"Benetan sinetsi behar dugu ikasteko beste modu batek emaitzak ematen dituela"

  • "Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa" argitaratu du Hik Hasi Euskal Heziketarako egitasmoak, urtebetez hainbat aditurekin batera burututako gogoetaren ondorio. Hezkuntza hobetzeko hamar gako bildu dituzte bertan eta aitzakia horrekin mahai-ingurua egin dute Mondragon Unibertsitatean. Hona saioak eman duenetik hainbat puntu interesgarri.


2017ko abenduaren 31n
Ane Ablanedo, Nerea Alzola, Xabier Sarasua eta Nora Salbotx.
Ane Ablanedo, Nerea Alzola, Xabier Sarasua eta Nora Salbotx.

Hiru oinarri ditu Hik Hasiren proposamenak: hezkuntzak finantzaketa eta esku-hartze publikoa izan behar du, ikastetxe bakoitzak autonomoa izan behar du, eta ezinbestekoak dira hezkuntza-eragileen arteko lankidetza, gertuko administrazioaren inplikazioa eta herriko gainerako eragileen partaidetza. Gehiagorako eman du eztabaidak, Ane Ablanedo (Baionako Unibertsitatea), Nerea Alzola (Huhezi), Nora Salbotx (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta Xabier Sarasua (Hik Hasi) mahaikideen eskutik.

Haur Hezkuntzaren aitortza falta

“Bai ikuspegi klinikotik bai pedagogikotik, zenbat eta lehenago, orduan eta funtsezkoagoa da haurrari zein heziketa ematen zaion. Alegia, 0-3 adina garrantzitsuagoa da 8-14 tartea baino, eta zer esanik ez unibertsitatean gertatu ahal zaizun edozer gauza baino, txikitan gertatzen zaizunak eragin handiagoa baitu. Zentzu horretan, haur eskolan dauden hezitzaileen lana askoz garrantzitsuagoa da, unibertsitatean irakasle dagoenarena baino. Gizartean ordea, kontrakoa nagusitzen da: dituzten lan baldintzak okerragoak dira eta duten aitortza askoz txikiagoa”, uste du Ablanedok.

Ane Ablanedo: “Haur eskolan dauden hezitzaileen lana askoz garrantzitsuagoa da, unibertsitateko irakasleena baino. Lan baldintza okerragoak eta aitortza askoz txikiagoa dute, ordea”

Helburu ekonomikorik gabe ikasitako hizkuntzak

Txostenak dio ikasleak euskaldun eleaniztun bilakatu behar dituela eskolak. Kultur anitzetara zabalik dagoen euskara du buruan Salbotxek: “Hizkuntzak ikastea garrantzitsua da, baina ez gure gizarte globalizatu eta neoliberalak eskatzen eta inposatzen digun hizkuntzen ezagutzari erantzuteko (alegia, ez kapitalak motibatuta edo gure enpresa etorkizunean deslokalizatu daitekeelako), norbanakoen premiei eta pertsonaren garapenari erantzuteko baizik; harremanak izateko, komunikatzeko. Horregatik, hizkuntza horrek ez du zertan ingelesa, alemana edo txinera izan, nire bizilagunaren hizkuntza gutxiagotua izan daiteke. Finlandian esaterako, planteamendu malgua dute: edozein lekutatik etorkinak datozenean, ikasle berriari galdetzen diote zein den bere ama-hizkuntza, eta hiruzpalau haur baldin badituzte hizkuntza hori dutenak, hizkuntza horretako maisu-maistra bidaliko dute eskolara. Ama-hizkuntzan eta bertako hizkuntzan gaitasun maila ona lortzea eta batetik bestera gertatzen diren trantsizioak baloratzea dute abiapuntu”.

Nolako irakaslea nahi du ikasleak?

Alzolaren esanetan, irakasle onak behar du “kanpokoa eta norberaren burua zalantzan jartzeko gaitasuna; pentsaera dibergentea suspertzeko eta galderak egiteko gaitasuna. Irakasle ona da orientabideak ematen dituena, pertsona bakoitzak bere burua ezagutzen eta garatzen laguntzeko, eta giza-komunitatea osatzen laguntzeko”. Irakasleen jarrera ere ezinbestekotzat du, “aldaketak egin ditzakegula sinestea”.

Salbotxek gehitu du ikasleei eurei galdetzea ere baliagarria dela. Unibertsitateko bere ikasleei galdetu die, eta haientzat irakasle ona da “bere lanarekiko pasioa sentitzen duena eta horrekin emozionatzeko gai dena, hala besteak motibatzeko gai izango delako”. Ume diren ikasleei ere galdetu diete, eta zerrenda ekarri du Salbotxek: irakasle izan nahi duen horrek “haurren izenak jakin beharko ditu, aldika errieta egin beharko digu, olerkiak idatzi beharko ditu, gurasoei gure sekretu zenbait kontatu beharko dizkie, dantzan eta kantuan aritu beharko du, lan politak egiten eta ipuinak kontatzen jakin beharko du, triste dauden haurrak animatu beharko ditu, haurrak erlaxatzen lagundu beharko du, eta haiekin egunero-egunero hitz egin beharko du”. Eskari xumeak lehen begiratuan, “baina banaka aztertuko bagenitu, izugarri sakonak direla iruditzen zait”.

Nora Salbotx: "Hizkuntzak ikastea garrantzitsua da, baina ez gure gizarte globalizatu eta neoliberalari erantzuteko (alegia, ez kapitalak motibatuta), norbanakoen premiei eta garapenari erantzuteko baizik"

Sar dadila haizea eskolan

Herri-hezitzaileen ideia ere Hik Hasiren proposamenaren oinarri-oinarrian dago. Salbotxen hitzetan, “ikastetxearen inguruan badago jendarte bat, badago mundua ikusteko era bat, hizkuntza praktika batzuk… Jakintza handia dago, baina jakintza horretatik guztitik zati bat irakasten da eskolan, nork dio zer den irakatsi beharrekoa? Goazen eskoletako paretak botatzera eta haizea sartzen uztera”. Ablanedorentzat, “paradigma aldaketak ekarriko du hori. Eskola ez da ikastegi bakarra: ebidentzia bat da, baina iraultzailea ere bada, zeren adibidez ikusten dugu ume bat eskolara joaten ez dena eta pentsatzen dugu ez duela ikasiko. Baina ikastea baldin bada gauza bat berez egiten duguna, ezin da ez-ikasi. Eta modu askotan ikasten dugu, eskolan eta eskolatik kanpo. Eskolak bizitzan integratu behar ditugu, eta horrela irudikatuko dugu hobeto zer den hezkuntza komunitate bat”.

Eskola libreak, perretxikoen pare
Egun dugun hezkuntza sistema aintzat hartuta, egingarria al da horrelako proposamen bat? Sarasuaren arabera, konfiantza da gakoa, “guk geuk ez badaukagu konfiantzarik, gainerakoei ere ez baitiegu erakutsiko konfiantzan hezten. Batzuetan kosta egiten zaigu gauden confort egoeratik ateratzea, gure lubakietan gotortzen gara, eta inertziak apurtu eta aurrera egiteko hitz egitea, eztabaidatzea eta konfiantza izatea da bidea. Gure proposamena ez da lege artikulatu bat, norabide bat baizik”.

“Hezkuntza sistematik kanpo dauden eskolak perretxikoak bezala ari dira sortzen, eta horrek zerbait adierazten du –azpimarratu du Ablanedok–. Ikastolekin gertatu zen bezala, nago bigarren itzuli baten atarian ez ote gauden, hausnarketa eta gauza berrien peskizan. Hori guztia egituratu beharko genuke, borondatea, interesa eta ezinegona egon badaudelako”. Sarasuak gogoratu duenez, eskola berritzaileago horiek beste hainbat herrialdetan badute lekua hezkuntza sisteman, “baina hemen ez, eta sistemari dagokio irekitzea eta aniztasun hori ere hartzea”.

Publikoko entzule batek, ordea, zail ikusten du hezkuntzaren paradigma aldaketa. Nola hezi bestelako konpetientzietan, Selektibitatea edo Baxoa bezalako azterketarako prestatu behar baditugu ikasleak? “Ikasleak mamu horretarako prestatu behar ditugula saltzen digute, baina sistemak jartzen dizkigun muga eta traben aurrean, apurtu ezin baditugu, ikasi behar dugu gutxienez ziria sartzen: pasa behar bada, pasako dugu, baina Selektibitatea hilabete batzuetan prestatu daiteke, eta aurreko denbora guztian beste gauza batzuk emango ditugu. Eskola libreetan aritzen diren asko eta asko gero unibertsitatera joaten dira, edo lehenago institutura egiten dute jauzi; azterketa horretarako prestatzen dira une jakin batean eta kito”, erantzun du Ablanedok.

Zein ikasle dago prestatuago?

Publikoko entzuleak, baina, ez du hain argi. Haren esanetan, Selektibitateko edukiak barneratzeko gaitasun handiagoa izango du hezkuntza tradizionalean formatu den ikasleak, bestelako konpetentzia eta baloreak barneratu dituenak baino. Ablanedo ez dago ados: “Ez nago hain seguru lehenak trebeagoak izango direnik. Benetan sinetsi behar dugu ikasteko beste modu batek emaitzak ematen dituela eta konpetentzietan hazi denak ahalmen handiagoa izan dezakeela, baita etsamina hori bera egiteko ere. Lehenak trebezia handiagoa izango du beharbada azterketa mota horretan, ezaguna zaiolako, baina beste gaitasun batzuk itzaliak izan ditzake, halako probei aurre egiteko ere garrantzitsuak izan daitezkeenak. Eta azken finean, sakonean apustu egin behar da: demagun hezkuntza tradizionala jaso duen ikaslea trebeagoa dela azterketa gainditzeko, baina zein preziotan? Zenbat gauza inportante utzi ditu bidean? Bizitzaren aurrean hartu nahi dugun jarrera erabaki eta horren aldeko hautua egin behar dugu”.

Eskola alternatiboez izan da entzuleen artetik egin duten azken galdera. Bai, bestelako hezkuntza bat dute oinarri, “baina ez dira doakoak, eta ideiekin ados egon arren, elitista bilakatzen dira sarri”. Ablanedok hartu du hitza: “Nik ere nahiko nuke denentzat izatea horrelako eskola eredua, eta uste dut gakoa dela hain juxtu proiektu hauek sortzen dituztenek ere hori bera dutela helburu, borondate publikoa dutelako, ez elite bat sortzeko borondatea; ez dago diru-asmorik eta familientzat garestia den arren, hor lan egiten dutenek oso gutxi irabazten dute”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hik Hasi
2023-06-01 | Hik Hasi
Hik Hasik ikerketari lekua egingo dio Udako Topaketa Pedagogikoetan

Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu ditugu Donostiako EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Bertan izan dira Beñat Amenabar, EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoa, Esti Amenabarro, Hezkuntza, Filosofia eta... [+]


2022-11-30 | Estitxu Eizagirre
Hik Hasiko ikastaroko 40 behatzaile, Larraulgo herri eskolan:
"Gehien harritu gaituena izan da umeak euren kasa hasten direla elkarrekin lanean, irakasleak ezer agindu gabe"

Hik Hasi hezkuntza aldizkariak bi ikasturteko ikastaroa antolatu du, Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzenduta. Saio teorikoez gain, ikastaroan zehar lau ikastetxeren praktika ezagutuko dute, eta lehen bisita azaroaren 26an egin dute, Larraulgo Eskola Txikira. Larunbata izanik ere,... [+]


2022-05-18 | ARGIA
Hezkuntza etapa guztietako hezitzaileentzako ikastaroak eskainiko ditu Hik Hasik Udako Topaketa Pedagogikoetan

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 2022ko Udako Topaketa Pedagogikoak egingo ditu Donostian uztailaren 4tik 6ra. EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatearekin elkarlanean 31 ikastaro antolatu ditu. Ekainaren 15era arte eman ahal izango da izena.


2021-11-25 | ARGIA
Otxandioko eskola saritu dute Auzmendi hezkuntza bekarekin, komunitatera hurbiltzeko bere proiektuagatik

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren lehen edizioa Otxandioko eskolak jasoko du. Hernanin eman dute epaimahaiaren erabakiaren berri, hango udaleko eta Hik Hasi egitasmoko ordezkariek.


2021-11-16 | Leire Artola Arin
Haurren pantailaren erabilerari buruzko jardunaldiak egingo dituzte

Pantailak 0-6an. Zertarako? solasaldiak antolatu ditu Hik Hasik, Haur Hezkuntzako hezitzaileentzat. Azaroaren 19an Barakaldon eta 20an Zumaian izango dira. Gaiaren inguruko hiru adituk hitzaldiak emango dituzte eta bi ikastetxetako esperientziak ezagutuko dituzte... [+]


Eguneraketa berriak daude