Medikuntzaren urrezko aroa

  • Egipto, K.a. I. mendea. Aurpegiko azala garbitzeko Kleopatra erreginak urrezko maskara batekin lo egiten zuela esaten da. Garai bertsuan, Erroman, urrea zuten pomadak erabiltzen zituzten azaleko arazoak sendatzeko. Tso Hung (281-361) txinatar sendagileak uste zuen bizitzaren elixirra likidotan disolbatutako urrea zela.
     

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2018ko otsailaren 18a
Urrea Antzinarotik erabili izan da medikuntzan. Gaur oraindik erabiltzen da, baina modu mugatuan, garestia delako, jakina, eta propietate sendagarriez gain, albo efektu kaltegarriak dituelako.
Urrea Antzinarotik erabili izan da medikuntzan. Gaur oraindik erabiltzen da, baina modu mugatuan, garestia delako, jakina, eta propietate sendagarriez gain, albo efektu kaltegarriak dituelako.

Tso Hungen ideiari jarraiki, alkimiaren eskutik, Erdi Aroa izan zen urrearen urrezko aroa medikuntza tratamendutan. Al-Razi eta Avizena pertsiarrek, Gilbertus Anglicus eta Geoffrey Chaucer ingelesek, Bernard Gordon frantziarrak...  denek errezetatu zieten urrea pazienteei (aberatsenei) gaitzak sendatzeko.

Konstantino Afrikarrak, XI. mendean zera idatzi zuen: “Urreak urdail akastunak sendatzeko, beldurtiak lasaitzeko, eta bihotzeko gaitzak arintzeko propietatea du. Baieztatuta dago eraginkorra dela melankoliaren eta burusoiltasunaren aurka ere”.

Zauriak ixteko ere ezin hobea omen zen; Serapion Gazteak XII. edo XIII. mendean jaso zuenez: “Zauria urrez kauterizatzen dugunean, ez du babarik eragiten eta azkarrago eta hobeto sendatzen da”. Begietako gaixotasunak, lepra eta orotariko izurriak sendatzen ahalegintzeko ere erabili zuten. Eta Kleopatraren jarraitzaileak ere bazeuden, urreak gaztetasunari eusten laguntzen zuela uste zutenak.

Aro Modernoaren hasieran urrea sendagai preziatua zen oraindik eta urreztatutako pilulak ekoizten ere hasi ziren. Baina XVIII. mendean eszeptizismoa zabaldu zen urrearen propietate sendagarrien inguruan. Eta, gainera, albo-efektuez jabetzen hasi ziren, urrea ez da erraz disolbatzen eta giza gorputzarentzat zaila da xurgatzen. Toxikoa izan daiteke eta kalteak eragin ditzake gibelean eta giltzurrunetan.

Likido batean disolbatutako urre nanopartikulei urre koloidala deritze. Xurgatzeko errazagoa denez, XIX. mendearen amaieran urre koloidalak bultzada eman zion berriro metal preziatuari sendagai gisa. Alkoholismoa eta obesitatea tratatzeko erabili zen nagusiki garai horretan. Asma, sifilisa, minbizia edo tuberkulosia urre koloidalez tratatzeko ahaleginak egin dira, baina, gaur,  krisoterapia –hala esaten zaio urrearen erabilera terapeutikoari– nagusiki artritisa arintzeko erabiltzen da, modu oso mugatuan bada ere. Gainera, produktu kosmetikoetan ere erabiltzen da, bi milurte eta gero Kleopatrak influencer izaten jarraitzen duela erakutsiz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Sendagaiak  |  Arkeologia  |  Erdi Aroa

Sendagaiak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude