Gose grebalari kurduak justizia eske

  • 2018ko azaroaren 8an utzi zion jateari Leyla Güven legebiltzarkide kurduak. Mundua beste alde batera begira den bitartean, gose greban 100 eguneko langa kritikoa gainditua du berak, eta atzetik beste 400 kurdu baino gehiagok protestarekin bat egin dute. Eskaera bat eta bakarra dute: Abdullah Oçalan buruzagi presoaren 20 urteko isolamendua amaitzea. Hori lortu arte ez dutela jango diote.

Leyla Guvenen gose grebak kalera atera ditu berriro ere milaka kurdu.
Leyla Guvenen gose grebak kalera atera ditu berriro ere milaka kurdu.

Kurduek bero hasi dute 2019. urtea. Bobby Sands eta beste bederatzi gose grebalari irlandarrek espetxean bizitza galdu zutenetik laster 40 urte beteko direnean, Leyla Güven izeneko politikari eta ekintzaileak borroka molde bera hautatu du Öçalanen isolamendua amaitzea helburu.

Euskal Herrian bere izena oso ezaguna ez bada ere, 55 urteko emakume honek feminismoari eta herri kurduaren aldeko borrokari eman dio bizia. Emakume Askeen Mugimenduko (TJA) kidea eta ilegalizazioen ostean sortutako KCD alderdi kurdu abertzaleko presidentea da, beste kide batekin kargua partekatuz. Küçükdikili herriko alkate izan zen 2004 eta 2009 bitartean eta Viransehir herrikoa 2014 arte. Turkiako legebiltzarkide hautatu zuten ondoren HDP koalizio ezkertiarraren izenean, plaza zaila kurduentzat inondik ere. Turkiako armadak Siriaren menpe dagoen Afrin eskualde kurduan egin zuen inbasioa kritikatzeagatik 2018ko urtarrilaren 22an behin-behinean atxilotu zuten. “Erakunde terrorista gidatu eta babestea” egotzita 31 urte eta erdiko espetxe zigorra du jokoan.

Azaroaren 17an gose grebari ekin zion eta nazioarteko elkartasun presioa tarteko, urte honetako urtarrilaren 25ean askatu zuten, baraualdian 79. eguna bete zuenean. Bere eskaera bete ez zutenez, etxean protestarekin jarraitzen zuela jakinarazi zuen. 98. egunean larri eraman zuten ospitalera, eta bertan medikatua izateari uko egin zion.

400 lagun gose greban

“Leyla Güvenen eskaera gure eskaera da” lelopean, 400 lagunek baino gehiagok bat egin dute gose greba mugagabearekin. Iraken menpeko Hego Kurdistanen Nasır Yağız izeneko gazteak bi aste geroago hasi zuen baraualdia, eta lehenak 100 egun bete zituenean, honek 87 egin zituen. Hau ere oso kritiko dago. Ipar Kurdistandik joandako erbesteratu politikoa da. Honez gain, hainbat herrialdetako kideek osatutako Nazioarteko Bake Delegazioak adierazi du –PKK eta PJAK erakundeetako– 313 preso politikok ere Guvenek hasitako bideari ekin diotela Kurdistan eta Turkiako espetxeetan. 60 egunetik gora daramatzate hauek gose greban. Kurdistango emakume talde ugarik ere gose greba abiatu du, baita hamaika ekintzailek atzerrian ere: Frantzia, Gales, Libano eta Kanadan, adibidez.

Speak up for Leyla kanpainaren presioari esker urtarrilaren 12an Abdullah Öçalanek bere anaiaren bisita azkar bat izan zuela jakinarazi dute. Lehen bisita izan da bi urtean, ezohiko baldintzetan lotua eta indarrean dagoen bisita-prozeduratik kanpo. “Turkiako gobernuak Güvenen erresistentzia apurtu nahi du. Hala ere, Öçalan ez dute isolamendu egoeratik atera. Gose grebalariek gobernuaren planak agerian jarri eta garaitu egin dituzte, erresistentzia zabalduz”.

Leyla Guven, artxiboko argazki batean.
Zergatik Öçalan?

Kurdistandik kanpo batzuetan zail egiten da ulertzea zergatik emakume kurduek ere Öçalani ematen dioten horrenbesteko zentralitatea, bizitza emateko prest egoteraino. Ez al da hori kontraesana ikuspegi feminista batetik? Hona Munduko emakumeei gutun irekia artikuluan Leyla Güvenek berak nola arrazoitu duen.

“Emakume kurdua naiz. Emakumeen aurkako injustiziari buruzko nire kontzientzia Öcalan jaunari esker garatu dut. Berak emakumeen askapenaren aldeko borrokari eman dion garrantziari esker, milioika emakumek borondate indartsua garatu dugu. Esnatze gisako bat bizi izan genuen eta ni emakume horietako bat naiz. Ikasi nuen nire generoarekin bakean bizitzen, pentsaera patriarkala borrokatzen eta feminista izaten. Öcalan jaunarengandik ikasi genuen gizartea soilik izango dela libre, emakumeak libre direnean. Ordutik, urte luzeetan emakumeen askatasunaren alde egin dut borroka eta hala jarraituko dut.

Nire esnatzea zor diodan Öcalan jauna isolamendu ziega batean daukate preso 20 urtez. Isolamendua amai dezatela eskatzeko gose greba abiatu nuen. Milioika kurduk ikusten dugu gure borondate politikoak Öcalanek ordezkatzen dituela. Ekialde Hurbilean eta munduan bakea eraikitzeko ahaleginetan ari den aktore garrantzitsua da bera. Preso gisa bere eskubide eta askatasunak ukatu dizkiote, herrialdeko eta nazioarteko legedia hautsiz”.

Otsailaren 15ean 100 egun bete zituen gose greban Güvenek. Egun hartan 20 urte bete ziren 1999an Öçalan –APO ezizenez– Kenyan atxilotu zutela hainbat herrialdetako inteligentzia zerbitzuek elkarrekin egindako operazioan. Hasiera batean heriotzera kondenatua, ondoren bizi osoko espetxe zigorra ezarri zioten. Imrali uhartean goi segurtasun espetxeko preso bakarra izan zen lehen hamar urteetan. Azken urteetan ez zuen inork lortu berarekin harremanetan jartzea. Antikapitalista sutsua, bere liburuetan behin eta berriro erdigunean jartzen du patriarkatua borrokatu beharra.

Nola amaituko da kontua lehen hilotza mahai gainean jarriz gero? Mugituko al da Erdoganen Turkiako estatua? 

Leyla eta bere alabetako bat.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude