Ilustratuek botere politikoaren herritartasuna aldarrikatu zutenean ez zeukaten Marxen berri, eta izatez, erregimen zaharraren kontra ari zirela, aurrerapena egin zuten, garaiko elite feudalak, noble eta erregeak bota, eta kapitalaren eremua ezarri, berdintasunaren eredu.
Ilustratu gehienak jendartean murgildurik zeuden egoerak aldatu nahian, eta burgesiaren ideologo lez, ez zuten izan historiaren egitura eta garapenaren benetako kontzientziarik. Kontzientzia hori beranduago sortu zen, filosofia germanikoaren goreneko kontzeptualizazio abstraktuetan, Hegelen eskutik.
Marxek, Hegelen pentsamendua irauli zuenean, ilustratuen azaleko pentsamendua azaleratu zuen, eta jendarteen oinarrizko garapen indarrez konturatu. Marxen ondorioa garbia izan zen, hots, botere politikoa, beti, botere ekonomikoaren menpeko dela. Eta honek eraikitzen duela legeria, estatu instituzioak eta jendartearen oinarrizko sinesmen eta ideiak, zientzia, artea eta erlijioa barne.
Manifestu Komunistan, Marxek garbi baieztatu zuen gobernu burgesen izaera instrumentala, “botere publikoa, burges klasearen interes kolektiboak defendatzen dituen administrazio kontseilua besterik ez dela” zioenean. Ideia hau, batxilergoan erakusten dena, hain da oinarrizkoa, ezen munduan gertatzen den edozein egoera politiko, sozial eta ekonomiko sakonki ulertzeko balio duen.
Lehen pulpituetatik bezala, orain telebista edo sare sozialetatik, elite ekonomikoen aldeko mezua inoiz baino indartsuago hedatzen da, eta jendarteari errealitatea euren erara irudikarazten diote
Horregatik zaila egiten zait, euren burua jakintsutzat duten tertuliano, politikariek edo kazetariek entzutea esanaz, “demokrazia guztion gobernua da”, “konstituzioa guztien artean egindakoa da”, “hiru botereen arteko independentzia dago”, “kazetariak eta komunikabideak objektibitatea bilatzen dute”, “justizia guztiontzat berdina da”, “hau legearen inperioa da, eta demokrazia legea betetzea da, herritarren bozka nahiaren gainetik”, “bakea da balio gorena”, eta abar, eta horrelako hainbeste azaleko esaldi zentzugabe fosilizatu.
Marxen ostean, ideia hauen balio bakarra eliteen zerbitzura jarritako ideologia izatea da, eta babesleak, edo eliteak dira, edo euren zerbitzura dauden gobernari, polizia eta epaileak, euren menpe dauden komunikabideak, edo euren zerbitzura jartzen diren –ez dakit zeren truk– hainbat eta hainbat sistemaren barruko morroi esker oneko.
Lehen pulpituetatik bezala, orain telebista edo sare sozialetatik, elite ekonomikoen aldeko mezua inoiz baino indartsuago hedatzen da, eta jendarteari errealitatea euren erara irudikarazten diote, zer pentsatu eta zer egin agintzen, beste ideia guztiak zapalduz, desagerraraziz edo kriminalizatuz. Lekutan gaude ideia berriak eta aurrerakoiak, behetik, eta boterearen aurka, hegemoniko izatea lortzeko. Ikusten zirrikiturik?