Izenorde guztiak


2024ko abenduaren 30ean - 14:35
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Historikotzat nekez har daitekeen argazkiaren erdian agertzen den neskatoa idazten ari da, zer eta izenorde zerrenda bat: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. Beherantz begira egonik, neskatoaren begirada nolakoa den antzeman ezinik gelditu naiz ni.

Argazkilariaren lanari soraio, zu, poliki eta artezki, tentuz eta kontuz bururatzen ari zara lana, zeren ez zaizu eginkizun erraza suertatu zurea ez den hizkuntza batez izenorde horiek guztiak zerrendatzea: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. Baina protagonista zara zu.

Basamortuko argiak natura erreal eta metaforikoak sortzen ditu liburutegian, Bubisher izeneko txoriaren habian, basamortuko liburutegietako batean. Argiak mahaiko orrialdea argitzen du: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek, eta orrialde txurian beltz, orrialde txuriko izenorde beltzak, berriz errepikatzera ez noan  goiko zerrenda hura.
 
Gainerakoa, hormak, ateak, leihoak, liburuak, arasak, harlauzak, apalategiak, aulkiak eta beste altzariak argazkilariaren fokutik at gelditu dira, garrantzitsuena neska idazten ari delarik jasotzea baita: argazkilariaren atzeko aldean, ikusten ez diren Bubisher proiektuko Ricardo Gómez eta Palma Aparizio, baita Saharako Kabiak-eko Koro Azkona nafartarra ere, teatralitatetik kanpoko keinuak egiten ari zaretenak, duela egun gutxi kanpamentuetan egon zareten zuek.

Eskuinean, jaka militar zahar batez jantzitako zaindari bat atzeraka doa, adierazi nahiko balu bezala ez dela nor argazki horretan agertzeko. Ezkerrean, melfa jantzia atontzen ari den liburuzain bat, neskatoaren lanari erreparatuz harrotasun puntu batez. Bibliobusaren txoferra, garbitzailea, beste liburuzainak... bertan egon arren, argazkitik kanpo gelditu dira haiek.  

Argazkiko neskato hura idazten aritu dadin eta argazki hori egin ahal izateko, izenorde guztiak behar-beharrezkoak dira: ni, zu, hura, gu, zuek eta haiek. Denok jarraitu behar dugu lanean, zeren eta denon artean osatzen den Bubisher proiektuak harrotasunez betetzen gaitu gu.

Agian historikotzat nekez har daitekeen argazkia izanik ere, Saharar Herriaren historiaren zati bat da.

Josu Jimenez Maia, idazlea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude