Astemearen esnea lehengai osasungarri


2018ko azaroaren 30ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kleopatrak bainua hartzen omen zuen esnetan. Ez edozein esnetan, ordea: astoarenean. Mendeetan, munduko toki askotan izan da estimatua astemearen esnea bere propietate onuragarriak direla eta. Ezaugarri horiez jakitun, 2010ean Herri Lan proiektuaren lehen pausoak ematen hasi zen Laurent Darrieumerlou gabadiarra. Astoaren esnea ekoizten du bere etxaldean.

“Urre zuriaren” onurak

Ama-esnearen antz handia duenez, haurrentzako esne egokia da astemearena, Herri Lan proiektuaren gunean azaltzen dutenez. “Erraz digeritzen da esne hau grasa oso gutxi duelako, eta aberatsa da bitamina, mineral eta oligoelementuetan”. Helduentzako ere propietate egokiak ditu astemearen esneak, esaterako, azaleko gaitz eta hesteetako arazoak dituzten pertsonentzat.

Euren etxaldean esnea botiletan ere saltzen duten arren, proiektuaren pisu handiena kosmetikako produktuetara bideratutako esne ekoizpenak hartzen du. Xaboi ekoizle batekin elkarlanean sortzen dituzte produktuok Herri Laneko kideek: kremak, xaboiak, gel eta xanpuak… Naturarekiko errespetuz, kontsumitzaileei kalitatezko produktuak eskaintzen dizkiete. Palma oliorik, parabenik, tinta edota silikonarik erabili gabe egiten dute lan. Banaketarako, zuzeneko salmenta lehenesten dute Herrilanen.

Animaliekiko errespetuz

Animaliekiko errespetua oinarrizkoa da Herri Lan proiektuko kideentzat. Urte osoan kanpoan izaten dituzte animaliak, eta euren erritmoak errespetatzen dituzte ekoizpen intentsibotik aldenduz. “Esne ekoizpena txikia da, asteme bakoitzak eguneko litro bat edo litro eta erdi ematen ditu”, diote. Egunean bi aldiz jezten dituzte animaliak, astean bost egunetan.

Aurreko lanean istripua izan eta gero hartu zuen Darrieumerlouk Herri Lan proiektuari ekiteko erabakia, bere aitonak noizbait esana zionari kasu eginez: “Egin ahal duzuna, daukazunarekin”. Baserri zahar bat eta asto pare bat zituen momentu hartan, eta ez zuen birritan pentsatu. “Nire balio eta printzipioei jarraituz eraiki nuen proiektua: giza-eskalako laborantza-egitura bat sortuz animaliak elikatu ahal izateko, eta etxeko produktuak ekoitziz zuzeneko salmenta bidez komertzializatzeko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude