Hamar urtez Aralar magalean permakultura irakasten


2018ko maiatzaren 6an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

“1986ean ezagutu nuen nik permakultura, 15 urte nituela. Orain 52 dauzkat”. Oso gaztetatik sortu zitzaion Victor Barahona Ormazabali permakulturarekiko interesa. Garai hartan ez zuen formaziorik eta ezta lurrik ere. “Urteetan egon nintzen permakulturaz ikasten egunen batean nire lurrak lortzean horiek lantzen jartzeko asmoz”, azaltzen du. 2008an, azkenean, iritsi zen momentua: Azpirotzen (Nafarroa) lursaila erosi eta Permacultura Aralar proiektuari hasiera eman zion. Hamargarren urteurrena beteko dute maiatzean.

Permakultura, nekazaritzatik harago doan filosofia

“70. hamarkada inguruan jaio zen permakulturaren kontzeptua, Australian. Guneak, lursailak eta laborantza lekuak natura ahalik eta hobekien imitatuz diseinatzea bilatzen du”, aipatu digu Barahonak lehen azalpenean. Mundu osoan erabili izan diren antzinako nekazaritza teknikak darabiltzate permakulturan, espezie iraunkorrak ereitea edota labore elkartuak erabiltzea dira horietako batzuk. Dena den, proiektuaren bultzatzaileak azpimarratu du hasieran nekazaritzari soilik lotutako kontzeptua zena bestelako esparruetara ere zabaldu zela segituan —gizartea, hezkuntza…—.

Permakulturaren aldekoa izanik ere, mugimenduari egin ohi zaizkion kritikak ez ditu ezkutatzen Barahonak. “Egia da permakulturaren mugimenduan ikusgaitasun handiena dutenak gizon anglosaxoi zuriaren profilekoak direla. Hala ere, eta mugimendua profil horretako pertsonek sortu bazuten ere, urteekin bestelako jendea gehitzen joan zaio, eta aipatzekoak dira Afrikan edota Erdialdeko Amerikan permakulturarekin lotuta duten proiektu askotarikoak”, azaltzen du.

Bisita gidatuak eta hitzaldiak Azpirotzeko lursailean

Igandeetan bisita gidatuak antolatu ohi ditu Barahonak bere lurretan. “Lau orduko bisitetan gunetik buelta bat ematen dugu tokia ezagutzeko eta permakultura printzipioak jarraituz dena nola dagoen diseinatuta ikusteko”, dio. Bisitariek lauburu formako mandala baratzea, negutegi-biofrabrika gunea, lurreko presa autoeraikia edota frutalen guneak ezagutuko dituzte, sortzailearen azalpenekin lagunduta.

“Ekoherrixkekin eta kolektiboekin lotuta egon da urteetan permakultura, eta familia mailako esperientzia gutxi zeuden, ustiapen txikikoak”. Hutsune hori betetzeko asmoz sortu zuen Permacultura Aralar Barahonak, eta hutsune hori betetzeko asmoz jarraitu nahi du lanean. “Permakultura utopiatzat hartzen duen jendea badago, zerbait perfektutzat hartzen duena. Landa eremuetako jendea, berriz, oso eszeptikoa izan ohi dira gaiarekin. Ni erdibidean kokatzen naiz, nolabait: batez ere hiriko jendeari zuzentzen natzaio, eta ez nabil nekazariak lan horrela egiteko konbentzitzen. Baina gauzak beste era batera egin daitezkeela ikusaraztea bada nire asmoa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude