Irabazteko etorri dira

  • Gure Esku Dagok bost urteko zikloa borobilduko du Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba lotuz, gutxienez 100.000 lagun behar dituen giza katearekin, erabakitze eskubidea izan dadin Euskal Herriko etorkizunaren ardatza.

2014ko giza katearen irudietako bat. (Arg.: Dani Blanco)
2014ko giza katearen irudietako bat. (Arg.: Dani Blanco)

Eskuak estu lotuta eta ahotsak libre, erabakitze eskubidearen aldarrikapenarekin Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotzeko erronka hartu du bere gain Gure Esku Dagok (GED), inoiz gurean antolatu den mobilizazio erraldoienean. 38 herri eta hiru hiriburu, 100.000 katebegi gutxienez. Gure Esku Dagok bost urte betetzear dituenean ailegatu da bigarren giza katearen proposamena, 2019ko hauteskunde zikloa hasi aurretik, Eusko Legebiltzarreko alderdiei hauspoa eman eta herritarren hatsa senti dezaten. Euskal Herri mailan bidea zabalduko duen mugarria finkatu nahi dute.   

GED sasoi ederrean heldu da giza katera, edo, hain zuzen, mobilizazioaren prestaketa izan da entrenamendurik eraginkorrena. Inpresio hori du Nerea Epelde Bilboko eta Deustuko kideak. “Mobilizazioak auzoetako lantaldeak berpiztu ditu, inoiz baino sendoago dauden hamabost talde ditugu martxan. Inurri lanak behar du noizean behin irudi bat, inflexio puntu bat”.

Bost urteko jardunean kultura politikoa aldatzea izan da GEDen ardatzetako bat. Saretu dira harreman berriak eta gainditu hainbat aurreiritzi. “Ez da erraza muga ideologikoak gainditzea”, dio Epeldek, “baina aurreko giza katearen aldean orain jendearen mesfidantza gutxitu dela sumatu dut. Lehen zipriztinduago zegoen gaia. Nor ote zegoen GEDen atzean, galdezka zebiltzan batzuk”. Euskal herritarren arteko errezeloak urtzen doaz poliki-poliki eta ia oharkabean, kaletik desagertzen den elurra bezala.

“Ardura da, erronka da, beldurra sortzen du, bertigoa, erotuta nabil, ala?”, azken hilabeteetan burutik pasa zaizkionak zerrendatu ditu Loren Roca Donostiako GEDeko kideak. Manifestazio baten aldean konplexutasun berezia du giza kateak. 3.000 boluntariok dimentsio handiko antolakuntza osatzen dute: kilometroen arduradunak, autobusen antolaketa, izen-emateak, baimenak, kamiseta eta zapien salmenta, koordinazioa, irudien grabaketa… ekimenaren arrakastak antolakuntza zorrotza eskatzen du. “Konbentzituta nago irudi bikaina emango dugula”.

Gasteizen ere igarri dute azken asteetan ekinaldia, Lorea Hernandez GEDeko kidearen arabera, “aurreko hilabeteetan jendea galdu xamar zebilen, ez zekiten Korrika antzeko zerbait edo zer genbiltzan antolatzen, baina azken asteetan nabaritu da aldaketa. Giza kateak jende asko hurbildu du gugana, dendara datoz zertan lagundu dezaketen galdetzera, eta interes handia piztu da”.

Erabakitze eskubidearen matazari segidan josten zaio estatus politikoaren hari-muturra. Estatu independentea izateko aukera, alegia. Baina GEDek erabakiaren esanahi zabalean ulertzen du, gizarte politika mailan. Hainbat aldarrikapen lotzen dituen haria dela diote, bogan dauden bi diskurtsorekin bat eginda: feminismoaren baitako “norbera bere gorputzaren jabe”, eta pentsio sistema bertan kudeatzearen aldekoa. Hartu emana izan da elkarte hauekin eta bi aldarrikapenen olatua giza katean presente egongo da. Hezkuntza sistema, hizkuntza eskubideak, lan baldintzak… auzi hauetan dabiltzanen topaleku ere izan nahi du giza kateak. Hori ikusarazteko, bost euroren truke banatuko diren zapi zuriak askotariko mezuz margotzeko gonbidapena luzatu du GEDek.  

Iruñean, Gazteluko plazan, kate bikoitza irudikatu zuten maiatzaren 19an: Nafarroako kateen armarria eta giza katea. Oraingoan nafarrei Zarautz eta Arabako lautada betetzea egokitu zaie, 2014an haienean gipuzkoar eta arabar katebegiei tokia egin eta gero. Bilboko Nerea Epeldek ez du autobusen joan-etorria erraldoia izango den zalantzarik. “Seguru jende piloa mugitzen dela giza kate honetarako, baita Nafarroatik ere. Bilbotarrok hirian bertan dauzkagu kilometroak...”, irribarre bihurria agertu zaio Epelderi ezpainetan, “eskerrak, kostatzen zaigu Bilbotik ateratzea eta”.

2014ko kateak hiriburu bakarra igaro zuen: Iruñea. Giza katea nondik pasa hor indartu zen GED, eta oraingoan Bilbo, Gasteiz eta Donostiako sugarrak hauspotu nahi dituzte. “Bilbo plaza zailena da. Gakoa izango da ekainaren 10aren bultzada mantentzea. Gerora begira oinarri sendoagoa eraikiko du”. Gasteizen ere ekainaren 10ak piztu du ilusioa, “itxura ona eman behar dugu”, eta ezagun zaio hitz egiteko abiadan, “oso lanpetuta gabiltza”. Aiztogile edo “Kutxi” kalea jai erraldoi bihurtuko den egunean jendea katerako ordenatzeaz arduratuko da Lorea Hernandez.

Maiatzaren 19an Iruñean egindako mosaikoa. (Arg.: GED)
Legebiltzarrari bultzada

Gure Esku Dagok hasieratik argi izan du fokua non jarri: “Herritarrak gara protagonistak”. Baina ekainaren 10ean nor bultzatu behar den ere garden erakusten du katearen helmugak. Eusko Legebiltzarraren atarian osatuko da 201,9 kilometroa, azkena hain zuzen, autogobernu ponentzia eztabaidatu eta idazten ari den erakundean. Abagune egokia dute, beraz, erabakitze eskubidea erdigunean kokatzeko.

“Gasteizko Legebiltzarreko lehen hiru alderdiek erabakitze eskubidearen aldeko diskurtsoa dute. %75 baino gehiago dira”, esana du Angel Oiarbide GEDen bozeramaileak, nahiz eta eguneroko politikan apenas hezurmamitu den gehiketa hori. “Hurbiletik segitzen ari gara ponentzia. Gure ordezkarien adostasuna ezinbestean herri honen nahiaren araberakoa izan behar da”. Maiatzaren 24an EAJ eta EH Bilduk bat egin zuten estatutu berriaren hitzaurrean erabakitze eskubidea aitortzerako orduan; Elkarrekin Podemosek azken unean atzera egin zuen.

Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Legebiltzarrak lankidetza hitzarmena sinatu dute autogobernua elkarrekin berritzeko. Horren baitan, giza katearen bezperan, 600 lagun elkartuko dira Gasteiz, Donostia eta Bilbon herritarren ekarpenak jaso eta adostasunerako aukerak eta joerak bilatzeko. Prozesu parte hartzaile horren sintesia Eusko Ikaskuntzari dagokio, gerora Legebiltzarrak estatutu proposamenean txertatzeko. 2019ko negurako aurreikusia dute azken fasea: galdeketa ahalduntzailea, Espainiako Gorteen onarpena eta erreferendum behin betikoa. Maiatzaren 27an, Gernikan, 200 hautetsik erabakitzeko eskubidearen alde sinatutako manifestua ezagutu zen. Hegoaldeko hiriburuetako lau alkateek bat egin zuten harekin.

Hegoaldeko haizeak

2018ko testuinguru politikoa ez da samurra, egin duten analisiak jasotzen duenez: “Bidegurutze batean gaude: hegoaldetik datozen haize atzerakoiak ditugu alde batean, eta demokrazian oinarritutako ziklo berri bat bestean”. 155 artikuluaren mamuak estali du zazpi hilabetez Katalunia, eta bide batez euskal autogobernuak kikildu. Katean keinu bat egingo diete Kataluniako preso politikoei, 122garrena elkartasun kilometroa izango da, Indautxun, eta zapi horiak salduko dituzte ANC eta Omnium Culturalen elkartasun diru kutxarako. Ez da ahazteko kontua, Gure Esku Dagok antolatu zituela, ez beste inork, Kataluniako erreferendumaren aldeko bi manifestazio jendetsuenak Bilboko Autonomia kalean.

Espainian abiadura hartu duen birzentralizazio korrontearen aurrean egonean egoteak egungo autogobernu mugatua arriskuan jarri duenean, Gure Esku Dagok ekainaren 10eko giza katearen garrantzia seinalatu du: “Balio behar du adierazteko herri hau ez dagoela prest atzera egiteko bere asmo eta helburuetan”. Zorionez edo zoritxarrez, mehatxua sentitzea mobilizazioaren lagungarri izaten da maiz, eta horregatik ere erantzun zabala espero dute antolatzaileek. Zifra hutsetan esanda: 2014ko katea baino %70 luzeagoa da igandekoa.

Espainia eta Kataluniako gorabeherek demokraziaren alde egingo duten peskizan, itxaropenez ikusten dute ETAren zikloaren itxiera, beste bat zabaltzeko grinez. “Azken hamarkadetan bizitako testuinguru konplexuaren ostean, aurrera egiteko tresna bat gehiago da erabakitzeko eskubidea. Epe luzerako bizikidetza bermatzeko gako garrantzitsu bat”.

Gure Esku Dagok egindako spotak aintzat hartzen du ahoz aho dabilen “hoztasuna”, mobilizazioa etsipenaren antidoto edo aringarria izan liteke. Gauzak horrela, iragarpen bideoan zuzenean bota dute gezia bihotzera. Aldageletan jota ahituta diruditen emakume errugby jokalariak, eta kapitaina animoak eman nahian: “Zer gertatzen zaigu? Noiz bilakatu gara garen talde kaskar hau? Nondik gatozen ahaztu dugula ematen du. Zertarako balio du kontrarioari gure akatsak aurpegiratzeak taldea ez bagara? Taldea ez bagara alferrik ari gara. Talde bat gara, ala etxera joan behar dugu? Ez daukazue irabazteko gogorik?”. Behin coaching ariketa amaituta, mundua irabaztera ateratzen dira neskak.

2.019 arrazoi Herri Ituna errazteko

Giza katea borobilduko duen dokumentua, Herri Ituna, labetik ateratzeko atarian da, erabakitze eskubidea 2.019 arrazoiz jazten duen txostena. Azken urtea lanketa hori egiten eman dute. “Zergatik Erabaki?” galderaren bueltan hiriburuetan mahai inguruak eta eskualdeetan saio parte hartzaileak egin dituzte. Webgunean eskuragarri duten dinamizazio gida mardula landu dute horretarako, eta internetez ekarpenak jaso dituzte. 2.000 bat lagunek parte hartu dute, sektorez sektore bilduta: ongizatea, kultura, herritartasuna eta lurra.

Giza katea egin eta astebetera txostena erakundeen esku utziko dute: Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan eta Euskal Elkargoan. Helburua da dokumentu horrek Herri Ituna ahalbidetzea, “Euskal Herriko eragileen artean herri gisa erabakitzeko behar diren konplizitateak eta adostasunak jostea helburu duen Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Herri Ituna”, GEDen 2018ko plangintzaren arabera. 2019an gogoeta faseari ekingo dio herri dinamikak, bost urteen balorazioa egin eta etorkizunerako pausoak eta helburuak finkatzeko.

Erreportaia honekin batera doa Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramaileari egindako elkarrizketa: "Herritarren erabakitzeko arrazoiak erabakiguneetara eramatea jarri dugu helburu"

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure Esku
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


"Popatik hartzera" bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


2023-06-20 | Hala Bedi
Trebiñuren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Gure Eskuk

Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.


Eguneraketa berriak daude