinikan?

Ahalik eta presentzia handiena izan dezan saiatzen gara. Langileetatik hasita. Beti ez da erraza, ordea. Lanean hartzeko ez dugu premiazko ezaugarritzat jotzen, baina euskara hiztunak gara hemen ari garen guztiok, bat izan ezik, eta bat hori euskaltegian ari da, ulertzen duela esango nuke, baina hitz egiten ez daki oraindik. Gainerakook, denok egiten dugu euskaraz, hiru odontologo eta bost laguntzaile.

Hiru odontologook hitz egiten duzue euskaraz?

Bai.

Hara!

Euskaraz saiatzen gara, dela telefonoan, dela gure artean… Hala ere, beti ezin da, euskaraz ez dakienen bat ere gerta liteke-eta tartean. Sektorean, aldiz, bilkura, kongresu, mintegi, jardunaldi eta gainerakoak, dena gaztelaniaz egiten da, eta berdin da Donostian egin, Bilbon, Gasteizen edo dena delakoan.

Zein dituzu lanean euskaraz jarduteko zailtasunak?

Hortz klinikan bertan, zailtasunik ez dudala esango nuke. Besterik da hornitzaileei dagokienez. Euskaldunak dira batzuk, erdaldunak beste batzuk. Pasaiako hornitzailearengana jo behar dugunean, adibidez, badakigu euskaraz egin ezinik ez dugula. Beste hornitzaile bat, berriz, Errioxakoa dugu, baina euskalduna, Gernikakoa du saltzailea. Gainerakoan, hemengoez kanpokoekin gaztelaniaz egin behar, jakina. Banketxeekin, bestalde, berdin, batzuekin euskaraz, besteekin gaztelaniaz.

Guztion moduan, beraz.

Bai, bada. Aurreko batean kexa bat jarri nuen Akuilari aplikazioan, euskararen telefonoan. Guk, besteak beste, Osakidetzarekin egiten dugu lan, Haurren Hortzak Zaintzeko Programan. Urtero berritu behar izaten dugu kontratu hori, eta gaztelaniaz jasotzen ditugu beti orri guztiak! Osakidetza da! Entitate publikoa! Batarekin eta bestearekin hitz egin eta kexa idatzi nuen aplikazioan eta beraiek arduratu ziren. Berehalaxe erantzun zidaten. Hemendik aurrera, baietz, ele bitan bidaliko zizkidatela orri guztiak, eta eskerrak eman zizkidaten hizkuntza berdintasunaren alde jokatzeagatik. Horixe da eraginkor izatea. Arin erantzun zidaten, oso modu positiboan.

Nahikoa ote da jarrera pertsonala, konpromiso indibiduala, euskarak aurrera egin dezan, gizartea euskaldundu dadin?

Ni, oro har, oso positiboa naiz gauza guztietan. Baina euskarari dagokionean, sentitzen dut, baina ez. Bi ume txiki ditut etxean, eta ez dago modurik. Pena handia ematen dit. Bergaratik edo inguru euskaldunetik etorritako gurasoekin hitz egin, eta gauza bera. Haien umeek gaztelaniaz egiten dute. Ahizpa Mungian bizi dut, eta gauza bera. Baliteke han Gasteizen baino euskara gehiago entzutea kalean, baina ez askorik. Klinikara etortzen zaizkigun neska-mutikoei euskaraz galdetu, eta gaztelaniaz erantzuten dute. Beharbada ez dute espero nik euskaraz egitea, edo euskaraz egiteko zailtasunak dituzte. Ez dakit. Hala ere, nekagarria da niretzat.

Nekagarria, diozu.

Guztiz nekagarria. 12 urteko mutiko bati noiz jaio den galdetu, eta ez daki hilabetea euskaraz esaten, eguna zuzen esaten ez daki: “Zenbat urte dituzu?”, eta “Siete”, erantzuna. “Zenbat?”, “Siete”. “A, ez duzu eskolan euskaraz ikasten!”, “Bai, bai! Zazpi”. Horrela! Ez dakit zuek zein mundutan ibiltzen zareten, baina eguna joan eta eguna etorri horrela ibiltzea, nekagarria da. Eta ume guztiek dakite euskaraz. Edo okerrago,  zuk umeari euskaraz galdetu, umeak erantzun ez, eta amak ondotik gaztelaniaz: “Beharbada ez dizu ulertu, eskola hirueledun batera doa”. Eta nik neure artean: “Hirueleduna! Are eta arrazoi handiagoa euskaraz jakiteko!”. Aparte utziko dugu hezkuntza hirueleduna, ez baitut zera horretan sinesten, baina euskararena nekagarria da.

Horixe dugu egoera, egunerokoa.

Ez dakit erakunde publikoen ardura den, edo geurea. Ez dakit zer beste egin. Eman dezagun, euskararen aldeko jaia egin ikastolan, jendea bilduko da, guraso eta ikasleak, baina euskaraz egin? Inork ez.

Zein leku opa diozu euskarari gizarte honetan?

Urte mordoa daramagu euskararen aldeko lanean. Eusko Jaurlaritza aspaldi sortu zen, aspaldi ari dira ikasleak euskaraz ikasten… Jendeak euskaraz badaki, baina ez dakit zein maila duen. Baina jendeak ez du hitz egiten, gaztelaniara jotzeko erraztasuna dugulako, ondokoak euskaraz ez dakiela uste dugulako beti, euskaraz hitz eginda molestatu egingo dugula uste dugulako… Telefonoak jotzen duela, hartu eta nik: “Baiona, bai, egun on!”, eta beste aldetik: “Buenos días...”. Gaztelaniaz egin behar! Horrela da gehienetan. Noizik eta behin, baten batek euskaraz erantzuten dio zure agurrari. Euskararen lekua, galdetu didazu, eta uste dut badela garaia, bazela garaia, euskara gizartean askoz presenteago egoteko, Gasteizen nahiz Trapagaranen.

Nola ikusten duzu euskara Gasteizen, oro har?

Jende gehiago dago euskaraz dakiena, hitz egiten duena baino. Hasteko, nik ez dut euskararik entzuten. Uste nuen Euskaraldia eta gero piztuko zela euskara, jakingo genuela nork egiten duen eta nork ez, baina bai zera. Entzutekotan, Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritako hainbat jende bizi delako Gasteizen. Horixe da nire ustea. Hemendik bertara bada farmazia bat, Agirre Lekue, eta zabaldu zutenetik ari dira euskaraz, zerbitzua euskaraz ematen, beti. Auzoan, Ibaiondoko gizarte-etxean ere euskaraz ari dira, bai, baina niri hori nahitaezkoa iruditzen zait. Akabo, bada!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude