Emakumeak borrokan
Agus Hernan, Foro Sozial Iraunkorra

"Prozesua konplikatua da, baina modu baikorrean lantzen ari da"

  • Irun,1962. Hendaiako Antxeta irratiko lehendakaria da. Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea eta bozeramailea. Urtarrilaren 26 eta 27an foro berezia eginen dute Irungo Ficoban, iheslarien eta deportatuen egoera areago aztertzeko. Euskal presoen eskubideen alde 100.000 lagun inguru Bilbon manifestatu ostean aritu gara. Bake eta normalizazio prozesuaz, baita Frantziatik eta Espainiatik heldu diren azken berriez ere hitz egin dugu.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2018ko urtarrilaren 28a
"Espainiako Estatuan prozesua aurreratzen lagunduko lukeen iritzi korronte bat sortzea da gure behin-behineko helburua".

Frantziako Justizia ministerioak euskal presoen gaian aurrerapausoak emanen dituela eman du aditzera berriki.

Gure ustez, prozesua antsiarik gabe hartu behar da. Bakegileak lanean ari dira puntu horren gainean aspaldion, hau da, 59 presoren kasuen inguruan. Bakoitzaren egoera aztertzen ari dira, horren ondoren hainbat preso Euskal Herriaren inguruko presondegietara aldatuko duten berria heldu da. Ministerioak gaia, bi aldeak aztertzen ari zirela eman zuen publikoki, horrek aldebikotasun prozesuan egotea berresten du.  “Ez dugu emaitza ikusgarririk espero behar” esan ohi du Foro Sozialak, prozesua iturri bat bezala ikusi behar dela. Iturria irekita dago, Iparraldean tanta batzuk isurtzen hasi dira, eta prozesua zabaltzen eta gauzatzen joango da. Justizia ministerioak ordezkatzen duen estatuak harremanak ditu Espainiako Gobernuarekin, beraz, prozesua konplikatua da, baina modu baikorrean lantzen ari da.

Tantaka, baina prozesua aurrera doa.

Frantziako Estatuan keinu garbiak izan dira aspaldian. Esaterako, Baionako Ospitalera preso bat ekarri zuten iragan udaberrian. Mikel Irastortza, ETAko zuzendaritzako kidea omen dena Baionan bizi da...

Hori publikoki adierazia al da?  

Irastortza atxilotu zuten Azkainen, eta Frantziako eta Espainiako gobernuak ETAko azken zuzendaritzako kidetzat jo zuten. Baina, berari eman dioten kategoriaz harago edo honago, guretzat inportanteena epailearen jarrera izan da: ETA armagabetu ondoren, beste agertoki batean gaude. Lehen aldikoz, holako kargurik egozten dioten pertsona bat epaiketaren zain kalean egotea oso adierazgarria da. Beste elementu bat zazpi presori DPS estatusa (Preso Bereziki Atxilotua) kentzea izan da. Logika guztiaren arabera, apirilaren 8an emandako urratsaren ondoren [ETAren armagabetzea] Frantziako Gobernua pasibotasunean egotetik urratsak ematera pasa da. Zentzu horretan ulertzen dugu prozesua.

Aldebiko prozesutzat jo al da?

Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesua ez da aldebikoa, begi-bistakoa da. ETAk bere erabakia hartu zuen bere kabuz, baina armagabetze prozesua Nazio Batuen Erakundearen (NBE) estandar integratuen parametroetan eman da, prozesu honetan ere armagabetzea nazioarteko prozesuen definizioen barnean eman da. Hamar parametro daude eta guztiak bete dira, osoki eta gardenki, Frantziako Gobernuaren baietzarekin, nazioarteko komunitatearen begiradapean. Horrek gizarte zibilari konfiantza eman dio.

Edonola ere, aldebikotasuna...

...nik esango nuke Iparraldeko bakegileak, hautetsiak eta Frantziako ministerioaren artean badagoela aldebikotasun prozesu bat, prozesua gizarte zibilaren, instituzioen (Herri Elkargoaren presidente Jean-René Etchegaray izanez) eta EPPK-ren bitartez bideratzen ari da, noski, ez nuke esango negoziazio prozesuan ari direnik. Negoziazio hitzak Suitza, Norvegia edota Aljeriako garaietara eramaten gaitu, eta ez gaude horretan. Halere, ebazpen prozesu batean gaude.

Hegoaldean zertan da prozesua?

Aldeaniztun prozesu bat ari gara eraikitzen. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta alderdiak –EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE– prest daude prozesuari ekarpenak egiteko, baita sindikatuak ere. Adostasun maila altua lortzen ari da.

Eusko Jaurlaritzako Bakea eta bizikidetzako idazkari nagusi Jonan Fernandezek Ipar Euskal Herriko bakegileen eta Parisko Justizia ministerioaren arteko bideak eman zezakeena zalantzan jarri zuen. Orain, aldiz, baikortzat jo du emandako urratsa.

Guk ez ditugu beste eragileen adierazpenak baloratzen. Hala ere, aitortu behar dut, Fernandezen adierazpen haiek Foro Sozialeko eragile batzuei harridura sorrarazi zietela. Nik elementu nagusi bat azpimarratuko nuke: Frantziako Errepublikaren sisteman oso da garrantzizkoa –Korsikan ikusten ari gara hori– Justizia ministerioak hautetsiekin elkarrizketak izatea. Etchegaray Errepublikako ordezkaria da, bera da bakegileak taldearen burua. Bakegileak ez dira bakarrik gizarte zibileko kideak, elkarteak eta hautetsiak ere badira. Iparraldeko ordezkaritzaren burua Euskal Herriko hiru administrazio edota lurraldeetako baten lehendakaria da.

Beraz, “ezina ekinez egina” lemari tinko.

Foro Sozialean ari garen hainbat eragileei hauxe entzun nien hasieran: “Hori amortizatuta dago”. Orain, armagabetzean bezala, presoen inguruan akordio integral baterako lehen akordio partzialak lortzen ari gara, beraz, egoera politiko-soziala ez dela amortizatua ikusten ari gara. Gizarteak armagabetzea nola hartu zuen ikusi besterik ez dago. Euskal Herrian inork ez du zalantzan jartzen ETA armagabetu denik. Ondoren, hedabideek izugarrizko arreta jarri dute gure zereginetan. Guk espero dugu ETAren desmobilizazioarekin antzeko urrats bat ematea, biktimen, presoen, deportatuen eta iheslarien auzian aurrera egiteko.

Kurtso politikoa amaitu aurretik ETA “desmobilizatzea” espero duzue. Kontzeptuak berak eman du zeresana.

Bai noski, baina desmobilizazioa NBEk sortutako kontzeptua da, gatazka bortitzen ebazpenetarako balio duena, hiru dira kontzeptu nagusiak: armagabetzea, desmobilizazioa eta birgizarteratzea. Armagabetzea parametro horietan eman da. Guk ez dakigu ETAk zein hitz erabiliko duen bere erabakia plazaratzerakoan. Ez dakigu, Euskal Herriko gobernuek, alderdi politikoek edota sindikatuek erabaki hori zein hitzekin kalifikatuko duten ere. Guretzat inportanteena bi elementu hauek dira: Lehena: ETAk esango duena argia eta konkluientea izatea. Bigarrena: erabaki horretan, bizikidetza sustatzeko hiru ezaugarri izatea: irakurketa kritikoa, partekatua eta eraikigarria.

Urtarrilaren 8an ETAko kide Olarra Guridirekin bildu zinen Granadako Albolote kartzelan. Zein testuingurutan?

EPPK-ren mintzakideekin bilera bana eskatu dugu bi estatuetan. Erantzunik jasotzen ez genuela ikusita, prozesua aurrera doala ikusita, baldintzak onak izan ez arren, erabaki genuen berau “bisita moduan” gauzatzea. Bisita 40 minutukoa izan zen, baina ez baldintza onetan, kristala tarteko zela hitz egin genuen. Hiru puntu landu genituen eta horiek aditzera eman ere. Gero, hedabide bakoitzak puntuei azentua jarri die modu ezberdinetan. Lehen puntua: EPPK-ri alderdi eta sindikatuekin daramagun lana azaldu diogu, elkarrizketa aldeaniztunean ari garela. Puntu horrek eragile guztien eta EPPK-ren artean bide-orri transbertsala lantzea helburu du. Bide-orri bat eraikitzeko baldintza beharrezkoak dira, horiexek erraztuko baitute geroan bizikidetzaren gaia, baita presoen arazoa konpontzeko modua ere.  

Presoak pausoak ematen hasiak dira espetxeko legediaren barruan. Euren artean kohesiorik ba al dago?

Nik ez dakit preso bakoitzak zer bozkatu duen, ezta norberaren jarrera EPPK-ren dinamikan zein den. Seguru asko, egun 300 preso badira 300 iritzi daude. Nik modu positiboan baloratzen dut hori. Olarra Guridik esan zigunez, kohesioaren adierazlea bozka kopurua da. Hainbat jendek baiezko, ezezko, abstentzio edota zuri bozkatu du. EPPK-ko kideak dira denak, batzuek kontra bozkatu arren, denek bat egiten dute.

Bilerako bigarren puntua zein izan zen?

Presoek beren disponibilitate osoa agertu dute prozesuan ekarpenak egiteko, baita gainerako eragileen ekarpenak entzuteko ere. Presoak bidean dauden zailtasunak aztertzen ari dira eta erabakiak finkatzen. Kartzela barruko prozesuak luzeak dira. Presoak beren destinoa eskatzen ari dira, gehienek 2. gradura pasatzeko urratsa eman dute, baina ezetzak jasotzen ari dira. Kolektiboaren %96 lehen graduan dago preso. 2. graduan egonez gero, permisoak izateko baimena eskatu ahal izango dute.

Zein zen hirugarren puntua?

Egindako minaren aitortza. Biktimen egia eskubidea, erreparazioa eta justizia delakoa. EPPK-k hauxe esan du: “Prest gaude biktimekin elkarrizketa prozesu eraikitzailea hasteko bizikidetasunaren helburutan, baldin eta orain arte izan ez den marko egokia eraikitzen bada, ‘gaitzespenik gabeko marko bat’”.

Unea baikorra da edonola ere.

“Aukerak aprobetxatu behar ditugu, ez dakit nola deituko zaion prozesu berri horri, baina `propioa´ izango da, 2018an bizi dugun egoera politikoari erantzungo dio”

Gure ustez, prozesuaren une interesgarrian gaude. EPPK-ren esandakoak badu balore bat, baina segidan, marko egokira iristeko presoek 2. gradura pasa behar dute. Hala ere, gaurko sistemak ez du hori baimentzen, 1. graduak ez du uzten aurrera egiten, presoak botilaren lepora iritsi dira. Preso bakoitzak eskaera propioa egin du eta erantzuna estandarra izan da. Denei hauxe esan diete: “Eskaera errefusatzen zaizu desegin gabeko erakunde terrorista bateko kidea zarelako”. Argudio bera da denentzat, ez zaizkie kontuan hartzen kartzelako ibilbidea, ez euren jarrera ez lana... Elkarrizketa markoa gauzatzeko hori eman behar da. EPPK prest dago eta eragile guztiek aldeko jarrera erakutsi dute.

Alderdi politiko denek jarrera bera dute?

Bakoitzak bere ñabardurak jartzen ditu, baina euskal alderdi guztiek prozesua garatzearen aldeko jarrera dute. Adibiderako, PSE-EEko Rafaela Romerok “presoei urteetan eskatu zaie bide hori urratzea, eta hasi direnean ez diete uzten” esan berri du. Adierazgarria, ezta?  

PPren aurrerapausoa falta da.

PPk eta Espainiako Gobernuak erabakiak hartzea falta da. Alfonso Alonsok hedabideetan esan duenez, ETA desegin ondoren –ez zuen desmobilizazio hitza erabili– espetxe politika aldatuko da. Zoidok “presoei legetasun arrunta aplikatuko diegu” esan du. Hori da guk eskatzen duguna, euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespen politikaren ordez, legalitate arrunta ezartzea.

Foro Sozialaren eta EPPK-ren arteko elkar ulertzea funtsezkoa da aurrera egiteko.

Prozesu horretan oso garrantzitsua izan da EPPK-rekin harremanak lantzea, beren ekarpenak ekartzea, eta presoei alderdiek eta sindikatuek diotena argi eta garbi aditzera ematea. Alderdi, sindikatu eta eragile politiko guztiak EPPK-rekin aritzeko gertu egotea da gure lanetako bat. Funtsean, presoen inguruko prozesu erabakigarria gauzatzeko gobernuen, alderdien eta sindikatuen artean akordio tranbertsala lortu behar dugu.

Oraingo bide honen eta Langraitz delakoaren artean diferentziarik al dago?  

Foro Sozialak beti errespetatu ditu preso guztiek hartu dituzten erabakiak, iraganekoak nola egungoak. Gaur testuinguru berri batean gaude, Langraitz bideak ziur aski erantzun zion testuinguru politiko sozial zehatz bati, eta egun beste batean gaude. Aukerak aprobetxatu behar ditugu, ez dakit nola deituko zaion prozesu berri horri, baina “propioa” izango da, 2018an bizi dugun egoera politikoari erantzungo dio.

Zein dira behin-behineko urratsak?

Hiru dira. Lehena: alderdi politiko eta sindikatu guztien arteko akordio integrala lortzea Hego Euskal Herrian. Bigarrena: gizarte zibilaren mobilizazioa, eta hirugarrena: Espainiako Estatuan norabide horretan lagunduko lukeen iritzi korronte bat sortzea. Hiruak ari gara bideratzen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Euskal bake prozesua kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude