Hiru belaunaldi, muturreko lurraldean harrapatuta

  • Bederatzi egun motz gera daitezke lau hamarkadako korapiloaren muina ulertzeko. Sahararrek 42 urte daramatzate Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpalekuetan bizitzen eta hango errealitatea ezagutzeko asmoz 88 zumaiar bertaratu dira, Darahli Elkarteak antolatutako bidaian. Auzolanean, bi herrien arteko elkarlana bideratzea eta 16 urteko ikasle euskaldunek ikas-esperientzia aberasgarriaz gozatzea da helburua. Haiekin bidaiatzeko aukera izan dut.

Argazkiak: Peio Romatet
Argazkiak: Peio Romatet

Lehen zirrara bidaia hasi ahala senti daiteke. Bihotza uzkurtzeko moduko paisaia da kanpalekuetakoa. Ezkerrera nahiz eskuinera begiratuz gero, begien aurrean dagoena nekez aldatzen da: harriz eginik dauden etxe baxuak, oihalezko haima ederrak, izorratutako autoak eta hondarra. Kolore marroiak zeruaren urdin argiarekin kontrastea egiten du. Eguzkiak gogor jotzen du eta itzala ura bezain preziatua izan daiteke. Lasaitasuna nabari da, jendeari patxadaz joaten baitzaizkio minutuak. Umeek irribarretsu agurtu gaituzte eta emakumeek etxeko ateak zabaldu dizkigute. Lehen begi-bistakoan ulergaitza zaigu hondargunea bizitoki izan daitekeenik; bederatzi eguneko bidaiak, azalak ezkutatzen duena ezagutzeko parada eman diezaguke.

Aisha lau anai-arrebetatik gazteena da. 14 urte bete berri ditu, ikasle fina da eta ez du aparteko afiziorik. Azal leuna du, begi distiratsuak eta ile indartsua. Noizbehinka zapi bat darama buruan, baina oraindik ez du ohikoena. Udako oporraldia dela eta, duela hiru urte Kataluniako familia batekin pasa zituen bi hilabete, eta urtebete geroago Avilako herrixka batean izan zen. Gaztelaniaz ederki moldatzen da eta lehen egunetik bere familiaren eta gure arteko itzultzaile titulua eman diogu, hassanieraz eta euskaraz nekez ulertuko baikara. Zugeko Dairan jaio zen, Ausserdeko Wilayan, Aljeriako ipar mendebaldean; saharar errefuxiatuen kanpalekuetan.

Tea hartzen ari garela kontatu dit, oro har, Zugen bizitzea ez duela gustuko. “Eskolara joatea gustatzen zait, baina hemen bizitzea ez. Ez dago ezer eta beti berdina egiten dugu. Nekagarria da hemen bizitzea”. Teari tragoxka bat eman diot, hitzok barneratzen lagunduko didan esperantzaz. 14 urterekin gordintasun horrekin hitz egiten duenak aspaldi utzi zion haur izateari.

Handitan erizaina izatea gustatuko litzaiokeela aitortu dit, baina jakitun da oso zaila izango dela. Kanpalekuetan ez baitago unibertsitaterik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza arteko ikasketak jasotzen dituzte eta goi mailako ikasketak lortzeko bidea atzerrian dago. Nazioarteko laguntzarik edo beka berezirik ezean, datozen urteak etxean igaroko ditu, “amari laguntzen-eta”. Eredutzat du ama. Borrokatzeko esan diot, neska azkarra dela eta lortuko duela. Beste aldera begiratu du. Zer ote daki Mendebaldeko neska zuri honek borrokatzeaz galdeginez bezala bere buruari.

Aishak, familiako gainontzeko guztiek bezala, odolean darama borrokatzeko grina. 42 urte daramatzate sahararrek Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetatik euren herria berreskuratzeko borrokan; Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu eta indarrez kanporatu zituen, makina bat herritan giza eskubideak errotik urratuz. Aljeriako ipar-mendebaldean aurkitu zuten babesa eta emakumeak arduratu ziren ezerezetik herri berri bat eraikitzeaz: oihal zatiekin eta makila pusketekin eraiki zituzten lehen etxeak eta harreman horizontala eraiki zuten, zaintza eta elkarlana erdigunean jarriz. Gaur gaurkoz, kalkulatzen da 150.000 lagunek esperoan jarraitzen dutela basamortuan.

Ibon Ibarguren, irakaslea: “Hezkuntzaren helburua, ikasleak eduki teorikoz hornitzeaz gain, bizipenak eskaintzea izan beharko litzateke”

Bestearen lekuan jartzea
Darahli Elkarteak hamabi urte daramatza Zumaiako gazteei errealitate hura hurbildu nahian. Darahli hitzak besarkada esan nahi du hassanieraz eta bi kulturen artean sortzen den konexio berezia ezin hobeto islatzen du. 16 urteko ikasleak izaten dira bidaiaren protagonistak. Abentura, hiru urteko ikasketa prozesu baten amaiera dela kontatu du Ibon Ibarguren irakasle eta koordinatzaile nagusiak, bidaiak zuzenean interpelatzen zaituen arren, aurretik testuingurua ezagutzea funtsezkoa baita. Bidaia oso garestia da eta ekonomikoki bideragarria izateko diru-laguntzak eskatu behar dituzte, horrek dakarren ardura guztiarekin. Alabaina, behin kanpalekuetako hondarra zapaltzean, zama aise arintzen dela onartu du. “Sentitzen dudan bizipoza edozein arrangura baino indartsuagoa da”.

Irakasle gisa, garrantzitsua iruditzen zaio ikasleak sahararrek transmititzen dituzten bizipen eta sentimenduen lekuko izatea, azken finean etorkizuneko “enbaxadore txikiak” izango baitira. “Hezkuntzaren helburua, ikasleak eduki teorikoz hornitzeaz gain, bizipenak eskaintzea izan beharko litzateke”. Enpatia, auzolana eta elkartasuna arreta bereziarekin landu nahi ditu. Funtsean, gure aitona-amonek bizi zuten egoera lehen pertsonan ulertzeko parada dela dio: “Asko partekatzen dugu eta hemen egun urratzen dizkieten eskubide berak kendu zizkieten gutako senide askori”.

Hiru urtean behin hegazkina eskolako materialez, medikamentuz eta beharrezko produktuz bete eta Aste Santuko egunak bertan igarotzen dituzte, bertan bizi diren familien etxeetan. Herriaren azpiegituran nahiz eskolako zereginetan lagungarriak izan daitezkeen proiektuak egiteko asmoz hasi ziren sahararrekin elkarlanean eta oraingoz ez dirudi haria etengo denik.

Zumaiarrak eta saharrak elkarlanean udaletxea pintatzen.

Kanpotik barrura
Egunotan, hara bidaiatu dugun bi kazetariak, medikua eta erizaina Mohamed Hamed familiaren apopilo izango gara. Gainontzeko bidaiariek ere bertako familiekin bizitzeko aukera izango dute. Goizeko ordu txikitan iritsi gara, eta ilargiaren argia inon baino biziago den arren, ilunpetan nola edo hala lortu dugu etxea aurkitzea. Lau kuxin handi dituen gela batera sartzeko esan digu Galiak, Aisharen lehengusuak. Dada (Aisharen ama eta Galiaren izeba) aldamenean du. Gaztelaniaz ez duela ulertzen esan digu eta guk hala moduzko zeinu hizkuntza batean eman dizkiogu eskerrak. Hassanieraz eskerrik asko shukram esaten dela erakutsi digu Galiak.

Biharamunean gosaria zain dugu esnatu bezain laster. Jatorduak Dadaren esku daudela ikusi dugu lehen gosaritik. Indartsu gosalduta irten gara etxetik, ogia mermelada eta gurinarekin, kafeaz lagunduta. Atarian oinetakoak jantzi eta Dairara abiatu gara. Gurekin batera etorri dira Shalka, Omar eta Ali, 8, 10 eta 11 urteko lehengusuak; hiruak oinutsik. Bost minutuko ibilaldiaren ostean, gainontzeko zumaiarrekin elkartu gara. Ikurrina eta Saharako bandera handi bana daude margotuta gelaren horma nagusian eta goiburuan Darahli irakur daiteke.

“Lekuz kanpo” sentitzen direla aipatu dute batzuek, 16 urte izanda zer gutxiago etxetik milaka kilometrora egonda, pentsatu dut ahopean. Familia berriarekin behar bezala ezin komunikatzeak kezkatzen ditu gehien, senide helduenek nekez baitakite gaztelaniaz eta zenbait kasutan familiako ezein kidek ez daki. Borondate onak baina, salbatuko dituela uste dute eta modu batera edo bestera, lortuko dutela etxe giroa sortzea haimapean. Gogotsu bezain adoretsu ekin diote abenturari herriko gazteek.

Datozen bi egunetan ez da beste zereginik izan, arrabolak hartu eta udaletxea pintatzea baino. Lantalde txiki bat barruko sare elektrikoaz arduratu da: argia, aire egokitua eta haizea mugitzeko helize batzuk jartzekoak dira. Ibargurenek aipatutako auzolanaren bi egitasmo nagusiak dira. Baita haur eskolako patioan margotuko duten murala ere. Zortzi laguneko beste talde batek egun gehiago beharko ditu memoria historikoaren proiektua egiteko: hiru familiako hiru belaunaldi elkarrizketatuko dituzte, guztiak emakumeak. Kanpalekuen iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko erronkak biltzea du xede egitasmoak. Lehenengo belaunaldiko emakumeek batez ere sufrimendua dute aipagai; bigarrenekoek, kanpalekuetan jaioak, asumitutako errealitatean daude kateatuta; eta neska gazteenak dira borrokalarienak, aurreko belaunaldiak erreferente hartuta baina etorkizunari begira.

Bitartean, zortzi bat emakume tea egiten ari dira langile guztientzat. Udalbatzako langileak dira. Zug lau auzotan banatzen da eta auzo bakoitzak ordezkari bat du udal taldean. Saharako banderari begira nagoela ezagutu dut Fatima, lehenengo auzoko arduraduna. Mohamed itzultzaileari hurbiltzeko eskatu eta banderaren esanahia azaldu didate bien artean: “Gorria isuri dugun odolaren kolorea da. Beltza historikoki jasan dugun errepresioa. Zuriak bakea esan nahi du eta berdeak itxaropena”. Estu heldu nau eskutik eta tea eskaini dit. Kamera erakutsi diot, argazki bat atera ote diezaiokedan… Buruarekin baietz esan dit.

Mendebaldeko Saharatik ihes egin zuen amonak ezerezetik eraiki zuen bizitoki berean hezi behar du mugikorraren menpe dagoen biloba; belaunaldi arteko talka parez pare.

Salbuespen egoera mugagabea
Basamortuak egunez ateratzen badu aurpegirik gogorrena, eguzkia ezkutatzen joan ahala itxuraldatu egiten da; ortzi-muga kolore morez apaintzen da, haurren joan-etorria bareagoa bihurtzen da eta izarrek zerua estaltzen dute, goitik behera eroriko bailitzan. Egunak azkar doaz aurrera eta zaila egiten da gertatzen ari denaz irakurketa sakon bat egitea. Pixkanaka ohitzen hasiak gara, ordea, egin beharrekoak zulo batean egiten, cous-cousa eta gamelua jaten, ahuntzak zaintzen, esnatu berritan asbahaljair esaten, eta umeekin zoroen modura jolasten. Bizitza sinplearen xarma, ezerezetik loratutako pozaren lekuko izatearen zortea.

Testuingurua nabarmen aldatu da 40 urteotan. Bilakaera horren lekuko izan dira, besteak beste, Katixa Garcia eta Irune Bernal begiraleak. Duela hiru urte izan ziren lehen aldiz kanpalekuetan eta denbora tarte horretan, jada, azaleko aldaketa esanguratsuak antzeman dituzte. “Orain argia iristen zaie etxeetara eta hori aurrerapauso handia da. Ia gazte guztiek dute mugikorra, lehen ez bezala, eta autoak ere ugaritu egin dira”.

Lehenengo belaunaldiko emakumeek sufrimendua dute aipagai; bigarrenekoek, kanpalekuetan jaioak, asumitutako errealitatean daude kateatuta; eta neska gazteenak dira borrokalarienak, aurreko belaunaldiak erreferente hartuta baina etorkizunari begira

Azaleko aldaketok badute, ordea, B alde bat: nazioarteko laguntza inoiz baino urriagoa da. Gatazkak, errefuxiatuak, gerrak eta laguntza beharra ugaritu egin dira mundu zabalean eta nolabait sahararren auzia ahanzturara bultzatu dute gertakari horiek; jasotzen dituzten elikagaien kopurua nabarmen jaitsi da. 2012 aurretik hilabete osorako banatzen zituzten ondasun otarrek 30 egunerako balio bazuten, orain batez beste lehen hamabi egunetarako baino ez zaie iristen familiei.

Hilabeteko otordu guztiak nekez osatu ditzakeen familia berak hozkailuko janaririk preziatuenak jarri dizkigu, eguna joan eta eguna etorri. Etxeko ateak irekitzea gutxi ez balitz, bihotzak zabaldu dizkigute eta erraietan ainguratuta dituzten zaurien berri eman digute. Esaterako, exodoan erditu zuen emakume bat ezagutzeko aukera izan dugu, marokoarrak etxera sartu ahala soinean zeraman apurrarekin ihes egin behar izan zuena. Haurra bonbardaketa baten ondorioz galdu zuen, beste bi ahizpei ere seme-alabak hil zizkieten errefuxiatu aldian.

Familia sahararrak jada hiru belaunaldiz osatuta daude, eta iraganaren eta etorkizunaren arteko lerroak amaiezina dirudi. Amets bakarra herriaren autodeterminazioa da. Aitzitik, Mendebaldeko Saharatik ihes egin zuen amonak ezerezetik eraiki zuen bizitoki berean hezi behar du mugikorraren eta teknologiaren menpe dagoen biloba; belaunaldi arteko talka parez pare. Hau guztia, behin-behineko bizitokia izan behar litzatekeen muturreko lurraldean.

“Sahara libre” oihukatu dugu ilunabar bakoitzean. Haurren zoriona irribarrean txertatu zaigu eta tea zainetatik doakigu bederatzi egunen ostean. Duintasunez betetako herri baten parte sentitu gara basamortuaren erdian; indarrak batu ditugu bizi duten egoera horren amaiera berandu baino lehen iris dadin. Ikasleek eurek, azken eguneko hausnarketa saioan, halaxe baitzioten: haientzat sekulako esperientzia izan arren, ametsik onena bidaia ez errepikatzea izango litzatekeela, ondorengo belaunaldiei kontatu beharreko zerbait izatea behinola Sahara ez zela libre.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-20 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


Eguneraketa berriak daude