Urriaren 11z geroztik, energia berriztagarrien sektorean barneraturik dagoen Goiener kooperatiba Oñatiko Ur Jauziak enpresaren bazkide da ofizialki. 2015. urtean Energiaren Euskal Erakundeak enpresatik irteteko asmoa erakutsi ostean, Oñatiko Udalak bilatzen zuen bazkide tekniko berria da. Udalerriko etxeetara ailegatzen den energiaren ziklo osoa euren esku izateko urrats garrantzitsua da.
Deba ibaiaren haranean kokaturik dauden sei zentral elektrikoren bidez sortzen dute energia Oñatin. Herritarrentzat Olateko zentrala da ezagunena segur aski. Olateko txokoetan paseoan, korrika edo bizikletan ibiltzeko ohitura handia dute oñatiarrek, baina bertako zentral ondotik pasatzean gutxi batzuk ohartuko dira harrizko horma horien atzean ehun urte baino gehiagoko historia dagoenik.
Oñatiko energia ekoizpenaren hastapenek 1893. urtera arte garamatzate. Orduan, hiru herritarren ekimenez Biain y Cía izeneko lehen argindar enpresa sortu zen. Sortzaileek kontzesioa lortu zuten Arantzazuko Santutegitik hurbil dagoen Araotz auzoko erreka turbinatzeko. Hamarkada batzuk geroago, 1915-1920 urte bitartean hain zuzen, Unión Cerrajera ahaltsuak erosi zuen Biain y Cía. Cerrajerak inbertsio ugari egin zituen eta horien artean, Olateko zentrala eraiki zuen. Baina 1925ean Oñatiko Udalak herriko energia sarearen zati bat desjabetzea eskatu zion Cerrajerari.
Hortik aurrera liskarrez beteriko garaia hasi zen, industriaren sendotasuna nabarmena baitzen herrian. Oñatiko energia banaketa sareak behar guztiei heldu ezin zionez, Antonio Lezama enpresarekin industriara elektrizitate indarra eramateko hitzarmena sinatu zuen Udalak. 1960an Antonio Lezamak negozio dena orduko Iberduerori –gaur egungo Iberdrola– saldu zion. Oraindik ere, Oñatiko industriarako energia banaketak Iberdrolaren esku jarraitzen du eta etxeetara berriz, Oñargi erakunde publikoak banatzen du.
Energia banatzaile handiagoen aldean prezioan diferentziarik ez dagoen arren, Oñargiren balio erantsia zerbitzuaren “gertutasuna” da Mikel Biain Oñatiko alkatearen iritziz. Hain zuzen, Oñargik etxeetara banatzen duen energiari esker herri burujabea dela azpimarratu du alkateak: “Urtean 15 milioi kilowatt sortzen dute bertoko ur-jauziek, herriko etxebizitza, komertzio eta energia industriala behar ez duten eraikin guztiak hornitzeko beste”.
1989. urtea mugarria izan zen Oñatiko energiaren kudeaketaren historian. Udalak Olateko zentral elektrikoa erosi zion Unión Cerrajerari eta Oñatiko Ur Jauziak (OUJ) enpresa sortu zuten; jabetzaren %90 Udalarena zen eta %10 Energiaren Euskal Erakundearena (EEE).
Energia ekoitzi, banatu eta zabaltzen mendea baino gehiago daramate Oñatin; merkaturatzeko azken bultzada falta da
Orain berriz, OUJen sorrerako eragileei Goiener kooperatiba batu zaie. Honek ere %10eko jabetza izango du, sozietate publikoaren 445.000 euroko kapital hazkundeari aurre egin ondoren. Santi Ochoa de Eribe Goienerreko zuzendariak azaldu duenez elkarlanerako asmoa ez da hutsetik azaldu bapatean, “2015.urtean EEEren parte hartzea OUJen iraungitzear zegoen eta Oñatiko Udalarekin elkarlanean aritzeko bien partetik zegoen urruneko desioa errealitate bihurtzeko gai izan gara orain”. Biain ere baikor agertu da bi enpresen arteko akordioarekin, “Euskal Herriko energiaren mapan esanguratsua den bazkide berria izateaz pozik gaude. Sektorean etorkizunean sortuko diren aukerak identifikatzen eta aukera onak hartzen lagunduko digute, besteak beste”.
Goiener OUJen proiektura batu izanak Energiaren Euskal Erakundeak duela bi urte proiektua uzteko erakutsi zuen jarrera aldatzera bultzatu duela dirudi. Enpresaren sorreratik izan duen jabetzaren %10a mantentzeko hautua egin du EEEk.
Oraindik bilera bakarra egin duten arren, elkarlanean emango duten hurrengo urratsa azaldu du alkateak: “Goienerren diru-ekarpenarekin eta elkartearen zenbatekoekin zentralen ekoizpena hobetzeko inbertsio plana izango da”. Hari berari helduz, Goiener sartu aurretik ere OUJren egoera “ona” zela aitorturik, kapital hazkundearekin lasaiago egingo diote aurre zentralen instalakuntzak hobetzeari, Ochoa de Eriberen ustez.
Azken urratsa falta
Energia ekoiztu, banatu eta zabaltzen mendea baino gehiago daramate Oñatin, baina energiaren hiru zutabeak betetzeko merkaturatzeari dagokion azken bultzada falta da. Gaur egun, Merkaoña merkaturatzailearen bidez egiten da, baina honek ez du zuzenean energia saltzen. Aramaio, Tolosa, Leintz Gatzaga edo Oñatiko merkaturatzaile txikien baturatik sortu zen proiektua da Merkaoña. Enpresa publiko txiki horiek CHC konpainia elektrikoko partizipazio txikia erosi zuten eta ondorioz, herriko energiaren merkaturatzea CHCk egiten du propio.
CHC bezalako enpresa handi baten filosofia Oñatiko Udalarenarekin bat datorren zalantzan jarrita, ekoizturiko energia bertako eragile baten bidez herritarrei saltzea da hurrengo erronka Biainen ustez: “Goiener ekoizpen arloan sartu da oraingoz, baina beraien laguntzarekin Oñargi energiaren merkaturatzean hastea gustatuko litzaiguke”. Oñatin energia burujabetzarantz egiten ari diren lana “borobilduko” lukeen urratsa izango litzatekeela dio.
Epe ertainean sortu daitekeen abagune horri begira, Ochoa de Eribek ateak irekita ikusten ditu: “Aukera tekniko eroso eta demokratikoena proposatzeko egoeraren azterketa egin beharko genuke aldez aurretik, baina beste merkaturatze kooperatiba batzuei ere laguntzen diegu dagoeneko eta jarduera oso ongi ezagutzen dugu”.
Lerro hauek idazterako, gazta egiteari utzi diogu eta antzutze prozesu betean gaude. Horrek esan nahi du jetzaldiak gero eta sakabanatuagoak direla denboran, ardiei esnea desagertu arte. Batzuen kasuan, egun gutxitan bukatuko da prozesua, eta gutxi batzuei gehiago kostako zaie.
Kale Nagusiko 54. zenbakian dagoen XVIII. mendeko eraikina eskuratu dute, egun Katakraken liburu-denda dagoen ondoan. “Eraikin honetan ez da egongo hostelik, ez luxuzko hotelik, ezta inguruko auzokideek ordaindu ezingo luketen etxebizitzarik ere, hemen hiri-lurra eraikiko... [+]
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Sareak, Olatukoopek, hamar urte bete ditu, eta larunbatean festa egin dute Donostian, sareko kide eta partaideen artean. Ekonomia eta kooperatibismoa beste ikuspegi batez landu litezkeela aldarrikatu (eta frogatu) dute: herrigintzatik, herritar... [+]
80 bat lagun batu dira Iruñeko Katakraken aretoan, ekonomia sozial eraldatzailearen erreferentzia bihurturiko Olatukoop sarearen hamar urteak ospatzeko. Ekonomia eta lurraldeak eraldatzeko proposamenak zehatz-mehatz aurkezteko ekimena izan da.
Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.
Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]
Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]
Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]
Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]
Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]
Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]
Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]
Bidasoaldeko irakurlea bazara, honezkero izango dira hiru urte Laia aldizkariaren lehen alea jaso zenuela etxean. BDSKOOP eraldaketa fabrikak –eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabiltzan kooperatiba eta proiektuak biltzen dituen elkartea– Behe Bidasoan eta... [+]
Olatukoopeko kideak Montehermoso kulturunean bilduko dira larunbatean, Saretze Egunean. Gasteizen eta Araban ekonomia eraldatzailera hurbildu nahi duten eragileekin "harremanak jostea" izango da helburua.