Sahel kontrolatu nahian, Malin Afganistan berria sutu dezake Frantziak

  • Urtarrilean bost urte bete dira Frantziak Malin Serval operazioa abiarazi zuenetik, Azawadeko tuaregen eta Ansar Dineko islamisten mehatxutik hiriburua babestu eta Bamakoko gobernuari laguntzeko herrialdearen iparraldeko lurren kontrola berreskuratzen. François Hollandek 2013an hasitako esku-hartzea indartu nahi du orain Emmanuel Macronek, baina hainbat ahots hasi zaizkio ohartarazten Frantziak Malin aurki dezakeela yankiek Afganistanen piztu bai baina oraindik itzali ezin duen infernua.

Pascal Gyoten argazkian, militar frantsesa 2013ko otsailean herritarren ongi-etorria jasotzen Maliko herriren batean, Bamakora iristear ziren tuareg eta islamistei bidea moztu eta atzera egin ostean. François Hollandek agindu zuen Serval operazioa orduan.
Pascal Gyoten argazkian, militar frantsesa 2013ko otsailean herritarren ongi-etorria jasotzen Maliko herriren batean, Bamakora iristear ziren tuareg eta islamistei bidea moztu eta atzera egin ostean. François Hollandek agindu zuen Serval operazioa orduan. Bost urte geroago, Serval bihurtu da Barkhane, Malikoez gain Burkina Faso, Mauritania, Niger eta Txadeko militarrak elkarlanean jarriz frantsesen aginduetara. Emmanuel Macronek Frantziarentzako estrategikotzat jo du Sahel kontrolatzea.

2018ko otsailaren 18an

Emmanuel Macron lehendakari gazteak urtarrilaren 19an ekitaldi solemne batean bildu zituen Frantziako armadako buruzagiak 1.200 militar hautatuekin batera Toulongo kaian ainguratuta dagoen Dixmude gerra-ontzian. Anbizioz betetako aldaketak agindu zituen: derrigorrezko soldadutza berrezartzea, armadaren aurrekontuak sekula baino gehiago indartzea, ahalmen nuklearrari eustea... eta terrorismo islamista suntsitzea.

Siria eta Ekialde Hurbilaz gain Macronek espreski aipatu zuen Frantzia Saharako basamortu bazterretan egiten ari den esfortzua: “Mundializazioarekin, Frantziaren interesak ez dira mugatzen gure mugetara. (...) Badakigu gure lurraldea defenditzeko batzuetan hemendik urruti borrokatu behar dela atentatuak antolatzen dituztenen kontra. (...) Ekialde Hurbiletik Sahelera, erabat gaude konprometituta mehatxu berrien kontrako lanean”. Esatea errazago da.

Otsailaren 2an Le Figaro egunkariak bi orri eskaini dizkio Saheleko abentura militarrari: Serval operaziotik bost urte pasata, Al Kaedak gangrenatzen du Mali”. 2013ko urtarrilean mundu osoaren pozerako frantsesek askatu zuten Tonbuktu mitikotik idatzi du Thierry Oberlek: “Jihadisten okupazioa bukatu eta bost urtera, bazterrak ilun daude hemen. Gehiengoa diren beltzak mesfidatzen dira ‘larru zuriez’, arabiarrez”. Tonbuktuko alkateorde Bubakar Sadekek esan dio: “Lehen zegoen jende ezberdinen arteko sinbiosia bukatu da. Hemen ez dago buruhaustea besterik. Estatuko agintariek diote bortizkeria hondarrak geratzen direla, erotutako jendea, baina nola nahi duzu bakean sinestea jendea kale gorrian hiltzen dutenean eta gobernu txar bat nozitzen dugunean?”.

Eusebio Valek La Vanguardian idatzi duenez, denborarekin Paris hasi da bizitzen Sahelen lehenago AEBk Afganistanen eta gero Iraken bizi izan dutenaren antzeko egoera, “etsaiak berriro agertu dira, hemen segada eta hor atentatua, beren alde dauzkatelako Estatuaren ahulezia, inguruaren ezagutza eta komunitateen arteko liskarrak”.

Eskualdean militarizazioak daraman abiadura azaldu du “Sahel, escalade guerrière“ kronikan Afrique-Asiek, berrikitan paperezko hilabetekari ezaguna itxi arren edizio digitalean jarraitzen duenak. Eskalada militarraren adierazgarritzat aipatu du Burkina Faso, Mali, Mauritania, Niger eta Txadeko militarrek eta Frantziakoek osatu duten FC-G5 indar bateratua.

Martxorako FC-G5k edukiko ditu 5.000 militar afrikar 7 batailoitan antolatuak Frantziak 2013tik bidalitako 4.000ekin elkarlanean. Horiei gehituko zaizkie Nazio Batuen Erakundearen MINUSMA misioko 12.000 kasko urdin. Ahaztu gabe, hurbil, AEBek Afrikako komando zabalaren barruan Nigerren dauzkan 800 soldaduak.

“Sahelen eta Mendebaldeko Afrika osoaren militarizazioa, nagusiki Frantziak eta AEBek daramatena, errukirik gabe doa aurrera”, idatzi du Gilles Olakounte Yabi International Crisis Groupen Afrikarako zuzendariak. Bere analisiari izenburu adierazgarria ipini dio: “Drone armatu frantses eta amerikarrak Mendebaldeko Afrikako zeruetan, horiek seguru sentiarazten al zaituzte?”.

Gerraren zabaltzeak Saheleko herritarren artean menpekotasun irudipena handitu arren, lekuko eliteak pozarren daude, “gerra hauentzako aukera ederra baita askatasunak mutilatu, herrialdearen burujabetza desegin eta bertako baliabideak lasai ederrean arpilatzeko”, Afrique-Asiek bildu duenez.

Etsaiak ere lagun diezaguke zerbaitetan

Gaiotan informazio iturri ederra den Orient XXI hedabidean Abdelkader Abderrahmanek “Sahelen barrena ‘kaos eraikitzailea’ hedatzen ari dira“ plazaratu du. Brehon Advisary aholkularitza konpainian ari da.  “Malin egoera zaila da –dio Abderrahmanek– eta Sahel bolborategi arriskutsua bilakatu da, giroa oso nahasita dago. Egunero dago erasoren bat, auto edo armen lapurreta edo bahiketaren bat. Sarritan gertakizunok aipatu ere ez ditu egiten lekuko prentsak, are gutxiago noski nazioartekoak. Domino jokoan bezala, ezinegona inguruko herrialdeetara zabaldu da”.

Historian atzera joanda, europarrek Afrika elkarren artean banatu zuten 1885ean Berlingo Konferentzian. Frantziako Inperioak Afrika Mendebaldea beretzat gorde zuen. 1960ko hamarkadatik petrolioak eta beste natur baliabideek erakarri AEBak ere. 1997tik garrantzia berezia hartu du Afrikak amerikarrentzat, Pentagonoak ezarri zuenetik energia hornidura AEBen behar estrategiko nagusitzat. Persiar Golkoa bera baino garrantzitsuagoa gerta litezke etorkizunari begira Aljeria, Gineako Golkoa… eta Sahara bera, oraindik aurkitu gabeko petrolio hobiekin.

Txina ere azaldu zen, berehala afrikarren sozio komertzial nagusi bihurtuz. Europar eta amerikarrek afrikarren erabakietan muturra sartzen bazuten, Txinak bakean uzten ditu eta negozioen truke maileguak eskaintzen baldintzarik onenetan.

Zeren bila dabil Frantzia ofentsiba berriarekin? Ahmedou Ould Abdallah, NBEaren goi funtzionario ohia: “Frantziak Libian eta Malin eskua sartuz nagusiki nahi dio eutsi bere potentzia izateari, NBEaren Segurtasun Kontseiluan egoteko eskubideari eutsi, munduaren egonkortasunaren berme agertu”. Mali beti egon da Afrikan kolonialistek zerabiltzaten jokoen erdian, Doulaye Konate historiagileak esan duenez: “Mali kontrolatzen duenak kontrolatzen du Mendebaldeko Afrika, ez bada Afrika osoa”.

Badago arrazoi oso zehatz bat ere. Islamisten kontrako garaipen handiak iragarri dituzte frantsesek, baina horien irudirik ez da, kontakizun independenterik ere ez. Bertako lekukoek kazetariei esan diete frantsesek ihes egiten utzi zietela islamistei erabat inguratuta zeuzkatenean. Iparraldera, basamortura alde egiten utzi?

Gakoa egon daiteke AREVA konpainiak Arliten –Nigerren, Malirekiko muga ondoan– dauzkan uranio meategi handietan. Zeren, uste denez, askoz uranio hobi gehiago daude oraindik ustiatu gabe eskualde horretan, eta Frantziari interesatzen zaio beste inork hor muturrik ez azaltzea. Mali iparraldeak, gainera, negoziatu du hegoaldearekiko autonomia… frantsesei esker.

Berlingo hitzarmena eta 130 urte geroago, Afrikaren banaketa berria jokatzen da. AEB, Txina, Frantzia... munduko potentzia handiak lehian dabiltza bermatzeko beren hornidura petroliotan, metal preziatuetan, laborantzarako lurretan… eta baita basamortuak hondarpean gordeta dauzkan ur gezetan ere.

Frantzia sartu bai egin da Saheleko gerran, baina urteak pasa ahala islamistek egurrean darraite eta Mali ez da iritsi estatu normal izatera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Neokolonialismoa
Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


2023-11-05 | Diana Franco
Teknologia
Kolonialismo digitala

Internet eztabaidan dagoen lurraldea da. Eztabaida horiek gure demokrazien etorkizunari eragiten diote, baita klimarako eta gizarte eta ingurumen-justiziarako hartuko ditugun bideei ere. Borroka hauetan, gure lana egin dezagun, beharrezkoa dugu interneten dinamika ezagutzea... [+]


Herri zaurgarrienek zorpeturik segituko dute finantza sistema berrian ere

Berrogeita hamar bat gobernutako ordezkari, nazioarteko finantza-egitura esanguratsuenak, hainbat enpresa pribatu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde zenbait batu dira Parisen, ekainaren 22an eta 23an, mundu mailako finantza itun berri bat adosteko asmoz. Orain arteko joko-arauak... [+]


Eguneraketa berriak daude