Egipto, K.a. I. mendea. Aurpegiko azala garbitzeko Kleopatra erreginak urrezko maskara batekin lo egiten zuela esaten da. Garai bertsuan, Erroman, urrea zuten pomadak erabiltzen zituzten azaleko arazoak sendatzeko. Tso Hung (281-361) txinatar sendagileak uste zuen bizitzaren elixirra likidotan disolbatutako urrea zela.
Tso Hungen ideiari jarraiki, alkimiaren eskutik, Erdi Aroa izan zen urrearen urrezko aroa medikuntza tratamendutan. Al-Razi eta Avizena pertsiarrek, Gilbertus Anglicus eta Geoffrey Chaucer ingelesek, Bernard Gordon frantziarrak... denek errezetatu zieten urrea pazienteei (aberatsenei) gaitzak sendatzeko.
Konstantino Afrikarrak, XI. mendean zera idatzi zuen: “Urreak urdail akastunak sendatzeko, beldurtiak lasaitzeko, eta bihotzeko gaitzak arintzeko propietatea du. Baieztatuta dago eraginkorra dela melankoliaren eta burusoiltasunaren aurka ere”.
Zauriak ixteko ere ezin hobea omen zen; Serapion Gazteak XII. edo XIII. mendean jaso zuenez: “Zauria urrez kauterizatzen dugunean, ez du babarik eragiten eta azkarrago eta hobeto sendatzen da”. Begietako gaixotasunak, lepra eta orotariko izurriak sendatzen ahalegintzeko ere erabili zuten. Eta Kleopatraren jarraitzaileak ere bazeuden, urreak gaztetasunari eusten laguntzen zuela uste zutenak.
Aro Modernoaren hasieran urrea sendagai preziatua zen oraindik eta urreztatutako pilulak ekoizten ere hasi ziren. Baina XVIII. mendean eszeptizismoa zabaldu zen urrearen propietate sendagarrien inguruan. Eta, gainera, albo-efektuez jabetzen hasi ziren, urrea ez da erraz disolbatzen eta giza gorputzarentzat zaila da xurgatzen. Toxikoa izan daiteke eta kalteak eragin ditzake gibelean eta giltzurrunetan.
Likido batean disolbatutako urre nanopartikulei urre koloidala deritze. Xurgatzeko errazagoa denez, XIX. mendearen amaieran urre koloidalak bultzada eman zion berriro metal preziatuari sendagai gisa. Alkoholismoa eta obesitatea tratatzeko erabili zen nagusiki garai horretan. Asma, sifilisa, minbizia edo tuberkulosia urre koloidalez tratatzeko ahaleginak egin dira, baina, gaur, krisoterapia –hala esaten zaio urrearen erabilera terapeutikoari– nagusiki artritisa arintzeko erabiltzen da, modu oso mugatuan bada ere. Gainera, produktu kosmetikoetan ere erabiltzen da, bi milurte eta gero Kleopatrak influencer izaten jarraitzen duela erakutsiz.