Bertsolaritzaren genealogia feminista, infografia batean

  • Emakume bertsolari garaikideen genealogia eraiki dute infografia batean Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeok. Mugarriz mugarri, bide kolektiboaren bilakaera modu artistikoan islatu dute, bertsolari gazteek hutsetik hastearen sentipenarekin, “betiko harriarekin” estropezu egin ez dezaten. (8 euroan salgai ARGIAren Azokan eta Berria, Jakin eta Lankuren webguneetan).


2018ko azaroaren 25an
Ane Labaka, Mariñe Arbeo eta Miren Artetxe, infografiaren egileetako hiru hauek azaldu digute prozesua eta mamia. Argazkia: Dani Blanco.
Ane Labaka, Mariñe Arbeo eta Miren Artetxe, infografiaren egileetako hiru hauek azaldu digute prozesua eta mamia. Argazkia: Dani Blanco.

Lau bertsolari hauek elkartu ziren Uxue Alberdiren proposamenaren harira. Bertsolaritzan bakoitzak izandako bizipenak eta erreferentziak mahairatzeari ekin zioten. Hustuketa horrek berak agerian jartzen du infografia honen premia, Artetxek azaldu digunez: “Bakoitza hasten zenean bere bizitzako erreferentziak, izenak  eta mugarriak aipatzen, besteok ez genituen ezagutu ere egiten. Ane Labaka gazteagoa delako, ni Iparraldekoa naizelako, Uxue Alberdi literatur mundutik etorria zelako... Hain denbora gutxian hain jende gertukoaren artean ez baditugu erreferentziak konpartitzen... horrek berak ere agerian jartzen zuen genealogia baten premia. Genealogia guztiak dira eraikitakoak, eta guk ere gurea eraikitzeari ekin genion”. Lau bertsolari hauek beren bizipen eta ezagutzetatik oinarrizko eskema osatutakoan, ariketa ahalik gehien zabaltzeko beharra sentitu zuten, eta galdetegi bat bidali zieten ahalik eta emakume bertsolari eta bertsozale gehienei. 50 erantzunetik gora jasota osatu zuten bilketa eta kontraste lana.

Berria, Jakin, Lanku eta ARGIAk elkarlanean banaketan hartu dute parte proiektuan. Durangoko Azokan hauen postuetan erosi daiteke infografia 6 euroan, eta internetez hauen webguneetan, 8 euroan (bidalketa gastua barne).
Infografiaren neurriak: 59,4 zm X 85,1 zm.
Harriz harri, kolektiboan egindako bidea

Infografiaren erdialdean ikusiko duguna sare handi bat da. Artetxek azaldu du: “Gure bizipenen artean, garrantzitsuenetakoak kolektibotasunean bizi izandako prozesuak dira. Prozesu kolektibo horiek islatzeko mugarri bila ibili gara: data, pertsona, ekintza zehatz bila”. Labakak zera zehaztu du: “Hautua izan da ahalik eta erreferentzia pertsonal gutxien sartzea”.

Infografiak ez du irakurketa lineal eta hierarkikorik planteatzen. Mugarri horietako bakoitza biribil batek irudikatzen du. Harriak dira, baina ez batere zurrun eta pisuak, gardenak baizik. Harriek herri honetan joko handia ematen dute irakurketetarako, eta Artetxek umorez gehitu du beste hau: “Lujanbiok azken txapelketako agurrean ‘errekarriz errekarri’ bota zuen eta horrekin dena justifikatu zigun”. Labakak seinalatu du beste xehetasun hau: “Txirrita ere hor jarri dugu, ‘bera eroriko den, ez hakion bultza’ bertso ezagunaren egokitzapenakin, gauzak bere kasa aldatuko direla esaten diguten mezuen isla moduan. Aldiz, ondoan emakumeak harri handiei bultzaka ageri dira”.

Inforgrafiak biltzen dituen mugarriak alor anitzetakoak dira: plazari lotutako mugarriak dira batzuk, sarea josteari lotutakoak besteak, komunikabideak, diskurtsoak, udalekuak... “denak eragiten digu eta denean eragin dugu kolektiboki” adierazi du Artetxek.

Infografia zerekin bukatu? Gaur egunera etorrita, zer islatu? Hori izan dute dilema nagusietakoa. “Aniztasuna, leherketa irudikatu nahi izan dugu. Eta ez dela ezer itxia. Hiru punturekin bukatzen da, ‘definizio berrietarantz...’ hitzarekin”.

Epaileek zer egiten duten infografian galdetu diegu. Artetxe: “Bertso txapelketako epaileak dira, argazki zahar batetik hartutakoak. Horren bidez adierazi dugu kalitatearen debatea, nola kanonak baldintzatzen duen zer den ‘ona’ eta zer ‘txarra’. Eta zerk baldintzatzen du kanona? Kantitateak, iruditeriak, legitimitatearen sentsazioak... Eta zer da bertsolari legitimoa? Eztabaida horiek infografiara eraman ditugu epaileak hor jarrita. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena”.
Bertsolaritza eta feminismoa gurutzatzen dituen irakurketa

Infografiaren goiko aldean ezkerretara, lehen irudia oholtza ertzean kanpora begira dagoen neskatila batena da. Bertsolaritza eta feminismoaren arteko harremana irudikatzen du, Artetxek azaldu duenez: “Mugimendu feminista 1970eko hamarkadan lanean ari zen, eta kanpotik bada ere, bazuen bere eragina bertsolaritzan. Kristina Mardarasek bere burua feministatzat zuen”. Bertsolaritzak eta feminismoak elkarrekin izandako ibilbidea islatzen du infografiak. Artetxe: “Genero sistemak antropologian lantzen zituen feminismoak, eta bertsolaritzaren genero irakurketa akademiatik egin zen. Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegiren hitzaldiek eta gogoetek ekarri zuten marko teorikoa bertso mundura: lehen aldiz ‘bertsolaritza’ eta ‘feminismoa’ hitzak batera esan ziren, eta marko horrek tresnak eman zituen genero sistema eta bertsolaritza nola batzen diren ikusteko, akademiatik kanpo, eta mugimendu feministarekiko kontaktu zuzenik gabe ere. Horri esker hasi gara begiratzen zer praktika feminista egiten diren beste eremu batzuetan, horietako batzuk bertsotara ekartzeko: hortik sortu ziren Ez da kasualitatea saio feministak, eremu ez mistoak... generoaren lanketan behar-beharrezko tresnak. Sarea josteak eta jakintza kolektiboa partekatzeak ekarri du hau guztia. Bizipenak eta jakintzak partekatzen ez baditugu, behin eta berriz harri berarekin trabatzeko arriskua ikusten dut. Infografia hau horretarako tresna ere bada”.

 
Artetxe: “Infografia lantzen ari ginen bitartean ezagutu dira Harkaitz Zubirik egindako ikerketa soziologikoaren emaitzak, eta generoari buruzko datuak sartu ditugu infografian”.
Infografia ere kolektiboan eraikitakoa

Labakak elkarlana azpimarratu du: “Orain arte, norberak egindako ikerketa edo artikuluak konpartitu izan ditugu besteekin, baina honakoa beste zerbait izan da, zerotik elkarrekin egindakoa baita. Talde bat elkartu gara astero, eta bidean trinkotu egin da. Bide horrek asko eman digu”.

Lau bertsolariek beren hustuketa egin, eta inkesta bidez beste 50 emakumeren jakintzarekin eskema osatuta, Txakur Gorria kolektiboarengana jo zuten, haiekin elkarlanean diseinu faseari ekiteko. Mariñe Arbeok adierazi du proiektuaren erdialdean diseinu ikuspegia txertatu izanaren ondorioz, infografiak xehetasun pila irabazi dituela: “Elkarrekin egin dugu kontzeptuak iruditara pasatzeko bidea”. Artetxek umore kolpea atera du: “Hauek beste era batera pentsatzen dute. Gure eskema birformulatu behar izan genuen, gurea oso karratua zen. Kolektiboan eta iruditan pentsatzea erronka handia izan da”. Labakak horrela azaldu du ariketa: “Kanpo uzten ikasi behar izan dugu. Hasieran dena sartu nahi genuen, munduko bertso feminista guztiak,  bakoitzarentzat mugarri izan zen guztia... hori izan da ariketa, ulertzea gauza bakarra jarrita, atzean dagoen guztia adierazten duela”.

Arbeok collagea hautatu dutela azaldu du: “Esan nahi genuen kontzeptua zer irudi bidez adierazi pentsatzen genuen eta argazki zaharrak bilatzen nituen. Eta horrekin collagea sortu”.

Genealogia anitzak sortzeko gonbidapena

Artetxek adierazi du dilema handiak izan dituztela, “erabaki guztiak baitira politikoak. Ardura ere sentitzen duzu. Historia guztia eraikuntza bat den neurrian, hau ere hala da. Hau genealogia bat eta infografia bat da, beste hamabost egingo balira, fenomeno. Ideala litzateke memoria kolektibo ariketa hau ez guk bakarrik egitea. Hamaika taldetan egitea, eta horiek konpartitzea, irakurketa ezberdinak egitea. Merezi du tokian tokikoak ere egitea, eta hamaika formatan, izan liburu, film...”. Beste gonbidapen bat luzatuz biribildu du elkarrizketa Labakak: “Ikerketa bultzatzeko ere balio dezala, mugarri horietako bakoitzaren atzean egon litezke hamaika ikergai. Orain arte bildu dugun guztia oso pozik jarriko dugu behar duenaren eskura”.

Zer esan nahi du “lasterbideak”? Labaka: “Bertsolaritzan parekidetasunean dena eginda dagoela diotenek hartzen dutena da”. Artetxe: “Juxtu bestaldean harri handi askori bultzaka ari dira emakumeak, eta lasterbidean dauden hauek, aldiz, kaniketan jolasean ari dira”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume bertsolariak
Bertso saioetan parte hartzen duten gizon eta emakumeen proportzioa parekatzen ari da

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.


Nerea Ibarzabal
"Bertso plaza aldatu egin da azken urteetan eta arriskua ikusten nuen finala plazako iruditik urrun geratzeko"

Irundik estomagoan zuen lantza kendu zuen Baionan markinarrak, saio borobila osatuz eta lehen postua erdietsiz.


2022-06-02 | ARGIA
Señora Sariketaren finala ekainaren 4an izango da Leitzan

Ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan. Hauek dira kantuan arituko direnak: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles sailkatu dira Hendaia eta Laudioko kanporaketetatik, eta Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira bigarren edizioko... [+]


2022-05-24 | ARGIA
Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehenengo topaketa egin dute Markina-Xemeinen

Maiatzaren 22an bertso munduko eremu eta belaunaldi ezberdinetako 60 emakume* elkartu dira Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, "elkar ezagutu, saretu eta gozatzeko" asmoz.


Odei Barroso. Zalantzan ziur
"Mesede baino kalte handiagoa egin dit besteen onarpenaren arabera bizitzeak"

Bertsolaria eta raplaria da. Urruñarra da eta Baionan bizi da. 2zio rap taldeko partaide izana, ODEI bakarkako proiektuan dabil orain, buru-belarri.


Eguneraketa berriak daude