Biometria eta kontrola Europar Batasunean

  • Hatz-marken, aurpegieraren, informazio genetikoaren eta datu pertsonalen kontrol integraturako sistema sortzeko asmoa daukate EBko agintariek. Errefuxiatu eta etorkinentzat pentsatuta badago ere, Europako herritar guztiak har litzake sistema horrek.

Zeure gorputza zeure pasaporte bihurtzen duen guztia da biometria. Edo, 2016an onartutako Datuen Babeserako Europako Araudi Orokorraren definizioaren arabera, identifikazio bakar eta fidagarri bat lortzeko pertsona baten ezaugarri fisiko, fisiologiko nahiz jokamoldeari buruzkoak prozesatzetik sortutako datu pertsonalek osatzen dute informazio biometrikoa.

Munduan zehar gehien erabiltzen diren ezaugarriak –eta Europako erakunde publikoek gehien erabiltzen dituztenak– hatz-markak, aurpegien errekonozimendua eta DNA dira. Beste sistema batzuek eskuen forma, behatzetako eta eskumuturretako zainak edo pertsonen jokamolde-eredua aztertzen dituzte; beste batzuek ahotsa, irisa edo erretina, idazkera edota gorputzaren usainaren konposaketa kimikoa hartzen dituzte oinarritzat.

2013tik aurrera, errefuxiatuen eta asilo-eskatzaileen
kopurua igo dela eta, biometria funtsezko elementua izan da
‘Europa gotorlekua’ hedatzeko

Herrialde edo kontinente batean sartzen diren pertsonen nortasuna modurik fidagarrienean egiaztatzeko sistema biometrikoak erabiltzeko joera mundu osora zabaldu da 2001eko irailaren 11z geroztik. Aireportuak eta mugak azpiegitura kritikoak bihurtu dira eta “mehatxu okerrenen” sarbidea dira diskurtso ofizialaren arabera, beraz, baita imajinario kolektiboan ere. Egungo migrazio-krisiaren ondorioz eta bereziki 2013tik aurrera –errefuxiatuen eta asilo-eskatzaileen kopuruaren igoera dela eta– biometria funtsezko elementua izan da Europa gotorlekua gisa ezagutzen duguna hedatzeko garaian, eta lehentasun teknologiko, ekonomiko eta legislatiboa bihurtu da, bai EBko herrialdeetan bai nazioartean.

Gobernu, enpresa eta are GKEak ere Europan sartzen, handik irteten edo Europa barruan ibiltzen diren pertsona guztien gorputz-ezaugarrietan oinarritutako ahalik informazio gehiena eskuratzeko bitarteko teknikoak hedatzen ari dira sistematikoki, zaintza- eta segurtasun-kontuetarako nagusiki. Horretantxe datza kontrol biometrikoa, hain zuzen ere. EBk 2020an 218 milioi etorkin eta asilo-eskatzaileren informazio biometrikoa jasoko duela kalkulatzen da, eta kopuru horren barruan beste kontinente batzuetatik etorritako bidaiarien datuak daude, EBko bostehun milioi herritarrei buruzko geroz eta informazio gehiagorekin batera.

Arrazari eta generoari lotutako aurreiritziak
Datu biografikoek ez bezala, datu biometrikoek jendea arrazaren eta generoaren arabera sailkatzea zailtzen dutela aldarrikatzen badute ere, datuok eskuratzeko garaian aurreiritziek eragina izan dezakete. Teknologia biometrikoari buruzko ikerketek erakusten dutenez, sistema hauen errore-portzentaia batere txikia ez izateaz gain, indartu egiten dute etnia, arraza, genero eta klase sozialari lotutako berdintasun eza. “Sistema biometrikoak Mendebaldean diseinatzen dira, gizon zuriek nagusiki. Ez dute modu berean funtzionatzen pertsona guztiekin eta akats gehiago egin ohi dituzte pertsona arrazializatuak identifikatzeko garaian, esate baterako”, dio Chris Jones Statewatch-eko eta European Digital Rights-eko ikerlari eta aktibistak.

Informazio horiek okerreko eskuetan bukatuz gero,
oinarrizko eskubideen aurkako tresna arriskutsu bihur daitezke datu-baseak

Bestalde, zenbait ikerlanek adierazten dutenez –Nichole A. Fournier-ek eta Ann H. Ross-ek 2015ean American Journal of Physical Anthropology aldizkarian argitaratutakoak, adibidez–, hatz-marken bidez pertsonen sexua eta jatorri geografikoa jakitea dago, eta datuak jasotzeko egun garatzen ari diren beste teknika berri batzuek ere datuok jakiteko aukera emango omen dute.

Generoari dagokionez, nortasuna egiaztatzeko eta hura zehazteko obsesioak (aireportuetan gehienbat) gorputz, jokamolde eta nortasun jakin batzuen normalizazio behartua indartzen du, trans aktibistek, bereziki AEBetan, behin eta berriro salatu duten moduan.

Bumeran-efektua Europako herritarrentzat
Nahiz eta kontrol biometrikorako aplikazio nagusiak batez ere Europaz kanpoko etorkinei eta pertsona arrazializatuei zuzenduta egon, sarbide interoperagarria hedatzeko planak daude, Prüm sistemaren bidez dagoeneko europar herritarren informazio biografiko eta biometrikoa daukaten EBko datu-baseak ere erabili ahal izateko. Ibilgailuen matrikulak, DNA, hatz-markak eta bidaiarien erregistroko (PNR) datuak jasotzen ditu Prüm sistemak. Transnational Institute-k salatzen duenez, PNRk “susmopean jartzen ditu hegaldi bateko bidaiari guztiak, automatikoki eta aurretik inolako arrazoirik egon gabe”.

Era berean, zaila da ez ikaratzea sistema interoperagarri horiek jasoko dituzten datuen dimentsioarekin eta edukiarekin eta, bereziki, emango zaien erabilerarekin. Ildo horretan, Datuak Babesteko Ikuskatzaile Europarrak ohartarazten duenez, “informazio horiek okerreko eskuetan bukatuz gero, oinarrizko eskubideen aurkako tresna arriskutsu bihur daitezke datu-baseak”.

“Eskuin muturrak 218 milioi pertsonaren datu biometrikoak eskuratu litzake”

Chris Jones (Essex, 1985) Erresuma Batuko eta Europar Batasuneko politika publikoei, migrazioei, militarismoari eta segurtasunari buruzko ikerlaria da eta Statewatch-eko kidea 2010az geroztik. Irabazi asmorik gabeko erakunde horrek ikerketa kritikoa egiten du Europako barne-arazoen, eskubide eta askatasun zibilen, pribatutasunaren eta justiziaren inguruan. EBko segurtasun-konplexu industrialaren gorakada txostena argitaratu berri du.

Zertan datza kontrol biometrikoa eta nola justifikatzen dute?
Kontrol biometrikoaren bidez, pertsona baten ezaugarri ustez bakan bat neurtzen dute haren nortasuna egiaztatzeko, eta informazio hori datu-base batean gordetzen da edo adibide edo lagin batekin alderatzen da kointzidentziarik ba ote dagoen ikusteko. Ezaugarri biometrikoa izan daiteke hatz-marka bat, aurpegiaren irudi bat, esku-ahurraren aztarna bat, pertsona baten ibilera, zainen eredua... Astero-astero ezaugarri berriak agertzen ari dira. Eta halakoen erabilera asko hedatu da azken urteotan. Telefono mugikorrek eta ordenagailu eramangarriek, adibidez, segurtasun-sistema biometrikoak dauzkate eta enpresa eta erakunde militarrek ere halakoak erabiltzen dituzte beren bulego eta eraikinetako sartu-irtenak kontrolatzeko. Eskala handiko adibideak, datu-base handiak, ordea, gobernuek inplementatzen dituzte, egungoa bezalako testuinguru politikoan bereziki, terrorismoa eta migrazioa bezalako “mehatxuak” erabiltzen baitituzte kontrol biometrikoa are gehiago zabaltzeko aitzakia gisa.

Noiz eta nola pasa ziren sistema biometrikoak migrazioa kontrolatzeko eta asiloa kudeatzeko tresna gisa erabiltzetik krimenaren eta terrorismoaren aurka borrokatzeko erabiltzera? Teknologia biometrikoak nola bihurtu dira segurtasun-auzi?
Europako erakunde eta gobernuek urteak daramatzate sistema biometrikoak poliziarentzako informazio-iturri bihurtzeko ahaleginetan. Schengen eremuko bisak kudeatzen dituen datu-basearen kasuan –Visa Information System (VIS)–, 2008an erabaki zuten poliziak erabili ahal izatea, nahiz eta erabakia 2013 amaiera arte ez gauzatu.

Asilo-eskubidea eskatzen dutenen hatz-markak gordetzen dituen Eurodac sistemaren kasuak zalaparta handiagoa piztu zuen, 2012an haren araudia aldatzea erabaki baitzuten, baldintza jakin batzuetan poliziak datu-base hori erabiltzeko aukera izan zezan, nahiz eta hasiera batean asilo-eskaerak kudeatzea izan haren xede bakarra. Datu-base horretan, gainera, etorkin “irregularren” datuak jaso nahi dituzte. Bi kasuetan ere, neurri horiek datuen babesari buruzko oinarrizko printzipio bat urratzen dute: informazioari ematen zaion erabilera mugatuaren printzipioa. Jatorrian zeukatenaz bestelako erabilera ahalbidetzen duen erreformaren aurretik zeuden datuok datu-base horietan eta ez ziren jaso orain eman nahi zaien xederako. Gainera, poliziak datuok eskuratu ahal izate horrek susmoa pizten du bisa- edo asilo-eskatzaileen inguruan, pertsona horiek delituak egiteko joera handiagoa daukatela iradokitzen baitu.

Joera hori bazegoen lehendik ere, baina orain bizkortu egin da sistema berriak agertzearekin batera eta egungoak eta etorkizunean egongo diren sistema guztiak interkonektatzearen ondorioz.

Europar Batzordeak dio beste herrialde batzuetako pertsonen kontrol biometrikoa funtsezkoa dela Europan terrorismoaren aurka borrokatzeko. Baina Europan egindako eraso asko eta asko EBko nazionalitatea daukaten pertsonek egin dituzte. Zer diozu hortaz?
Tira, Europar Batzordeak ez du inoiz argudio bereziki sakonik aurkeztu bere ekimenak justifikatzeko. “Migrazio-fluxuen” eta terrorismoaren aurkako borrokaren kudeaketa modu guztiz arduragabe eta naturalizatuan nahastu du eta nahasten du. Ematen du Batzordeak halako lotura logiko bat ikusten duela migrazioaren eta terrorismoaren artean, edo hori da aurkeztu nahi duten irudia.

Kontrol biometrikoa azken urteetan modako ikur bilakatzen ari da, atzean masiboki zelatatzeko sistema erraldoia eraikitzen ari diren bitartean. Irudia Visa txartelaren iragarki batena da.

Aplikatuko diren sistema eta datu-base berriek (EES, ECRIS, ETIAS) zer-nolako eragina izango dute pertsona arrazializatuengan?
Sistema horiek guztiak beste herrialde batzuetako pertsonekin erabiltzen dira oraingoz, eta, beraz, argi dago pertsona arrazializatu ugariren datuak jasotzen dituztela. Europaz kanpoko 218 milioi herritarren datuak jasota dauzkatela kalkulatzen da. ECRIS-TCN-ri dagokionez, herrialde bakoitzeko sistema judizialek arrazagatik dauzkaten aurreiritziak islatuko ditu ezinbestean. Etorkin irregularrek, atzerritarrek eta pertsona arrazializatuek “zuriek” baino aukera gehiago dauzkatenez zigortuak izateko edo aurrekariak edukitzeko, aukera gehiago dago, halaber, haien datuak nazioz gaindi eskuragarri egoteko, aipatutakoak bezalako sistemetan jasota egotearen ondorioz.

Sartu Irteneko Sistemaren (EES, ingelesez) ezarpena da kezkagarriena seguruenik, maila nazionaleko kontrol-azpiegitura masibo baten mende egongo baita haren funtzionamendua. Inor EBn sartu eta baimendutakoa baino denbora gehiago geldituz gero, agintariak abisatuko ditu sistemak. Pertsona horiek ezin izango dituztenez automatikoki lokalizatu, errepide-kontrolak jarriko dituzte eta, dakigunez, arrazagatiko kategorizazioak egiteko joera handi samarra dauka poliziak. Horrenbestez, arrisku handia dago sistema berri horrek egungo joera areago indartzeko.

“Arrisku handienetako bat da pentsatzea gobernuek eta estatu-erakundeek erantzukizunez jokatzen dutela eta jokatuko
dutela beti eta,
dena ongi aterako dela”

Eta aktibista politikoei dagokienez?
Argi dago datu-base horiek erabilgarriak izango direla, nola edo hala, aktibisten edo politikoki “maltzurtzat” jotako pertsonen aurka. Nolanahi ere, SIS izeneko datu-base poliziala da sistemarik garrantzitsuena zentzu horretan. Sistema zabaltzen ari dira, datu gehiago jasotzeko, DNA esate baterako. SISen bidez zaintza-alertak sor daitezke, talde terroristetan sartzen diren pertsonei buruz adibidez, baina aktibista politikoen joan-etorriak zaintzeko eta kontrolatzeko ere erabili izan dira.

Zer gerta daiteke datu-base biometriko horietan jasotako informazioa okerreko eskuetan eroriz gero, Europan gero eta indartsuago dagoen eskuin muturraren eskuetan, adibidez?
Europako datu-baseak elkarren artean konektatzea eta datu biometrikoen erregistro bakar bat sortzea oso helburu tentagarria izan daiteke hackerrentzat. Beste kasu batzuetan ikusi dugun moduan, xantaia masiboa egiteko aukera egon liteke, oso datu pribatuekin. Eskuin muturra boterera iritsiz gero, datu horiek guztiak –bisa- eta asilo-eskatzaileenak barne– eskueran izango dituzte automatikoki. Interoperabilitatearen esperimentu honek dakarren arrisku handienetako bat da pentsatzea gobernuek eta estatu-erakundeek erantzukizunez jokatzen dutela eta jokatuko dutela beti eta, datuak modu okerrean erabiliz gero, kalte-ordainak egongo direla eta dena ondo aterako dela. Europako historiak erakusten digunez, gerta daiteke gauzak ez izatea horrela eta pertsonen erregistroak xede arriskutsuetarako erabiliak izatea, gobernu arrazista ankerrek boterea eskuratuz gero.

Interoperabilitatea zenbateraino da Europako herritar guztien eskubideen aurkako mehatxua?
Europar Batzordeak esaten du, SIS sistema kenduta, datu-bilketa eta interkonexioa «beste herrialde» batzuetako herritarrei zuzentzen zaiela bakarrik. Dena den, iraingarria da esatea ez dugula zertan kezkatu, beste pertsona batzuen eskubideak kaltetuko dituzten sistemak direla eta. Kontu hori gorabehera, baina, dagoeneko Europako herritarrei buruzko informazio asko daukaten base eta datu-sistema gehiago konektatzeko asmoa daukate, hala nola Prüm sistema (DNA, hatz-marka eta ibilgailuen matrikulen erregistro partekatua) eta PNR delakoa (Europatik doazen, Europara datozen nahi Europa barruko hegaldietako bidaiarien erregistroak). Dagoeneko hasiak dira sistema horiek lotzen. Mehatxuak hainbat eratakoak dira.

Datuok oso erakargarriak zaizkie hackerrei eta beste gobernu eta botere batzuei, edo datu-base desberdinetatik datu okerrak jaso daitezke eta oso zaila da haiek zuzentzea. Dena den, mehatxurik handiena da zaintza masiboko sistema baten sorrerak ezin duela bateragarria izan ustez gizabanakoen eskubide eta askatasunetan oinarritzen diren gizarteekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontrol soziala
"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Gasteizko Udalak ia 40 milioi euro bideratuko ditu segurtasun arloko langileen soldatak ordaintzera

Iñaki Gurtubai Segurtasuneko zinegotziak "Poliziaren Lan Eskaintza Publiko bateratua” eta “inteligentzia kamerak instalatzea” iragarri ditu 2024rako, besteak beste.


Gasteizko Udalak 117.000 euroko inbertsioa egingo du bideozaintzarako hamazazpi kameren instalazioan

Gasteizko Udalak Insitel enpresari esleitu dio hiriaren erdigunean prestazio altuko hamazazpi kameraren bidez bideozaintza sistema hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko kontratua. Besteak beste, Andre Maria Zuriaren plazan, Plaza Berrian eta San Frantzisko aldapan jarriko... [+]


Zaintza-kamerek ezkutatzen dutena

Gasteizen, beste hiri batzuetan bezala, zaintza-kamera berriak jarri nahi dituzte, baina ez digute horien benetako ezaugarririk kontatzen. Are larriagoa da ez dizkigutela azaltzen benetako arrazoiak zein diren, ezta kamerek nori egiten dioten mesede ere. Gaia orokorrean... [+]


X sare sozialak erabiltzaileen datu biometrikoak jasoko ditu, segurtasunaren izenean

X sare sozialak (orain arte Twitter zenak) bere pribatutasun politika aldatu du eta erabiltzaileen ezaugarri fisikoak ere bilduko ditu, besteak beste, aurpegi-ezagutzaren bitartez.


Eguneraketa berriak daude