Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpena

  • Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 2024ko Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpen prentsaurrekoa egin du astearte goizean. Bertan parte hartu dute EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrek eta Hik Hasiko formazio arduradun Mikel Agirrezabalak.


2024ko maiatzaren 08an - 05:20

Ireki da Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoetan izena emateko epea: www.hikhasi.eus-en maiatzaren 2tik ekainaren 7ra. Uztailaren 2an, 3an eta 4an ospatuko dira Donostiako EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean.

 Bi erakundeek elkarlanean prestatutako 21 ikastaro anitz eta berritzaile izango dira aurten aukeran.

Topagunea indartzeko espazioa berezia antolatuko da aurten.

 

EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Ben?at Amenabarrek pozik adierazi du Hik Hasiren udako topaketak HEFAn egiteak duen garrantzia eta sortzen duen poza. “Euskal Herriko hezkuntza sistemaren barruan presentzia eta eragin handia duen eragilea da Hik Hasi eta guretzat estratregikoak dira Hik Hasiekin sortu genitzakeen harremanak. Guretzat plazera da, edo are gehiago, ohorea da, Hik Hasiren bitartez hezkuntza komunitatera gerturatzen delako gure fakultatea. Formazioaz harago, hiru egunetan zehar elkarrekin topatzeko gunea gure fakultatea izatea benetan pozgarria den albiste bat da”.

Fakultateko irakasleak eta ikasleek emaile zein hartzaile gisa hartuko dute parte aurtengo topaketetan ere, hainbat ikastaro eskaintzen baituzte EHUko irakasleek Hik Hasirekin. “24 urte hauen ondoren, Hik Hasik antolatzen dituen topaketa hauetan parte sentitzen gara hemengo langileok, topaketak geure sentitzen ditugulako. Beraz, atsegin handiz hartuko ditugu egun horietan hurbiltzen direnak”.

Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduradunak HEFAren elkarlana eta laguntza eskertu ditu, eta ondoren aurtengo ikastaroak aurkeztu ditu. 21 ikastaro eskaini dira aurten, denak euskaraz, askotariko gaiak lantzen dituztenak, “eskolako eguneroko jarduerarekin eta dauden kezkekin lotura dutenak, haiei erantzuteko asmoz eta irakasleen prestakuntza osatzeko helburuarekin”, Agirrezabalak azpimarratu duenez. Ikastaroak antolatzerakoan Hik Hasi aniztasuna bilatzen du, baina Hik Hasirengandik kanpo dauden arrazoiengatik, aurreikusitakoa baino ikastaro bat gutxiago eskainiko da urten.

Emaileei dagokienez, Euskal Herriko adituak eta arituak dira, jada Hik Hasirekin elkarlanean urteak daramatzatenak asko eta hezkuntza arloan erreferentzia direnak. Besteak beste: Alvaro Ben?aran psimotrizista, Nerea Mendizabal Komunikazio Ez Bortitzean aditua, Ane Ablanedo irakaslea eta neurosiaren prebentzioan aditua, Patxi eta Ane Eizagirre heriotzan espezializatutako psikologoak, Marina Pintos yoga irakaslea eta In?aki Eizmendi Ebete hizkuntza- zerbitzuetako teknikaria. Gaiei dagokienez, neurohezkuntza, scape room digitalak eta fisikoak, IDU Irakaskuntza Diseinu Unibertsala, PBI Proiektu Bidezko Ikaskuntza, antzerki teknikak edo matematika manipulagarria landuko dira, besteak beste.

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren irabazle izan zen Jakinmin elkarteak ere ikastaro bat eskainiko du. Haur filosofiaren metodologiari buruzko oinarrizko formazioa izango da, elkarrizketa argudiatu kooperatiboaren bidez hausnarketarako gogoa eta gaitasuna sustatzea helburu dituena. Horretarako baliabideak eta jakintza eskainiko dira.

Topagunea indartzera goaz

24. edizioa da aurtengoa; 24 urte daramatza Hik Hasik Euskal Herriko milaka irakasle euskaraz formatzen. Baina ez formatzen soilik, baita elkartzen ere. Hiru egunetan zehar EHUren gelak eta kanpoaldeak Euskal Herri osoko hezitzailez betetzen dira, Hik Hasiren topaketa pedagogikoak elkargune bihurtzen direlarik.

Aurten, topagune hori indartu nahi du Hik Hasik eta horretarako espazio berezi bat prestatuko du. Norberak bere ikastaroa egiteaz gain, denak batzea ahalbidetuko duen gune bat prestatuko du. “Gure ezaugarrietako bat da elkarrengandik, sareez gaindik eta lurraldetasunetik ikastea, eta hori bistaratuko dugu prestatuko dugun espazioan”, azaldu du Agirrezabalak. “Topaketen hasiera ekitaldian izena-eman duten guztiak biltzen gara EHUn eta ondoren, ekitaldia bukatu eta gero, bakoitza bere ikastarora joaten da, bakoitza bere gelara. Azken egunean hamaiketakoa egiteko elkartzen gara berriro denak. Aurten, denok batera gehiagotan elkartuko gara. Abagune egokia eta aproposa iruditzen zaigu Euskal Herri guztitik, sare guztietatik eta hezkuntza etapa guztietatik etorritako irakasleak eta hezitzaileak elkartzea, komunitate bat osatzen dugula konturatzea eta horrek duen indarraz eta balioaz kontziente izatea”.

Hik Hasiren bueltan hezkuntza komunitate zabala eta motibatua mugitzen da eta hori azaleratu nahi du topaguneak. “Euskal hezkuntza komunitateari lekua eman nahi diogu, espazioa eman nahi diogu, izena eman nahi diogu. Parte-hartzaileak komunitate horretako kide senti daitezen nahi dugu, Hik Hasi egitasmoko kide senti daitezen nahi dugu, hikhasitar senti daitezen nahi dugu. Hikhasitarrak aldamenean behar ditugu haien kezkak eta erronkak ezagutzeko, haien beharrei erantzungo dieten formazioak prestatzeko, haientzat interesgarriak eta baliagarriak diren aldizkariak eta edukiak sortzeko, eta haien arteko harremanak eta saretzeak osatzeko”. Helburu horiek denei forma emateko aukera eskainiko du topaguneak uztaileko hiru egun horietan. Elkarrekin, hikhasitarrek Hik Hasiren hezkuntza komunitatea osatzen dutela ikusteko, bizitzeko eta indartzeko aukera emango duen elkargunea izango da.

Izen-ematea Ikastaroetan izena emateko epea irekita dago ekainaren 7a bitartean 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Itxialdiak egin dituzte Iruñerriko institutuetan Gazaren alde, nahiz eta Nafarroako Gobernuak espresuki eskatu ez baimentzeko

Astearte gauean Israelen genozidioaren aurkako itxialdia "normaltasunez" egin dute DBH eta Batxilergoko ikasleek Iruñerriko hainbat institututan, ARGIAri kontatu diotenez. Itxialdi horiek egin ez zitezen saiatu da Nafarroako Gobernua, astearte eguerdian... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Pantailarik gabeko aisialdiari ekin diote 1.553 ikaslek Ipar Euskal Herrian

Hamar egunez, aisialdi orduetan telebista, bideo-joko eta smartphoneak alboratuko dituzte gutxienez 1.553 ikaslek, Ipar Euskal Herrian. Helburua lortzeko, pantailarik gabeko alternatibak diseinatu dituzte aisialdirako, denok bat eginik deskonexio digitala errazagoa dela... [+]


2024-05-13 | ARGIA
Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko da Herri Urratsen jasotako dirua

Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.


Eguneraketa berriak daude