Ipar Euskal Herria

"Belaunaldi berriak badu gogoa bere eskualdean bizitzeko, herrian dinamika sortzeko"

  • Ipar Euskal Herriaren egoera soziopolitikoa aztertu dugu Iñaki Etxeleku (Donazaharre, 1977), Iulen Guiresse (Maule, 1991) eta Kattin Chilibolostekin (Uhartehiri, 1992). Etxeleku Berria-ko kazetaria da, Chilibolost MediaBask-ekoa, eta Guiresse Xiberoko Botza irratian aritua. Belaunaldien arteko harremanen transmisioaz, militantziaz, kulturaz eta euskararen egoeraz ere mintzatu gara, besteak beste. Hegoaldeari buruzko euren begirada ere eskaini digute.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2019ko urtarrilaren 13a
Ezkerrean, Kattin Chilibolost. Erdian, I˝aki Etxeleku. Eskuinean, Iulen Guiresse. (Argazkia: Dani Blanco).

Euskal Elkargoa instituzioa sortu berria da. Egin ezazue Iparraldeko egungo egoera soziopolitikoaren azterketa.  

Iñaki Etxeleku: Azken hamar urteetan gizartea aldatu da soziologikoki, batez ere, hazkunde-demografikoa dela eta. Biztanleria bikoiztu da, bereziki Lapurdin. Azken 60 urteetan, 150.000 bizilagunetik 300.000ra pasa gara. Iraganean adineko jendea etortzen zen hona, erretreta hemen pasatzeko, orain jende gaztea heldu da, lanera, familia osatzera; eta hemen finkatzen da. Horrek hirigintzan eragin izugarria izan du, asko eraikitzen da, eta uraren, hondakinen eta garraioaren kudeaketa areago zaildu du; gizarte-zerbitzuena barne. Horrek guztiak aldaketa soziopolitikoa ekarri du. Euskal mugimendu politikoari dagokionez, azken belaunaldiek Euskal Elkargoaren aldeko apustu egin dute. Mugimendu abertzalearen endekatzea edo apaltzea izan da. Egun, Euskal Elkargoa besterik ez dagoela ematen du.

Kattin Chilibolost: Nik ez nituen Departamenduaren eta Lurralde Elkargoaren aldeko borrokak ezagutu. Azkenean,  Frantziako Gobernuak egindako proposamena onartu da. Instituzio berriak sail asko ditu, dena dago eztabaidan eta horrek zalantzak sortzen ditu. Elkargoak hemengo arazoak konpontzeko tresna izan behar du, hala lanaren arazoa nola biztanleriaren hazkunde azkarrarena, biziki kezkagarria.  

"Gure belaunaldira arte, laborantza eremu galdua bezala ikusi izan da, pobrea, non ez duzun sekula sozialki aitzina eginen... Irudipen hori aldatzen ari da"
(Kattin Chilibolost)

Iulen Guiresse: Oro har, gizarteak –abertzaleek bederen– eskatua baino egitura politiko apalagoa eman dute, baina onartua izan da. Nik, alde batetik, ongi atzeman dut Ipar Euskal Herriaren instituzionalizatzea eman delako, politika publiko guztiak Hendaiatik Maulera artean batera landuko direlako. Baina, aldi batez, boterearen urruntzea izan da. Zeuden hamar elkargo tipiak batu dira, baina hirigune indartsuenak kostaldean daude. Arazo demografikoa handia da kostaldean, populazioaren %80 Lapurdin bizi da, beraz, boterea areago kontzentratu da kostaldean. Barnealde eta kostaldeko hautetsien arteko borroka berriak sentitzen dira, diru banaketan funtsean. Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdirekin lehen aldikoz bateratua ikustea berrikuntza da zuberotarrentzat. Ipar Euskal Herria egiten hasi da. Alta, Zuberoan denek ez dute begi onez ikusi Elkargoaren sorrera. Errepublikako lurraldetasuna antolatzeko NOTRe legearen markoan egiten ari baita. Asko mesfidantzen dira, hiriguneek Elkargoa menpe hartu dezaketelako.

I. Etxeleku: Egia da. Barnealdeko hautetsien aldetik badago arrenkura. Elkargoaren aldeko apustu egin dute gehienek, baina batzuk zentralizatzearen beldur dira. Frantziako Gobernuaren politikarekin mesfidatzen dira, herri tipietako zerbitzuak desagertuz joan dira, eskolak eta postetxeak, adibidez. Orain arte, tokian tokiko elkargoak ari ziren eta bakoitza usatua zegoen bere lanetan. NOTRe legearen espirituan metropolizazioa dago –Bordele, Paris, Lyon edo Tolosan garatu da– eta eskema bera aplikatzen ari da hemen. Aritzeko molde horrek are teknokratikoagoa bihurtu dezake politika. Baiona-Angelu-Miarritze (BAM) hiriguneko hautetsiak hirien arteko kudeaketan usatuta daude lehendik ere, eta horrek boterea kostaldera tiratzen du. Galdera da: barnealdeak dituen beharrei nola erantzunen zaie eta oreka nola erdietsiko da?

Iparraldeko kostaldea eta barnealdea bitasunean edo konfrontazioan irudikatu da Hegoaldetik. Horrela al da?

I. Guiresse: Duela 60 urteko Iparraldea eta egungoa ez dira berdinak. Zuberoan bizi den jende askok lan egiten du kostaldean, joan-jinean ari da. Egia da, oraindik bi mundu dira: hirikoa eta baserrikoa. Nik ez dut kostaldearen eta barnealdearen arteko konfrontaziorik ezagutu. Abertzaleen hautu politikoen arteko konfrontazioa izan omen da iraganean, IKren eta ETAren ingurukoen artekoak. Maulen, lehen, abertzaleak elkarrekin egoten ziren, orain abertzale eta ez abertzaleen artean harremanak ditugu. Abertzaleek duela 40 urte euskara galbidean zegoela erraten zutenean, besteek ez zuten sinesten. Seme-alabak ikastolan ematea ez zen ongi ikusia. Orain hori aldatu da. Euskarak prestigioa irabazi du, jendeak ez ditu ikastolak errefusatzen, beti bada norbait, baina inor gutxi. Giro berria dago. Eta naski, euskarak prestigio irabazi du egun, noiz baino ageriagoa dela hilzorian dagoela. Batzuentzat ikastolak ez ziren beharrezkoak, euskarak berez iraunen zuela uste zuen jendeak. Orain jende asko ohartu da euskarak behar dituen bitartekoak plantan eman gabe hilko dela.

"Elkargoaren aldeko apustua egin dute gehienek, baina batzuk zentralizatzearen beldur dira, Frantziako Gobernuaren politikarekin mesfidatzen dira"
(Iñaki Etxeleku)

K. Chilibolost: Lehen eta orain, errealitate sozial biziki diferenteak daude Iparraldean. Demografikoki, baserriak husten ari dira eta hiriak zabaltzen, kostaldean bereziki. Telefono mugikorrak edota internet ez dira arras finkatuta mendialdean, ez dira zoko guztietara heldu oraino. Beste bizi erritmo bat dago, jendea ez da arras ber munduan bizi, eguneroko denbora ez da berdin pasatzen. Miarritzen edo Maulen sortua den haur batentzat “mundua” ez da bera. Egia da, duela 30 urteko jendea eta gaurkoa ez dela leku berean egoten, eta hori ez da gauza ezkorra, alderantziz, gauza baikorra bezala hartu behar da. Bakoitzak ikasi behar du bestetik, asko dugu elkarrekin ikasteko, bitasun edo konfrontazio horretaz –inoiz egon bada– harago joateko.   

I. Etxeleku: Ez dakit hiriaren eta baserriaren arteko bitasuna baden, berezko izaerak badaude inolaz ere. Nik belaunaldi berrian ber tokiratze moduko bat ikusten dut. 80-90eko hamarraldiko gazteok gehiago mugitu ginen, kostaldera edo Hegoaldera. Hogei urte inguru dituen belaunaldi berriko gazteak badu gogoa bere eskualdean berean egoteko, herrian berean dinamika sortzeko eta bertan bizitzeko. Gurea baino lotuagoa da euskarari eta euskal kulturari. So egiten badugu gaztetxeen dinamika edo kultur elkarteena, gure garaian baino gazte gehiago ari dira haietan; halaber, ikastoletako haurrak biderkatu dira.

K. Chilibolost: Ados. Gure belaunaldira arte, laborantza eremu galdua bezala ikusi izan da, pobrea, non ez duzun sekula sozialki aitzina eginen... Irudipen edota uste hori aldatzen ari da, laborantzan bizitzea duina da egun, ekologia zeregin arduratsua da. Sentsazioa hori dago ere munduan oro har.

Zein da belaunaldien arteko harremanen  transmisioaz duzuen iritzia?

"Jende asko heldu da Euskal Herrira eta euskara ez dute sumatzen ere. Batzuek pentsatzen dute euskara ez dela hemengoa, hemen ez dela euskararik"
(Iulen Guiresse)

I. Etxeleku: Oker ez banaiz, “belaunaldi berriak aitzineko belaunaldia ukatu ohi du”, entzun nion behin Guillaume Irigoieni [Ainhize-Monjolose, 1959]. Hau da, belaunaldi berria bere gisara hasten da. Egia da, baina ez arras. Antzinekoen eragina ezin da ezabatu, eragin kulturala berezkoa da, determinismo puntu bat dago. Gure kasuan, euskara desagertzeko arriskuan zegoela ohartzea kontzientzia hartze handia izan zen, barnealdea hustutzearen kontzientzia. Lana herrian beharrezkoa zenez ohartzea. Gure aurreko belaunaldietako militanteek anitz eman zuten –ikastolen, enpresen edota kooperatiben sortzea– eta gureak hori zama bezala hartu zuen. Guk “segida” eman behar genuen “manatua” hartu genuen. Ez zen “manaturik” izan, baina aurreko belaunaldiak dio ondorengoak ez duela aski egiten, eta berriak “zama” gisa hartzen du.

Guillaume Irigoienen belaunaldiaren aurrekoaren Mixel Bergouignanek (Baigorri, 1947) “gure belaunaldia badoa eta nekez ordezkatua izanen da”, erran zuen behin. Alegia, ez zuen “segida” ikusten.

K. Chilibolost: Bergouignanen ikusmolde hori ohikoa izan da militanteen artean. Baina, bere familia adibidetzat harturik, ez da egia. Semeak hartu du etxaldearen segida. Gauzak ez dira, dena edo deus ez. Jendartea aldatzen doa, eta aritzeko moldea ere bai. Gauza batzuk berez transmititzen dira, molde naturalean, deus erran gabe. Gurasoek ekinaren ekinez erakutsi digute, ez digute erran “gehiago borrokatu behar duzue”. Gure belaunaldiak, antzinekoak bezala, mimetismoz ikasi dugu. Belaunaldiak arrasortzea edo arraberritzea gauza naturala da. Gure gurasoek beren momentua ukan zuten eta guk gurea. Gainera ez dut iraganean zer egin zuten sobera begiratu nahi ere. Haien historiaz jabetzea ongi da, baina argi dut ni garai honetakoa naizela eta beharko dudala oraingoan bizi. Haien historian badaude gauza baikorrak eta ezkorrak ere bai. Gauza onek zein txarrek ez dute guretzat zama izan behar.  

I. Guiresse: Egun “segida” delako hori aitzina eramatea zailagoa da. Konparazionea, abertzaletasunean, borroka armatua indarrean zegoen garaian, gazteek Euskal Herria egun batetik bestera burujabea izanen zela esperantza zuten. Egun Euskal Elkargoa abian da, instituzio politikoa da, kontsentsuaren politikan aritzen ikasi behar dugu. Eta zailagoa da, hasteko, egungo bidea irudikatzea burujabetasunaren bidea “irudikatzea” baino zailagoa delako, helburua urrunago dagoelako. Gure gurasoek ere dena ez dute ongi egin. Mundu kontsumistan bizi izan dira, adibidez, mozkin merkeenak erosi dituzte saltoki handietan, produktuak nondik zetozen jakin gabe. Gure belaunaldikook  horren kontzientzia gehiago dugu, eta kasu gehiago ematen dugu. Haien garaia edo gurea, zein den errazagoa? Haiek zuten helburuetan “sinestea”-k errazten zuen hainbeste “ez pentsatzea”. Egun kontsentsuaren jendartean bizi gara, gehiago “pentsatu” behar dugu. Eztabaidak beste gisa batez garatzen ditugu.

Egungo gazteak errealistagoak zarete eta iraganekoak utopikoagoak…

“Gure gurasoek bere momentua ukan zuten eta guk beste bat dugu. Haien historian badaude gauza baikorrak eta ezkorrak ere bai. Gauza onek zein txarrek ez dute guretzat zama izan behar”
(Kattin Chilibolost)

I. Guiresse: Haiek autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zen garai batetik zetozen, Aljeriaren deskolonizazioaren ondoko garaiak ziren. Hemen ere halako zerbait izan zitekeela uste zuten. Orain, zailagoa da. Ekologismoak aurrea hartu dio nazio arazoari, baita migrazioaren arazoak ere.      

K. Chilibolost: Gure aurreko belaunaldia eta are gehiago gurasoena beste inguru batean bizi izan dira. Munduan nolabaiteko aldaketa bat eman zitekeela uste zuten, horrek eraginen zuela hemen. Gaur alderantziz da. Iñakik aipatu bezala, gure belaunaldiak, naski, ber tokiratze bat xerkatzen du.  

Militante izateko moldea aldatu al da?   

I. Etxeleku: Aldatu, eraldatu eta bestelakotu da, diferentea da. Gaur egun oso zaila da epe luzerako proiektu bat pentsatzea eta plantan ematea, gure garaian baino askoz zailagoa da. Gure gurasoen garaian, adibidez, haurrak eskolan eman eta bazekiten zein bide eginen zuten: lehen maila, bigarrena, kolegioa, lizeoa.... Ia bizi bateko proiektua bazen aitzinean. Egun heldu den urtean ez dakigu jendea hemen izanen den, jendartea etengabe ari da lekuz aldatzen.

K. Chilibolost: Lehen, lana urte baterako zen gutxienez, egun lan kontratuak hilabete baterako egiten dira, ez da deus finkorik, dena mugitzen da, ez duzu konfiantzarik, dena azkar doa. Horrela izan behar dela barneratu dugu, gaur hasi eta bihar aldatuko dela. Gure burua ez dugu proiektatzen, saiatzen gara gauzak modu egonkorrean eramaten, baina kontuan hartuz ingurua etengabe aldatzen dela. Nola egokitu egoera horri? Nola bihurtu proiektu bat sendo eta solido? Hori da gure parioa.  

Une historiko baten lekukoak izan zarete. ETAren amaiera Baionan eszenifikatu zen. Nola bizi izan duzue gertatua? 

I. Guiresse: Mauletik begiraturik, kontuan hartu behar dira bi mundu: abertzaleena eta gainerakoena. Abertzaleen ingurua aldatu da, edo haiekiko begirada bederen, bortizkeria bukatu delako, manifestazioak eta konfrontazioak gutxitu direlako. Egia erran, zuberotarrentzat oro har, ETAren amaierak ez du eraginik izan, jendeak ez du segitu afera hori. Hegoaldeko bizitza politikoak ez du inoiz Maulen eraginik ukan eta orain ere ez.

K. Chilibolost: Baionako ekitaldia eman zenean ez nintzen “hunkitua” izan. ETAk su-etena iragan zuen garaitik Baionako agerraldira bitartean biziki gaztea nintzen. Aldaketa eman zela kontzientea nintzen, baina ez dut “esperientzia” gisa barneratu. Gero ohartu naiz, ikasi dudanean, Baionako agerraldia historikoa izan dela. Kontzientzia hartu dut gertatuaz. Nik ez nuen deusen ardurarik, batzuek pozez bizi zuten, guk gazteok ez genuen “motibazio” berezirik, ez genuen iragana bizi izan. Jendearen artean “emozioa” zegoen, bizi izan dutenaren eraginez edo ondorioz. Baina guk ez genuen haiena bizi izan. Adin horretan beste aro batean gaude, beste nahikariak ditugu.

”Gaztetxeetan gure garaian baino askoz gehiago erabiltzen da euskara, naturaltasun osoz. Euskaraz pentsatzen dute eta proiektuak euskaraz garatzen dira, gure belaunaldian hori ez zen hain nabarmena”
(Iñaki Etxeleku)

I. Etxeleku: Egoera politikoari aterabide bat eman behar zitzaion, hasteko eragindako kalteei amaiera emateko. Egin da egin den moldean, sinboloek inportantzia ukan dute, ikuskizun gisako bat muntatu da, aterabide ahalik eta duinena emanez, egoera zail horretatik ateratzeko. Gero, urteak badoaz, eta askoren galdera da: “Eta orain zer?”. Galdera horren aitzinean anitz jende galdurik dabilela erranen nuke. Eta orain zer?  

Iparraldea eta Hegoaldea hizpide: belaunaldi berriek ezagutzen dute Hegoaldea? Eta alderantziz?

I. Guiresse: Iparraldekoak ez dira aski joaten Hegoaldera, bakar batzuk baino ez. Hegoaldekoak ere berdin. Unibertsitatean ari nintzela (Kattinek eta berak Bilbon ikasi zuten) irakasle batek erran zigun behin: “Hitz egin ezazue zuen euskalkian, zuk Durangokoa, zuk Andoaingoa,  zuk Iparraldekoa”. Horrek adierazten du Iparraldearen ezagutza. Hemen ere batzuek Hegoaldeko euskara diote, bat balitz bezala. Beraz, ez dugu elkar ezagutzen, ez hemengoek hangoa, ezta hangoek hemengoa ere.

Hegoaldean euskaldun mota anitz dago. Giputxi-ek shock bat hartzen omen dute Bilbora joatean. Euskal Herria ez baitute han topatzen. Gu Maulen usatuak gara Frantzian egoten, frantsesa da nagusi. Beraz, Bilbon berdin, erdara nagusi izatea guretzat normala da. Egiari zor, Bilbon gehienetan euskaraz ari nintzen, baita ezezagunekin ere, hemen aldiz euskaraz bakarrik ezagunekin mintzo naiz. Guretzat funtsezko junta gaztetxeak izan dira, bai hemen eta bai han. Euskara batuaren baliabidea ere inportantea izan da.

K. Chilibolost: Nik xantza bezala bizi izan dut Hegoaldera ikastera joatea. Gure gurasoen garaian muga pasatzea gauza zaila edo bitxia zen, guretzat normalagoa da. Dena den, harremanak oso jende gutxiren artean izaten dira, oso gutxik ezagutzen dugu Hegoaldea, eta hegoaldetarrek ere oso gutxi gurea. Iulenek eta biok Leioan ikasi genuen, abertzaleek ezagutzen dute amini bat gurea, eta ez denek. Baina ez da harritzekoa, hemen ere, BAMen ere ez dute ezagutzen barnealdea, edo Zuberoa. Alegia, nik ere ez dut ezagutzen Euskal Herria xeheki, Nafarroa edo Araba adibidez, eta domaia da. Ez dugu elkar ezagutzen, ezagutzeko transmisio eta lotura moldeak gehiago landu behar ditugu.

I. Etxeleku: Gutxi gara eta pertsona bakoitzak bere bizipena dauka. Ezagutza modu “indibidualean” ematen da. Zaila da orokortzea. Nik iraganean harreman gehiago ukan nuen Hegoaldearekin, baina Hegoaldea ez da bat eta bakarra. Nik ezagutu ditut Gipuzkoako Goierrikoak, hika egiten zuten, nik zuka egiten dudan erraztasunarekin, eta banuen hurbiltasuna haiekin, baita nafarrekin ere. Ezagutza betiere zerbaiten bitartez egin behar da, dantza, antzerkia edota bertsogintzaren ezagutzarekin. Eta horretarako elementu funtsezkoa euskara batua da. Euskara batuak mundu berekoak egin gaitu, eta hori ez da gauza tipia. Garaiak bereziak dira, eta ber tokiratzea aipatu dut, eta nago ez ote den Euskal Herri osoan gertatzen ari. Jendeak bere tokian egotea nahi du, noiz ez den aldian aldiko kontsumorako...

Hegoaldea kontsumistagoa al da Iparraldea baino?

I. Guiresse: Ez, kontsumoa han eta hemen berdin da. Han eta hemen hainbat jendarte mota dago. Zuberoan hiru dira –edo hamaika ote?– eta jendea ez da ber tokian egoten kontsumitzeko.
Muga hor dago, betiere.

I. Guiresse: Muga estatuek ezartzen dute, baina guk ere mugak ezartzen ditugu, muga kulturalak daude, gure bizimoldeak mugak dira. Hala ere, globalizazioak eta merkatuaren liberalizazioak erreferentzia komunak sortu ditu. Bilboko, Mauleko eta Baionako gazteek segi dezakete Netflixen bidez telebista saio bera edo nazioarteko musika talde bera.

I. Etxeleku: Horiek horrela izanik ere, hemengo gazte euskaldunek Hegoaldeko euskal komunikabide nagusiak segitzen ditugu: Berria, ARGIA edota EITB. Iparraldetik segimendua egiten zaio Hegoaldeari.

K. Chilibolost: Nukleo tipi bat gara, baina bada zerbait.

Iparraldera jinez berriz ere, nolakoa da frantses eta euskal munduaren arteko harremana?

I. Etxeleku: 90eko hamarkadan, nahiz eta euskal munduarekin harremanik ez izan, erdaldunek euskara bazela bazekiten. Gainera jende multzo bat euskal kulturaren inguruan ibiltzen zen. Gaur egun, euskaraz mintzatzen gara eta gero eta gehiago entzuten dugu “ez dakit gazteleraz”.  Hau da, euskarak ez du ikusgarritasunik, duela 40 urte baino gutxiago. Bizilagun kopurua bikoiztu da BAMen, heldu direnak Frantzian bizi dira. BAM gainera zabaltzen ari da, Hiriburu, Mugerre, Ahetze... Bizitegiak metatzen ari dira, gero eta barnealderago hedatzen ari dira. Baionan euskaraz aritu eta Hendaian bezala, euskara “gaztelania”-tzat hartzen du askok. Euskara haientzat “espainola” da.

I. Guiresse: Jende asko heldu da Euskal Herrira eta euskara ez dute sumatzen ere. Alsaziara joan izan balira bezala, han frantsesez, hemen ere bai. Beraz, “normala” da, ez dira gureaz jabetzen. Batzuek pentsatzen dute euskara ez dela hemengoa, hemen ez dela euskararik. Nire ikasketetarako inkesta bat egin nuen Iparraldeari buruz: BAMekoek pentsatzen dute hemengo bizilagunen ehuneko bat dela euskalduna, euskara galtzear den hizkuntza dela. Inkestan independentziari buruz galdetu nuen: “Independentziak ekonomikoki hobekuntza ekarriko badu, alde edo kontra bozkatuko zenuke?”. Gehienek esaten zidaten nire galderak ez zirela objektiboak, ero baten galderak zirela. Barnealdean ezberdina da, euskal eta erdal munduak hurbilago daude.    

K. Chilibolost: Barnealdean ulertzen dute euskal mundua, besterik da ados egotea gure munduarekin, edo abertzaleen ideiekin. Alta, gehiengoak badaki euskara eta Euskal Herria badaudela.

Euskaraldia izan berri da. Euskaldunon artean zein da euskararen egoera?

I.  Etxeleku: Euskaraldia-z Amets Arzallusek erranarekin bat egiten dut. Hobekiago ezin da erran.

“Haien garaia edo gurea, zein den errazagoa? Haiek zuten helburuetan ‘sinestea’-k errazten zuen hainbeste ‘ez pentsatzea’. Egun kontsentsuaren jendartean bizi gara, gehiago ‘pentsatu’ behar dugu”
(Iulen Guiresse)

I. Guiresse: Zuberoan oro har harturik ez, baina Maulen frantsesa da hizkuntza nagusia. Gero azken urteetan badaude euskal mundura hurbildu direnak, batzuek abertzaleak direla erraten dute gainera. Ezkerraren mundutik heldu dira eta ez dute euskara errefusatzen, baina euskaraz bizitzea besterik da. Zer nahi gisaz, jendartean ez da aldaketarik sentitu euskararen inguruan, baina hausturarik ere ez. Ez da gutxi hori ere.

K. Chilibolost: Nire munduan euskaraz egiten dugu. Lehen joera nagusia frantsesez egitea zen eta orain euskaraz egiten da usu. Barnealdeko gaztetxeetan eta kostaldean ere aldaketa hori eman da. Euskaraldia ariketa interesgarria eta beharrezkoa izan da, erabileraren inguruan horrelako ekimenak beharrezkoak dira. Noski, onurak izateko denbora luze beharko da. Ez dugu euskara erabiltzeko joera berehala hartuko. Nik lankideekin euskaraz egiten dut eta ez dakitenak ikasten ari dira.  

I. Etxeleku: Gaztetxeetan gure garaian baino askoz gehiago erabiltzen da euskara, naturaltasun osoz. Elkarte batzuetan euskaraz pentsatzen dute eta proiektuak euskaraz garatzen dira, gure belaunaldian hori ez zen hain nabarmena, bi hizkuntzak nahasten ziren eta frantsesa nagusitzen zen. Zuberoan ez da arras hala izanen, diferentea baita, baina barnealdean bai. Ikastoletatik heldu den belaunaldiak euskararen aldeko kontzientzia ekarri du. Adibiderako, Euskal Herria Zuzenean festibalean (EHZ) euskarak toki naturala izan du.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskal Elkargoa  |  Euskara  |  Gizartea

Euskal Elkargoa kanaletik interesatuko zaizu...
Iraganaren argia

Urte berria hasia dela eta, denok bat besteari opatzen diogu zoriona, esperantza izanez etorkizuna iragana baino gehiago argi ekarle izanen zaigula. Hain zuzen ere, orainaldia goibel agertzen zaigun garai hauetan –bake prozesuaren aitzinatze motelegia, miseria sozialaren hedapena, euskararen gainbehera, eskuin muturraren garaipenak, klima aldaketa, migratzaileen zapalkuntza, eta abar–, ateriak gerorako ditugu igurikatzen anitzek, eta itxaropen horretan egiten dugu lan.

Jo eta ke... [+]


2018-12-09 | Bea Salaberri
Je suis Trambus

Azaro hastapenean gertatu zen Trambusaren aurkezpen ekitaldia.

Trambusa, azal dezadan, Baiona-Miarritze-Angelu hirigunean gaindi ibiliko den autobus sofistikatua da, garraio ohiturak irauli behar dituena, errazagoa bihurtuko diguna edonora autobusez joatea, autoz baino. Kostu ikaragarrikoa da, bistan dena, eta bi urte dira jada bideen moldatzeko obrak abiatuak dituztela. Ibilgailua bera Irizar enpresak egina da, ederra, elegantea, distiratsua, erakargarria.  

Je suis Trambus. Hori... [+]


2018-11-18 | Jakes Bortairu
Euskal Elkargoko gobernantzari buruzko herritar auditoretza

Udazken honetan Batera plataforma 2017ko urtarrilean sortu zen Iparraldeko lehen erakunde publikoaren funtzionamenduaz auditoretza burutzen ari da. Urrian zehar, tokian tokiko 150 lagun bildu dira instituzio berriko bi urteko ibilbidean agertu diren elementu negatiboak zein positiboak zerrendatzeko. Bigarren fase batean entzuketak antolatuak izan dira, alde batetik jendarteko pertsona gaitu batzuen iritzia galdegiteko eta bestalde Elkargoaren ardura postuetan diren hautetsiak galdekatzeko,... [+]


2018-10-28 | Mikel Asurmendi
Txomin Poveda
"Mugimendu alternatiboek aterabide praktikoak ematen dituzte, erradikaltasuna eta pragmatismoa artikulatuz"

Urruña, 1992. Soziologia, geografia eta kultur animazio arloko ikasketak egina da.  Ipar Euskal Herriko praktika alternatiboen militantziari buruzko doktorego-tesia egiten ari da Paueko Unibertsitatean:  “Lurralde honetan landu diren gizarte praktiken bidez, XXI. mendean eraldaketa soziala gauzatzeko modua aztertzen ari naiz. Planteamendu nahiko orokorra eta aldi berean koherentea egin nahi dut, xumea egin ere ”.


2018-09-09 | Itxaro Borda
Beatus

Irriñoa ezpainetara datorkit gure udako komentarista zenbaiten lumatik Iparralde honetan, barkatu Lapurdi-Nafarroa Beherea-Zuberoako lurraldeon, azken urteotan gertatzen den bilakaera instituzional ekumenikoa jorratzen dutelarik: J. R . Etxegarai presidenteak eramaten duen Euskal Elkargoa, independentziara berehala heltzen ikusten dukete. Beste aldetik, abertzaleek zentro-eskuineko buruzagien ontziaz baliatzea irudikatzen dute, beraien helburuak lortzeko bide politikoa erabiliz, orain... [+]


2018-09-09 | Bea Salaberri
Azken bainua

Azken bainua hartu genuen Kantaurin. Ez diogu sekulan gure buruari aitortzen azkena dela, ongi dakigun arren; egun luze eta goxoak izanen direla oraino, uda ez dela bukatu, udazken hasieran ere itzultzen ahalko garela uretan murgiltzera, halaxe diogu; alta, badakigu azkena dela, gero lanak, sartzeak, kezkek, haurren gorabeherek irentsiko gaituztela. Orduan, azken hori besteak bezalakoa, besteen arteko bainua baizik ez da kasik.

Alabaina, ongi pasa genuen aste zenbaitez, argi da. Euskal... [+]


"Euskal Elkargoa"-ren azken kontseiluaren bileran gertatua

Bakar batzuek menturaz gogoratuko dute, duela 4 urte, udal hauteskundeen ondotik, Uztaritzeko udaletxe berriak euskara frantsesarekin koofizial egin nahi zuen mozio bat bozkatu zuela. Nehorentzako sorpresarik gabe, Auzitegi konstituzionalak erabakia baliogabetu zuen, konstituzioaren 2.artikuluarekin kontraesanean zegoelako.


2018-06-25 | ARGIA
Bi delibero euskararen inguruan

Euskal Konfederazioak joan den larunbatean, ekainaren 23an, Euskal Elkargoak euskarari buruzko bi delibero bozkatu zituen.  Euskara Elkargoaren eremuko lurralde hizkuntza gisa ofizialki aitortzeko lehena, euskararen aldeko hizkuntza politika proiektua bigarrena. Bi deliberoei buruzko azalpenak eman zituen artikulu honen bidez. 


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude