"Eraso faxistak eteteko gai izango da Kataluniako mugimendu baketsua"

  • Irailaren 20an Espainiako Poliziak Generalitatearen Herrizaintza Sailean egindako miaketak salatu asmoz sudur gorria jantzi zuen guardia zibilen aurrean Jordi Pesarrodonak (1960). Pailazoa eta Sant Joan de Vilatorradako kultura zinegotzia (ERC) da. Urriaren 1ean, bere herriko eskolan erresistentzia egiteagatik auzipetu zuten. Lau delitu egotzi zizkioten: desobedientzia, autoritatearen kontrako erresistentzia larria, lidergo iskanbilatsua eta gorrotoa sustatzea.

Argazkia: Jordi Borràs
Argazkia: Jordi Borràs

Zertan da zure auzia?
Auzia probisionalki artxibatu ondoren, eta helegitea aurkezteko epea amaitzear zela, Manresako Fiskaltzak helegitea jarri eta orain zain gaude, Guardia Zibilaren salaketa faltsuaren ondorioz egozten zizkidaten hiru delituen ebazpena jakiteko.

Urtebete igaro da. Zer moduz zaude?
Jendearen babesari esker, ongi. Milaka lagunek jarri pailazo sudurrek eta adierazitako elkartasunak itxaropena ematen dute. Aitortu behar dut hasieran beldur nintzela mobilizazioa desaktibatzeko zegoen arriskuagatik, baina agerian da mobilizazioak luze iraungo duela.

Urtebete igaro da guardia zibilen ondoan pailazo sudurra jantzi zenuenetik. Zein irakurketa egiten duzu?
Sekula ez nuen imajinatuko, 1993an protesta sinboliko bera Bosniako mugaldeko soldadu batekin egin ondoren, bake aldarri eta armen erabileraren kontra pailazo sudurra jartzeagatik, Espainiako Estatuak auzipetuko ninduenik. Perspektibaz begiratuta, leziorik garrantzitsuena da gisa honetako ekimen sinboliko baketsuak ezinbestekoak direla, baina, ekarriko zituen ondorioak kontuan hartu gabe ezin direla egin.

Damu zara?
Inolaz ere ez, berriro ere egingo nuke. Baina, hori bai, Katalunian testuingurua dagoen bezala egonik, ezinbestekoa da zentzu guztietan aholkatuta eta babestuta jokatzea.

Gerora etorriko zen urriaren 1eko polizia erasoa. Espero zenuen?
Miaketen ondorengo gauean sentsazioa izan nuen nire kontra etorriko zirela. Nik ordura arte ez nuen herio mehatxurik jaso, eta gau hartan milaka jaso nituen, tartean Guardia Zibilaren forotik, orain ilegaltzat jo dutena. Hori bai, ez nuena espero zen Polizia hiritarren kontra kolpeka hastea. Ikaragarria izan zen. 

Argazkia: Jordi Borràs

Carles Puigdemont-ek bozkatzen zuen eskolari eraso egin zioten lehendabizi, eta bigarrena zurea izan zen. Zergatik?
Ni nintzelako. Nire herrira etorri zen Guardia Zibilaren komandoak gerora baieztatu zuen bezala. Pailazo sudurra jarri izatearen mendekua bilatzen zuten, eta lortu dute.

Erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso faxistek uda markatu dute. Zer deritzozu?
Erasoak ez dira asko izan, baina, bai basatiak. Nire kasuan bi eraso mota sufritu ditut. Batetik, orain arte herrian estimatua nintzen eta azkenaldian bizilagun asko etorri zaizkit garrasika. Bestalde, eraso fisikoak ere nagusitu dira. Preso politikoak Lledoners espetxera ekarri zituztenean, adibidez, CDR-etako mutil bati eraso egin zioten eta erasotzaileak lasai eta aske daude.

Zein da halako erasoak saihesteko gakoa?
Kataluniako mugimendu baketsua gai izango da baita eraso faxista horiek eteteko ere. Epez kanpo dagoen Espainiako Estatuko azken txinpartak bizi ditugu. Lazo horiak kentzen dituzten oldarkortasun berarekin kendu nahiko ligukete lepoa. Gomendio bat ematen diet: har dezatela independentismoa eredutzat eta izan daitezela sortzaileagoak haien aldarrikapen faxistak egitea.

Zure auzia, zoritxarrez, ez da bakarra. Valtonyc azkenik ez dute estraditatuko.
Beste behin agerian gelditu da Espainiako justiziaren gaitasun eza. Espainian ideiak jazartzen ari dira eta adierazpen askatasunaren kontrako eraso irmoa besterik ez da Valtonyc auzia, diktadura garaian ere parekorik ez duena. Edozein modutan, berri ona da Europako justizia jokoz kanpo uzten hasi izana Espainian gertatzen ari dena.

Zenbateraino da mesedegarri zeure alderdiak babestu zuen Espainiako gobernu aldaketa?
Zentsura mozioa albiste ona izan zen Espainiarentzat, baina ez Kataluniarentzat. Sanchez Rajoy baino hobea da, baina, sozialistak gatibu egongo dira. Orain arte eginiko urratsekin egiaztatzen da PPk errepresioa egin duela aurpegia estali gabe, eta, PSOEk, aldiz, estalita.

Zer gertatuko da hemendik aurrera?
Denbora behar izan dugu indarrak hartzeko, udazkenean hamaika ekitaldi baketsu antolatuko dugu. Bi aukera daude, azken 70 urtetan ikusi ez den errepresio bortitzaren gorakada ala Kataluniako Errepublikaren eraketa. Eta esango nuke, uste baino gertuago eratuko dugula Kataluniako Errepublika.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako erreferenduma
Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2022-08-31 | ARGIA
Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituen Espainiako Estatuak, NBEren arabera

Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.


2022-05-25 | ARGIA
Kataluniako presoen indultuak berrikusiko ditu Espainiako Epaitegi Gorenak

Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.


Eguneraketa berriak daude