"Irudien munduan bizi gara, baina publizitatearen menpe dago arte hori"

  • Gure artearen izen berrietan tokia egin du Irantzu Lekuek. Gazte izanagatik ere, gora handiko ibilbidea du egina, aintzat hartzeko modukoa oraintxe, geroak ekarriko duen ederragoaren hazi. Erakusketa bat jasotzeko garaian mintzatu gara artibistarekin.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Irantzu Lekue (Gasteiz, 1987)

Artista multidiziplinarra. Margolanak, argazkiak, bideoarte lanak nahiz instalazio artistikoak lantzen ditu. Artibismoa du ezaugarri, salaketa oinarri. Sari garrantzi handikoak irabaziak ditu, eta esaterako, horien artean dira Santander Fundazioaren Videotalentos Saria, Canal Fundazioaren Argazki Memoriak Saria, eta 2016ko Welcome Donostia. Iralekue.com-en ageri dira artibista honek egindako hainbat lan. ARTgia Sorgunean ari da gaur egun, zenbait lagunekin batera.

Zein momentutan zaude?

Lan pila dut esku artean, eta momentu gozoan nagoela esango nuke. Gasteizen ARTgia Sorgunea ez dugu ireki zaharra, eta jada, hamazazpi erakusketa ditugu aurreikusita. Gainera, hitzaldiak, performance-ak, aurkezpenak... Bada mugimendua, beraz. Nire lanari dagokionez, nire artelanak erakusteko aukera izan dut han eta hemen, eta horma-irudiak ere egiten ari naiz. Aldi gozoa.

#FemRights erakusketa ikusi dizugu azkena, Gasteizko Oihaneder jauregian. Zein gorputzaldirekin ireki ohi duzu, eta itxi, erakusketa?

Irekitzerakoan, ilusioa eta urduritasuna izaten ditut, biak. Ikusleak nola hartuko ote duen, kezka izaten dut. Nik neure barrutik egin dudan artelana ulertuko ote duen jendeak. Izan ere, historian zehar, artea ulertzeko zailtasunak izan ditu jendeak, artearen errepresentaziotik urrun bizi da. Esate baterako, #FemRights erakusketan azalpen testuak ipini genituen artelanen ondoan, haiek ulertzen laguntzeko. Hala ere, interesgarria iruditzen zait jendeak bere-bere interpretazioa egitea, nork bere ondorioak ateratzea, horixe da-eta artearen helburua, pentsaraztea. Jendearen interpretazioek, askotan, artelana osatu egiten dute. Baliteke artistak helburu jakin batekin egitea artelana, eta ikusleak, aldiz, beste era batera ikustea. Interesgarria da.

Eta erakusketa ixterakoan, zer dio zure barruak?

Alde batetik, pena izaten dut. Alabaina, erakusketa leku jakin batean hilabete baino gehiago erakusten egon ondoren, beste non edo non erakutsi pentsatzen hasten naiz. Eta, jakina, lan berriak sortzeko gogoarekin! ARTgia Sorgunean, esaterako, proiektu pila dugu esku artean; horma-irudigintzan, batez ere. Adibidez, oraintxe, Zallan ari gara, proiektu parte-hartzaile batean lanean. Arangureneko historiari buruzko horma-irudi bat egiten ari gara, emakumea eta industria lotuz. Nire lanarekin lotura duten gaiak, biak ere. Beraz, gustura.

Parte hartzea sustatu duzu hainbat horma-iruditan: Murgian, Zuiako Jai Alai pilotalekuan, Ubiden, edo Gasteizko Mendebaldea Institutuan.

Bai. Izan ere, parte-hartzeak gauza bat dakar, besteak beste: parte hartzen duenak lana bereganatu duela. Bestalde, parte-hartzearen bidez, jendeak adierazi nahi duena islatu ohi dugu. Jendeak artelanaren sormen prozesuan parte hartzea artea ulertzeko modu aberasgarria iruditzen zait. Elkarlanak denok aberasten gaitu.

Horma-irudi handi horietako bat egiten duzularik, nola parte hartzen du jendeak? Aldamiora igo eta margotzen?

Kar, kar… Ez, margotzen bakarrik ez. Zallan, esaterako, baita lanaren kontzepzioan ere. Ni ez naiz Zallakoa ez Arangurenekoa, ez dut hango berri. Han bizi direnek, aldiz, herria ezagutzen dute, eta herriaren historia. Haien parte-hartzerik gabe, nire ikuspuntua arrotzarena izango zatekeen, kanpoko bisitariarena. Parte-hartzea sustatzeko bilerak egin ohi ditugu. Lehenengoan, ideiak eta gaiak plazaratzen dira. Bigarrenean, ideien araberako irudiak biltzen ditugu, edo konposizioak egiten hasten gara, zehaztutako ideia eta gaiak horman nola azalduko liratekeen asmatzen hasteko; horren arabera, hormaren krokisak eskaintzen dizkiet herritarrei, eta zirriborratzen hasten gara, hala irudiak nola koloreak.

Gasteiz hiribidean, horma-iruditzar bat margotzeko proiektua zenuen iaz. Udazkenean, zure asmoaren kontra egin zuen Arabako Arkitektoen Elkargoak, presioa egin zuen han eta hemen, baita sare sozialen bidez ere. Azkenean, uko egin zenion proiektua gauzatzeari.

Esango dizut gauzak nola izan diren. 2017an lehiaketa publiko baten deialdia egin zuen Gasteizko Udalak. Ordu arte, zuzenean esleitzen zituzten horma-irudiak. Orain bi urteko deialdiaren arabera, berriz, hiru proiekturen deia egin zuten, eta hirurak irabazi genituen. Lehiaketa publikoan. Hala ere, zenbait gorabehera administratibo tarteko uko egin behar izan genion bi proiekturi, eta bakarrarekin egin genuen aurrera, Ongi etorria izenekoarekin.

Zenbait horma aztertu genituen hirian, bat begiz jo, eraikineko komunitatearekin adostu, horma-irudia egiteko kontratua sinatu, materiala alokatu... eta, orduan, Arkitektoen Elkargoaren ordezkariak Arabako egunkari baten azalean kontra agertu zitzaizkigun, eta hiru egunez, bururatu zitzaien txarrena zabaltzen jardun zuten. Are gehiago, horma-irudia margotu nahi genuen eraikineko bizilagunekin hitz egin zuten, beldurtu zituzten… Ez zuen zentzurik horrela ibiltzeak, eta uko egin genion horma-irudia margotzeari.

Esango nuke arkitektoek egin zutena ez zela batere serioa izan, prentsa bidez adieraztea beren gogoa. Ez serioa, ezta egokia ere. Lehiaketa publiko bidez esleitutako proiektua El Correo eta Vocento erabiliz gelditu nahi izatea erabat desegokia da. Elkargoaren izenean hitz egiten zuten, baina elkargoko hainbat kide guregana gerturatu dira elkartasuna adierazi eta elkargoak erabilitako formak salatzera.

Argazkia: Iralekue.com.

Bizilagunak beldurtu zituztela esan duzu.

Bitan eman zuten bozka. Lehenengoan, hamaikak baietz esan zuten; bakarrak, ezetz. Bigarrenean, zortzik baietz, eta seik ezetz. Horma-irudia Gasteiz hiribideko eraikin horretan egiteari uko eginagatik ere, ez dugu proiektua baztertu. San Martin auzoko ikastolan margotuko dugu.

Genero ikuspegia guztiz presente dago zure lanetan.

Bai. Esate baterako, #FemRights erakusketan eskubide sozialei buruz ari nintzen, eta bereziki, emakumearen eskubideei buruz. Hor, emakumearen ikusezintasuna, estereotipoak, ahalduntzea eta kultura guztietan jaso dituen mutilazioak landu nituen… Unibertsitatean ikasten ari nintzenean ere tratu txarrak aztertu nituela gogoratzen naiz. Sasoi hartan margoz baliatu nintzen. Azkeneko urteetan, generoa sakonago lantzera jo dut, nire bizitzan jasandakoek eman didaten ikuspuntua kontuan hartuta. Emakumea ez beste gaiak ere landuko ditut, jakina, baina emakumearen ikuspuntutik.

Zer da artibismoa? Zuk egiten duzun artea definitzen duen hitzetako bat omen.

Artibismoa zer den? Aktibismoa, artearen bidez! Kar, kar… Ez da guk asmatua!

Eta arte irisgarria?

Begiz ez ezik, gainerako zentzumenez ere ikusteko moduko artea, dela ukimenaren, usaimenaren edo entzumenaren bidez. Ongi etorria horma-irudia, adibidez, soinuduna izatekoa zen.

Arte garaikidea egiten duzu, eta diren eta ez diren diziplinak lantzen dituzu: bideoa, margoa, instalazioak, eskultura…

Gaur egun, nahastu egin ohi dira diziplina guztiak. Badira artista batzuk diziplina bakarrean aritzen direnak. Niri, berriz, bitarteko ezberdinekin jolas egiteak aukera handiak ematen dizkit. Interesgarria iruditzen zait. Ikasketak egiten ari nintzela, herri batetik bestera ibili nintzen, eta hainbat diziplina landu ahal izan nituen. Asmatuta dago dena, gauza berri asko sortu dira, abangoardien garai potentean batez ere, non sortu eta birsortu egin baitzuten, eta gaur egun, berriz, asmatutakoekin jolas egitea dagokigu. Eta, hala ere, gauza berriak etengabe sortzeko lanean beti.

"Lehiaketa publiko bidez esleitutako arte proiektua  ‘El Correo’ eta Vocento erabiliz gelditu nahi izatea erabat desegokia da"

31 urte dituzu, curriculum oparoa osatua duzu, bateko erakusketa, besteko instalazio eta sorgune… Noiz arte iraun dezakezu erritmo ero horretan?

Ez da galdera erantzuten erraza! Lan eta lan eman dut joan den urtea, asteburuetan ere lanean. Nekagarria izan zen. Lan zamak kostu pertsonala dakar. Urte amaieran atsedenaldi txiki bat hartu nuen, ondoren berriz gogoz hasteko. Baina... leher eginda nago.

Zure artibismoaren barruan, rangolia margotu zenuen Gasteizen, Krea Adierazpen Garaikidea eraikinaren atarian. Rangolia zer den ez nekizun. Hiztegian kontsultatu behar izan dut.

Mandala bat. Indian “rangoli”-a esaten diote. Atzerrian eman nituen zortzi urte, ikasketak egiten, masterra eta beste. Gasteiza itzuli eta nire lanak erakusteko aukerarik ez nuen, oso aukera mugatuak ziren. Krea, berriz, arte munduari eragiteko sortua zen, proiektu ederra iruditu zitzaidan. Haatik, itxita zegoen! Ausardiaz bete eta rangolia margotu nuen. Azken finean, Indian oparotasun esanahia du rangoliak. Inoren etxe atarian margotzen duzularik, oparotasuna opa diezu etxe hartakoei. Berdin egin nuen nik Krean: hesia igaro eta lurrean rangolia margotu. Oparotasuna opa nion sorguneari.

Kutxabankek, eraikinaren jabe baita, ez zuen zure oparotasunik onartu.

Ez. Udaltzainak etorrarazi zituen. Gu hartu eta bota egin gintuzten handik. Gaitz erdi, rangolia margotuta zegoen gu botatzera etorri zirenerako. Goizeko zazpietan hasita geunden margoketan, eta eguerdi arte ez ziren iritsi. Oso rangolia polita egin genuen. Bestalde, interbentzioa esanahiz betea zen, pigmentu naturalez baliatu baikinen. Ez alferrik, elurrak desegin zuen. Ondoren, salaketa jaso nuen, baina SOSKrea plataforma osatu genuen hirian, eta azkenean, salaketa kendu zuten. Hortxe historia. Harrezkero, izan da mugimendurik, polemikarik, eta ematen duenez, toki publiko egingo dute Krea. Eta pozten naiz, jendearentzat behar baitu leku hark.

Argazkia: Dani Blanco.

6000zpt instalazioak ere salaketa zuen helburu. Garai hartan (2015) Gasteizko alkate Marotoren politika “arrazista” eta “baztertzailea” salatu zenuen, artea bitarte.

Niretzat, artea da bitarteko bat, barruan daukadana, hitzetan nekez azaldu ahal dudana, pentsatzen dudana, erakusteko. 6000zpt egin genuenean, berriz, hortxe ari zen Gora Gasteiz! mugimendua, orduko udal agintariek ezarri nahi zituzten politika askoren kontra. Mugimendu dinamiko eta koloretsu harekin bat eginda, oinetakoekin zer edo zer egitea bururatu zitzaidan. Azken finean, egunero janzten ditugu oinetakoak, gure isla ere badira. Hilabetea eman genuen oinetako biltzen, eta azkenean, instalazioa muntatu genuen. Ederra. Dena dela, muntatze hura ez zetorren bat nik gogoan neukan helburuarekin, zeren eta nik jendeak oinetako haiek hartu eta formak osatzea, jolas egitea nuen asmoa. Dena dela, pobrezia hiriaren erdialdera, Gasteizko plazarik enblematikoenera, ekartzeko balio izan zuen. Dirua dutenek kafea hartzen zuten bitartean, behartsuek zapatak probatzen eman zuten denbora. Irudi indartsua izan zen.

Zer ematen dizute sariek?

Arte mundua oso zaila da. Oso gara autokritikoak, gure lanak erakusteko beldurrez, zalantzan bizi gara… Sari bat jasotzea aitortza da, eta horrekin batera, zure lanean aurrera jarraitzeko konfiantza dosia. Hainbat sariketa eta lehiaketatara aurkeztuta ere, ez dugu saririk jasotzen, ezta finalista gelditzen ere. Noizean behin, berriz, sariren bat jasotzen dugu, eta aurrera jarraitzeko gogoa ematen digu.

Zein momentutan zauden galdetu dizut elkarrizketaren hasieran. Eta, geroan, zein bide egin nahiko zenuke?

Atzerrian erakutsi nahiko nituzke nire lanak. Garapen bat ikusten dut nire artean, badakit ez naizela helmugara iritsi, eta jolasean jarraitu nahiko nuke artelan berriak egiten.

Berriak egiten dituzu dagoeneko!

Berriagoak, orduan! Kar, kar... Jendea artezaletzea ere nahiko nuke. Irudien munduan bizi gara, baina kontsumoaren eta publizitatearen menpe dago, gehienbat, arte hori. Gainerakoan, ez dut artea gure egunerokotasunaren barruan ikusten, eta nik artea jendearen eskura egotea nahiko nuke, denontzakoa izatea. Zenbait garaitan eliteentzat beste inorentzat ez da izan, eta hori apurtu behar dugu.

Euskaraz

“Kanpoan eman nituen zortzi urteetan euskara galtzera iritsi nintzen. Ez nintzen hitz egiteko gauza. Beldurra ematen zidan. Itzuli nintzenean, berreskuratzeari ekin nion, eta lortu dut. Euskarazko lanak sortzeko gai naiz orain. Euskara gure kultura errebindikatzeko modua dela iruditzen zait”.

Azken hitza: Artea ezinbesteko

“Diruak eta botereak agintzen duten garaian, kontsumoa zorion osagaia den honetan, artea eta kultura beste esparru batzuen atzean geratu diren honetan, zentzuari deiadar egin nahi diot. Artea ezinbestekoa da gure bizitzan: sortzaile izatera, aukera ezberdinak bilatzera eta arazo eta dilemak askatzera bultzatzen gaitu; pentsatzera, ikertzera, kezkak planteatzera eta, aldi berean, hauek askatzera”. (‘6000zpt’ instalazio artistikoaren aurkezpenetik hartua).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kaleko artea
Artista kolektiboen jaialdia Leioako kaleetan, maiatzaren 18tik 21era

Leioako XXIII. Umore Azoka ospatuko da datorren asteburuan. Arte eszenikoetako 43 konpainia eta 90 emanaldi izango dira ikusgai; tartean izango dira Euskal Herriko hamazazpi konpainia.


Mutrikuk kale museo bilakatzeko bidea hartu du

Lau horma irudi egingo dira aurten. Urtero hainbat artista gonbidatzea da udalaren asmoa. Artista bakoitzak hamar urteko bermea ematen du bere horma irudia bere horretan mantenduko dela ziurtatzeko.


2023-02-19 | Axier Lopez
Horma biziak zentsura eta ahanzturaren gainetik

“Hedabideek isilarazten dutenaz mintzo dira hormak”, zioen erdaraz Barakaldoko mural batek 1990eko hamarkadan, horma-irudien eta pintaketen zeregin nagusia azpimarratu nahian. Ahots anonimoak dira, horman idatzitako hitzetik mintzo direnak, espontaneoak gehienak, gai... [+]


Lian muralgilea
"Kamiñazpiko lana guztiona da, hortaz, baita saria ere"

Street Art Cities plataformak egiten duen sailkapenean, munduko hirugarren onena hautatu dute Ondarroako Kamiñazpin dagoen Lian muralgilearen lana.


2023-01-20 | ARGIA
Sare sozialak arakatu eta Gasteizko grafitigileak zigortu nahi ditu Urtaranen gobernuak

Zerbitzu sekretuen alorrean erabili ohi diren OSINT teknikak erabiliko dituen enpresa bat kontratatzeko proiektua lizitaziora atera du Gasteizko Udalak, Arabako Alea-k jakitera eman duenez.


Eguneraketa berriak daude