'Ibai hegalariak', munduko klimaren protagonista funtsezko horiek

  • Klimaren hondamendiari ihes egitekotan, ez da aski izango atmosferan murriztea negutegi eragineko gas kontzentrazioak. Beharrezkoa izango da oihanak eta lurzoruak zaintzea ere, ez ditzaten hondatu deforestazioak eta nekazaritza intentsiboak; zeren eta uraren zikloa ere oso garrantzitsua baita klima erregulatzeko. Hori ulertzen hasi berriak gara.


2023ko martxoaren 13an - 00:59
Azken eguneraketa: 11:13
Flickr/CC BY-NC-ND 2.0/Neil Palmer/Ciat/Cifor

New Yorken 1992an klimaren beroketari buruzko Biltzarreen prozesua abiatu bezain laster, argitalpen zientifikoak hasi ziren arreta jartzen ‘aireko ibai’ deituei, eurien sorreran garrantzia handia duten ur-lurrinezko korronteei. Hasieran ‘ibai troposferikoak’ izendatutako  ‘aireko ibai’ hauek sortzen dira ozeanoetako ebaporaziotik eta Amazonia, Kongo eta Siberiako oihan handietako ebapotranspiraziotik. 1992an,Tropospheric rivers? A pilot study ikerlanean Reginald Newell eta beste zenbait zientzialarik zioten aireko lurrin-korronteon emaria oso handia zela: Amazoniakoa hurbiltzen zitzaion Amazonas ibaiaren emariari, hau da, 165.000 m3 segundoko.

Hamabost urte beranduago, 2006 eta 2007an, San Petersburgoko Victor Groshkov eta Anastassia Makarievak formulatu zuten punpa biotikoaren printzipioa: "mekanismo bat zeinaren bidez berezko oihanek sortzen eta kontrolatzen dituzten ozeanotik lehorrera doazen haizeak, lurreko bizi-klase guztiei hezetasuna eramanez”. Honela, erakutsi zuten oihanek eta zuhaitzek klimaren gain jokatzen duten rol funtsezkoa: oihan handiek ebapotranspirazio bidez sortutako lurrin-ibaiei gehitu behar zaie ozeanoei xurgatu eta lehorrean milaka kilometrotara barnatu arazitako hezetasuna.

Atmosferako ibai (gezietan) eta arro (urdinez) nagusiak punpa biotikoaren teoriaren arabera: oihanek euriez gain haizeak ere eragiten dituzte eta haize nagusiak, ur lurrunak biltzen dituztenak, oihanek sortuak dira eta euriak eramaten dituzte urruneko arroetaraino. Iturria: ResearchGate

Ideia hau bereganatu zuen 2014ean Antonio Donato Nobrek, Brasilgo INPE Espazioaren Ikerketarako Institutu Nazionalean ikerlaria denak, The Future Climate of Amazonia azterlanean. Hartan, Nobrek azpimarratzen zuen Amazoniako oihanetik sortutako lurrinezko aireko ibaiek rol erabakigarria jokatzen dutela Hego Amerika osoaren kliman (hesi lana egiten duten Ande mendietatik ekialdekoan), baita Ipar Amerikako zati batekoan ere, eta euriak sortzen dituztela.

Gelditu berehala deforestazioa

Baina Antonio Donato Nobrek deforestazioaren kalte suntsitzaileak ere salatzen zituen: gutxitu egiten ditu zuhaitzen ebapotranspirazioak eragindako ur-lurrun kopuruak, eta ondorioz haietatik sortutako euriak ere bai, eta punpa biotikoari nahasmendua eragiten diote, asko kaltetzen dituelako itsaso inguruko basoak, itsasoko aire hezea xurgatzen dutenak. Gerta liteke suntsiketa honek ondorio dramatikotzat ekartzea: Amazonia sabana bihurtzea, eremu bat non zuhaitzen presentziak indarra galdu duen belar motako landareen mesedetan. Lehendik bada sabana bat Cerradon, Amazoniako hego aldean, eta jada haren %40 suntsitua dute abelazkuntzaren eta soia soroen mesedetan.

Horrela, Brasilgo biztanleen eta jardueraren gehiengoa biltzen dituen Sao Paulo hiriaren mendebaldeko eremu zabal bat bilakatu liteke basamortu, gaur antzeko latitude batean Australiak daukan basamortu itzelaren antzekoa. Berrikitan, 2021ean, Arte telebista kateak eskaini du Pascal Cuissoten Le mistere des rivières volantes d’Amazonie (Amazoniako ibai hegalarien misterioa) filma eta bertan erakusten da nola jada bilakaera hori hasia den: Iguazuko ur-jauzi famatuetan, aipatu eremu horretan Brasil eta Argentina arteko mugan daudenetan, garai batean ura baldin bazihoan 3 kilometroko zabalero batean, gaur egun sasoi lehorrean zabalera horren erdia baino gutxiago hartzen du.

Victor Groshkov eta Anastassia Makarievak punpa biotikoaren teoria garatu dutenetik, zientzialariek arreta handiagoa ematen diote uraren zikloak klimarentzako daukan garrantziari. Argazkia: Science et Avenir.

Beste alde batetik, Nazio Batuen Erakundearen Ingurumenarentzako Programak (UNEP) 2021eko abuztutik gomendatzen du “Lurrreko klima freskatzeko eta paisaiak hidratatzeko lan egitea landareekin, lurzoruekin eta urarekin”. UNEPek argi eta garbi ondorioztatzen du klimaren hondamendia saihesteko beharrezkoa dela deforestazioa berehala gelditzeaz gain mundu osoan ekitea oihanak landatzeari eta garatzea lurzoruak biziberritzen dituzten nekazaritza praktikak, esate baterako agroforesteria.

Izan ere, gaur nagusi den laborantza ereduan, ongarri  kimikoetan oinarrituta dagoelako, lurzoruetan geratzen den gai organikoa (humusa) hain murritza izateak eragiten du lurzoruek galtzea urari eusteko ahalmena eta soroek lehorteari aurre egiteko erresilientzia gutxiago edukitzea. Horrek ondorioak dauzka ebapotranspirazioan, hau ezberdina baita lurzorua estaltzen duen landaredia laborez, belazez, heskaiz edo zuhaitzez osatuta dagoen arabera.

Klimaren Garapenerako Gobernuen arteko Aditu Taldea (GIEC) irteerarik gabeko bide batean sartu da, ezikusia egin diolako klimaren aldaketetan urak daukan garrantziari, soilik kontutan hartuz negutegi eragineko gasak. Zeren eta, atmosferan negutegi eragineko gas kopuruen handitzea geldi araztera iritsiko bagina ere, berdin jarraituko lukete deforestazioak eta lurzorua okupatzeko dauzkagun gure moduek eragindako klima aldaketak eta hauek Lurreko eskualde zabalak basamortu bilakatzeraino iritsi.

Egia da GIEC sortu zenean (1988) klimaren aldaketen esplikazioa negutegi eragineko gasen kopuruen handitzean zetzala. Baina gaur egun, planetaren idortzea eta desertifikazioaren zabaltzea saihestu nahi baldin badira, nahita ezkoa da kliman urak jokatzen duen rola kontutan hartzea. Beraz, berehala gelditu beharra dago oihan handien deforestazioa, baso berriak landatu eta laborantza eredua iraultzeari ekitea. Zeren eta lortu baitaiteke nekazaritzak uraren zikloa suntsitzeari utzi eta, alderatziz, aldaketaren palanka bihurtzea, hezetasunari eusteko eta karbono gehiago lurrean atxikitzeko gaitasuna daukaten lurzoru bizien bitartez.

 

Daniel Hofnung, ingeniari gaur erretretan sartua, Eau Ile-de-France (Ile-de-Franceko Ura) koordinadorako lehendakaria da. Martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, iritzi artikulu hau frantsesez argitaratu du Reporterre aldizkarian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-24 | Nicolas Goñi
CO2a atmosferatik kentzeko ingeniaritza: lurra ustiatzen segitzeko aitzakia?

Klimaren arazoa ingeniaritza kontu bat soilik ote da? Atmosferaren berotegi efektua indartu du munduaren industrializazioak, karbono dioxido kopuru erraldoiak isuri baititugu airera, gure biziraupena kolokan ezarri arte. Zergatik ez, beraz, karbono dioxido hori berriz harrapatu,... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Eguneraketa berriak daude