Hormigoiak itoko gaitu: materialik suntsitzaileena garapenaren kokaina

  • Betoiarekiko adikzioak bizi du gizakiaren azken mendeko desarroilismoa. Ura salbu, hormigoia da planetan gehien kontsumitzen den gaia. Plastikoa bezala hormigoia lagungarri izan zaio gure ongizate modernoari. Baina plastikoarekin gertatu bezala, orain hasi gara jabetzen bere benetako arriskuez. Zabortegiak betetzen ditu, hiriak gehiegi berotzen, milaka jende hil eta ekonomiak suntsitzen dituzten uholdeak eragiten, planetaren biziraupena mehatxatzen.

Harresi berria Kabanosawan. 2011ko tsunamiak lehengoak urraturik, horma handiagoak eraikitzen dituzte Japonian, hormigoiarekiko menpekotasunez. (Argazkia: ArchDaily)
Harresi berria Kabanosawan. 2011ko tsunamiak lehengoak urraturik, horma handiagoak eraikitzen dituzte Japonian, hormigoiarekiko menpekotasunez. (Argazkia: ArchDaily)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Artikulu hau leitzeko behar duzun denboran, irakurle, munduko eraikuntza industriak 19.000 bainuontzi bete hormigoi isuriko ditu. Egun bakar batean, Txinako Hiru Arroiletako Urtegiaren harresikoa adina. Urtebetean, Ingalaterrako bazter guztiak, ibar eta muino, betonez estaltzeko adina. Horrela hasi du Jonathan Wattsek The Guardian egunkarian “Concrete: the most destructive material on Earth“ dossierra.

Kalkuluak eginez gero –dio Wattsek– sortu dugun hormigoi pilak dagoeneko pisu handiagoa dauka planetako zuhaitz, sasi eta landare guztiena batuta baino. Bestela esanda, eraikitako inguru artifiziala handiagoa da naturala baino (...) Plastikotan 8.000 milioi tona pilatu dira 60 urteotan, asmatu zenetik: hormigoi industriak bi urtetan metatzen du hori baino gehiago. Plastikoarena baino arazo handiagoa izan arren, ordea, ez da larritasun berarekin aztertzen”.

Betoia bere iraupenagatik maite dugunez, eragindako arazoek ere luzeago diraute. Ustez konpondu behar zituenak benetan nola okerragotu dituen denborarekin ikusten da. Lurraren inpermeabilizazioaren kalteez zalantzarik zuenak, 2005ean ireki ahal izan zituen begiak New Orleansen Katrina urakanak eragindako uholde izugarriekin: hormigoiari esker, lurrak ezin zituen euriak irentsi. Planifikatzaileek, ordea, ez dute ikasi ez AEBetan, ezta Euskal Herrian ere.

Klimaren gaiztotzea dakarten CO2 isurketen %4-8 betonaren ekoizte prozesuari dagozkio. Baina klimarengan askoz eragin gehiago ere baditu. Munduak kontsumitzen duen ur guztiaren %10 hormigoitarako da; nekazariek soroetan eta etxetan jendeak behar duten uraren lehiakide gogorra.

Gutxitan aipatzen da hondarra, baina hormigoitarako area dagoen lekuetan erauzi eta urrun eramateak hondatzen ditu ekosistema asko, arrantzale eta beste jende asko miserian utziz, korporazio handiek sikarioen esku lagata bertako herritarrak zanpatzeko lana.

Betonezko eraikin eta azpiegitura modernoek suntsitu dituzte berezko azpiegiturak, basoak, soroak, zelaiak, errekak... Gizakiak eta planetak berak beharrezkoak dituen funtzioak etenda utzi dituzte: lurzoruko bizia, polinizazioa, akuiferoen asetzea, uholdeen kontrola, oxigenoa sortzea, ura garbitzea.

Oxigenoa ebatsi dio politikari ere, Wattsen esanetan. “Hormigoiak ore berean nahastu ditu politikariak, burokratak eta eraikuntza konpainiak. Alderdietako buruzagiek hautatuak izateko eraikuntza enpresen diru-laguntzak eta bultzadak behar dituzte, administrazioko planifikatzaileek proiektu gehiago behar dituzte hazkundeari eusteko eta eraikuntzako ugazabek kontratu gehiago behar dituzte dirua mugiarazi, langileei zertan aritua eman eta politikariengan eragina izaten jarraitzeko”.

Askotan aipatu arren inork gelditu ezin duen mekanika zoro horrek baizik ezin du esplikatu politikariek zein bero bultzatzen dituzten ingurumenetik bezala gizartearentzako etekinetik begiratuta nabarmenki alferrikakoak edo gutxienez eztabaidagarriak diren azpiegitura erraldoiak. Watts ingelesa baita, Joko Olinpiarrak eta Munduko Koparako han eraikitakoak aipatzen ditu; euskalduna balitz, batik bat Hegoaldean politikariek daukaten hormigoi-mendekotasunaren adibideen zerrenda luzea egin beharko luke.

Garapena eta Yakuza

Japonia aipatzen da hormigoi-adikzioaren adibide klasikotzat. Bigarren Mundu Gerraren ostean hain sutsuki ekin zion elite japoniarrak herrialdea betoneztatzeari, ezen eta bere aginte estiloa doken kokka bataiatu baitzuten, eraikuntzaren herrialdea. 80ko hamarkada amaiera arte primeran funtzionatu zuen, hazkunde tasa handiekin.

Orduko Mendebaldeko irakurleen belarrietaraino iristen ziren Alderdi Liberal Demokratako buruzagien izenak: Kakuei Tanaka, Yasuhiro Nakasone, Noboru Takeshita... Ez zuten ezagutzen, ordea, agintari haien indarra ere eraikitzaile handien diru-laguntzetan oinarritzen zela: “Doken kokka sistema zen herrialde mailako racket-a, lapurreta”.

90eko hamarkadako krisiarekin hormigoiaren etekinak asko murriztu ziren, baina orduan agintariek eta enpresaburuek, elkar hartuta, erabaki zuten makinari presioa areagotzea: zubi izugarri garestiak kasik biztanlerik gabeko eskualdeetaraino iristeko, autopista zabalak landa eremuetan barrena, ibai eta erreka bazter guztiak betonez berbideratzea, Japoniako kostaldea betirako babestuko omen zuten harresi handiak eraikitzea.

Japoniako paisaia asko betirako hondatzea, hori lortu zuten. Baina hormigoiaren segurtasun ustez muga gabea Tohoku lurrikarak zartatu zuen 2011n:  minutu gutxitan tsunamiak urperatu zituen Ishinomaki, Kamaishi, Kitakami eta beste hainbeste herri, uhinek irentsirik itsas bazterrean eraikita zeuzkaten babes-harresi garaiezinak.

16.000 pertsona hil ziren, milioi bat eraikin  suntsitu, eta ezin sinestekoa: Fukushimako zentral nuklearrak eztanda egin zuen! Aldatzeko garaia heldua, akaso? Ez, bada: Liberal Demokratak itzuli ziren laster agintera, herritarrei aginduz hurrengo hamarkadan herri lanetan 200 biloi yen (1,6 bilioi euro) inbertituko zutela. Eraikuntza konpainia handiek ekin zioten itsas bazterrean are harresi handiagoak eraikitzeari, arrantzale herriak 12 metroko hormaz inguratuz, nahiz eta beren eraginkortasuna auzitan jarrita dagoen.

“Hormigoiak munduan –dio Wattsek– esan nahi du garapena. Teorian, giza aurrerapena zenbait erakuslerekin adierazten da: bizi itxaropena, hezkuntza maila eta beste. Baina lider politikoentzako erakuslerik handiena BPG Barne Produktu Gordina da, askogatik, horrekin kokatzen dute gobernuek beren lekua munduan. Eta horren osagai nagusietakoa hormigoia da”.

Japoniaren garapen ametsei garai oparoenak epeldu ostean, gaur Txina da XXI. mendeko ekonomia nagusi bilakatu nahi duena. Ondorioz, hormigoiaren super-txapelduna ere bihurtu da. Txinak erakusten du, bestalde, zementu, hondar eta urez osatutako material zahar-berri horrek nola eralda dezakeen naturarekiko elkarbizitzan oinarritutako kultura bat BPGean obsesionatutako ekonomia baterantz.

Txinak 2003tik gaurdaino bere lurzoruan erabili du AEBek XX. mende osoan erabili duten adina hormigoi. Gaur mundu osoko beton kontsumoaren erdia Txinarena da. Yu Kongjian arkitektoak ohartarazia du zein arriskutsua den ziklikoki bere astinduak ematen dituen naturari bizkar ematen dion garapena: “Hiritartze [lurraren artifizialtze] prozesu hau heriotzarako bidea da“. Agintariek ez dute horrelakorik entzun nahi, ordea, ez hemen eta ez Txinan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


2025-07-09 | Itxaro Borda
“Azpian lur hotza”

Azken asteko sapa lehergarri egunetan gure zereginen egitarauak aldatu beharrean aurkitu gara. Freskura erlatibo batek seietan atera gaitu ohetik, gosaldu eta lan gehienak bederatzietarako plegatu ditugu eta hamarretan jalgi gara oinezko ibilaldia egitera. Eta ez ginen bakarrak... [+]


2025-07-03 | Nicolas Goñi
Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte

Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta... [+]


Erregistratutako ekainik beroena izan da aurtengoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2003ko udarekin batera, 1970etik beroena izan da aurtengoa. Europar Batasuneko "Copernicus" behategiak larrialdi klimatikoa dela-eta bero boladak "maizago" egongo direla dio, eta aurtengo ekainean bere ondorioak izan ditu: ehunka pertsona hil dira Europan.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Iluntasunean argi, argi etorkizunean

Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]


2025-05-23 | Elhuyar
Ipar globaleko konpainia gutxi batzuk dira baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazken arduradun nagusiak

Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]


2025-05-21 | Nicolas Goñi
Banku handiek klima aldaketan inbertitzen dute, baina ez da konponbidea sustatzeko

Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri  honetan, banketxe handiek ez dute horri buruz komunikatzen, baina arazoaz ongi jabetu dira eta... [+]


2025-05-16 | Elhuyar
Europako hiriak huts egiten ari dira klima-aldaketarako egokitzapenetan

Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez... [+]


2025-05-14 | Jesús Rodríguez
Kolapsoaren entsegu bat

Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]


Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]


2025-04-30 | Nicolas Goñi
India erdialdean, idortze globalari aurre egiteko laborarien eta ikertzaileen elkarlana

Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan... [+]


Eguneraketa berriak daude