Maravillas, gaztetxe bat hauteskundeen zurrunbiloan

  • Maravillas gaztetxea hustea pentsatutakoa baino arazo gehiago ekartzen ari da Nafarroako politikara. Gisa honetako hamaika auzi ikusi ditugu azken hamarkadetan han-hemenka, baina hemen arazoak aldaketaren alderdien arteko harremanak biziki estutu ditu. Dagoeneko denak dira datorren maiatzeko foru eta udal hauteskundeei begira.

Iruñea, abuztuak 17, 05:00ak dira. Ordu txikietan hasi da Foru Polizia Maravillas gaztetxean iragarritako hustuketarekin, Nabarreria Plazan. Txirrin dantza ere berehala hasi da Alde Zaharreko atarietan, sare sozialak ere sutan dira laster eta auzokoen lapiko soinua ere ozen entzuten da balkoietan. Auzo bateko gaztetxe baten auzia hauteskundeekin gurutzatu da eta emaitzak latzak izan daitezke aldaketaren alderdientzat.

Goizeko 10ak pasatxo ziren Foru Poliziak azken gazteak atera zituenean eta 14:00ak pasa Nabarreria plazatik alde egin zuenean, Gaztetxea itxita eta zigilatuta utzi ondoren. Jakin gabe ere, ordea, ez dirudi dena pentsatu bezain itxia utzi zutenik, gerora ikusiko zen bezala. Goizean zehar, herritarren protestak eta poliziaren oldarraldiak izan ziren. Tentsioa, haserrea, kolpeak, zaurituak, bala galduak lurrean… Atxiloturik ez, ordea. UPNren garaian bezala itxi zen Maravillas gaztetxea, baina maila txikiagoko errepresioa erakutsi nahi izan zuen foru gobernuak, desberdintasunak badirela agertu nahian.

Ordu txikietan hasi zen kanporatzea. (Arg.: @saioaalkaiza)

Irudi asko utzi zituen goizak, baina bat berezia izan zen, besteak beste, gaztetxeak entzun behar izan duelako memoria historikoa bere alde erabiltzen ari dela. Bi egun lehenago, abuztuaren 15ean, Maravillas Lamberto omendu zuen gaztetxeak –1936ko egun honetan bortxatu eta hil zuten faxistek Larragan, 14 urte zituela– eta bertan izan zen Josefina Lamberto (1929), Maravillasen ahizpa gaztea. Rozalejoko Markesaren Jauregitik kanporatuak izan ondoren, Josefina Lambertok bere sostengu argia adierazi zien gazteei: foru poliziei errieta egin zien Nabarrerian eta Mercaderes kalean dozenaka gazte egurtu zituen polizia hesiaren aurrean. “Injustizia handia da hustuketa hau”, esan zion geroxeago Info7 irratia-ri. Bi egun lehenago ahizparen omenaldian pozarren izan zela zehaztu zuen eta gazteei gonbite argia luzatu zien: “Nik egin dudan bezala, haiek ere borroka dezatela, badute horretarako indarrik eta”.

Josefina Lamberto, Maravillasen ahizpa, gazteak agurtzen Nabarrerian foru poliziei errieta egin ondoren.
(Arg.: EkinKlik).

Berrokupazioa

Maravillas gaztetxeak 18:00etarako deitu zuen batzarra Gazteluko plazan eta mila lagun inguru abiatu ziren manifestazioan Alde Zaharreko kaleetan barna. Espainiako poliziarekin tentsio uneak izan ondoren, azkenean 1.500-2.000 bat lagun iritsi ziren Nabarreria plazara eta pankarta atearen aurrean jarri zen, berau estaliz. Zerra erradial baten hotsa entzun zen puntuan eta erre usaina barreiatu zen plazan. Oso denbora gutxian ordu batzuk lehenago itxitako atea irekitzen ikusi zen eta ziztu bizian dozenaka lagun sartu ziren barrura, plaza osoa aho zabalik utziz eta herritarren txalo eta oihu artean.

Berrokupazioak ezustean harrapatu zituen gehienak. Gazteek jakinarazia zuten berriz sartuko zirela, baina ez zekiten saioa noiz egin, egunean bertan edo ondorengoetan. Goizean goizetik izandako sostengua eta Gazteluko plazako batzarrean jende asko zegoela ikusi ondoren, argi zuten: “Orain da unea”.

Kanporatu eta egun berean, 19:00 baino lehenxeago okupatu zuten berriz ere gaztetxea. (Arg.: X. Letona)

Ezusteko handiagoa iritsi zen 18ko eguerdian. Gazteak pozarren eta erresistentzia berriz antolatzen ari zirenean jakin zen albistea: foru gobernuak gaztetxea husteko agindua bertan behera utzi zuen eta epaileak artxibatu gobernuak jarritako salaketa bera. Azalpenen arabera, gobernuak ez zuen ordena publikoa arriskuan jarri nahi, bereziki ikusita “adingabe asko zirela eraikuntzan eta haren inguruetan”. Aurreko egunean berdin ziren adingabe horiek hor, baina hori ez zen eragozpena izan gaztetxea husteko.

Zer gertatu zen atzera egiteko? Inor gutxik ulertu du. Kritika zaparrada etorri zaio Nafarroako Gobernuari esparru politiko osotik, oposizioaren aldetik oso gogor, eta aldaketaren alderdietatik ere bai, baina hauek poza ezkutatu gabe, elkarrizketari bide eman diolako. UPN, PSN, PP eta Geroa Baik hustuketa babestu dute, eta EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra aurka agertu dira. Epaileak salaketa artxibatu ondoren, gobernuak helegitea jarri dio erabaki horri.

Nahia Otxagabia eta Asier Cabodevillak eman ziguten gaztetxearen egoeraren berri gaztetxean bertan, berau berriz ere ireki ondoren. (Arg.: X. Letona)

Gobernua kolokan

“Ez dakit aldaketaren alderdiek akordioaren bidea berresturatuko duten, baina okupazio honen inposaketa intrantsigentearekin oso ukituak geratu dira 2015eko zumeak” (Diario de Noticias, abuztuak 21). Aldaketaren gauzatzean eta sostenguan garrantzi handia izan duen hedabideko zuzendari Joseba Santamariaren hitzak dira; kritikak kritika, medioak foru gobernuaren jarduna gertutik haizatu eta, oro har, sostengatzen du, besteak beste Maravillas gaztetxearen auzian.

AHTko lanak, Nafarroako ubidea, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan, Hezkuntza Saileko arazoak, Aroztegia auzia, ikuspegi ekonomiko liberalagoa izatea edo ez, euskal gatazka, aurrekontuak… 2015ean aldaketaren alderdiek sinatutako akordio programatikoan kontsentsutik at utzitako gaiak edo legealdian zehar arazoak ekarri dituzten puntuak dira hauek, baina ez, Santamariaren ustez Maravillas gaztetxea da aldaketa kolokan jarri duena.

Nafarroan dagoeneko gertatzen den ia guztia irakurtzen da 2019ko maiatzeko foru eta udal hauteskundeei so. Horrek ez du esan nahi, ordea, auzi honen aktore guztiak horri begira ari direnik. Gazteak legealdiaren hasieratik ari dira gaztetxearekin gora eta behera, eta gobernuak orain arte itxaron du hauek Nabarreriatik kanporatzeko, okupaziotik urtebetera. Gainerako indar politikoek ere ez dute burrunba handirik atera gaiaz. Denentzat da gai arantzatsua, besteak beste, okupazioak legalitatearekin egiten duelako talka, bai Iruñean eta bai beste edozein lekutan ere. Kontua da arantza hori nola kudeatzen den eta horretarako molde ugari dira, adibide askotan ikus litekeen tankeran.

Hainbat gaztetxe, hainbat jarrera

Nafarroako Gobernua eta Geroa Bairentzat okupazioa guztiz salagarria da, legearen eta interes publikoaren aurkakoa. Auzi honen ageriko ertz nagusia hori da: 2017ko irailean gazte talde batek 20 urte hutsik zeraman eraikina okupatu zuela. Uxue Barkos lehendakariak, gainera, gazteen irtenaraztea bideratu baino egun batzuk lehenago Rozalejoko Jauregia memoria historikoaren institutua izango zela iragarri zuen, memoria lantzen dutenen esparruan ika-mika sortuz.

Orain hil ala biziko den okupazio-legalitatearen binomioa ez da beti hain premiazko edo erabakigarria izan, ez UPN ez PSNrentzat, ez Geroa Bairentzat, ezta EAJ edo PPrentzat ere. Molde askotako jokaerak dira Euskal Herriko ehundik gora gaztetxeetan eta proklamen gainetik, azken hamarkadatan hamaika posizio eta eskuhartze daude gaztetxeekiko.

Nafarroako erregionalistentzat orain Maravillas hustea ezinbestekoa bada ere, gogoratzekoa da Euskal Jai gaztetxeak hamar urte iraun zuela (1994-2004), Javier Chorraut (CDN) eta Yolanda Barcina (UPN) alkate zirela. Azken honek agindu zuen hura hustea eta eraistea eta orduko udal taldeko oposizio guztiak (PSN, EAJ, EA, Aralar eta Ezker Batua) gogor kritikatu zuen irtenaraztea.

Kukutza eta Kortxoenearen eraisteak babestu zituen EAJk Bilbon eta Donostian legalitatearen izenean, baina 2007an Alfonso Alonso PPko Gasteizko alkateak orain 30 urte bete berri duen Gasteizko gaztetxea eraitsi nahi izan zuenean bakarrik geratu zen.

Nafarroan aldaketaren indarrek sostengatutako hainbat udaletan dira gaztetxeak, baina ez da halako harrabotsik izan. Zergatik, orduan, Maravillas gaztetxearekiko hau guztia? Arrazoi eta hipotesi ugari daude, batzuk adierazitakoak eta beste batzuk ez. Kazetari hau saiatu da Nafarroako Gobernuko norbaitekin hitz egiten gaiaz baina ez du erantzunik jaso.

Hipotesiak

Gaur egun lau alderdik sostengatzen dute Barkosen gobernua, baina hori errepikatzea ez da samurra izanen datozen hauteskundeetan, besteak beste, Ahal Duguk bizi duen barne gatazkarekin oso gaitza izango delako 2015eko emaitzak eskuratzea. Pentsatzekoa da 2015ean bi bloke nagusiek berdinketa egin bazuten foru hauteskundeetan, orain ere ez direla urruti ibiliko.

Baina lau urtetan hainbat kontu alda daitezke eta dabilen hipotesi nagusian, Geroa Bai ibili liteke balizko beste eszenatoki bat ere prestatzen, non ardatza Geroa Bai-PSN litzatekeen, Ahal Dugu eta Ezker Batuarekin batera. EH Bildurentzat txarrenetakoa izan litekeen egoeran, gainera, gerta liteke laukote horrek EH Bilduren beharra izatea gobernatu ahal izateko. Eta bestela UPN gobernura, PSNren sostenguarekin. Tira, zenbaki zehatzetan sartu gabe analisi arinegiak ere izan daitezke hauek, baina hor nonbait da hipotesi honen ardatz nagusia: gaztetxearen aurkako operazioarekin, Geroa Baik zentro-eskuinetik irabaztea luke xede nagusi. Jakina, gero ez da ulertzen zer irabazten duen kanporatzea bertan behera utziz.

Orduan? Beste hipotesi bat da gobernuak gutxietsi egin zuela kanporatzeak ekarriko zion kostua eta atzera egin duela gatazkaren pilota handitzen ikusi duenean, errepresioa handitzetik nekez aterako duelako irabazpiderik. Bitartean, denbora irabazi du egoera elkarrizketaren bidez berbideratzeko.

Abuztuaren 27an Iruñean Maravillas gaztetxearen alde egindako manifestazio burua. (Arg.: Joseba Zabalza)

Beste aukera bat

Akordioaren bidea ez da erraza izango. Maravillaseko gazteak biziki indartu dira jokaldi honetan eta ez daude bertatik alde egitekotan. Gobernuak ere berean jarraitzen du: memoria historikoaren egoitza nahi du hor. Hainbat arrazoi dela eta, 2017ko irailean gazteak ez ziren iritsi indarrez soberan jauregiaren okupaziora, baina urte honetan, apurka, jakin izan dute Alde Zaharreko herritarren kopuru esanguratsu baten atxikimendua irabazten: auzolana eraikina konpontzeko, jantokia ireki, Paradisu zinema, gimnasio bat, euskara klaseak antolatu, elikagaien bankua, bertso eskola, musika estudioa, bilkura gune ere bada kolektibo askorentzat eta zarata gehiegirik ere ez dute egin berez saturatua den Nabarreriako eremuan…

Horietako batzuk besteak baino arrakastatsuagoak izan dira, batzuk hasi eta berehala desagertu edo ahuldu dira, besteak sortu eta indartu, baina oro har, norabide bat finkatu dute eta gaztetxea sendotuz eta sozializatuz joan da nabarmen. Legaltasun kontuetan gehiegi sakondu gabe, herritar askok nahiago du gazteak halakoetan ikustea, auzoa eginez, taberna zulo eta kale kantoietan galduta baino. Azken egunean, halaber, errepresioak ere zementu lan handia egin du atxikimendu bilketan.

Gobernua eta Iruñeko Udala

Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren arteko ika-mika ere piztu du gatazka honek. Joseba Asiron Iruñeko alkateak bitartekari eskaini du bere burua eta honek sutan jarri du foru gobernua, bere ustez gazteei lekuak eskaintzeko eskumena udalarena delako eta Maravillas gaztetxean honek eskuak garbitu dituelakoan. Horrez gain, maiatzean Iruñeko Udalak Rozalejoko Jauregiaren baldintzak aztertu zituen eta hainbat jarduera ez egiteko agindua luzatu zuen, besteak beste kontzertuak. “Maiatzean eta ekainean, alkateak gaztetxean edozein aktibitate egiteko debekuak sinatu zituen. Eta gero atera da esatera gaztetxea hor egotearen alde dagoela. Hor egon zertarako? Deus ez egiteko? Ez dugu ulertzen”, zioen Maria Solana gobernu eledunak Euskalerria Irratia-n. Gazteek gaztetxean egindako jarduera beste toki batzuetan ere egin dezaketela gehitu zuen, “Redin Cruzat Jauregia horretarako egokitu dute”.

Jauregi hau Iruñeko Kale Nagusian dago eta Plazara proiektua du udalak bertan. Une honetan halako beste hiru proiektu ere abiarazi ditu udalak, auzokideek autogestioan bideratzeko, Joxe Abaurrea Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotziak (EH Bildu) dioskunez. “Esparru komunitarioak” deitzen dituzte. “Esperimentu berria da hau eta auzo bakoitzean bertako bizilagunek kudeatuko dituzte guneak, gu hor ez gara sartzen”. Beraz, gazteek ere hor dute euren proiektuak bideratzeko aukera bat. Hala gertatzen ari da Mendillorri auzoko Antzara proiektuan –ia milioi bat euroko inbertsioa eraikuntza berrian–. Txantrean berdintsu ari dira egiten salestarren proiektuarekin –beste milioi bat euro–. Buztintxurin, Arrosadian eta beste auzo batzuetan gauzatze bidean dira esparru komunitario hauek.

Abaurrearen esanetan, “guk zera diogu, bai autogestioari, bai gaztetxeei, baina eraikinak seguruak izan behar dira, udal batek ezinbestean arduratu behar baitu bere herritarren segurtasunaz”. Solanak aipatutako debekuei dagokienez ere argi mintzo da: “Guk ez ditugu debekuak egin, jakinarazpenak baino, zentzu positiboan jokatu dugu, jarduerak egiten badira, toki seguruan egin daitezen”.

Udala eta gaztetxea

Udalak, dena den, izan du ika-mikarik orain Maravillas kudeatzen ari diren gazteekin, batez ere 2015ean hauek Compañia kalean gobernuaren eraikin bat okupatu ondoren, udalak Caparrosoko txaleta eskaini zienean. Harreman hauetan izan zen tira-birarik, eta 2016ko udan, udalak gazteekiko akordioa bertan behera utzi zuen hauek “egindako akordioa bete ez zutelako”.

Gazteek zarata handiegirik egin gabe alde egin zuten bertatik, baina 2017ko udaberrian udalarekiko harremanak hautsi zituzten eta irailean Nabarreriako jauregia okupatu zuten. Gazteek diote instituzioen izaera eta erritmoa, eta gaztetxearena guztiz desberdinak direla eta horregatik ekin ziotela beren bideari, gaurdaino iritsiz. Edozein kasutan, salatu dute Nafarroako Gobernuak Maravillas gaztetxeko kanporatzean udala nahasteko egin duen ahalegina, auzia Nafarroako Gobernuarena dela azpimarratuz. Caparrosoko txaletari dagokionez, eraikina bestelako beharretara bideratuko da.

Borondatea

Kontua da gobernuak atzera egin zuela kanporatze aginduarekin eta orain aukera berri bat dagoela gatazka bideratzeko. Ez da erraza izanen. Irtenaraztearen bezperetan gobernuak elkarrizketa eskaini zion gaztetxeari, gazteen esanetan abuztuaren 14ko arratsaldean, hurrengo egunean Foru Jauregian bilera egiteko Uxue Barkosekin.

Gazteek hurrengo egunean Maravillas Lamberto omendu behar zuten gaztetxean eta gainera adierazi zioten gobernuari ez zutela euren batzarra egiteko denborarik. Horregatik ostegunerako proposatu zioten elkarrizketa gobernuari. Honek ez zuen onartu eta “gazteen agenda arazoak” gogor kritikatu zituen, are gehiago lehendakaria haiekin biltzeko prest agertu ondoren. Gazteek diote haiei berdin zaiela lehendakariarekin edo beste norbaitekin hitz egin, baina euren izaera asanblearioa errespetatu behar dela eta ez jarri bete ezineko baldintzak; gobernua abuztuaren 15ean hitz egiteko prest egonez gero, ez dela ulertzen zergatik ezin zuen 16an hitz egin, gazteek proposatu bezala.

Auzia latza da, tentsioz betea eta hala jarraituko duela antzeman liteke. Inork ez daki nola buka dezakeen, baina alde guztiek beharko lukete nahi adinako malgutasuna akordiora iristeko. Hori, baina, esatea gauza bat da eta lortzea beste bat.

Abuztuaren 27ko manifestazioan 3.000 bat pertsona izan ziren; argazkian, amaiera Iruñeko Gazteluko plazan. (Arg.: Joseba Zabalza)

 


ASTEKARIA
2018ko irailaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Maravillas gaztetxea
Nafarroako Gobernuak ez dio helegiterik jarriko Maravillas gaztetxeari buruzko epaiari

Marqués de Rozalejo jauregiaren okupazioagatik auzipetutako 22 gazteak absolbitu zituen auzitegiak. Auzi horretatik "ikasiko" duela adierazi du gobernuak.


Zigorrik gabe utzi ditu epaileak Maravillas gaztetxearekin lotu dituzten 22 gazteak

Akusazioak froga pattalak dituela ondorioztatu du epaileak. Bertan behera geratuko da, beraz, gazteei guztira eskatutako 56.000 euroko zigorra.


Maravillas gaztetxeko 22 kideren aurkako epaiketa hasi zuten ostegunean

Fiskaltzak gazteen aurka egin zuen hasierako eskaria jaitsi du, eta 630 euroko isuna eskatzen ari da gehienentzat. 2017ko irailean Maravillas Gaztetxeak egoitza zuen Iruñeko Alde Zaharreko Rozalejo jauregia okupatzeagatik ari dira kideak epaitzen.


15 hilabeteko espetxe zigorra, Maravillas gaztetxearen pareko kamera apurtzeagatik

4.320 euroko isuna ere ordaindu beharko du. Zigorturiko gazteak helegitea aurkeztu zuen, baina Auzitegiak epaia berretsi du.


2019-10-02 | Topatu.eus
Urriaren 17an izango da Maravillas gaztetxearen aurkako epaiketa

2018ko abuztuko desalojoaren harira, 22 kideen aurka izango da epaiketa. 150.000 euroko isuna ezarri nahi diete.


Eguneraketa berriak daude