"Mendia korrika igotzearen moda? Horiek ez dute ezer ikusten"

  • Komunista, ateoa eta antiklerikala dela dio gerra eta diktaduraren errepresalia gogorrenak pairatu behar izan zituen emakume honek. Kontrabandoan eta mugalari lanetan ibili zen. Mendian ibiltzeko astia izan du eta 90 urteak gaindituta ere astero joaten da mendira.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Paquita Bretos Andueza (Pasai Antxo, 1927)

1936ko Gerraren bortizkeria ezagutu zuen txikitan: Gernikako bonbardaketa, aitaren fusilamendua, amaren atxiloketa eta familiaren mespretxua. Kontrabandoan eta jendeari muga zeharkatzen lagunduz atera zuen bizimodua gaztetan. Mendizaletasunaren aitzindarietako bat da Nafarroan, Angel Oloron senarra zenarekin batera. 91 urte ditu eta jarraitzen du igandero mendira ateratzen. Duela ia 50 urte Nafarroa Kirol Elkarteko mendizaleek eraiki zuten Belaguako aterpea berriz zabalik ikustea espero du ilusio handiz. Irailaren hasieran aterpe berriaren lehen harria jarri zuen.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Ama Iruñekoa zen, maistra. Iruñean karlista ez ziren maistrek ez zuten plazarik eta horregatik kanpora atera behar izan zuen. Ardatz herrian, Eguesibarren, aritu zen hasieran eta Martzillan gero. Han ezagutu zuen nire aita, jatorriz Villafrancakoa zena. 1923an ezkondu eta Pasaiara joan ziren bizitzera. 1936ko hauteskundeetarako Fronte Popularraren zerrendetan aurkeztea proposatu zioten eta berak onartu egin zuen. Esan zioten bazegoela apaiz karlista bat emakumeei gauzak eskaintzen zizkiena botoaren truke eta haien artean amaren ezagun asko zeudenez, berari aurkeztea proposatu zioten boto horiek eskuratzeko asmoz, nolabait. Albisteak oihartzun handia izan zuen, denek ezagutzen baitzuten herriko maistra. Fronte Popularrak irabazi zituen bozak, eta askok ez zioten gure amari hori barkatu.

Gerra hasi eta berehala joan zen aita frontera errepublikaren alde borrokatzera. Mailua eta igitaia ikusi nituen bere uniformean, beraz komunista zela uste dut nik.

Orduan ama eta biok Bilbora joan ginen, Erandiora zehazki, utzi ziguten langile etxe xume batera, beste familia batekin. Nire anaia Iruñean zegoen ordurako. 1934an hara bidali zuten eskolapioetan ikastera eta amonarekin, amaren amarekin, bizi zen. Hura karlista amorratua zen. Aitona, aldiz, ez zen karlista. Arre herrikoa zen, hargina. Berak egin zuen ospitalea inguratzen zuen harrizko hesia.

Bilbon zinetela bonbardaketen lekuko izan zineten?

Bai. Amak biak ikusi zituen, baina nik soilik Gernikakoa. Ama herrietara joaten zen janari bila eta Lutxanako tunelera eramaten ninduen babesean egoteko beste haur eta emakume batzuekin, bera kanpoan zegoen bitartean. Horregatik ikusi zuen Durangoko bonbardaketa. Esaten zuen Gernikakoa baino gogorragoa izan zela, baina horrek ez zeukala koadrorik.

Gernikakoan ikara batean heldu zen etxera eta hor aurkitu gintuen haurrok apustu egiten genuen hegazkinen bonbak non eroriko, jolas bat balitz bezala.

Santanderreko Batailaren erdian ere harrapatuta ikusi zenuen zeure burua. Nola izan zen?

Bonbardaketen ondoren faxistak gero eta hurbilago zeuden eta Santanderrera alde egin genuen. Hango egoera ere ikaragarria zen. Abuztuan iritsi ginen. Su-bonbak ikusi genituen hegazkinetatik erortzen. Bengalak ziruditen. El Sardinerotik ateratzen ziren arrantzontzietan ihes egiten zuten herritarrek, eta horiek ere bete zirenean, jendea bere kabuz sartzen zen itsasora, desesperazioak jota, zurezko edozein txalupa zaharretan ihes egin nahian. Abertzaleek haien jendearentzat jarri zituzten itsasontziak handik ateratzeko, baina ez errepublikazaleentzat. Aita eta beste miliziano batzuk entregatu ziren. Karlistek esan zieten lasai egoteko, biharamunean etxera bidaliko zituztela. “Zuek baino lehenago iritsiko naiz etxera. Heltzen zaretenerako, sutondoan izanen nauzue, porrusalda prestatzen”, esan zigun. Hura izan zen aita ikusi nuen azken eguna. Etxera beharrean Cacereseko Trujilloko kontzentrazio esparrura eraman zuten eta 1937ko abenduaren 27an fusilatu zuten.

Vignemale eta Neouville dira mendi politenak Bretosentzat.

Nola bizi izan zenuen aitaren fusilamendua eta amaren atxiloketa?

Eskutitza iritsi zitzaion amari esanez aita fusilatu zutela, baina bere gorpuzkiak ez ditugu oraindik aurkitu. Hurrengo urtean, 1938an, ama atxilotu zuten. Berak bazekien bere bila etorriko zirela eta herritik kanpora joan zen bizitzera. Inork ez zigun lagundu. Bretos familiako inork ez ninduen hartu. Gehienak Donostian eta Pasaian bizi dira eta duela gutxi haiengana joan naiz agur esatera eta egin zigutenagatik errieta egitera. Opusekoak eta mojak dira gehienak.

Eskerrak Pasaian errefuxiatuta zegoen Emakume Abertzale Batzako presidentea izandako Bermeoko andre batek bere etxean hartu ninduen. Berarekin egon nintzen ama atxilotu zuten arte. Oso ongi gogoratzen dut ama agurtu zela fusilatu behar zutela sinetsita. Nik banuen Matías Anoz, Martzeliano Etxea ostatu ezaguneko jabearen telefonoa, gurasoen laguna zelako. Berari deitu eta berehala nire bila joan zen amonarekin ekartzeko. Bi urte igarota, 1940an, atera zen ama kartzelatik eta Iruñera etorri zen.

Nola lortu zenuten aurrera ateratzea?

Oso gogorra izan zen. Ama iritsi eta zortzi egunetara amonak bere etxetik bota gintuen. Anaia ez, anaiari berarekin gelditzeko aukera eman zion. Ez geneukan ezer, baina lehenengo egunetik abertzaleen laguntza izan genuen. Ama atxilotu baino lehen ere Aranzadi argitaletxeak lana eman zion eta Iruñera iritsi eta hurrengo egunean lanpostua eman zioten Azketa familiak zeukan laborategian. Eraikin horretan berean bazen janari-denda bat, falangista baten emaztearena. Gizona Madrilera joan zen kargu batekin, emaztea eta bost seme-alabak hemen utzita. Emakume horrek ez zekienez kontuak eramaten nire amak laguntzen zion dendan eta errazionamendu kartillak egiten. Egun batean dendan agertu ziren aita zenaren Oiartzungo lagun bat eta Kinto Realeko Beñardo Erreka, Kanbon bizi zena. Erresistentziako burua zen zonalde hartan. Haiek proposatu zioten amari kontrabandoko gauzak saltzea denda horretan.

Astean behin ekartzen zizkioten fardelak eta berak saldutakoaren dirua ematen zien. Horrela hasi ginen kontrabandoan. Farfailak, sakarina, termometroak… eta ‘zazpiak bat’ ikurra zeramaten eskumuturrekoak saltzen genituen.

Tabako gorria ere ekartzen genuen Pasaiatik. Lehen aldian 12 bat urte izanen nituen eta beroki handi batean tabako pila ekarri nuen ezkutuan trenean. Hala ere, ez nuen beldur handirik pasa.

Mendian ezagutu zuen Angel Oloron senarra, nola ez.

Jendeari ere laguntzen zenion muga pasatzen?

Oso gaztea nintzela hasi nintzen jendea mugaz bestaldera pasatzen. Eta gero kontrakoa, handik hona. Nik ez nekizkien haien izenak, ez ezer. Martzeliano Etxean lo egiten zuten eta herrietakoak azokara etortzen zirenean haien gauzak saltzera, ostatutik atera, jende artean nahastu eta merkantzia trenak hartzera joaten ziren Madrilera joateko.

Lan konbinatuak ziren gureak. Autobusean joaten nintzen Eugiraino. Herriko azken etxean lo egiten nuen eta hurrengo egunean, goizaldeko lauetan, Errea izeneko basozain batek harritxo batzuk botatzen zizkidan leihora. Orduan jaiki eta harekin joaten nintzen Urepeleraino, 20 kilometro oinez. Hara iritsitakoan esaten zidaten nor lagundu behar nuen Iruñeraino. Normalean erresistentziako emakumeak ziren. Beldur handia zutenean nik haiekin lo egiten nuen. Arropa ere eramaten genuen askotan. Hemengo neska batzuk botere bidez ezkontzen ziren Mexikon zeuden haien senargaiekin eta guk Urepelera eramaten genizkien haien gauzak handik Baionara autobusez eramateko. Han hegazkina hartu eta Mexikora joaten ziren.

Ideologiaz, nola definitzen duzu zeure burua?

Ni komunista eta antiklerikala naiz. Eta ateoa, nire ama bezala. Elizara joaten naiz, baina ez dut sinesten. Nik uste dudana da ongi egin behar dela hemen. Lehen zerua eta infernuarekin engainatzen gintuzten, baina zer da hori gaurko gazteentzat, dena dakiten horientzat? Ni ez naiz abertzalea. Ikurrina toki guztietara eraman izan dut Franco hil arte, hori baitzen Francoren aurkako ikurra. Dena den, Nafarroako abertzaleak ez ziren Euskadikoak bezalakoak eta izugarri lagundu ziguten. Nafarrak Acción Nacionalista Vascakoak ziren, eta karlistak zituzten aurka, besteak, aldiz, eskuinekoak ziren eta hala izaten jarraitzen dute gaur egun ere. Nazionalistek Bilboko labe garaiak ez bonbardatzeko eta Santoñatik abertzaleak barkuetan ateratzeko ituna egin zuten italiarrekin. Abertzaleak ateratzen zituzten, baina ez errepublikazaleak. Berdin segitzen dute, eskuinarekin tratuak egiten, baina hemengoak oso desberdinak dira. Hemengoek izugarri lagundu zieten, adibidez, Ezkabako presondegitik ihes egin zuten preso ezkertiarrei.

Noiz hasi zinen mendira joaten?

Gaztetan, 1948 edo 1949an hasi nintzen ateraldiak egiten beste neska eta mutil batzuekin. Igandeetan joaten ginen Nafarroako Kirol Elkarteak (Club Deportivo Navarra) antolatzen zituen autobusetan. Hasieran mugaldeko mendietara ez zuten joaten uzten. Orhira 50eko hamarkadan hasi ginen hurbiltzen, adibidez, baina ezin zen argazkirik egin.

Angel Oloron nola ezagutu zenuen?

Mendian, noski, eta kantinplora baten erruz. Lehen, emakumeak ezin ginen tabernetara sartu herrietan. Behin Lekunberrin ginela, porroi bat garagardo gaseosarekin atera zuten, baina ez zait gustatzen. Nik ura nahi nuen eta Angelek kantinplora bat atera zidan tabernatik. Gero bera eta beste lagun batzuk etxera etortzen ziren nire bila igandeetan autobusera laguntzeko, normalean oso goiz ateratzen ginelako.

Zer eman dizu mendiak?

Eta ematen didana! Dena. Naturarekiko harremana, soinuak, animaliak, aire garbia… Angelek ere izugarri maite zuen natura. Ez zidan uzten ezta loreak hartzen ere. Gaur egun jarraitzen dut mendira joaten Joaquín Salbotx eta beste lagun mendizale batzuekin. 8-10 kilometro egiten ditugu mendian igandero.

Gaur egungo mendizaletasuna nola ikusten duzu?

Zer diozu? Mendia korrika igotzearen moda? Horiek ez dute ezer ikusten. Nik ez nuke eginen ezta 18 urte izanda ere! Eta berdin zortzi milako mendietara helikopteroz joaten direnak ere.

1971n ireki zuten Belaguako aterpetxea Nafarroako Kirol Elkarteak kudeatu zuen. Argazkietan ikus daitezke orduko lanak. Hamahiru urte itxita egon ondoren, irailaren 1ean, eraikin berriaren lehen harria jarri zuen Bretosek. Estimu berezia dio mendizaleak aterpetxeari.

Baina zaletasun handia dago, ezta?

Bai, baina orain beste modu batez joaten da jendea mendira, ea egiten duten hiru mendi egun berean eta horrela. Lehen Tolosan eta Gasteizen zuten bereziki zaletasun handia. Orain gutxiago. Lehenagokoak zahartu dira eta gazteek nahiago dute Himalaiara jo. Ez dute hemengo mendietara joan nahi.

Zu Pirinioez gain, beste mendi altuetan ibili zara?

Bai. 50 urte bete nituen urtean Mont Blancera joan ginen. Lagun batek ikurrina txiki bat eraman eta gailurrean jarri genuen. Italian eta Suitzan ibili ginen nik gidatzen nuen R6 batekin.

Zein da inoiz ikusi duzun mendirik ederrena?

Vignemale eta Neouvielle dira politenak, baina niri denak gustatzen zaizkit. Ezkaba mendia, adibidez, izugarri gustatzen zait. Midi ere mendi ikusgarria da. Kontrabandoaren garaitik amerikarrek utzitako material asko nuen eta besteak beste kanpin denda bat, 20 kilo pisatzen zuena. Horrekin joan ginen Midira lehen aldiz. Besteek denda muntatzen zuten bitartean nik afaria prestatu nuen: patata purea eta azpizuna.

Irailaren 1ean Belaguako Angel Oloron aterpe zaharberrituaren lehen harria jartzen izan zinen. Zer izan da aterpe hori zure bizitzan?

Oso garrantzitsua izan da beti. 1968an hasi zen proiektua. Hasieran behean egin behar zuten, baina esan zieten handik errepidea pasako zela eta kokapen berria bilatu zuten. Nafarroako Kirol Elkarteak eskatu zuen mailegu batekin jarri zen martxan proiektua eta 1971n zabaldu zuten. Orain 13 urte darama itxita eta penagarria izan da. Angeli izugarrizko pena ematen zion gainbeheran ikusteak eta azken urteetan ez zuen hara joan nahi. Orain Europatik etorri da diru-laguntza aterpea berregiteko, baina baldintza batekin: kanpin denda erraldoiaren itxura berezi hori mantendu behar da. Erritmo onean ari dira lanean eta datorren urtean zabaltzeko asmoa dago. Niri izugarrizko ilusioa egiten dit.

Off the record: Gona-prakekin

Paquita Bretosek Carmen kaleko bere etxean hartu gaitu. Kafe goxoa eta bezperan egindako bizkotxoa atera digu hamaiketakorako. Sobratu dena bi puskatan jarri eta aluminiozko paperean bilduta eman digu Dani eta bioi etxera eramateko. Argazki albumak atera dizkigu eta hitz eta pitz kontatu digu nola joaten zen mendira bere gona-prakarekin eta amerikarrek ekarritako zapata berezi batzuekin.


ASTEKARIA
2018ko azaroaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude