"Gizarte zibila itzali egin da"

  • Rojavaren aldeko ekitaldi baten aurretik egin dugu hitzordua Zerocalcare komikigile eta marrazkilariarekin. Gazte italiarrak umorez eta melankoniaz aipatu ditu bere belaunaldiaren beldurrak eta kezkak. Eta ez du Italiako egungo egoera politikoa ahaztu.

Argazkia: Fabio Rossini / Bao Publishing.
Argazkia: Fabio Rossini / Bao Publishing.

Michele Rech (Cortona, Italia, 1983) bere komikietako pertsonaiaren kalkoa da. Edo agian alderantziz. Bekain handiko gazte lotsatiak ezin hobeki daki beldurren unibertsaltasunaz hitz egiten. Horregatik, bera eta bere ingurukoak  dira istorio guztien protagonistak. Gaztaroko maitasun galduak, nagusi egiteak sortzen dituen kontraesanak, militantzia politikoaren gorabeherak eta adiskidetasun apurtuak dira Rechek azaleratzen dituen sentimenduetako batzuk. Eta belaunaldi oso bat bere istorioekin identifikatuta sentitzen da. Hala, Zerocalcare edo “Calcà”, lagunek esaten dioten bezala, Italiako komikigilerik arrakastatsuena bilakatu da. La Profezia dell’Armadillo (2011) bere lehen liburuak izugarrizko arrakasta izan zuen eta zinemara eraman zen. Ondoren iritsi ziren, besteak beste, Un polpo alla gola (2012), Dimentica il mio nome (2014), Kobane Calling (2015) eta Macerie Prime (2017). Guztira, bere liburuek 700.000 kopia baino gehiago saldu dituzte eta hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Hain zuzen, Farmazia Beltza argitaletxeak Macerie Prime nobela grafikoaren lehen atala euskaratu du, Hondamuinean, eta datorren udaberrirako liburuaren bigarren atala euskaratzea aurreikusten du. Michele edo Zerocalcare? Gaurkoan biak dira elkarrizketaren protagonistak.

Lehenik eta behin, nola okurritu zitzaizun zure buruari Zerocalcare (zero kare) ezizena jartzea?
17 urte nituen eta Indymedia sarean piztu zen polemika batean parte hartu nahi nuen nire nortasuna erakutsi gabe. Une horretan, plantxentzako garbitzaile baten iragarkia jarri zuten telebistan: “Zerocalcarerekin, karerik ez!”. Eta ezizen aparta iruditu zitzaidan. 18 urteren ondoren izen hori erabiltzen jarraituko nuela jakin izan banu, ez nukeen inoiz Zerocalcare aukeratuko. Baina halaxe suertatu zen (barre artean).

Zure komikietan pisu handia du periferiaren kontakizunak. Erromaren aldiriak, gizartearen izkina abandonatuak edota pertsonok baztertuta ditugun beldur ezkutuak. Zergatik?

Periferia delako nire izaera hezurmamitu duen habitata. Erromako Rebibbia auzoan hazi nintzen eta oraindik ere bertan bizi naiz. Duela gutxira arte aldiri estremoa zen Rebibbia. Metroaren azken geltokia da eta italiar gehienei ezagun egiten zaie Europako kartzelarik handiena bertan dagoelako. Halere, oso auzo kuriosoa dela esango nuke. Ez daude agregaziorako tokiak, zinemak edo pubak, baina bizilagunen arteko harremanak oso estuak dira. Niretzat afiliazioa esan nahi du. Rebibbia urrun dago, ez zara kasualitatez bertatik pasatzen, eta ezaugarri horiek komunitate sendo baten sorrera bultzatu dute. Argi esango dizut: ez naiz gai astebete baino gehiago Rebibbiatik kanpo pasatzeko.

Mikrokosmos horretan, gainera, zure komikietako pertsonaia asko animaliak dira...

Bai, finean, Disneyren marrazki bizidunak ikusten pasa nuen haurtzaroa. Komikiak egiten hasi nintzenean, oso arrunta egiten zitzaidan animalia antropomorfoak marraztea. Gainera, herri kulturan animalia bakoitza ezaugarri batekin lotzen da, adibidez, azeria zuhurra da. Beraz, laburbide antzeko bat dira animaliak. Begirada batekin irakurleek jakin dezakete nolakoa den pertsonaiaren izaera marraztu dudan animaliaren arabera. Baina bada arrazoi garrantzitsuago bat. Nire komikietako pertsonaia gehienak benetakoak dira, eta haien nortasuna babesteko modu bat da animalia itxura ematea.

“Matteo Salviniri dagokionez, hedabideek autokritika egin beharko lukete. Azken bost urtetan egunero agertu da telebista saioetan. Horrek munstroa sortu du”

Eta lagunek zer diote zure komikietan islatuta ikusten direnean?

Zorionez, gehienek ez dituzte nire liburuak irakurtzen! Baina Hondamuinean komikiaren kasuan, nire lagunen istorio pertsonalak eta delikatuak kontatzen ditut. Horregatik, haiengana jo dut, baimena eskatu diet eta elkarrizketak egin dizkiet. Gehienek komikia irakurri dute inprimategira bidali baino lehenago. Behar diren neurriak hartzen ditut gero haiekin eztabaidatu behar ez izateko (irribarre zabala).

Baina zure lagunak bakarrik ez, zuk ere dantzan jartzen dituzu barruak...

Noski, eta berriz ere itzuli behar dugu animalien gaineko diskurtsora.

Armadiloarengatik diozu?

Bai, nire kontzientziaren pertsonifikazioa delako. Egunean zehar denbora asko pasatzen dut bakarrik nire pentsamenduez inguratuta, eta armadiloa animalia egokia iruditzen zait kontzientziaren zatirik barnerakoiena islatzeko. Armadiloa bere barruan ixten den animalia da, alegia, oso soziopatikoa. Horregatik, nire lehen komikian, La Profezia dell’Armadillo-n, kontzientziaren txokorik ezkutuenera bidaiatu nuen.  

Hondamuinean komikira bueltatuz, euskarara itzuli den zure lehen liburua da. Are gehiago, gaztelaniara baino lehenago itzuli da. Aurretik publikatu al zaituzte beste hizkuntza gutxitu batean?

Beno, kurduak saiatu izan dira Kobane Calling liburua kurduerara itzultzen, baina arazo etikoak dituzte biraoekin eta ez dute inoiz itzultzen amaitu. Antza, hitz itsusi gehiegi ditu istorioak (barreak). Edonola ere, meritu galanta dute itzultzaileek, nire komikietan italiera baino erromatar dialektoa baita nagusi.

“Inguruan formazio handia duten lagunak ditut, ni baino askoz prestatuagoak daudenak. Baina zailtasunak dituzte haien munduan toki bat aurkitzeko”

Baina zure kontakizunak oso unibertsalak dira. Era humanoan azaltzen dituzu gure belaunaldiaren beldurrak eta etsipenak. Etorkizuna gure zain zegoela esan ziguten. Zer gertatu zaigu?

Nire komikietan 1980ko lehen bosturtekoan jaio ginenei erreferentzia egiten dieten aipu asko daude. Baina zaila da belaunaldi oso baten izenean mintzatzea. Oro har, nire mikrokosmosa da abiapuntua eta oso galduta sumatzen dut. Inguruan formazio handia duten lagunak ditut, ni baino askoz prestatuagoak daudenak. Baina zailtasunak dituzte haien munduan toki bat aurkitzeko. Zerbitzariak dira edo haurrak zaintzen dituzte. Alokairuan bizitzeko edo benetan independizatzeko kontratu motzegiak egiten dizkiete. Amesten uzten ez dien egunerokotasun itogarrian bizi dira. Niretzat oso gogorra da hori, izan ere, selektibitatea egin ostean ez nuen ikasketekin jarraitu eta halarik ere, nire bidea egitea lortu dut. Batzuetan kazetariek galdera konplikatuak egiten dizkidate eta supermerkatu batean kutxazain lanetan ari den lagunari deitzen diot zer erantzun behar dudan galdetzeko. Errealitatea oso krudela da.

Eta atsekabe hori biziki nabaritzen da Hondamuinean-en...

Nik galtzaileen liburua deitzen diot. Onartu behar dut ikuspuntu profesionaletik oso ongi joan zaizkidala gauzak, baina alde humanoari begiratuz gero, porrotaren txapelduna naiz. Eta liburuko protagonistei erreparatzen badiezu, denak dira ileetatik tiratzeko modukoak. Halere, kontuan izan behar da nire umore-sena nahiko krepuskularra dela.

Egilea, ‘Hondamuinean’ eskuetan daukala (argazkia: Vanessa Nascimbene / Bao Publishing).

Liburuan, gainera, era argigarrian azaltzen da Genovako 2001eko globalizazioaren aurkako protestek belaunaldi oso batentzat ekarri zuten apurketa. Trauma hori gaindituta dago?

Genovako G8-aren aurkako manifestazioek zeharo hipotekatuta utzi zituzten hurrengo hamar urtetan Italiako plazetan egin ziren protestak. Gizartea polarizatu egin zen indarkeriaren aldekoen eta kontrakoen artean. Beldurra nagusitu zen. Halere, egun bizi dugun krisia ekonomiaz harago doa; gizarte zibila itzali egin da. Duela urte batzuk oso arrunta zen arima desberdinetako herritarrez osaturiko asanblada handiak egitea. Mundu hori desagertu egin da eta jendea ez da gehiago antolatzen. 

Egun, ordea, badirudi eskuin muturrak kapitalizatu egin dituela globalizazioaren eta kapitalismoaren aurkako borrokak...

Bai, baina huts egiten ari gara haien pisua neurtzerako orduan. Egia da Italian hazi egin direla parlamenturik kanpo dauden mugimendu faxistak, baina oraindik ez dute botoen %1a gainditzen. Orduan, zergatik gonbidatzen dituzte telebista saioetara solaskide politikoak balira bezala? Horrek fenomenoa puztu besterik ez du egiten. Bestalde, Matteo Salvini Barne ministroari dagokionez, hedabideek autokritika ariketa egin beharko lukete. Izan ere, azken bost urtetan egunero agertu da telebista saioetan. Egunero bazkalorduan eta afalorduan. Horrek munstroa sortu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


Eguneraketa berriak daude