Natura eta historia batzen dituen ibilbidea

  • Sagardotegi-plana osa dezakeen proposamen bat ekarri dugu orriotara, Aiako Harria Natura Parkearen mendebaldeko muturrean barneratzen den ibilbide zirkularra, zailtasun txikikoa eta nahikoa motza (3,7 km). Historian atzera egiteko parada izango dugu, bidean topatuko ditugun arta-mugarri eta trikuharrien altzoan oinez.

Saratsetako trikuharria / DANI BLANCO
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ibilbideari izena ematen dion Larregain sagardotegitik abiatuko gara, Hernaniko Ereñotzu auzoan. Balizaturik ez dagoenez, Mendiriz Mendi taldearen webguneko (www.mendirizmendi.com) “Hernani” atalean aurkituko dituzuen fitxa teknikoa, gida eta mapari begiradatxoa ematea gomendatzen dizuegu, bidea jarraitzea konplikatuegia ez bada ere, baduelako zalantza sor dezakeen punturik. Bertan topatuko dugunez beharrezko informazio praktiko guztia, lerrootan ez dugu ibilbidea deskribatuko. Mendi elkarteko kideei eskatu diegu ibilbidearen hiru argazkiren gainean iruzkina egiteko, eta haien hitzekin osatu dugu irudi bakoitzaren azalpena. Soilik ohar bat: Saratsetako (edo Sagastietako) lepora iristean, ezkerrerantz (Akolatxarantz) doan maldari ekin aurretik, begira ezazue parera (hegoalderantz), ikusiko duzuen harri eta iratze-pilaren atzean dagoelako trikuharria. Mendiriz Mendiko kideek hala ohartarazi gintuzten, guk jaramonik egin ez eta ibilbidea amaitzear genuela bidezidor bat hartu behar izan genuen atzera berriz ere Saratsetara igotzeko. Maldak ez dira handiak eta ederrak dira parajeak; gaitzerdi beraz.

Larregaingo ibilbideak iratze, tamaina txikiko baso eta estazio megalitiko artetik eramango zaitu uneoro. Duela hamarkada batzuk egin diren landaketek eta garoek gorritasuna emango diote paisaiari udazkenean. Negu betean gaude eta jada hasi dira bideetako putzu-zuloak baso-igel gorriaren (ingela gorriya Ereñotzun) arrautzez betetzen. Akola inguruan, udazkenean, ingelak ere gorriyak baitira.

Estazio megalitikoa

Hernani, Astigarraga eta Donostiako lurrak hartzen dituen estazio megalitikoan dauden trikuharrietatik zazpi Hernaniko udalerrian daude. Hoberen kontserbaturik dagoena Saratsetakoa da (goiko argazkian), Kalifikaturiko Kultur Ondare izendatua Monumentu-multzo gisa. T. Ataurik, J.E. Elosegik eta M. Labordek aurkitu zuten 1950. urtean. Hala irakurri dezakegu Gipuzkoako Karta Arkeologikoan: “Trikuharri labur irekia. Tumuluan (11x13 metroko diametroa eta 1,70 metroko altuera), 2 metro zabal eta 5 metro luze dituen zanga ikus daiteke. Ganbara bost harlosaz antolatutako esparru triangeluarra da, itxuragabetua eta garai batean errektangularra izan zitekeena”.

Epele-Akola eremuan / DANI BLANCO

Saratsetako lepora bidean, Epele-Akola eremuan (goian), oraindik ere, XX. mendearen erdira arte iratze-lekuak edo iñistor-tokiak izan zirenen arrastoak ikus daitezke. Bideen aldeetara iratzea (Hernani inguruan garoa edo iñistorra ere deitua) hazten da. Udazkenaren hasieran, iraila inguruan, Hernaniko baserritar asko paraje hauetara etorri ohi zen behiei azpiak egiteko iratze bila.

Akolatxarako gaina / DANI BLANCO

Akolatxarako gaina (goian) da 192 metroko desnibel metatua duen ibilbideko punturik altuena (359 metro). Forma aldakorreko harkaitzek eta arbolek itxura berezia ematen diote. Arbolen artean zuhaitzak dira gehienak, baina ez denak. Izan ere, adineko ereñotzuarrek segituan esango dizute, “zuhaitzak” mugarratu gabeko “haitzak” (haritzak), direla. Arbola guztiak, beraz, ez dira zuhaitzak Akolatxarako puntan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardoa
2024ko abenduaren 16
Ozaetako (barrundia) sagar zuku ekoizpena
8.000 sagar zuku litro ekoitziak, 900 biztanleko herrian

2023ko urtarrilaren 22
'Sagarrondotik' gehigarria
Sagarrak ez du sagardoa bakarrik ematen

Eguneraketa berriak daude