Haurren pantailaren erabilerari buruzko jardunaldiak egingo dituzte

  • Pantailak 0-6an. Zertarako? solasaldiak antolatu ditu Hik Hasik, Haur Hezkuntzako hezitzaileentzat. Azaroaren 19an Barakaldon eta 20an Zumaian izango dira. Gaiaren inguruko hiru adituk hitzaldiak emango dituzte eta bi ikastetxetako esperientziak ezagutuko dituzte bertaratutakoek.


2021eko azaroaren 16an - 12:05
Azken eguneraketa: 13:14
Pantailen erabilerak haur txikiengan duten erabileraren inguruan gogoetatuko dute. / Argazkia: Guraso.eus.

Hik Hasik 0 eta 6 urte bitarteko haurren pantailen erabileraren gaineko gogoeta egiteko jardunaldiak antolatu ditu, ostiralean Barakaldoko BECen eta larunbatean Zumaiako Zumaiena ikastetxean. Antolatzaileen esanetan, hezitzaile eta profesionalek gaiarekiko “egonezina” helarazi diete, eta jardunaldi horien xedea izango da informazioa ematea eta gogoeta sortzea. Formakuntza saioetan hainbat galderari helduko diote: “Aski hausnartu ote dugu zertarako eta nola erabili behar ditugun etapa horretan? Ba al dakigu pantailen gehiegizko erabilerak edota erabilera okerrak zer-nolako eragina izan dezakeen haurren garapenean eta erlazioetan?”.

Hiru hitzaldi eskainiko dituzte, eta ondoren bi ikastetxetako esperientziak ezagutaraziko dituzte; hausnarketa eta eztabaida bultzatu nahi dute. Lehen hizlaria Anna Ramis izango da, hezitzailea, pedagogoa eta pantailarekiko mendekotasun goiztiarrean aditua; pantailek Haur Hezkuntzan duten zentzuari buruz jardungo du.

Ondoren, Alvaro Beñaranek hartuko du hitza. Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua da eta ASEFOPeko (Praktika Psikomotorreko Eskolen Europako Elkartea) prestatzailea eta presidentea. 6 urte arteko haurrek pantailen aurrean egoteko eta informazio hori kudeatzeko dituzten gaitasun psikikoen gainean hausnartuko du.

Azkenik, Amaia Arroyo HUHEZIko Hezkuntza Bereziko irakasle eta ikertzaileak teknologia digitalari helduko dio: haurrek behar duten gidaritza digitalaren inguruan mintzatuko da. Solasaldiak amaitzeko, Donostiako Axular Lizeoko esperientzia partekatuko dute, eta Eneko Jorajuria irakasleak azalduko ditu ‘10 egunez pantailarik gabe’ erronkaren nondik norakoak. Ipar Euskal Herrian gauzatu dute egitasmo hori, eta elkarrizketa honetan irakurri daitezke Jorajuriak gaiari buruz esandakoak.

Hik Hasiren jardunaldiak presentzialki nahiz online jarraitu ahalko dira, aurrez izena emanda hemen Barakaldorako eta hemen Zumaiarako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren haziera
Influencer bihurtutako umeak: familia negozio gisa ulertzen denean

Sare sozialetan etxe barruko egunerokoa erakusten duten familiak eta Interneteko erakusleiho erraldoian jolasten, makillatzen edo dantzan jartzen dituzten haurrak milioiak mugitzen dituen negozio bilakatu dira dagoeneko. Adin txikikoak babestuko dituen legedia eskatzen du batek... [+]


2024-03-14 | Sustatu
Kirol eta jolas: umeei kirol jolasak erakusteko material praktikoak, euskaraz

Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.


Jaioberrien orpo-probak 14 gaitz bilatuko ditu aurrerantzean EAEn, antzeman daitezkeen 50 gaitzetatik oraindik urrun

Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]


Eguneraketa berriak daude