Gure erreketako altxor ezkutua

  • Ez; Euskal Herrian ez dugu klima tropikalik. Baina bai; baditugu iratze paleotropikalak, hezetasun handiko eta tenperatura ez oso aldakorreko guneak behar dituztenak. Horietako bat da Vandenboschia speciosa. Ezagutzen duenak bat egin lezake bere izen zientifikoaren esanahiarekin: speciosum “ederra”, “itxura onekoa”. Aldiz, bere edertasuna lehen aldiz aurkitu zuen botanikariaren subjektibotasunaren emaitza baino ez dela pentsa daiteke. Vandeboschia speciosa landare berezia, bitxia eta erakargarria dela, ordea, ezin inork ukatu; edo, ikusi al duzu inoiz iratze zeharrargirik zure inguruan?


2017ko abenduaren 31n
Argazkian, esporofito fasea. Argazkia: Dani Blanco.
Argazkian, esporofito fasea. Argazkia: Dani Blanco.

“Trés rare”; oso arraroa omen zen iratze hau Euskal Herrian XIX. mendean. Hala esaten zuten behintzat aurreneko aleak aurkitu zituzten botanikariek euren artikuluetan. Biriatuko mendietan aurkitu zuen aurrena (1885an) Zeiller botanikariak. Eta amua bota zien beste botanikariei, inguruan gehiago izango zirela aipatuaz. Honela, urte gutxira (1898an), M. Michel Gandoger botanikariak Bulletin de la Société Botanique de France izeneko aldizkarian aurkikuntza baten berri eman zuen. Trichomanes radicans –egun Vandenboschia speciosa moduan ezaguna– izeneko iratzea aurkitu zuen Jaizkibelen: Pasaian eta Hondarribian. Artikuluaren hasieran adierazten duenaren arabera, Gipuzkoa ez zen a priori botanikari hauek erakartzen zituen lurraldea. Hau dela eta, dio, gutxitan bisitatua izan zela Andaluzia bezalako lurralde “exotikoen” aldean.

Behin bidea irekita, beste hainbat lekutan aurkitu zuten iratzea: 1904an, M. Daguinek –Baionako Lizeoko irakasle zenak– eta Zeiller berak, Laxia arroan, Txarraenia arroilan eta Bidarraien.

Dokumentu zahar hauek irakurrita,  bada gaurkotasuna galtzen ez duen aipamenik. Izan ere, botanikari zaharrek iratzea aurkitu zuten guneei buruz egiten dituzten deskribapenek landarearen bizilekuaz, eta gaur egun ere bizitzeko behar dituen baldintzez pista asko ematen dizkigute.

Bailara ilunetan ere bada bizitzarik

Botanikariek idatzitako artikuluetan bailara sakon, arroila edo kobazuloez hitz egiten dute maiz. Izan ere, Vandenboschia speciosa iratzeak eremu subtropikaletan ematen diren baldintzak behar ditu bizirauteko: hezetasun handikoak eta tenperatura ez oso aldakorrekoak. Eta baldintza horiek, gurean, gune horietan betetzen dira: isurialde atlantikoko bailara itxietan.

Iraganean hedapen zabalagoa zuen espezie erliktiko honek, egun, basoz inguratutako haran sakonetan aurkitu du bere babesgunea; ibar-basoak errekako hezetasunari alde egitea oztopatzen dion lekuan. Toki horietan, izozteek kostata estaltzen dituzte erreka aldameneko arroilak eta harri arteko kobazulo txikiak, eta tenperaturak egonkorragoak dira urtean zehar. Hor aurkitzen du iratzeak bere txokoa; baldintza subtropikaletara gehien inguratzen den eremuan. Ezaugarri horiei, iratzeak azidotasun handiko lurzoruekiko duen joera gehitu behar zaie.

Euskal Herriko Vandenboschia speciosa iratzearen populazioak arduraz zaindu beharko genituzke. Iratzearen gunerik onenak Europan Azoreetan, Madeiran eta Kanariar irletan daude, bertako klima iratzearen oso aldekoa delako. Europa kontinentalean, ordea, iratzea kostaldera dago mugatua. Bretainia eta Britainia Handiko hainbat kostako lekutan aurkitu da, beti ere modu ez jarraian banatua. Europa barrualdean, gune jakin batzuetan baino ez da topatu. Euskal Herritik behera eginda, egoera ez da askoz hobea.

Vandenboschia speciosak bailara heze eta itxiak ditu gustuko. Argazkia: Dani Blanco.
Iratze zeharrargia

Erreka sakonen ertzeko harkaitzen zuloak, iluntasuna; hori da bere lekua. Oso landare gutxik jasango duen iluntasun horretan, argi izpi gutxi batzuk eskuratuz egin beharko du fotosintesia bizirauteko. Iluntasunean hazten den baldintza subtropikaleko landarea izatea gutxi balitz, bere hosto edo frondearen berezitasuna ere agerikoa da. Izan ere, zelula geruza bakarrez osaturikoak dira, zeharrargiak. Gardentasun puntu horrek emango dio ederra deitzeko hautua egin zuen botanikariari arrazoia. Alde horretatik “speciosum”, espeziala baita.

Iratzeak ezkutuan bizi nahi zuen baina…

Azken hamarkadetan Euskal Herrian egin diren iratzea bilatzeko ahaleginek fruituak eman dituzte, eta aurretik ezezaguna zen tokietan edo urria zela pentsatzen zen lekuetan ale berriak aurkitu dira. Laginketa sakonak egin diren lekuetan, Jaizkibelen eta Urumean esaterako, aurretik ezagunak ziren aleen kopurua 10 aldiz handitu da azken hamarkadan. Honek guztiak arrazoi bat du, ordea: mende honen hasieran Euskal Herrian ordura arte ezagutzen ez zen iratzearen sekreturik handiena aurkitu zuten bertako zientzialariek: Vandenboschia speciosaren gametofito fasea.

Euskal Herrian, beste leku askotan ez bezala, iratze hau bere bizi-zikloko bi faseetan aurkitu daiteke: gametofito eta esporofito faseak

Iratzeak ezkutuan bizi nahi bazuen, alferrik du dagoeneko. Iratze guztiek bere bizi-zikloan zehar bi fase, bi gorputz ezberdin eduki zitzaketela jakina bazen ere, Euskal Herrian Vandenboschia speciosaren “iratze itxurako” fasea soilik ezagutzen zen, esporofitoa. Ordea, bada beste fase bat, iratzeak erabat bestelako itxura duena: gametofito fasea. Fase honetan, iratzeak goroldioaren antza hartzen du, zailagoa da ezagutzen, txikiagoa da, eta hori gutxi balitz, erreka ertzeko zulorik ilunenen barrualdean ezkutatzen da askotan, ia ikusezin bihurtuz.

Gametofito fasea Euskal Herrian aurkitu zen lehendabiziko egunetik, ordea, garbi ikusi zen hortik aurrera iratzea leku gehiagotan ere aurkitzeko aukera zegoela. Izan ere, Euskal Herrian, beste leku askotan ez bezala, iratzea bere bizi-zikloko bi faseetan aurkitu daiteke, bi gorputz ezberdin izango balitu bezala, eta biek gainera, bizileku ezberdinak erabili ditzakete, iratzearen biziraupenerako abantaila handia izanik. Iratzearen gametofito fasea ezagutzeak, beraz, bide berri bat ireki zuen Euskal Herriko botanikarientzat. Ordutik, Vandenboschia speciosaren ikerketan ari den Aranzadi Zientzia Elkarteko lantaldeak ezagutzen ez zen lekuetan aurkitu du garoa. Urtero-urtero, aurretik ikusi gabeko lekuren batean azaltzen da oraindik ere.

Iratze honi buruz martxan den Europako ikerketa genetikorako, Jaizkibel eta Urumean hartutako laginak garrantzitsuak izango dira

Konplexutasun hau guztia dela eta, eta Euskal Herriko errekek ematen duten ikerketarako aukera bikaina baliatuta, Granadako Unibertsitateko Víctor Suárez doktorearen taldea Jaizkibelera eta Urumeara etorri zen 2012an, iratze honi buruz egiten ari diren Europako ikerketa genetikorako laginak hartzeko. Euren esanen arabera, bertako populazioek garrantzi handia izango dute ikerketan.

Erreka ertzeko basoak zaindu ezean, zaurgarri

Europan babestua dagoen espezie honek jasan ditu mehatxuak ere. Irlandan, adibidez, ia desagertzear izan zen bildumazaleek euren herbarioetarako jaso zituztelako. Euskal Herrian, ordea, mehatxuak bestelakoak dira. Basogintza gogorrenek eragindako erreka ertzeko basoen mozketek edo eta arro oso batean egindakoek kalteak sor ditzakete, babesa kentzen dietelako eta izozteen aurrean zaurgarriago bihurtzen dituztelako. Urumeako arroan egindako modelizazio lanek ere, ez diote etorkizun ona aurreikusten espezieari. Eta klima aldaketa etsai gogorra izan daiteke hezetasun maila altua eta tenperatura egonkorrak behar dituen espeziearentzat.

Naturak eman digun bitxikeria honek gure artean jarraitzea nahi badugu, erreka ertzeko basoak ondo mantentzea, edo eta berreskuratzea da prebentziorik onena. Landare hau bilatzen lan egiten dugunok, bestalde, Europako ikerketa genetikoaren emaitzen zain jarraituko dugu, bitartean, ale berrien bila erreka ilun eta malkartsuetako pareta hezeetan begiak irristatzeko aukerarik galdu gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baso naturalak
2023-03-13 | Daniel Hofnung
'Ibai hegalariak', munduko klimaren protagonista funtsezko horiek

Klimaren hondamendiari ihes egitekotan, ez da aski izango atmosferan murriztea negutegi eragineko gas kontzentrazioak. Beharrezkoa izango da oihanak eta lurzoruak zaintzea ere, ez ditzaten hondatu deforestazioak eta nekazaritza intentsiboak; zeren eta uraren zikloa ere oso... [+]


Etiopian aspaldiko oihanen azken aleek biziari eusten diote ehunka baselizaren inguruko harresien babesean

Azken mendean Etiopiak galdu ditu antzinako oihanik gehienak, nekazaritzaren, artzaintzaren eta herrialdean laborantza industrial neokolonialak eragindako goseteen presiopean. Alabaina, biodibertsitatez betetako azken baso zatiak geratu dira, fosil gisa, zientoka eliza eta... [+]


Planetaren arnasak zuhaitz eta oihanak behar ditu tropikoetan eta... batez ere Europa zaharrean

Deforestazioa geldiarazteaz gain, milioika zuhaitz gehiago behar ditu Lurrak klimaren zoratzea gelditu, euriak ugaritu eta biodibertsitatea berreskuratzeko. Baina ez begiratu soilik Amazonia edo Kongo edo Indonesiako hondamendiei: Europan lan handia daukagu duela mende gutxi... [+]


Hauek dira babestu beharko genituzkeen lurrak, bioaniztasuna segurtatu eta klima egonkortzeko

Mundua mapeatu dute, eta orain, xehe-xehe dakigu ezinbestean zein lur eremu babestu beharko genukeen gainean dugun krisi bikoitzari aurre egiteko: bioaniztasuren galera eta klima larrialdia. Sciences Advance aldizkarian Global Safe Net (Segurtasun Sare Globala) proiektuaren... [+]


Eguneraketa berriak daude