Sagarrondoak 1.000 metrora landatu dituen eskultore matematikoa

  • Eduardo Zubiria, Iruñean jaioa 1963an, sagardogile eta artista matematikoa. Ama, oskoztarra; aita muskiztarra. Sustrai imoztarrak, Ultzamaldean. Badauzka han 100 urteko sagarrondoak, baita beste sagasti bat ere Erronkarin, mila metrotik gora. Artista moduan egurra lantzen hasi zen, material diferenteak teknologia berriekin uztartzeko gero, informatika ezagutzetatik abiatuta. Algoritmoen bidez programatutakoa eskuekin lantzen du. Arte matematikoa.

Eduardo Zubiria, bi metro pasa altu eta bi zabal duen obra bat egiten, 'Geometria kosmikoa' bildumakoa. / Argazkia: Eduardo Zubiriak utzia
Eduardo Zubiria, bi metro pasa altu eta bi zabal duen obra bat egiten, 'Geometria kosmikoa' bildumakoa. / Argazkia: Eduardo Zubiriak utzia

Muskitzeko sagastietan 80-100 urteko arbolak ditu familiak, zaharragoak ere batzuk, bailarako baldintzetara arras egokituak, eta “zapore oso bereziko sagarrak” ematen dituztenak. Ale batzuk “azkenetan” daude jada, adarrak puskatu zaizkie, baina txertaketaren bitartez bizi berria ematen die Eduardo Zubiria Lizaso iruindar sagardogile eta eskultoreak.

Zuhaitz horietako sagarren zaporeaz mintzo, kontatu digu sagar hartu berriak saskian sartu eta etxeko sarreran uzten dituenean, bost ordura itzelezko usaina zabaltzen dutela. Galdetu diogu, ea zergatik ez diren gisako sagarrondo gehiago landatzen, hain fruitu gozoak ematen badituzte. “Errendimenduagatik”, erantzun digu. “Honetan dabiltzanak ez dituzte jarriko arbola batzuk sagarrak hemendik hamar urtera emango dizkizutenak, bi urtera emango dituztenak baizik. Txertaketetan patxaka baliatzen dut nik, eta lehen bi urteetan arbolak sustraiak botatzen ari dira oraindik. Ondoren hasten dira gorantz, produkzioa geldoagoa da. Urte luzez irauten dute, ordea, behar bezala zainduz gero oso handiak egitera heltzen dira. Guk ez dugu presarik, pixkana-pixkana goaz”. Sagarrak zanpatzen ere ohi baino denbora gehiago ematen dute, bospasei egun, “sagarrari azken zentilitroa atera arte”, Zubiriak azaldu digunez. “Lehenbizi ateratzen den zukua bezain ona da azkenekoa; diferenteak dira, bakoitza bere ezaugarriekin, eta bospasei egunez zanpatuta etekin osoa aterako diozu sagarrari”.

Momentuz etxerako egiten dute sagardoa, hurbilekoen artean banatzeko, baina landaturik dituzten arbola gehiagok emango dituzte sagarrak aurki, eta litekeena da produkzioa zabaltzea. Muskizko etxearen izena daraman ‘La borda de Basajaun’ deitzen da haien sagardoa. Ekologikoan egiten dute guztia, karpokapsa edo “sagarraren zizarearen” kontra ere ez dute kimikorik baliatzen. “Jendeak ez digu sinesten, baina sagarrak banan-banan begiratzen ditugu. Lurrera erori eta kolperik baldin badute, txikiena izanik ere, kendu egiten diegu. Etxean jaten ditugun sagarrekin hori bera egiten dugu, mailatuak baldin badaude zatia kentzen diegu ahoratu aurretik. Kolpetxo horrek, agian, usain edo zapore desberdina emango dio sagar zukuari eta... Noski, gure kasuan, ez gara tonaka sagarrez hitz egiten ari. Aurten egingo genituen 2.000 litro sagardo inguru”.

Eduardo Zubiriak Erronkarin landatu dituen sagarrondoak.

Bitxikeria moduan, esan digu hiru arbolatako sagarrak Nafarroako Unibertsitatera eraman zituztela, eta haien germoplasma edo hazien bankuan ez zituztela katalogaturik, ezta kontsultatu zituzten beste erkidego batzuetako bankuetan ere. “Barietate esklusiboak dira”, esan digu Zubiriak. “Hiru barietate horietako arbola bana besterik ez dut, eta txertaketak egiten ari naiz horiekin, nahi dudan emaitza lortzera iristeko asmoz”. Etengabe ari da gauza berriak probatzen, eta bilaketa horren fruitu dira, esaterako, izotzezko eta suzko sagardoak. Lehenbizikoa edari goxoagoa da, postreetarako eta aperitiboetarako egokia, zeina egin daitekeen izoztutako sagarrak zanpatuta edo sagarraren muztioa izoztuta. 2019ko Sagardo Forum sariketan zilarrezko domina lortu zuen Zubiriak harekin. Suzko sagardoaren oinarria bera da, baina muztioan azukre kontzentrazioa lortzeko beroa baliatzen da. “Horretatik gutxi egin dut, majo kostatu zitzaidan”. Azaldu digu, oro har, haien sagardoa desberdina dela, ez duela garraztasun puntu hain nabarmena, suabeagoa dela baizik, baina zapore handikoa.

Sagarrondoak 1.100 metrora

Zubiriak gauza berriak probatzea gustuko duela esan dugu jada. Bide horretan, duela bost urte inguru sagarrondoak landatu zituen Erronkarin, 1.100 metro inguruko altueran (goiko argazkian). Ez dira asko izango garaiera horretan dauden sagastiak. “Etxeko barietateak eraman ditut mendialdera, ikusteko toki batetik bestera barietate berak zein emaitza ematen duen”. Baldintzak ohi baino gogorragoak dira parajeotan, neguan bereziki, baina bailaran beherago –herri inguruan– hezetasun handiegia dagoela dio Zubiriak, eta horregatik landatu dituela 1.000 metrotik gora. Egunetik gauerako tenperatura aldaketa bortitzek, gainera, sagarrari mesede egiten diote, zapore handiagoa izango dute. Emaitzak datorren urtean ikustea espero du, basa-animaliek proiektua “atzeratzea” behartu ostean. “Sagarrondoak metro eta erdiko eta ostean bi metroko hodiekin babestu nituen, baina orkatzek eta oreinek hozka egiten zieten. Sagastiak hesitzea ez dut gustuko eta... Tira, bi metrotik gora dute orain, adarrak ateratzen ari dira, eta pentsatzen dut datorren urtean hasiko direla sagarrak ematen. Polinizazioak kezkatzen ninduen ni, baina tximeleta asko ikusi dut parejeotan, erleak... pixkanaka ohartu naiz baietz, funtziona dezakeela”.

Inguruko herritarrak jakitun dira Zubiriaren erronkaz, eta tarteka etortzen zaizkio esatera basa-sagarrondo bat ikusi dutela mendian, haren fruituak baliatu nahi balitu... “Ehiztariek-eta esaten didate, ‘Eduardo, han arbola bat dago!’, baina 1.100 metrora, batzuek agian balio dezaketen arren... Sagarrondo batera iristeko hiru egun behar izan nituen kar, kar, kar...”. Basa-sagarrak edo patxaka baliatuta ere egin du sagardoa, baina sagar kilo asko behar dira, eta basa-arbolek 5-10 kilo ematen dituzte normalean, eta ale txikiak dira gainera. Bakoitzak bere ezaugarriak dituela esan digu iruindarrak: “Sagar oso desberdinak dira, batzuek usain eta zapore oso oso atsegina dute. Haien zukua edan eta bost minutura zaporea ahoan duzu oraindik”.

Arte matematikoa

Umetatik datorkio Zubiriari artearekiko zaletasuna. Egurrarekin hasi zen, salestarren ikastetxean. Han deskubritu zituen matematikak, eta ordenagailuarekin ere aritzen zen, algoritmoen bidez sortutako piezak gero eskuekin egiten hasteko. Pieza txikiak ziren aurrenekoak, hiru dimentsioen garapenari lotuta, handiagoak ostekoak, artista “gehiago betetzen” baitu formatu handiak, matematika eta geometriarekin lan egiten duen heinean.

Eduardo Zubiria SciencEkaitza sarietarako egindako garaikurrak sinatzen. 2018an sortu zituen tximista formako eskultura horiek.

Horretan dihardu, arte matematikoa deitutakoan murgilduta. Japonian erakutsi zituen bere obrak 2013an, Tokion, Kioton eta Hiroshiman ikusgai izan zen Japan Independence Exhibition erakusketa ibiltarian. Hura izan zen bere aurreneko erakusketa “inportantea”. Iruñeko Orizuru galerian ikusgai izan ziren gero pieza horiek; hiriburuan ez ezik, Lizarraldean, Zizurren, Madrilen edota Malagan ere erakutsi ditu ordenagailu eta eskuekin sortutako obrak.

Pasa den urtean Muskitzeko kale, plaza eta herritarren lorategietan paratu nahi zituen bere obrak, baina proiektuak ez zuen aurrera egin. “Aurten berriro saiatuko gara”, esan digu eskultoreak. “Arlegin dut tailerra, eta han ere egin nahi dut zerbait aire zabalean. Bi metro karratuko piezak dira batzuk, eta uste dut espazio irekietan hobe emango luketela”. Bai sagardogintzan bai artean, gauza desberdinetan murgiltzen jarraituko du Edorta Zubiria Lizasok.


ASTEKARIA
2023ko urtarrilaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagarrondotik
2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Stalinen mandatupean gatibu hil zen botanikari sobietarra

Nikolaï Ivanovich Vavilov, Moskun jaioa 1887ko azaroaren 25ean. Hainbat elikagai kultibaturen jatorria identifikatu zuen botanikari eta genetista. 1940an, Ukrainako lurretan haziak biltzen ari zela, polizia sekretuak atxilotu egin zuen, eta 1942an gulag batean sartu zuten... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Sagarrondu
Sagastia okupatu, hura biziberritzeko

Jaiotzez hangoak ez baina Donostia inguruan bizi diren zazpi-zortzi neska, trans eta bollerak osatzen dute Sagarrondu “desjabetuon ekoizpen taldea”. 25-30 urteren bueltakoak dira ia denak, kaletarrak, baina lurrarekin lotura dutenak; bakarren bat aritua da lehen... [+]


2023-12-17 | Jon Torner Zabala
Usurbilen, esperientzia parte-hartzaile eta burujabea

Usurbilen (Gipuzkoa), 30 urteren bueltan dabiltzan bost gazte sagardoa egiten hasi ziren duela zortzi bat urte. Beñat Irazusta, Mikel Rosales, Josu Furundarena, Aitor Pagola eta Joxe Mari Zubimendi –“kalekumea ez den bakarra”, Irazustak esan... [+]


2023-01-22 | Garazi Zabaleta
Sagarraren "azken mohikanoek" badute segidarik Baztanen

Azaroa izateko epel xamar dagoen arratsalde batean iritsi gara Baztango Arizkun herri txikira, eta frontoiko mural erraldoiak herriak sagarrarekin duen loturaz zerbait esan digu segituan. Batzabalea izeneko etxean sagarraz asko dakien gizon bat bizi dela kontatu digute: Pello... [+]


2021-12-26 | Jon Torner Zabala
Trebiñu sagardotegia
Udaberriko izotzetara egokitutako sagarrondo berantiarrak

650 metroko garaieran, izotza sarri, Araba erdian baina Burgosen, “lurralde ahaztua”. Trebiñuren bereizgarriek derrigor markatzen dute hango laborantza, sagarrarena tartean, 1998an Askartzan ireki zuten sagardotegiaren ibilbideak erakusten duenez.


Eguneraketa berriak daude