Zerocalcareren 'Hondamuinean': zer gertatzen zaio komikigile famatuari bere lagun proletarioengana itzultzean?

  • Zerocalcare komikigile italiarraren Hondamuinean argitaratu du Farmazia Beltza editorialak. Koldo Izagirrek egin du italieratik euskararako itzulpena eta Donostiako Komikigunean egin duten aurkezpenean nabarmendu dutenez, gaztelaniaz baino lehenago eta ia frantsesezko bertsioarekin batera irakurri ahal izango da euskaraz lan hau, 1980ko hamarkadan jaiotako gazteen erretratu gordina eskaintzen duena.


2018ko azaroaren 15an - 16:51
David Zapirain, Garbiñe Ubeda eta Koldo Izagirre liburuaren aurkezpenean, Donostiako Komikigunean.

Euskaraz komikiak irakurtzea zein zaila den azpimarratu du Garbiñe Ubeda Goikoetxeak liburua aurkezten hasteko. Zerocalcareren lehenbiziko komikiak ere frantsesez irakurri zituen eta, horregatik, honako galdera ekarri du mahaira: “Ze astro-gurutzaketa gertatu behar da horrelakoak euskaraz irakurri ahal izateko?”. Erantzuna berehala eman du: “Ba hementxe daukazuena bezalako bat”. Mahaikide zituen bi lagunei begiratu die: Hondamuinean argitaratua ikusteko bat egin dute David Zapirainek, “hau euskarara ekarri arte bakerik eman ez duena” Ubedaren arabera; eta Koldo Izagirrek, komikiaren estilo underground-a itzultzen baino, birsortzen aritu dena.

Michele Rech-ek, alegia Zerocalcarek, 2017an publikatu zuen Hondamuinean, kutsu autobiografiko nabarmena daukan lana.

“Zerocalcarek ez du konplexurik bere kultura popularra aitortzeko”, esplikatu du Zapirainek eta erantsi du “gure gizartearen bibisekzio bat dela” bi bolumenez osatutako komiki hau –lehenbizikoa da ostegun honetan aurkeztu dutena–. Haren orrialdeetan kontatzen dira mundu osoan milaka liburu saltzera iritsi den komikigilearen bizimodua eta haren gaztetako lagunekin elkartzen denean sentitzen duen kontrastea: erabateko prekarietatean bizi dira eta, bi egoera sozialen arteko diferentziak harreman estuenak ere gaiztotzen ditu. Liburu “bortitza” dela esplikatu du Zapirainek, une batzuetan irakurketa etetera ere eramaten zaituena.

Nola itzuli testuari gazitasunik kendu gabe

“Nik ez dakit italieraz ezer, abisatu nion Davidi”, azaldu du Koldo Izagirrek, Hondamuinean itzultzeko egin duen lana esplikatzen ari zela. Pasaiako idazlearen arabera, “eztabaida gogorrak” izan ditu Zapirainekin, itzulpena nork sinatu behar zuen erabakitzeko, haren ekarpenak ere inportanteak izan direlako liburuko testuetan.

Hondamuinean-eko hiru hizkera mailak esplikatu ditu ondoren: narratzaileak lehen pertsonan darabilena, bere inguruko jendearekin hitz egiten duenean agertzen dena eta umetako lagunekin elkartzen denean aldatzen duen erregistroa. Istorioa behar bezala ekartzeko, itzulpen zuzenetik harago joan dela esplikatu du. Adibidez, zenbait elkarrizketatan “zer arraio” bezalako espresioak horrela itzultzea zuzena litzatekeen arren, ahalegin handiagoa egiten saiatu da Izagirre, Zerocalcareren laneko pertsonaien “hizkera underground eta post-proletarioa” jatorrizkoan bezalako gazitasunez irakur dadin.

Originala traizionatu gabe, haren “zikintasunak ematen duen aberastasuna” ez galtzea izan da erronka. Emaitza dagoeneko irakurri nahi duen edonoren esku dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


Eguneraketa berriak daude