Terapia naturalen aitortza aldarri

  • Homeopatiaren eta terapia naturalen balioa aldarrikatzeko, Similia Elkarteak topaketa egin du Bilbon. Medikuntza mota horiek jasaten ari diren debekua, presioa eta beldurra salatu dituzte, baina batez ere hitz egin dute dituen aukerez eta egitekoez.

Ilustrazioa: Maitane Gartziandia

Homeogunera 50 lagun inguru hurbildu ziren otsaileko azken larunbatean: mediku homeopatak, ohiko bezeroak eta gaian interesa duten herritarrak. Joseba Argintxona elkarteko kide eta topaketen koordinatzaileak ireki zuen egitaraua: “Homeopatia arraroa da gaurko gizartearentzat, proposatzen duena erabat betatuta dago. Hori tragedia da niretzat, giza sufrimenduari aurre egiteko esperantza ukatzen baitu. Ezin dut hori onartu”. Jardunaldion helburuari heldu zion gero: “Homeopatiaren ebidentzia zientifikoa, klinikoa eta esperimentala ezagutarazi behar ditugu. Txikiak gara, baina erraldoia da mezua”.

Lehenik, onarpena

Ez zen alferrik antolatzaileek aukeratutako leloa: Armairutik at. Izan ere, berehala sumatu zen gaiaz hitz egiteko beharra. Taldeka jarri eta galderak erantzun baino lehen norberaren ikuspuntu eta bizipenak kontatu zituzten hainbat lagunek, Mari Karmen Torrealdaik kasu. 71 urte ditu eta 16 daramatza homeopatia arabiltzen. “Bizitza zor diot”, dio.

2003an, Egunkariaren itxierarekin batera sumatu zen ondoezik, Juan Mari Torrealdai neba atxilotua eta torturatua izan zenean. Hainbat modura eragin zion Mari Karmeni, gorputzak hitz egin zuen arte: “Ukondotik atzamarretaraino erreta izango banu bezala sentitzen nuen. Azala oso gorri eta zorne-jarioekin (supurazioekin). Segituan joan nintzen medikuarengana eta ezin zuen ikusten zuena sinetsi. Ea azala zerekin erre nuen galdetu zidan eta nik ezetz, berezkoa zela. Ez zuen sinesten eta ni ospitaleratzeko eskatu zuen. Nik ezetz, etxera joan eta hurrengo egunean itzuliko nintzela esan nion. Kortikoideak eman zizkidan, baina etxera itzuli nintzen. Biharamunean osteopatarengana joan nintzen eta berarentzat gehiegi zela esan zidan, beste bide bat hartzeko. Zer egingo dut orain? Orduan aipatu zidaten homeopatia. Zer zen ere ez nekien, non topa nezakeen arrastorik ere ez, baina bi bider pentsatu gabe joan nintzen. Gaur arte”.

Mari Karmen Torrealdai: "Gaixotasuna soilik homeopatiarekin gainditu dut. Hartaz gaizki esaka aritzea errespetu falta da. Bezerook ez gaituzte engainatu, ez gara zoroak"

Besoan gertatu zitzaiona gorputz osora hedatu zitzaiola kontatu du, urtebetez egon zela etxetik irten gabe, ia mugitu ezinik: “Oso txarto pasa nuen. Dena nuen handituta, usain txarra neukan, komunera joateko ere laguntza behar nuen... Arropa ere sarritan garbitu behar nuen usain txarra hartu eta horixka gelditzen zelako”. Urtebete ondoren kalera irteten hasi zen pixkanaka. Pentsa, oinean 38 zenbakidun zapata erabiltzen zuen eta 45 zenbakidunarekin irteten zen. Jendeak uste zuen minbizia zuela.
“Hori guztia homeopatiagaz tratatu dut, homeopatiagaz bakarrik”, dio. Ordutik izan dituen beste gaixotasunak ere modu honetan gainditu dituela adierazi du, duela gutxi pasa duen pneumonia, esaterako. “Horregatik, homeopatiaz jendeak gaizki egiten duenean berba, plazeboa dela eta abar, errespetu falta bat dela sentitzen dut. Bezerook ez gaituzte engainatu, ez gara zoroak. Beste pertsona batzuk entzun behar dira, batez ere esperientziak bizi izan dituztenak”.

Osasuna, osotasuna

Osasuna da osotasuna. Pertsona osoak behar dira ikusi, Joseba Argintxonak eta Inma Agirre mediku homeopatak nabarmendu dutenez: “Unibertsitatean ez digute gaixo dagoen pertsonarekin hitz egiten erakusten, gaixotasuna eta tratamendua soilik ikasten ditugu. Adibidez, depresioarentzat antidepresiboa. Zergatia jakinez gero, ordea, depresioa bera normala izatea uler dezakegu eta gainditzeko zer egin daitekeen aztertu”. Torrealdaik iritzi hau guztiz partekatzen du erabiltzailearen ikuspuntutik ere. “Homeopatia ez da soilik gaixotasun konkretu batera mugatzen. Garbiketa egiten dizu denean. Ni buru aldetik, memoria aldetik eta denetik 50 urte nituenean baino hobeto nago”.

Medikuak iraganarekin egin du konparaketa, argudio hau indartzeko: “Lehen ez zegoen farmakorik eta jendea tratatu egiten zen. Medikuntza arruntak muga hori dauka, farmakoarekin soilik tratatu ahal duela eta argi dago farmazeutikoek eta medikuntza orokorrak hori nahi dutela; moztu eta bide bakar bat eskaini, beraiena. Industriaren boterea da hori”. Egun terapia alternatiboak “mehatxu” gisa hartzen direla gaineratu du, hemendik 50 urtera hartu dezakeen dimentsioaz jabetuta. “Frantzian biztanleriaren erdia tratatzen da homeopatiarekin eta Espainian ez dute hori gertatzea nahi”, dio.

‘Armairutik at’. Hori da Bilboko Similia elkarteak hautatutako leloa. “Gizarteak betaturik du homeopatia”, dio Joseba Argintxona elkarteko kide eta topaketen koordinatzaileak: “Niretzat tragedia da hori, giza sufrimenduari aurre egiteko esperantza ukatzen duelako” / Argazkia: Aritz Loiola

Terapia ez konbentzionalek gero eta presio handiagoa ari dira jasaten Hego Euskal Herrian; kontrakoa, ordea, Ipar Euskal Herrian, normaltasunez eta “errespetu osoz” bizi dute bertan, topaketetako antolatzaileek azaldu duten moduan. Agirrek kontatu digu alaba Bidarten ikasten ari dela, eta lagunen artean homeopatia aipatuta, Hego Euskal Herriko bi pertsonak arbuiatu eta epaitu egin zutela, eta Ipar Euskal Herrikoek ordea aitortu eta azpimarratu. “Frantziako Estatuan funtzionatzen duen zerbait da, mediku batzuek erabiltzen dute”, gaineratu du.

Italia, Suitza, Ingalaterra, Austria eta Belgikak ere onartzen dute homeopatia. Suitzan, esaterako, aukera dago zein medikuntza motarekin tratatua izan nahi duzun esateko, homeopatiarekin tartean. Ingalaterran ospitale homeopatiko bat dago, baita Mexikon ere.

Agirrek 1985. urtean amaitu zuen Medikuntza. Kontatu du garai horretan lana topatzea zaila zela eta INEMek proposatutako ikastaro bat egin zuela, homeopatiaren ingurukoa. Lau hilabete pasa zituen Madrilen ikasten. Amaitzean homeopata izendatu zuten baina gehiago jakiteko gogoz geratu zen. Mexikora joan zen eta espezialitatea ikasi zuen hiru urtez. Azken urtea praktiketan pasa zuen, Mexiko Hiriko ospitale homeopatiko batean. Espezialitateaz gain Homeopatian lizentziatura lortzeko aukera ere badagoela gaineratu du. 1998an itzuli zen Euskal Herrira eta EHUn beste espezialitate bat egin zuen, homeopatiari lotua hau ere. “Gaur ezingo litzateke sinetsi, baina titulua eta dena daukagu”, dio harridura adieraziz.

“Komunikabideek beldurra eta nahasmendua saldu dute honen guztiaren inguruan, azkenaldian ia egunero irakur dezakegu zerbait negatiboa. Atzean interes handiak daude”, azaldu du haserre.

Bizimoduari jaramon

Bada anabasa honetan plus bat gehitu duenik. Marta Dafaucek Erizaintza, Medikuntza Txinatarra eta Akupuntura ikasi ditu eta kontsulta txiki bat dauka Donostian. Homeopaten gisan, Dafaucek ere erasotzen dutela sentitzen du eta arrazoi eta gogo beretsuek bultzatuta hurbildu da topaketara. Osasunaz gain jendarte antolaketa eta sistema bera aipatu ditu: “Fokua ez da jarri behar soilik homeopatian. Nire ustez, gauza asko landu behar dira, eta ez osasuna soilik: hezkuntza eta kontsumo ereduak, esaterako. Ohituta gaude era oso konbentzionalean bizitzen, baina gauzak egiteko beste modu batzuk daude. Niretzat dena dago lotuta, bizitzeko moduari buruz ari gara. Lan asko egin daiteke alor batean baina bizimodua orokorrean aldatzen ez bada, ez du ezertarako balio”.

Frantzia, Italia, Suitza, Ingalaterra, Austria eta Belgikak onartzen dute homeopatia. Suitzan, esaterako, aukera dago zein medikuntza motarekin tratatua izan nahi
duzun esateko

Terapia ez konbentzionalekin, gorputza osotasunean uler daitekeela azaldu du, eta ikuspegi hori “bizi eta islatu” nahi duela lehenik eta behin. Kontraesanez mintzo, diruarena aipatu du: “Ekonomiarekin zerikusia daukaten kontuak beti dira zailak. Honengatik kobratu egin behar dut ala ez? Eta zenbat kobratu behar dut? Hilabete bukaerara denok iritsi behar dugu, baina non jarri behar da muga? Zertarako baliatuko dut diru hori? Inori otu al zaio kolektibo txikiak sortzea?”. Agirreren hitzetan, prezioak zentzuzkoak dira: “Garestia? gizarte-segurantza da garestia, hilero ordaindu behar da, derrigorrez. Egia da homeopatia garestia dela, eta pribatua. Baina beste leku batzuetan espezialitate bat da, zergatik hemen ez? Sar dezatela gizarte-segurantzan...”. Dirua nola kudeatu norberaren esku dagoela gaineratu du. Dafaucek malgutasunez jokatzen du, bere kontsultara “edonor hurbiltzeko erraztasunak” emanez.

Zalantzetan zalantza gehiago suertatu dira azken solasaldian: homeopata guztiek nahitaez izan behar al dute mediku? Batzuek ezezkoa defendatu dute, homeopatak ez duela zertan izan behar ikasketa ofizial batzuen ondorio edota titulu baten menpeko, ezagutza hainbat eratan jaso daitekeelakoan. Beste batzuek zalantza egiten dute horrekin: “Mediku homeopatei gauzak zail jartzen badizkigute, imajinatu medikuak ez bagina”. Ondorio bateraturik ez gai honen inguruan. Bai, ordea, terapia alternatiboei bultzada emateko garaia dela adieraztean. Horretarako, norberak egin dezakeenaz jabetu eta topekatan bildutako ideia guztiak batu eta gauzatzen saiatuko dira. Indartsu sumatu ditugu, informazioa jasotzen segi eta ikasitakoa irakatsi eta zabaltzeko gogoz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sendagaiak
2022-07-12 | ARGIA
Farmakokutsadura: sendagaien hondakin bolumen handiak eragiten duen arazoa

Sendagaien kontsumoa handitzen ari da –bai gizakiona, bai abereena– eta horrek sendagaien hondakin bolumena handitzea dakar. Sendagaien hondakinek ingurumenean duten inpaktua aztertu nahi izan du Saioa Domingoren doktore-tesiak.


Marsellako sendagai bat emaitza onak ematen ari da

20 gaixorekin erabili dute hidroxiklorokina eta %70a sendatu ditu Marsellako Unibertsitate Ospitalean. Gainontzeko %25aren egoerak ez du txarrera egin tratamendua erabili geroztik. Hori horrela, munduko hainbat herrialdetako 3.200 gaixorekin erabiliko dute tratamendua.


IRITZIA
Sendabideak

Garai batez, zailtasun sozialean ziren familietako neska gaztetxoak, sistema sozio-ekonomiko zapaltzailean ahal bezain guti parte hartu nahian, eskulangintzan plantatzen saiatzen diren: bitxi edo apaindura ekoizpen lanetan lorarazten zituzten beren sortzeko gaitasunak. Egun... [+]


4.000 produktu homeopatiko inguru ezingo dira saldu Espainiako Estatuan

2.008 produktu homeopatikok eskatu dute merkaturatzeko baimena Espainiako Estatuan, eta lizentzia lortu beharko dute orain. Horietatik 12k eskatu dute medikuaren baimenarekin soilik eskuratu ahal izatea produktua. Baimenik eskatu ez duten gainerako guztiak (lizentzia lortzea... [+]


Eguneraketa berriak daude