Emakumeak borrokan
Mural agentzia

Sao Pauloko periferietatik kronika burujabeak

  • Joâo Paulo Brito eta Rafael Balago 1988an jaioak dira Sao Paulon. 12 milioi lagun bizi dira Brasilgo hiri erraldoi horretan eta argi dute hedabide nagusiek ez dutela hiri osoan gertatzen dena jasotzen, ezta gutxiago ere. Periferiak informatiboki zein modu estereotipatuan jorratzen zituzten ikusteaz nazkatuta, auzo hauetako kazetari gazteen sarea osatzeari ekin zioten. Emaitza: Mural Agentzia. Bakea eta Duintasuna elkarteak Euskal Herrira ekarrita, proiektua ezagutzeko aukera izan dugu.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2018ko apirilaren 01a
Rafael Balago zutik eta Joâo Paulo Brito eserita. Mural Agentziako kazetariek lortzen dute kazetaritzaren bidez Sao Pauloko auzoetan eragitea. (Lander Arbelaitz)
Rafael Balago zutik eta Joâo Paulo Brito eserita. Mural Agentziako kazetariek lortzen dute kazetaritzaren bidez Sao Pauloko auzoetan eragitea. (Lander Arbelaitz)

Nola sortu zen Mural eta zertarako?

Rafael Balago: Bruno Garcés izeneko kazetariak bloga ireki zuen Sao Pauloko periferiei buruz hitz egiteko. Berak zioen, askotan idazten zuela atzerriko herrialdeez, baina gero, ez zuela bertako auzo askori buruz sekula idatzi, eta leku horiez, beti oso albiste txarrak ematen zituztela hedabideek. Hilketak, biolentzia... estereotipoak jaun eta jabe. Pixkana gorputza hartzen joan zen eta formazioa ematen hasi zen periferian bizi ziren gazteei, beraiek informa zezaten bizi ziren lekuan gertatzen ziren gauzez. Ordutik, blog hori berri agentzia bilakatu da.

Joâo Paulo Brito: Sao Pauloko periferiak aipatzen ditugunean, hitz egiten ari gara zentrotik urrun dauden auzoez. Askok ez dute ez zinema, antzoki eta oinarrizko prestazio publikorik. Erdigunera joateko autobusa hartu eta bizpahiru ordu behar dira leku hauetatik, batzuetan gehiago. Hedabideetan nagusi diren klase ertaineko kazetariek ez dituzte ezagutzen periferiak. Ez dute ezagutzen errealitate hau eta ez dute pertsonen bizitzez idazten, dagoen aktibitate kulturalaz. Beti hitz egiten dute bandidoez edo hiltzaileez, pertsona txiroen kriminalizazioa izugarria da. Mural agentzia aitzindaria da, auzo hauek periodistikoki modu positiboan jorratuz. Eredugarri ikusten gaituzte askok, masa hedabideek auzo hauek jorratu behar lituzketen modua praktikan jartzen dugulako.

Zer nolako kazetaritza egiten duzue?

J.P. Brito: Mural agentziaren DNAn daramagu ez dugula beste hedabideek egiten dutena erreproduzitu nahi. Ez dugu soilik jende txiroaren arazoez hitz egiten. Enpatizatzen saiatzen gara, irakurtzea merezi duten historia ederrak bilatzen edo, proiektu interesgarriei buruzko albisteak jorratzen ditugu. Sao Paulon kultur-leherketa handia bizi dugu azken urteotan: ekimen asko egiten dira, zinema herrikoiak, kontzertuak eta abar. Mural agentziatik hau jorratzen dugu, herritarrei errealitate hau hurbiltzeko. Hemen bizitza dago, adi egon behar duzu, gauza interesgarriak daude.

Periferia hitza zuen proiektuan ardatza da.

J.P. Brito: Ez dakit ongi gauzak nola diren hemen Euskal Herrian. Sao Pauloz ari garenean, jendeak lanera joateko orduak egiten ditu garraioan. Badaude favelak, baita auzo egituratuagoak ere, baina funtsean hiri txikiak dira beste erraldoi baten barnean. Milioika pertsona horien multzoan, auzoek berezko dinamikak dituzte, eta batzuek adibidez, Bilboren tamaina dute. Eremua handia eta oso ezberdina da. Hedabide handiek  oso modu ezberdinean kontatzen dituzte erdigunean bizi baldintza hobeagoekin bizi direnen albisteak, eta periferian gauden milioika pertsonaren bizitzak.

R. Balago: Hiriko kazetari gehienak Sao Paulo erdialdeko koadrilateroan bizi dira, han egiten dute lan, eta kanpoaldeko auzo batera joateko kazetariak bi edo hiru ordu behar ditu autoan, lan egin eta itzuli beste horrenbeste ordu igaroz errepidean. Ez dira heltzen istorio hauetara gu heltzen garen bezala, gu han bertan baikaude. Nik askotan ikusi dut kazetari bati elkarrizketa interesgarri bat eskaini eta balizko elkarrizketatua urrun bizi delako kazetariak uko egitea. Erredakzioetan askotan gertatzen da.

Zein da errealitate mediatikoa Sao Paulon?

R. Balago: Batzuek egunkariak erosten dituzten arren, periferietan informazio iturri nagusia telebista da. Pozik gaude ikusi izan dugulako guk argitaratutako informazioek batzuetan eragiten dutela telebista kate handiek ondoren gai horiek jorratzea. Kontaktuak eskatzen dizkigute batzuetan.

J.P. Brito: Aipagarria da guk artikulu batzuk idatzi izan ditugunean auzoren bateko beharrei buruz, handik gutxira, udaletxeko langileak joaten direla konponketak egitera. Arazo horiek beste hedabideek ez zituzten aipatzen, eta beraz, gurea presio moduko bat ere bada.

Zenbat kolaboratzaile dituzue eta nola egin duzue sarea?

Rafael Balago:
“Auzoetan deialdiak egin, webgunean jorratutako materiala inprimatuta eraman eta kaleko paretetan itsasten hasi ginen jendeak
irakur zezan”

R. Balago: Iaz 58 lagunek idatzi zuten zerbait Muralen, egun 80 bat gara. Kontutan hartu behar da denbora librean egiten den lana dela, eta denok beste lanpostu bat dugula. Urtean behin biltzen gara denok, proiektuaz hitz egiteko.

J.P. Brito: Orain gutxi arte ez zen ohikoa gazte txiroak unibertsitatera joatea. Lula da Silvak bultzatako programa sozialei esker, aldaketa handia bizi izan dugu Brasilen. Beka ugari sortu zituzten eta gu biok, adibidez, beka hauei esker unibertsitatera joan ginen. Gure familietan unibertsitate ikasketak dituzten lehenak gara. Mural agentziak honi ere erantzuten dio. Unibertsitatera heldutako gazteok, uneren batean gu bezalako gazteek osatutako agentzia bat bazela jakin genuen, gu bezala periferiako gazteez osatua gure auzoez hitz egiteko modu interesgarrian.

Zuen lana zabaltzen al da komunitateetan?

R. Balago: Hasieran periferiaz hitz egiten genuen erdiguneko jendearentzat, baina gure arteko eztabaida askoren ostean, hori aldatzen hasi ginen. Komunitateentzat idazten hasi ginen eta gure proiektua ezagutarazten. Expo Mural deitu genuen ekimena abian jarri genuen. Herritar askok ez duenez Interneteko konexiorik, hasi ginen auzoetan deialdiak egiten, webgunean jorratutako materiala inprimatuta eraman eta kaleko paretetan itsasten jendeak irakur zezan. Orain gutxi, Facebooken taldeak egiten hasi gara auzoka, jendea bildu eta materiala zabaltzeko, errazago komunikatzeko moduak lortuz.

Nola dago Brasil gaur egun kazetaritza egiteko?

J.P. Brito: Oso gaizki. Faktore batzuek zailtzen dute kazetariaren lana. Datuak ez dauzkat, baina Brasil munduko herrialderik arriskutsuenetakoa da kazetarientzat. Sao Paulo, Rio de Janeiro edo Brasilian egiten den kazetaritza seguruagoa izan daiteke. Kazetaritza urbanoagoa nolabait esatearren, medio handien egoitzetan, batzuek segurtasuna dute lana egiteko. Baina beste leku batzuetan, herrialdearen iparraldean, ipar-ekialdean eta hegoaldean, edo gu lanean aritzen garen lekuetan adibidez, kazetariak oso pertsona sinpleak dira, formazioa dutenak, baina beste gauzetan ere lan egin behar dutenak. Polizia oso biolentoa da eta kazetariak mehatxatzen ditu. Manifestazioak jorratzean begia galdu duten kideak badaude, beren familiak mehatxatu izan dituztenak, edota Brasildik ihes egin behar izan dutenak ere, hilko zituztelako. Kasu konkretu bat aipatzearren, Brasilgo Ikerketa Kazetarien Elkarteak iaz hil zituzten kazetariei buruzko filma egin zuen. Bertan jorratzen da irratian lan egiten zuen kazetari baten kasua, politikari lokal baten ustelkeria salatu zuen goiz batean eta arratsaldean tiro bat jota hil zuten. Izugarria da eta gertatu egiten da.

Zein dira kazetaritza zailtzen duten beste faktoreak?

J.P. Brito: Beste bat zentsura judiziala da. Politikariren baten ustelkeria salatzen den aldiro, politikari horrek prozesu bat abiatzen du zure aurka. Dirua, lana, indarra... galtzen ditu kazetariak. Eztabaida handia sortzen ari da gizartean gai honekin.

Eta hirugarren faktorea prekarietatea da. Erredakzio handietan ere oso lan prekarizatua dute. Kazetari askok ez du erregistro formal edo oporrik, soldata baxuak dira, eta lan gutxi dagoenez hori onartu behar izaten du jendeak.

Arazoak izan al dituzue boterearekin?

J.P. Brito: Biolentzia eta krimenen gaiak ez ditugu jorratzen normalean. Mural kazetarien kolektiboa garrantzitsua da lehen aipatu dugun ikuspegitik periferien jarraipena egiteko. Badaude beste hedabide batzuk zehazki beste tematika batzuen jarraipena egiten dutenak. Adibidez, Brasilen Ponte izeneko hedabide oso borrokalari eta indartsua daukagu, eskarmentu handiko kazetariekin, jarraitzeko segurtasun publikoaren eta giza eskubideen urraketak. Guk batzuetan, gai horiekin lotutako informazioak eskuratzen ditugunean, nahiago izaten dugu haiei eman, hobeto egingo dutelako.

Brasil oso une interesgarrian dago hedabide berriak sortzen ari baitira, Agência Pública daukagu ikerketa kazetaritza egiten, bada beste hedabide berri bat epe luzeko kazetaritza esplikatiboa egiten duena, azken ordukoarekin kezkatuta ibili gabe. Mural ekosistema horren parte da.

Joao Paulo Brito:
“Brasil munduko herrialderik arriskutsuenetakoa da kazetarientzat.
Polizia oso biolentoa da eta kazetariak mehatxatzen ditu”

Nola finantzatzen zarete?

R. Balago: Agentzia gara eta gure edukiak beste hedabideetan publikatzeagatik kobratu egiten dugu, Folha de S. Paulo egunkarian adibidez. Orain egitura finkoa sortzeko finantzazio bila gabiltza, nazioarteko programen bidez. Internet bidezko diru-bilketa kanpaina ere egin genuen hasieran. Finantzazioa dibertsifikatzen saiatzen ari gara, baina oraindik lan asko daukagu egiteko.

Ingelesez ere informatzen duzue. Zergatik?

J.P. Brito: Global Voicesekin elkarlanean ari gara. Bertan argitaratzen dituzte gure testu batzuk eta beste hizkuntzetara itzultzen dituzte. Garrantzitsua da ingelesez ere informatzea, bestela errealitate hau ez baita nazioartean existitzen.

Amaitzeko, aukera dezakezue Muralen argitaratu duzuen istorio bana?

R. Balago: Orain urtebete geltokiz geltoki joan ginen, erregela batekin, trenetik nasara geratzen den tartea neurtzen. 91 geltoki orotara eta batzuetan 40 zentimetroraino heltzen zen zuloa. Konturatu ginen istripu asko gertatzen zirela jendea zulo horietara erorita, egunean hiru. Horretaz idatzi genuen erreportaje berezi bat datu guztiak mahai gainean jarriz. Tren agentziak ere ez zituen datu hauek, kolpe bikaina izan zen. Gero telebista joan zen eta gai beraz erreportajeak egin zituzten, eta gobernua hasi zen goma batzuk gehitzen zuloa konpontzeko. Kasualitatea, soilik erdiguneko geltokietan egin zituzten konponketak.

J.P. Brito: Polita iruditu zitzaidan favela bateko eraikin bati buruz egin genuen istorioa. Zazpi pisu zituen, baina lehenik bat egin zuten, denbora batera gero beste solairu bat gainean, gero beste bat, gero beste bat eta horrela zazpi solairura heldu arte. Dena inprobisatuta. Galdera zen: nola da posible etxe hau zutik egotea? Eta etxeak eraikitzen dituzten jendearekin joan ginen, langileekin, eta gakoak erakutsi zizkien egileak. Ona izan zen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kazetaritza  |  Brasil

Kazetaritza kanaletik interesatuko zaizu...
2019-04-15 | ARGIA | Hiru Damatxo
100 urteko soka-dantza
MULTIMEDIA - dokumentala

Hiru Damatxo taldeak egin du ikus-entzunezkoa, 100 urteko soka-dantza. Komunikazio proiektuaren ibilbidea azaltzea du asmo, “fraideen gonapetik hasi eta gaur egungo kazetaritza independenteraino”. Argiaren historia azaltzeko mundu mailatik Euskal Herriraino ekarriko gaituzten gertakarietan jartzen du lentea dokumentalak, herri honetan ernetzen ari zen euskarazko komunikabidearen ibilbidea egoera globalean kokatzeko.

Eta nola ez, historia honetako protagonisten testigantzak dira... [+]


2019-04-12 | ARGIA
ARGIAn praktikak egiteko aukera ireki dugu

Lantaldean aritu, sare sozialak kudeatzen eta internet zein papererako idazten trebatzeko aukera zabalduko dugu. ARGIAn praktikak egin nahi badituzu, maiatzaren 7an egingo dugun azterketara aurkeztea besterik ez duzu.


2019-04-07 | Z. Oleaga
Jesús Rodriguez, La Directa-ko kazetaria
"Eraldaketa sozialaren borroka eta independentzia erabat lotuta doaz egun"

Jesús Rodriguez Selles pertsona ezaguna da Kataluniako kazetaritzan. 1996. urtetik ari da informazioaren munduan lanean eta militatzen, beti ere prentsa konprometitu eta tokikoaren lubakitik. Hamabost urte dira La Directa komunikabidearen oinarriak jartzen hasi zela hainbat kiderekin batera. Apirilaren 5ean Gasteizen izango da, ARGIAk eta Hala Bedi irratiak elkarlanean antolatutako hitzaldian hizlari. Elkarrizketa hau ere bi hedabideotan aurkituko duzu, Hala Bedin irrati-elkarrizketa... [+]


2019-04-02 | Z. Oleaga
Mikel Saenz de Buruaga, Hala Bediko kazetaria, epaitegien aurrean
"Jokoan ez dago gure kasua, guztion eskubideak eta kazetarion lanerako eskubidea baizik"

Bi urte luzeren ostean, eta Hala Bedik ordaintzeari uko egin ostean, heldu da azkenik Mikel Saenz de Buruaga kazetariaren aurkako epaiketa. Jende andana bildu da astearte goizean Gasteizko epaitegietan, irrati libreak deituta, kazetariari eta bere jardunari babesa adierazteko. “Mozalik ez. Kazetaritza ez da delitua” zioen pankarta eraman dute elkarretaratzera.


2019-04-01 | Z. Oleaga
Jesús Rodriguez, La Directa-ko kazetaria
"Eraldaketa sozialaren borroka eta independentzia erabat lotuta doaz egun"

Jesús Rodriguez Selles pertsona ezaguna da Kataluniako kazetaritzan. 1996. urtetik ari da informazioaren munduan lanean eta militatzen, beti ere prentsa konprometitu eta tokikoaren lubakitik. Hamabost urte dira La Directa komunikabidearen oinarriak jartzen hasi zela hainbat kiderekin batera. Apirilaren 5ean Gasteizen izango da, ARGIAk eta Hala Bedi irratiak elkarlanean antolatutako hitzaldian hizlari. Elkarrizketa hau ere bi hedabideotan aurkituko duzu, Hala Bedin irrati-elkarrizketa... [+]


Hizkuntz eskubide urraketaz informatzeagatik epaitegira
Informatzen jarraituko dugu

2019-03-29 | ARGIA
Ertzaintzak Mozal Legeaz zigortutako lehen kazetariaren epaiketa apirilaren 2an izango da

Hala Bedi irratiko Mikel Saenz de Buruaga kazetariari "Herritarren Segurtasun Legea" (Mozal Legea izenez ezaguna) aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak, 2017ko maiatzean Errekaleorren polizia operazioa grabatu izanagatik. Alegazioetarako bide administratibo guztiak agortu ostean, Hala Bedik 2018ko apirilean iragarri zuen auzitegitara joko zuela, "informatzeko eskubideari eginiko erasoa delako". Apirilaren 2an izango da epaiketa, eta Hala Bedik elkarretaratzea... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude