Sanferminak 1978

Herri boterearen kontrako asaltoa

  • Komeni da gogoratzea. 1978ko Sanferminak “hautsi” zituztenak zein izan ziren ez ahaztea. Azaltzea zer ari zen ernetzen Nafarroako eta Euskal Herri osoko jendarte iraultzailean, eta zer zapaldu nahi izan zuten kaleak gorriz tindatuz. 40 urte geroago, Iruñeko Udalaren enkarguz aditu talde batek egindako txostenak argi utzi du: eskarmentua izan zen, zigorgabetasunak estalitako gizateriaren kontrako krimena.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2018ko uztailaren 08a

40 urte ere ez dituen euskal herritarrarentzat, gurasoen etxeko apalategian gordeta dagoen aldizkari zaharreko irudi satinatua baino ez da 1978koa; ke-boteen zuriak lausoturiko argazkien bidez imajinatzen zituen, txikitan, helduek iragan hurbileko borrokez kontatzen zioten apurra.

Urte hartako uztailaren 8an polizia olde bat Iruñeko zezen plazara sartu zen tiroka eta borrak eskuan, amnistiaren aldeko pankarta baten aitzakian. Esku-hartze armatu handiago baten hasiera baino ez zen, hurrengo egunetan Iruñean eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan errepresio polizialak dozenaka atxilotu, ehunka zauritu eta bi hildako utzi zituen: German Rodriguez eta Joseba Barandiaran.

Diziplina ezberdinetako adituz osaturiko egiaren batzorde batek (Josu Chueca, Pedro Ibarra, Amaia Kowasch, Jacinto Lara, Nerea Pérez, Pepe Uruñuela eta Begoña Zabala) gertaera haien inguruko txostena idatzi berri du Iruñeko Udalak eskatuta. NUPeko irakasle Emilio Majuelok eta Juan Carlos Garciak egindako azterketa tekniko dokumentalean oinarritu dira, besteak beste, hasieratik peñen batzordeak esan eta urte hauetan guztietan herritar askok pentsatu izan duena baieztatzeko: oldarraldia aurrez prestaturik zegoen eta erantzuleak zigortzeko ikerketa judiziala zeharo arduragabea izan zen.

Polizia olde bat Iruñeko zezen plazara sartu zen tiroka eta borrak eskuan, amnistiaren aldeko pankarta baten aitzakian. Esku-hartze armatu handiago baten hasiera baino ez zen

Komeni da gogoratzea. Zezen plazako irudi satinatu hori, irudi estatiko bihur baitaiteke bestela, momentu zehatz bateko gertaera zehatza, markorik gabe; pankarta bat edo walkie-talkie bidez Vulcano-k emandako “zorigaiztoko” agindu bat baino ez.

Zeinek kontrolatzen zuen hura?

Iruñeko peñek 1978an egindako ikerketa, Asi Fué (Horrela izan zen) izeneko liburuxkan argitaratua, ezinbestekoa da gaur egun oraindik ere poliziaren erasoaren inguruko kontakizun ofiziala gezurtatzeko –4.000 lagunen testigantza jaso zuten–.  Poliziak istiluak sortu baino lehenago inguratu zuen zezen plaza eta Miguel Rubio komisarioa aurrean zutela ordena publikoko indarren dozenaka agente barrura sartu zirenerako, amnistia eskatzeko pankartak sorturiko eztabaida amaituta zegoen. “Dena lasai zegoen –dio lekukoetako batek– poliziak armak eskuan ezustean sartu zirenean, pasabidetik zetozen txikien artean nahastuta, han eta hemen kolpeka, pilotak eta ke-boteak jaurtitzen”. Hondarrezko plaza hustu ondoren, ordea, bigarren oldarraldia egin zuten festen aurretik Iruñera eraman zituzten Logroñoko konpainia bereziek, eta hauek egiazko balaz eraso zituzten harmailetan ihesean zebiltzanak. Peñen ikerketak jasotzen duenez, erizaintza gelan 50-55 pertsona artatu zituzten, horietako zenbait balaz zaurituak.

Hurrengo orduetan konpainia bereko polizia armatuek izua zabaldu zuten hirigunean izandako istilu gogorretan, suzko armak erabili baitzituzten herritarren kontra, izan cetme metraileta zein pistola, orduko argazkiek erakusten duten moduan. Horietako batekin hil zuten German Rodriguez LKIko militantea Orreaga kalean.

Ignacio Llano gobernadore zibila txotxongilo hutsa izan zen aginduak ematen zituzten Fernando Avila komandantearen eta haren gainetik zeuden teniente koronelen aurrean: “Ez dago nire kontrolpean”, errepikatzen zien behin eta berriz Gobernu Zibileko bulegoan peñetako ordezkariei, egoera sosegatzeko neurriak hartu zitzala eskatu ziotenean. Zeinek kontrolatzen zuen hura orduan?

1978ko uztailaren 8an, arratsaldeko zezenketa amaitu eta berehala, polizia armatua oldarka sartu zen zezen plazan eta dozenaka zauritu eragin zituen, horietako batzuk balaz. Barne ministerioak aitortuta, sei ordutan 5.000 gomazko pilota, 1.000 ke-poto, negarra eragiteko beste 1.000 bonba eta 130 bala erabili zituzten herritarren kontra hirian gertatu ziren istilu larrietan. Adituen batzordeak arrazoi nahikoa ikusi du Gizateriaren Kontrako Krimena izan zela esateko. (Arg.: Jorge Nagore)

Ordura arte, Sanferminetako giro politikoa “askoz motelagoa” izaten ari zen beste urte batzuekin konparatuz gero, Zeruko ARGIAn idatzi genuenez –1973 eta 1976ko festetan izandako manifestazio eta mitinak gogoan–. Baina testuinguru errepresiboa gero eta bortitzagoa zen: “Hilabete batzuk lehenago hainbat gertakizun izan ziren Iruñeko hirian, estatu aparatuen errepresiorako joera agerian utzi zutenak”, dio adituen batzordeak bere txostenean. Maiatzaren 1eko manifestazioa, adibidez, baimenduta egonagatik indarkeria handiz desegin zuten poliziek, eta hilabete berean “inkontrolatuek” istilu larriak sorrarazi zituzten Alde Zaharrean –kalez jantzita zegoen guardia zibil bat hil zen labankada batez–. Istilu horietan atxilotuak askatzeko itxialdia hasi zuten hainbat lagunek, eta hala, udaletxeko bigarren solairua okupatuta zegoela iritsi zen uztailaren 6a urte hartan. “Sanferminak biolentziaren zeinupean ospa litezke”, sutu zuen eltzea egunkariren batek.

Errepresioaren kontrako masa mugimenduak baturik

Joera askoz lehenagotik zetorren ordea. Adituen txostenak emandako datuen arabera, 1969. eta 1977. urteen artean Espainiako Estatuan manifestazioetan hildakoak gutxienez 47 izan ziren, horietako asko Euskal Herrian, eta baliteke 50.000 lagun prozesatu izana zio politikoengatik. Urte haietan giza eskubideen urraketa larriak ere jazo ziren: 1975eko salbuespen egoera, Montejurrako gertaerak eta Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia 1976an, Amnistiaren aldeko astearen zapalkuntza 1977an… “1978ko Sanferminetako esku-hartzea neurrigabekoa eta desproportzionatua izan zen, berrogei urtez baino gehiagoz estatu mailan funtzionatzen zuen izaera errepresibodun egitura politiko eta polizialak planifikatua”, ondorioztatu du adituen batzordeak.

Hegoaldeko lau lurraldeak inoiz baino gertuago zeuden elkarrekiko, amnistia nahiz autodeterminazioa aldarri hartuta, eta Nafarroa zen epizentro nagusietako bat. Baina paradoxikoki, 1978an Nafarroa beste euskal lurraldeetatik bereizteko prozesu instituzionala martxan jarri zen

Espainiar Konstituzioa onartzeke zegoen, eta erreforma politikoak aurkari ugari zuen Euskal Herrian erregimenarekin haustura bilatzen zutenen artean. Hala, Adolfo Suarezek eta Rodolfo Martin Villak gidaturiko trantsizioko gobernuak arrakala demokratikoa borra eta odol bidez konpondu nahi izan zuen. Giro horretan erne zen “euskal jendarte anti-errepresiboa” deitu izan den masa mugimendua, besteak beste langile borrokaren bidez eta enpresetako asanbladetan artikulatua. Hegoaldeko lau lurraldeak inoiz baino gertuago zeuden elkarrekiko, amnistia nahiz autodeterminazioa aldarri hartuta, eta Nafarroa zen epizentro nagusietako bat, 1974ko abenduaren 11ko greba handian ere halaxe ikusi zen.

Baina paradoxikoki, 1978an Nafarroa beste euskal lurraldeetatik bereizteko prozesu instituzionala martxan jarri zen: autonomia negoziatzen hasita zeuden bitartean, erreinu zaharra erregimen frankistaren azken gotorleku bihurturiko Foru Aldundiaren eskuetan geratu zen. Ez da harritzekoa uztailaren 9ko goizaldean Nafarroako Diputazioaren Jauregia izatea liskarren jomuga nagusi; baina eraikinari leihoak txikitzen lehenak ez ziren manifestariak izan, “Navarros hijos de puta!” oihukatuz tiroka aritu ziren poliziak baizik: “Amorratuta eta ero moduan zebiltzan, sinpleki Nafarroa zen ororen kontra”, azaldu zuten peñek beren dossierrean. Eskarmentua eman nahi izan zioten subertsioari.

Eta horretarako prest zituzten autobusak, asaltoko konpainiak Euskal Herriko beste tokietara garraiatzeko, Errenteriara edo Donostiara kasu. Azkeneko hiri horretan, Iruñeko gertaerengatik protestan ari zela hil zuten tiroz Aldapeta inguruan Joseba Barandiaran astigartarra, San Bartolome kaleko barrikada baten oinetan.

German Rodriguezen hiletetan Patxi Larraintzar apaiz borrokalariak emandako sermoia hobeto uler liteke fokua etorkizunetik zabalduta: “Demokrazia barregarri honen truku guztiak erabiliz, gure abiada eta arnasa ebaki nahi dizkigutela dirudi, nafar eta euskaldun guztien batasuna apurtu nahian”. 1976an Gasteizen bezala 1978an Iruñean, kontrolagaitza zitzaien herri boterea ito nahi izan zuten.

40 urteko zigorgabetasuna

Ezaguna da Martin Villa barne ministroaren esaldia, estatu indarkeria justifikatzeko: “Gurea akatsak dira, haiena krimenak”. Iruñeko gertaeren biharamunean bota zuen, espainiar telebista aurrean prestaturiko prentsaurreko bitxian. Egun batzuk geroago, Kongresuan aitortu behar izan zuen erantzule nagusia bera zela, baina beharrezko “zuzenketak” egin zituztela ere esan zuen. Poliziaren buruak lekuz aldatzeaz ari zen; haietako inor ez zen sekula epaitua izan. 40 urteko zigorgabetasunari hasiera eman zion esaldi horrekin ministro frankista ohiak.

Polizia udaletxeko plazan, Iruñeko eraikin nagusiaren atarian German Rodriguezen hilketa salatzeko jarritako kartelaren aurrean. Hainbat egunez hiria indar armatuek okupatuta egon zen eta gobernadore zibilak ez zuen ezer egin errepresioa eragozteko. (Arg: Argia artxiboa)

Adituen batzordeak dioenez, 1978ko Sanferminetakoa hainbat sumariotan banatzeak ikerketa judiziala oztopatu zuen, “seguruenik hori zen bilatzen zutena”. Hala, kasua sumario bakarrean berriz irekitzea eskatu dute eta bere garaian egin ez ziren frogak eta dokumentazioa biltzea.

Ez da erraza izango ordea. Orduko hartan udaleko eta diputazioko ordezkariek sorturiko ikerketa batzordeen ondorioen berri ez da sekula jakin. Gobernadore Zibilak urte hartaz egindako memoriarik ere ez da azaldu Madrilen dagoen Administrazioaren Artxibo Orokorrean. Bestetik, sumarioek gordetzen duten informazio guztia eskatu diote Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari, baina honek oraindik ez du erantzunik eman. Ministerioen eta poliziaren eskuetan zeuden informe nahiz buletinekin gauza bera...

1976an Gasteizen bezala 1978an Iruñean, kontrolagaitza zitzaien herri boterea ito nahi izan zuten

Justizia, egia eta aitortzaren alde urtez luzetan lan eskerga egin duen Sanferminak 78 Gogoan elkarteak sarritan eskatu du dokumentazioa desklasifikatzeko. Duela hilabete batzuk Nafarroako Parlamentuak eskari hori egin zion Espainiako Gobernuari, parlamentarien ia guztien babesarekin –soilik PP abstenitu zen–. Baina Espainiako Kongresuak ateak itxi dizkio aukera horri, kasu honetan PP, C’s, baita PSOEren kontrako botoekin ere. Inpunitatearen hormak toki berean jarraitzen du.

Baina, 5.000 gomazko pilota, 1.000 ke-bote eta 150 bala ezin dira ezkutatu agiritegiko karpeta bat desagerraraziz, are gutxiago hildakoak eta zauritu ugari eragin zituztenean. Jendearen lekukotasunak eta bizipenak dira frogarik sendoena, eta Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Fondoak jadanik dozenaka elkarrizketa dauzka bilduta gertaera horien inguruan. Adituen ustez nahikoa argudio badago esateko 1978ko Sanferminetakoa “Gizateriaren Kontrako Krimena” izan zela, preskribitzen ez duen delitua. Iruñeko Udalari kereila bat jartzea aholkatu diote, horretarako legitimatua dagoelako.

Sanferminak 78 Gogoan-ek, bere aldetik, nazioartera jo du eta salaketa jarri du Europar Parlamentuko Eskaeren Batzordean. Ekainaren 26an kasua azaltzeko Bruselan egindako agerraldian, duela 40 urteko zezen plazako argazki zuri-beltzaren kopia erraldoia paratu zuten plataformako kideek; lanean segituko dute irudi horri markoa jarri eta atzean zer zegoen argitu arte.

1978-KO UZTAILEKO EGUN ODOLTSUAK

Osteguna 6. Txupinazoa Iruñeko udaletxeko lehen solairutik jaurtiko da, bigarren solairua okupatuta baitago atxilotu batzuen askatasuna eskatzeko.

Larunbata 8. Polizia zezen plazara sartzen da pankarta baten aitzakian. Istiluak hiri osoan. German Rodriguez hiltzen dute tiroz.

Igandea 9. Iruñeko kaleak txikituta esnatuko dira, poliziak hiria hartuta dauka eta haien irratietan agindu gordinak atzematen dira: “Indar guztiekin tiro egin, ez arduratu hiltzen baduzue!”

Astelehena 10. German Rodriguezen hiletetan 30.000 lagun. Poliziaren irratiko mezuek eta Iruñeko irudiek “akatsa” izan zela zioen bertsio ofiziala gezurtatuko dute eta Euskal Herri osora zabalduko dira.

Asteartea 11. Borroka eguna. Donostian (goiko irudian) poliziak Joseba Barandiaran astigartarra hilko du tiroz. Iruñeko peñek festak bertan behera utzi eta ikerketa herritarra abiatuko dute.

Osteguna 13. Tentsioa gora. Errenterian Miranda de Ebroko poliziaren asaltoko konpainia batek udalerria arpilatzen du, txikizioak eta lapurretak eginez.

Ostirala 14. Gaixoa ni ekitaldiaren ordez, manifestazio batek emango die amaiera Sanferminei.

AURTEN ERE OROITARRIAN ZITA
(Argazkia: Argia artxiboa)

Sanferminetako gertaeren 40. urteurrena  dela-eta Sanferminak 78 Gogoan plataformak ekimen andana antolatu du. Urtero bezala, zita nagusia German Rodriguezen omenez hura hil zuten tokitik gertu dagoen oroitarrian izango dute, uztailaren 8an. Oroitarriak ibilbide gorabeheratsua izan du –ondokoa 1979ko argazkia da– eta gertaera haiek ez ahazteko sinbolo bilakatu da.

Ekainaren 29an, 1978ko Sanferminak gogoratzeko monumentua jarri du Iruñeko Carlos III.a etorbidea eta Orreaga kalearen artean, Dora Salazar eskultoreak egina. Plataformak, bestalde, Txupin Etxepare saria jasoko du aurten.

ERANTZUKIZUNAK
Martin Villaren prentsaurrekoa,1978ko uztailaren 14an.


1978ko gertaerak argitzeko egiaren batzordeak erantzule posibleak dakartza bere txostenean.

Rodolfo Martin Villa Barne ministroa erantzule nagusitzat dute, “errepresio sistematiko eta orokortu baten egile nagusia da”. Miguel Rubio Rubio komisarioak eman zuen zezen plazan sartzeko agindua eta dokumentazio grafikoan eta testigantzetan “guztiz identifikaturik” agertzen da.  Bere aginduak bete zituzten Benito Pérez Vázquez eta Francisco Abellán Vicente tenienteak ere zezen plazako irudietan ageri dira 40 polizia inguru gidatuz.

Fernándo Avila García komandantea izan zen ekintza polizialen diseinatzailea. Nafarroara “mendeku” bila etorri zela adierazi zuen gertaeren aurretik. César Jiménez Cacho eta Vicente Lafuente Ramírez zerbitzu-buruek eman zituzten eta betearazi zituzten aginduak irratiz.

Horrez gain, adituen txostenak dio Logroñoko erreserbako polizia armatuaren kapitainak erantzukizun larria duela, konpainia horrek eragin zituelako bala zauritu ugari eta German Rodriguezen heriotza.

Azkenik, Ignacio Llano Cifuentes gobernadore zibilak Ordena Publikoaren Batzorde Nagusian parte hartu zuen, baina ez zuen ezer egin batzorde horretako irizpideak  betearazteko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Oroimen historikoa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-30 | Oier Guillan
Norbaitek batuko dituen esperantzarekin

Ez ditut oroitzen bizitza aldatu didaten uneak. Lausotzen ari zait atera ez ditudan argazkien oroitzapena. Ezin dut nire liburu faboritoetako pasarterik buruz esan. Ez naiz gehien inpaktatu nauten filmetako dialogo bakar bat ere errepikatzeko gai. Haietako bakoitzak utzi zidan arrastoa oroitzen dut soilik, azalean biziraun didan sentsazio orokorra.

Eulia ari du oroimenean: memoria selektiboa da, beti. Bizitakotik behin eta berriz azpimarratzen, kontatzen, birkontatzen ez dena ez omen da... [+]


Lotsaren harana

Diktadorearen gorpuzkinak urte amaiera baino lehen deshobiratuta, Erorien Harana faxisten erromes toki izatea eragotzi nahi du Pedro Sánchezen Gobernuak. Ez da memoriaren museo izango, asko jota hilerri zibil. Berradiskidetzearen gune izateak ez du zentzurik, nola ba? Frankismoaren “bi Espainien” errelatoari haizea ematea litzateke, erregimenak derrigorturik eramandako milaka errepublikar anonimoren hezurrek hor jarraitzen duten bitartean, beldurraren tenplu mortu... [+]


Periko Berrioategortua
Elkartasun eta konpromisoaren irribarrea

Abuztuaren 3an hil zen Pedro Berrioategortua Murgoitio (Apatamonasterio, 1928 – Zornotza, 2018), frankismo garaian abade, erregimenari aurre egin zion borrokalari nekaezina. Kamioiarekin freskagarriak banatzen zituenean nola Guardia Zibilak jazartzen zuenean, Derioko itxialdian nahiz Zamorako apaiz-kartzelan, ez zuen sekula tinkotasuna zerion irribarrea galdu.


2018-09-13 | Nahia Ibarzabal
Iru˝eako "Mikelen memoria auzo ekimena" kexu da oroimen historikoaz nahi diren irakurketak egiten direlako

Kolektiboak salatu du, UPN, PSN, PP eta Geroa Baik, Maravillas gaztetxekoei egotzi diela Mikel Castillori omenaldia antolatzea, beraiek direnean agurra aurrera eramaten dutenak


2018-09-12 | Xabier Letona
Maravillas Gaztetxeari oroimen historikoa manipulatzea leporatu diote 50 lagunek

Oroimen historikoaren alorrean lanean ari diren hainbat pertsonak eta 36ko Gerran fusilatutakoen hainbat senitartekok "Oroimen historikoaren aldeko eta manipulazioaren aurkako manifestua" sinatu dute. Idazkia Iruñeko Maravillas gaztetxeak irailaren 27ko Gudari Eguna dela-eta antolatutako ekitaldien harira etorri da.


2018-09-11 | Arabako Alea
Olarizuko gurutze frankista kentzeko erabakia errespetatzeko eskatu diote Urtarani

Adostasunaren alde agertu da Mendiolako Kontzejua, "betiere herritarren erabakia errespetatuz".


2018-09-07 | ARGIA
Kartzela frankistan preso egondako emakumeen oroimen plakari eraso egin diote Gasteizen

Ez da erasoak jasaten dituen lehen oroigarria. Maiatzean, frankistek fusilatutako 33 pertsona omentzen zituen plaka bat izan zen erasoen jo puntu.  


Olarizuko gurutzea: oroimenaren muga lausoak adostu ezinean

Olarizuko gurutzeak izaera frankista ote duen ala ez; hortxe eztabaida. Gizarte zibileko hainbat eragilek sustatuta, Francoren erregimenak egitasmoari izaera aldatu zion. Mendiolako Kontzejuko kideentzat, ordea, harago doa kontua: administrazio txikien eskumenak zalantzan daudela uste dute.


2018-09-03 | Guaixe .eus
1936an eraildako baten hezurdura atera dute Lizarrustin

Olaberriako 17 urte gazte baten hezurdura izan daiteke. Familia, etxarriarrak, udaleko eta gobernu ordezkariak izan ziren lurretik ateratzearen lekuko. Une hunkigarriak bizi izan zituzten.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude