Okila eta oiloa eguraldia iragartzen

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2019ko maiatzaren 26a
Juan Mari Ibarzabal

Gaur goizean okila garrasika aritu da etxe gaineko haritzean (Quercus robur). Luze aritu da eta haserre zela zirudien. Goiza ederra da, freskoa baina arraitsua, oso argia. Urteko egun luzeenetara hurbiltzen ari gara eta goizean goizeko argitasunean igarri da. Kexu zen, ordea, okil berdea. Esaerak hala dio, okila kantuan ari bada egarri da, euri eske ari da. Hona Gotzon Garatek jasotako batzuk: tokile kantari, uria fite; okilla kantari, eurixe seguru; okilla kantari, euria hemen da; okilla kantari, okilla euri eske; okiloa kantuz, euri haizea laster hixtuz; okile kantari, okile egarri; okila kantetan, okila egarri; eta Abadiñoko Natalia Munitxari jasotako: okille egarri dok. Eguraldiaren iragarpenari begiratu eta gaur arratserako euria datorrela dio.

Ez dakit kantuan aritu den okil hori bera edo beste bat zen, baina atzo goizean goiz, esnatzera atarira atera behar nuenean hor ikusten dut leihotik, bezperan jarri dugun itxitura berrira hurbildu eta lehen hesolan pausatzen. Itxitura sasiakaziazko hesola (Robinia pseudoacacia) eta burdin-sarezkoa da. 22 hesola ikusten dira leihotik, muntoaren atzean galtzen diren artekoak. Bada okilak, lehenengotik azkenekora, banan-banan miatu ditu; bere mugarrietako zutikako zur berri horiek aztertu eta goizeko apetaldia asetzeko moduko mokaduren baten xerkan.

Ugaritzen ari da okil berdea gure inguruan, eta ni pozik, izan ere garbitasun ederra egiten dute intsektu, har, beldar, krisalida eta abar. Ikuskizun polita da bere hegaldi uhinduna. Eta kantua: kar-kar ari dela dirudi, lasterragotzen eta tonua galtzen...

Okilek, bere soinaren garbitasunerako ur bainuak bezala lur bainuak ere hartzen ote dituzte? Behorrak edo astoak udaberriko aro onarekin zaldaliak edo garagarrak irabazten dituzte, edo garagarraka, iraulka, lorrinka, amilketan zapuzka, ihauska, ihalozka, aztalka, astalka, itzulipurdika, irabiaka, inauldurizka, pulunpaka edo aztarrika dabiltza.

Izeben oilategian oiloren bat hegoak zabalik lurrarekin auska bezala zalapartan zebilenean, hautsa harrotuz, aztarrika zebilela ikasi genuen; arkakusoak eta zorriak uxatzeko, agi danean. Garagarraka ere esango zaio nonbait, izan ere esaerak hala dio: “Oiloak hauts artean garagarraka? Denpora txarra”.

Okila kantuan eta oiloa aztarrika, eguraldia txartzera doan seinale. Okila kantuan entzutean hasiko dira oiloak aztarrika. Eta okilak egiten al du aztarrika? Okila zenbateraino da oilo? Eta oiloa okil?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Baso naturalak

Baso naturalak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude