Berezkoa du arrabioak misterioa. Marra horiz eta beltzez jantziriko animalia deigarria da, mitoen eta kondairen munduak gurtu eta egurtu izan duena historian zehar. Gautarra, bustizalea, isila, mantsoa eta, batzuen ustez, pozoitsua bezain arriskutsua; herensugeen eta suaren munduarekin lotu izan da. Ilunetan ilunenak, ordea, Urgullen (Donostia) aurkituko dituzu.
Basopean, abandonaturiko hilerri bateko harrien artean bizi dira, isolaturik, inguruko arrabioekin harremanik gabe. Hori gutxi balitz, Urgullekoek badute ikertzaileen arreta piztu duen ezaugarri bat: erreka edo putzurik gabeko ingurunean bizi arren, uretik kanpo kumeak izateko gaitasuna dute. Nola da posible?
Misteriozko film baten osagai guztiak ditu gaurko irteerak. Gaua da, eta hiritik gertu, baina aparte dagoen Donostiako Urgull parkera joan gara. Metalezko langa zaharra zeharkatu, eta asfalto zartatuan gora goaz. Farolak itzalita, iluntasunak irentsi gaitu. Isiltasuna da nagusi; euria eta itsasoko olatuen talka baino ez dira entzuten. Ez dugu asko ibili behar izan: “Iritsi gara, hau da Urgulleko arrabioen bizilekua” esan dute. Esku-argiak piztu eta bila hasi gara. Hemen gaude, Urgulleko iparraldean, basopean, leku ezin ilun eta hezeagoan kokaturik dagoen Ingelesen hilerrian. Hemen arrabioak egon zitezkeenik pentsatzea ere…
Hilerri honetan bizi asko dago
Segituan hasi gara arrabioak (Salamandra salamandra) ikusten. Ingelesen hilerriko horma zaharkituen zirrikituetan daude batzuk. Beste batzuk, lur gaineko belar hezean. Geldi. Lasai. Bizkarreko marra beltzek eta horiek ziurtasuna ematen diete. Ez dute pozoi askorik, ez gizakiari kalte egiteko adina, baina duen itxurak errespetua ematen du, eta haien inguruan sortu diren kondairek babesa eskaintzen diete. Hori jakinda, zertarako lasterka egin?
Hormak behar dituzte, hezetasun handiko eta haize gutxiko guneak, eta baldintza horiek guztiak Urgulleko iparraldean aurkitu dituzte arrabioek, Ingelesen kanposantu zahar honetan. Gurekin etorri da Oviedoko Unibertsitateko Dávid Álvarez doktorea. Asturiasko hiriburuko parke, eliza inguru eta komentuen barruan bizi diren arrabioen populazioaz ikerketa du egina. Kasualitatea izango da, baina berari ere irribarrea atera zaio: “Oviedon ere eliza nagusiaren ondoko hilerrian bizi dira, El cementerio de los peregrinosen, eta hilarrietatik ateratzen ikusi izan ditugu”.
Álvarezen ikerketa-taldeak Oviedon egindako azterketan erabili dituen arrabio populazioek badute Donostiakoekin, eta zehazki Urgullekoekin antzekotasunik. Hirietan bizi diren arrabioak dira hangoak ere, askotan putzu eta errekarik gabeko guneetan aurki daitezkeenak. Gainera, arrabio talde hauetako asko bata bestearengandik isolatuak bizi dira, gure aurrean ditugunak bezala. Gizakiak eraiki duen hiriak “uharte” txikietan utzi ditu sakabanatuak. Asfaltoa eta zementua nagusi diren eremuak zeharkaezinak dira arrabioa bezalako anfibioentzat. Isolaturik bizitzera kondenatu ditugu.
Gizakiaren eragina arrabioen genetikan
Urgullekoek Oviedokoen patu bera dute: ezin dute bertatik atera. Itsasoak eta Donostiako Alde Zaharrak inguratuta bizi dira. Ezin igeri egin itsasoan, ezin Donostiako Alde Zaharrak osatzen duen zementuzko eremua zeharkatu. Eta horrela daramate, gutxienez, XIX. mende erditik. Donostiako beste parke eta eremu batzuetan ere ezagutzen dira arrabio populazioak. Euren artean, baina, ez dago harremanik. Hiriko kaleak oztopo handiegia dira bata bestearekin elkartzeko. Ikertzaileek egiten duten galdera, beraz, logikoa da: gainontzeko arrabio populazioengandik bananduta egoteak ba al du eraginik Urgulleko arrabioengan?
Oviedon egin duten ikerketaren arabera, bai, badu. Ondorio oso interesgarriak atera dituzte: gizakiak sorturiko eraikuntzek eta hormek arrabio talde batzuk isolatuak utzi ditzakete mendeetan zehar, eta horrek eragina izan dezake euren bilakaera genetikoan. Esaterako, David Álvarezen taldeak Oviedo zaharrean dauden arrabioekin egin du lan, eta hiriaren bilakaera historikoa eta euren genetika alderatu ditu. Badira, esaterako, mojen monasterio baten barruko patioan isolaturik hamar mende baino gehiago daramaten arrabioak; edota bertako katedralaren inguruko eremuetan bizi direnak, inguratzen dituzten horma lodi eta zurrunak direla eta, aspalditik isolatuta daudenak. Álvarezen taldeak ikerketa historikoa egin du, monasterioa noiz eraiki zen eta katedraleko murruak noiz egin ziren jakiteko, eta genetikak bat egiten du historiak dioenarekin: zenbat eta horma edo murru zaharragoa inguruan, orduan eta handiagoa da bertako populazioek gainontzekoekin duten ezberdintasuna. Isolamendu epeak eragina du euren ezberdintasun genetikoan; gizakiaren eraginik gabe, ziur asko ez zen ezberdintasunik izango
Honen aurrean, beraz, ez da zaila Donostiako ikertzaileek oraindik ere erantzunik ez duen galdera bat izatea buruan: Urgulleko arrabioak genetikoki ezberdinak al dira ingurukoekiko?
Kumeak izateko bi modu
Ikertzaileek buruan dituzten galdera guztiak, ordea, ez dira genetikari loturikoak. Urgulleko (eta Oviedoko) arrabioak bizi diren lekuetan ez dago erreka edo putzurik inguruan. Arrabioak, ordea, obobibiparoak dira batez ere, eta euren kumeak larba moduan uretan utzi ohi dituzte. Zakatzak dituzten kume horiek handitzen joango dira birikak garatu eta uretatik atera arte. Orduan, ur eremurik ezean, zergatik ez dira desagertu dagoeneko Urgulleko arrabioak? Nola erditzen dira kumeez, urik ez badute inguruan?
Aranzadiko Herpetologia sailak 2013an eman zion erantzuna galdera horri. Elina Uotila, Ariñe Crespo, Xabier Rubio eta laurok egindako ikerketa lanak gauza kuriosoa azaleratu zuen: Urgulleko arrabioek “aukeratu” egin dezakete kumeak izateko modua. Izan daiteke obobibiparoa, larbak uretan utzita, edo izan daiteke bibiparoa, kumeak sabelean denbora gehiagoz izanda, eta zuzenean lehorrean arrabio gaztetxoez erdituta. Gaitasun hori, ordea, ez dute soilik Urgulleko arrabioek garatu. Aiako Harria, Landarbaso eta Asteasu-Larraulen hartu genituen arrabioek ere gauza bera egin zuten, Aranzadiko laborategian burututako ikerketan. Kumeak uretik kanpo edo barruan izateko gaitasuna, beraz, Euskal Herrian dugun arrabio azpiespeziearena da, Salamandra salamandra fastuosa izenekoarena.
Egindako ikerketari esker, Urgulleko anfibio talde honen misterioa argitua genuen: Urgullera sartu ziren lehendabiziko arrabioek bizitzeko gune erosoa aurkitu zuten, baina erreka edo putzu gabea. Beraz, kumeak izateko estrategia “aldatu” eta ondorengoak uretatik kanpo izaten hasi ziren.
Ondorio berera iritsi ziren Oviedon. Bertako azpiespezieak, Salamandra salamandra bernardezi izenekoak ere gaitasun bera zuen, eta horri esker Monasterio de Las Pelayaseko arrabioek mendeak daramatzate gune txiki, isolatu eta ur gabean bizirauten. Europan hori egin dezaketen arrabio bakarrak dira aipaturiko bi azpiespezieak, Galiziako uharte atlantikoetako populazioekin batera.
Arrabio isolatuak, Urgullen bakarrik?
Álvarez doktorearekin egindako irteerak utzi zuen beste galderarik airean. Urgulletik ez oso urrun bada beste gune bat arrabioak izateko egokia izan daitekeena: Santa Klara uhartea. Izango al du Donostiak beste populazio isolaturik bertan?
Duela 5.000 urte arte Urgull mendia irla bat zen. Urumea ibaiak eta itsasoak ekarritako sedimentuei esker lotu zen Donostiako kostarekin. Santa Klara uhartearen eboluzioa, ordea, bestelakoa izan da, baina ezingo litzateke baztertu bertan ere arrabio populazio txikiren bat izatea. Duela urte gutxi, Aranzadi Zientzia Elkarteak bertan egindako laginek ez zuten emaitza positiborik eman, baina gauez eta euripean lan egin beharrak, eta gunera gauez iristeko dauden zailtasunek ez dute asko lagundu bilaketetan. Laginketa gehiago egin behar dira.
Dena ikertuta dagoela dirudien garaiotan, asko dira oraindik ere gure inguruak gordetzen dituen sekretu txikiak. Hor da, esaterako, Igeldoko Mendizorrotz mendian duela urte gutxi aurkitu genuen arrabio populazioa, ordura arte ezezaguna, eta inguru haietan arrabiorik ez zenaren ustea gezurtatu zuena. Duela gutxi, Mirakontxa inguruan, bertako etxeetako lorategietan arrabio populazioren bat egon daitekeela ziurtatzen duen zurrumurrua ere iritsi da gugana...
Pieza guztiak ezagutzeke, puzzlea bukatu gabe dugu oraindik. Ikerketek eta denborak argituko ote dizkigute Donostiako arrabioek gordetzen dituzten misterio txiki eta eder horiek.
Giza jardueren eragina uste baino handiagoa dela eta ehunka kilometrotara ere irits daitekeela ondorioztatu dute biodibertsitatea neurtzeko ohikoa ez den metodo bat erabiliz. Biodibertsitate iluna neurtu dute: leku jakin batean bizi daitezkeen baina bizi ez diren espezieen... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura lurrean infiltratzen da eta horrek bizia ekartzen dio inguruari. Peruko... [+]
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
2022an galeperra galzorian izendatzea proposatu zuen Espainiako Zientzialarien Batzordeak, bere ehiza debekatzea ekarriko lukeena. Espainiako Gobernuak orain erabaki du ez ematea babes hori espezieari, eta ehiztarien lobbyak eskainitako informazioa erabili du horretarako.
Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]
Lapurdiko hezegunea funtsezkoa da biodibertsitatearen biziraupenerako. Proposamena eremuan zabaldu dute eta Errobi inguruko sistema hidrauliko osoa barnean izango luke; Baionako, Angeluko, Basusarriko, Milafrangako eta Uztaritzeko Aturri ibaiaren ibaiadarrak, esaterako. Bost... [+]
Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta! Eta halaxe da, bai.
Badira sei urte nire lehen erlezaintzako ikastaroa egin nuela. Gaur gaurkoz erlezaintza da nire ogibidea.
Lehen erleak erosi nituenean ez nekien arraza ezberdineko erleak zeudenik ere, auskalo zer erosiko nuen bakarren batek "erle beltza izango da, ezta?" galdetu zidan... [+]
"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.