"Ustelkeria kasuak ateratzean, zenbait alderdi konplexuekin ikusten ditut"

  • Euskal Herriko ustelkeria kasu asko ikertu ostean, Igor Meltxor Kazetari Kanaiak 35 azaldu ditu. Javier Etayo Tasio marrazkilariarekin egin duen EUStelkeria liburuan argitaratu ditu.

Argazkia: Ibai Arrieta.
Argazkia: Ibai Arrieta.

Nondik atera zenuen Tasiorekin batera liburua idazteko ideia?

Batetik, beharrezkoa ikusten nuen Euskal Herriko ustelkeria kasuei errepaso bat emanez liburu bat idaztea. Ez soilik Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroan UPN agintean zela CAN auzia izan dugu; Nafarroako lehendakari ohietako bat, Gabriel Urralburu, kartzelan egon da eta beste bat, Javier Otano, ia ere bai, biak PSNkoak. Egon dena, dagoena eta seguru egongo dena ikusita nahikoa arrazoi dago liburu bat egiteko. Bestetik, liburu pedagogiko bat egin nahi nuen, eta Tasiorekin dudan laguntasuna baliatuta, gehiegizko testurik gabe, zerbait argia eta grafikoa egitea proposatu nion.

Liburuan 35 kasu azaltzen dituzue, eta horietatik lau gutxienez irekita daude egun.

Horien artean De Miguel kasua azpimarratuko nuke. EAJko 26 bat pertsona daude inputatuta %4ko komisioak jaso izana egotzita. Orain, fiskaltzarekin tratuak egiten ari dira. Kasua argitara atera zuen enpresariak salatu zuen estortsioa egin nahi izan ziotela. Hori dena Arabako Aldunditik eta posta elektroniko ofiziala erabilita egin zuen Alfredo De Miguel diputatuak. Eskoletako jantokien eta Osakidetzako iruzurraren kasuak ere irekita daude, eta esango nuke oraindik gauza garrantzitsu asko azaleratuko dela.

Bidegi eta AHT-rekin lotutako kasuak ere irekita daude.

Bidegi kasuari dagokionez, epaileak bost urteko epea dauka ikerketa egiteko. Kasu hori ikertu genuenean, soilik azala urratzen hasi ginela uste genuen. 30 milioi euroko zuloa legoke hor. Gipuzkoan eraiki dituzten errepideetan %35 eta %40 bitarteko gainkostuak izan dira bataz beste; maila hori ez da Espainiako Estatuan ere ikusten. Epaileak halako lan mardula hartu badu, ikertzeko arrazoiak daudela esango nuke. AHT kasuari dagokionez, liburuan agertzen dira Xabier Arzallusek Espainiako Sustapen Ministerioan AHTaren obren inguruan egindako bilera bati buruzko adierazpenak, eta zer esana emango dutela uste dugu. Gipuzkoako erraustegiaren kasua ere hor daukagu.

Argazkia: Ibai Arrieta

Larraitz Ugartek liburuaren hitzaurrean dio asko hitz egiten dugula Espainiako Estatuko ustelkeriaz, baina hemengoaz denok isiltzen garela. Zenbaterainoko ustelkeria dago hemen?

Ez dakit Espainian ikusi dugunarekin alderatzerik dagoen. Baina badakit badagoela, eta funtzionamendua bera dela han eta hemen. Esaterako, Kataluniako %3-aren kasuarekin alderatuta, EAJk funtzionatzeko modu antzekoa dauka hemen. De Miguel kasuan argi ikusi dugu. Are gehiago, azken kasu horretan enpresari katalanak daude nahastuta. Hala ere, hemen zerbait argitara ateratzen denean, esaten digute kasu bat anekdota bat besterik ez dela.

Ereduak errepikatzen dira, beraz?

Hemengo kasuak ikusita, gogoaitu egiten nau “Euskal Oasiaz” hitz egiteak

Osakidetzako azterketaren iruzurrari erreparatuta, 1990ean antzeko iruzur masibo eta antolatu bat gertatu zen. 28 urte geroago, funtzionamendua bera da. Garai hartan PSOE eta UGT-ren lagunentzat antolatu zuten, eta orain EAJren lagunentzat. Modus operandi-a errepikatzen dute, esaterako, De Miguel eta Makina Txanponjaleen kasuetan. 30 urteren ostean, puntu berera itzultzen gara. Horregatik, orain gertatzen ari dena ulertzeko, iraganean gertatukoa ondo ikertzea garrantzitsua da. Alderdiarentzat komisioak eskatzea barne hartzen duen dinamika ugari dago, bai UPNren, PSNren eta EAJren aldetik. Horregatik izorratzen nau “Euskal Oasiaz” hitz egiteak, hemen ere gauza ugari eduki dugulako. Inongo konplexurik gabe jokatu behar da kasu hauetan. Zenbait ustelkeria kasu argitaratzerako garaian, zenbait alderdi politiko konplexuekin ikusten ditut. Eta ez da soilik ustelkeria kasuekin, baita jarduteko moduekin ere.

Esan daiteke orokortuta dagoela gobernuetan dauden alderdiek komisioak eskatzea?

Kontuz ibili beharra dago orokortzearekin. Baina Gipuzkoan, esaterako, alderdi berak 35 urtez agindu ostean, jarduteko modu zehatz bat hartu du. Bezero-sare batzuk sortzen dituzte: komunikabide, eusko labela duten bertako enpresa, estatu mailako enpresa, abokatu bufete, alderdi eta politikari berberak ari dira bidegabekeria horiek babesten. Negozioa eta alderdia gobernuan mantentzen dituzte, eta trukean, enpresa horiei obrak, lanak eta abar esleitzen zaizkie. Ikusi dugu gainkostuak zeuden obretan adjudikazio irregularrak egin direla.

Politikari eta enpresari ugarik gainkostu zehatz batzuk aurretiaz adostu, ondoren iruzur eginez obra enpresa horri eman, eta azkenik, obra amaitzean, gainkostu faltsu horiek bien artean banatzen dituztela diozu liburuan.

Horretaz Bidegi kasuan ohartu ginen. 2011n Bildu Gipuzkoako Aldundira iritsi zenean, urte luzeetan funtzionatu zuen modu ustel hori topatu zuen. Bidegi kasuari buruz idatzitako liburuan eraikuntzako enpresek politikariei bidalitako posta elektronikoak argitaratu genituen. Mezu horietan, inongo lotsarik gabe, enpresariek Bidegiri esaten zioten zenbatekoak izan behar zuten gainkostuek. Bidegiren obretako langileekin hitz egitean esan ziguten enpresariak xanpain botilak edaten ikusi zituztela lanetan bertan. Ondoren, banaketa beti egiten dute bien artean. Bietakoren batek besteak baino gutxiago jasotzen duenean, ala tartean pertsona zintzoren bat sartzen denean, orduantxe ateratzen dira argitara kasuak.  

Argazkia: Ibai Arrieta

Beraz, ustelkeria kudeaketa ereduarekin lotuta ulertzen duzu?

Batzuetan askoz ere gehiago interesatzen zait kudeaketa modua, ustelkeria kasu zehatzak baino. Bezero-sareak eta ustelkeria kasuak kudeaketa eredu horretan mugitzen dira eta horrek egiten du posible. Gainkostua adostu eta dirua banatzea, kontrol mekanismoen gabeziarekin dago lotuta. Ustelkeria arazo honi amaiera emateko, lehenik eta behin kontrol mekanismoak jarri behar dira. AHTren eta Bidegi kasuetan ikusi ditugun gainkostuak, %15etik eta %20tik gorakoak arrunt gisa jo ditugu hemen urteetan. Gainkostu horiek arruntzat hartzea arriskutsua da. De Miguel kasuan, enpresariari posta elektroniko bidez esan zioten bazekiela “kaxatik pasa behar” zuela. Hitz egiteko moduak ikusita, enpresari horrek ondorioztatu zuen beste jende askori gauza bera egin ziotela. Horiek dira funtzionatzeko moduak gure “Euskal Oasian”.

Urte hauetan guztietan zigortuak gutxi izan direla ikusita, zein uste duzu dela sistema judizialaren jarrera ustelkeriarekiko?

Alde batetik, esango nuke, azaldu ditugun kasuetan utzikeria pixka batez jokatu duela sistema judizialak. Kasu asko gehiegi luzatu dituzte, eta batzuk preskribatu ere egin dira. Guzti horrek kolokan jartzen du sistema judizialaren jarrera kasu horiekiko. Bestalde, epaileek eskura dituzten baliabideak ere urriak dira: ez daukagu ustelkeriaren kontrako fiskaltzarik. Bidegi kasuan, Bilduk Guardia Zibilari laguntza eskatu zion ikerketa aurrera eramateko, izan ere, Ertzaintzak esan zuen ez zuela halako kasuak ikertzeko gaitasunik. Zigorgabetasun horren azpian hazi da ustelkeria guzti hau, eta uste dut badela garaia gauzak argitara atera tzen hasteko.

Argazkia: Ibai Arrieta

 


ASTEKARIA
2018ko abenduaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
EAJk Mundakako bere alkatea presionatzen zuen, udaleko idazkariaren gainetik aritzeko

Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin... [+]


Ustelkeriaren normalizazioa

904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]


Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


Eguneraketa berriak daude