Zapaldua zapaltzailearekin parekatzeko saiakera

  • 2013ko urriaren 12an, ustez, neonazi batzuei eraso egitea egotzita auzipetu zituzten Kataluniako sei antifaxista. Azaroaren 29an amaitu zen epaiketa eta auzitegiak erabakiko duenaren zain daude. Gorroto delituen Fiskaltzak hamabosna urteko kartzela zigorra eskatu du bost akusaturentzat eta lau urte eta erdikoa seigarrenarentzat. Zapaldua eta zapaltzailea maila berean jarri nahi izan dituztela salatu dute auzipetuek. Egoeraren berri emateko Euskal Herrian izan dira eta ARGIAk haiekin hitz egiteko parada izan du.

Azaroaren 11n sei auzipetuen aldeko manifestazioa egin zuten Bartzelonan. (Victor Serri / La Directa)
Azaroaren 11n sei auzipetuen aldeko manifestazioa egin zuten Bartzelonan. (Victor Serri / La Directa)

“Kendutakoa berreskuratzeko, kolektiboki bizitzeko, ikasitakoa desikasteko”, hala dio atearen gaineko idatziak. Tolosako “kaleko eskolan” sartu gara. 30 bat gazte daude barruan, Kataluniatik etorritako hiru kidek kontatuko dietenaren esperoan. Fèlix eta Karim 2013ko urriaren 12an Bartzelonan izan zen borrokaldi baten harira auzipetuta daude, Eva euren babes taldeko kidea da. Hitzaldiaren aurretik, “Urriaren 12a. Gorrotoaren kultura eta autodefentsa legitimoa” dokumentala proiektatu dute.

Ciutat Morta dokumentala egin zuten Metromuster produkzio etxearekin elkarlanean, beren istorioa kontatu dute auzipetuek. Ikus-entzunezkoan urriaren 12aren izaera politikoa xehatzen dute. Arrazakeriak identitateen eraikuntzan izan duen garrantzia eta faxismoari aurre egiteko askotariko formek duten zilegitasuna lantzen dituzte, besteak beste. “Dokumentala une politiko egokian etorri da, jendeak gertukoa sentitzen du”, uste du Fèlixek. Kataluniako hiru kideekin arratsaldean, luze eta zabal aritzeko aukera izan dugu, kasua goitik behera azaldu dute.

Diadatik Hispanitatearen egunera

2013. urteko urriaren 12an, Hispanitatearen eguna ospatzeko, milaka espainiazale elkartu ziren Bartzelonan. Ez zen aurreneko aldia. Aurreko urtean, lehenengo Diada independentista jendetsuaren ondoren, eskuin muturreko talde eta elkarte espainiazaleek ekitaldiak antolatu zituzten Kataluniako hiriburuan. Ciutadans, PSC eta Alderdi Popularraren babesa lortu zuen Katalunia plazakoak, nahiz eta tartean elkarte faxistak egon.

“Aurrez ere elkartu ohi ziren talde ultraeskuindarrak Bartzelonan urriaren 12an, baina 2012koa berezia izan zen. Beste alderdi eta talde batzuekin elkartuta antolatu zuten kontzentrazioa, itxura demokratikoagoa eman zioten nolabait esatearren”, dio Evak, auzipetuen elkartasun taldeko kideak.

Aurreko urteko “arrakasta” ikusita, berriz ere Bartzelona “betetzeko” deia egin zuten 2013an. Espainiako talde eta eskuin muturreko alderdi ugarik Kataluniako hiriburura joateko autobusak antolatu zituzten. Ez zen kasualitatea. Hilabete lehenago Via Catalana izeneko giza-kate erraldoia egin zuten independentzia zaleek irailaren 11n.

“Absoluzioa onartuko dugu bakarrik, bestela antifaxismoa kriminalizateko saiakera honetan arrazoia emango diegu”
Faxisten mehatxuei erantzuna

Hasi da dokumentala eta gazteak adi daude azpitituluek ekarriko dutenaren esperoan. Neonazi batzuk ageri dira. Bandera frankista esku batean eta bestearekin erromatarren agurra egiten ari dira. Bai, urriaren 12ko irudiak dira.

Hispanitatearen eguna gerturatu ahala mehatxuak ugaritzen hasi ziren sare sozialetan. Katalunia Plazan kontzentrazioa antolatu zuten “Katalunia gara, Espainia gara” lelopean. Espainia Martxan kolektiboak berriz manifestaziora deitu zuen Sant Jaume plazatik Montjuic parkera. “Eskuin muturrekoak Santsen elkartu ohi ziren garai batean, baina herritarren presioari esker Montjuic-era bidaltzea lortu genuen”, azaldu du Fèlix auzipetuak.

Hiriburuko kaleetan zehar ibili ziren faxistak. “Horrelako kasuetan kontramanifestazioak antolatu izan dira beti Bartzelonan”, dio Fèlixek. Goizeko zortzietan Sants auzoan jarri zuten hitzordua antifaxistek eta Unibertsitate plazaraino joan ziren, Katalunia plaza ondora, bi deialdiek bat egiten zuten lekura.

Ekitaldiak bukatu ondoren 16:30ak aldera, neonazi eta antifaxisten artean borrokaldi bat izan zen Sants auzoko taberna batean. Faxistek lesioengatik salaketa jarri zuten Esquadra Mossoen aurrean. Salaketa hori bere egin zuen Kataluniako Gorroto delituetarako Fiskalak, Miguel Ángel Aguilar jaunak. Ustez borroka horretan parte hartu izanagatik sei antifaxista auzipetu zituen. Bakoitzari hiruna eraso egotzi zien eta hamabosna urteko espetxe zigorra eskatu. Auzipetuek ez dakite zer gertatu zen Santsen, eta ez dute, egozten dieten borrokaldiaz hitz egin nahi.

Urriaren 12an Montjuic parkean egindako ekitaldia. Arg: Brais G.Rouco / La Directa
Gorroto delitua edonorentzat

Bartzelonako auzitegiak gorroto delituak ikertzeko fiskaltza bat sortu zuen 2005ean, Miguel Ángel Aguilar izan da ordutik gorroto delituen fiskala. Evaren esanetan “eskuin muturraren delituak” tratatzeko sortu zuten, izan ere,  gutxiengoak babestea zuen helburu. Desberdinak ziren horiek, desberdinak izateagatik zapaltzen zituztenak zigortzea. “Orain, ordea, jarrera politiko baten aurkako tresna bihurtu da”, dio Karim auzipetuak. 

Urriaren 1eko erreferendumaren ondoren, Kataluniako herri ugaritan guardia zibilak zeuden hotelen aurrean protesta egiteagatik gorroto delitua egotzi diete hainbat herritarri. Zenbait irakasle ere inputatu dute, eskoletan ustez haurrak “doktrinatu” izanagatik. “Valentzian Israelen aurkako boikot ekintza bat egiteagatik ere gorroto delitua egotzi diote kide bati”, azaldu du Evak.

“Gorroto delitua edonori aplikatzen hasi dira”, salatu du Karimek. Bere funtzioa, beraz, ez du bete, gutxiengoak babesteko sortu zuten Fiskaltza, gutxiengo horien aurkako neurriak hartzen hasi baita.

Ustez borroka horretan parte hartu izanagatik sei antifaxista auzipetu eta hamabosna urteko espetxe zigorra eskatu zieten
Espainia Martxan, eskuin muturraren apustua

Beste irudi gogoangarri batzuk ageri dira aurrealdeko paretan proiektatuta. Aurpegia estalita Generalitatearen ekitaldi batean faxistak sartzen direneko momentua da. Hizketan ari zen pertsonari mikroa kendu eta euren diskurtsoa botatzeari ekin diote. Ez zen ordea faxista batzuen ekintza zoro bat soilik.

2013ko urriaren 10ean hamabi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, irailaren 11n Kataluniako Gobernuaren Madrilgo delegazioan sartu eta Diada ospatzen ari zirenen aurka eraso egiteagatik. Falange, Democracia Nacional eta Alianza Nacional erakunde faxisten ikurrak soinean zeramatzatela sartu ziren Blanquernako liburu dendan. Hilabete geroago sei antifaxisten aurkako salaketa jarriko zutenetako batzuek erasoan parte hartu zuten.

Espainiako eskuin muturrak hilabeteak zeramatzan proiektu bateratu bat lantzen, ordura arte, oso zatitua zegoen. Lehenengo pausoa 2013ko uztailean hamasei puntuko manifestu bat aurkeztea izan zen. Sinatzaileen artean zeuden, ondoren Blanquernako erasoan parte hartuko zuten kolektiboak, besteak beste.

Plataformaren aurkezpen ofiziala egiteko data garrantzitsua jarri zuten mahai gainean: 2013ko urriaren 12a, Bartzelonan. Lau urte geroago, egun hartako gertakarien harira, sei antifaxisten aurka egin den epaiketan, ordea, Poliziak ez du onartu hura ekitaldi faxista bat izan zela.

2012 eta 2013 urteetako urriaren 12an Katalunia plazan egin ziren kontzentrazioak, “Moviment de Espanya i Catalans” elkarteak deituta. 2012tik aurrera ordea, “Espainiako Gobernuaren delegazioarekin elkartzen hasi ziren eskuin muturreko taldeak, eta independentziaren aurkako mugimendu bat sortzeko estrategia adostu zuten, horren harira sortu zuten Somatemps elkartea”, Karim auzipetuaren esanetan.

“Jendea berehala ohartu zen zein zeuden mugimendu horren atzean”, aurpegia ematen zuten pertsonak talde faxistetako kideak baitziren. “Denbora pasa ahala, aurpegia garbitu eta Societat Civil Catalana elkartea sortu zuten”, gogorarazi du Karimek.

Faxistek estalada erreketa egin ohi dute euren ekitaldietan. Arg: Brais G.Rouco / La Directa
Lau urteko nekea

Amaitu da dokumentala eta guztion aurrean jarri dira bi auzipetuak eta Eva. Kasua azaltzen hasi da Fèlix eta Karimek lagundu dio. Lau urteren ondoren epaiketara “nekatuta” iritsi direla dio Karimek. Kartzelan ikusten du bere burua berriz ere Félixek, 2014ean atxilotu ostean hilabete igaro baitzuen espetxean. Besteak, berriz, baldintzapean aske geratu ziren.

2014ko urtarrilean atxilotu zituzten eta ordutik ezin izan dute inolako manifestazio edo kontzentraziotan parte hartu, epaileak debekatuta. “Fiskaltzak ez ditu sekula kontzentrazio faxistak debekatu, aldiz, sei akusatuei lau urtez kontzentrazio eta manifestazioetan parte hartzea debekatu die”, salatu du Evak.

Akordioa aipatuta erantzuna irmoa da, “absoluzioa onartuko dugu bakarrik, bestela antifaxismoa kriminalizateko saiakera honetan arrazoia emango diegu eta horrek aurrekari bat sortuko luke”. Gainera akordioa eskaini ziela gaineratu du Karimek, “sei urteko kartzela zigorra eta kideak salatzea, ez genuen onartu, noski.”

“Faxismoa eta antifaxismoa txanpon beraren bi aurpegi balira bezala erakutsi nahi izan dituzte, bi muturrak”
Antifaxismoa jo-puntuan

Galderen tartea ireki dute eta halakoetan gertatu ohi den moduan, pertsona batek bizpahiru galdera egin ditu ordu erdian. Lagun batek hasitako galdera ere berak bukatu du, horrek barre algarak eragin ditu “eskolan”, dirudienez ongi ezagutzen dute. Antifaxismoaz galdetu du gazteetako batek.

Arriskuan dagoena borroka antifaxista bera dela uste dute auzipetuek, horregatik, antifaxismoa batzeko kanpaina diseinatu zuten: ”Guztiok gara antifaxistak”. “Faxismoa eta antifaxismoa txanpon beraren bi aurpegi balira bezala erakutsi nahi izan dituzte, bi muturrak”, dio Evak. Fèlixek ere argi du,“faxismorik ez balego, ez legoke antifaxismoaren beharrik”.

“Borroka antifaxista kriminalizatzeko saiakera”, izan da Evaren ustez. Indarkeria erabili izana leporatu diete, baina Fèlixek uste du ez dela indarkeria “autodefentsa legitimoa baizik”. Kanpainan adar ugari landu dituzte. “Desproportzionatu hitza ez dugu erabili, ez baitugu erdibideko erabakirik onartuko, absoluzioa bakarrik”, gaineratu du Evak.

Babes zabala jaso dute kanpainan, Karimek adibidez, bere herrian izugarrizko elkartasuna jaso duela dio. “Gertukoen laguntza jaso dugu, hala ere, beste zenbait erakunde eta elkartek ere babestu dute gure kanpaina”.

Sos Arrazakeria eta Unitat aipatu dituzte besteak beste. Unitat “arku ideologiko zabaleko mahaia da”. Plataforma per Catalunya alderdi faxistaren aurka egiteko sortu zen, eta Irakeko gerraren aurka egin zuten eragileetatik hasi, PSCtik igaro eta lekuan lekuko asanblada antifaxistetaraino daude bertan. Kataluniako testuinguru politikoak eta honen aurrean PSCk hartutako jarrerak, alderdia plataformatik kanporatzea ekarri du.

“Faxismoa esnatzen lagundu” izana leporatu zien Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak duela aste gutxi independentzia zaleei. Polemika sortu zuen adierazpen hark ordea, karga politiko handia du.

Faxismoa esnatu izana aipatzeak, garbi adierazten du faxismoak oraindik Espainiako Estatuaren zimenduetan bizirik jarraitzen duela. Zimendu horiek zalantzan jartzeak ekarri du, “a por ellos” ospetsuak Kataluniako kaleak inpunitate osoz hartu izana.

Bide baketsuen aldeko apustua

Kataluniako mugimendu antifaxistak bide baketsuen aldeko apustua egin du. “Autodefentsa jarrera alde batera utzi dugu egoerak hala eskatu digulako”, dio Karimek. Irrifar txikia du ahoan, eta prozesu horrek eragin dituen kontraesanak aipatu ditu. “Bide baketsuekin lortzen ari garena ikusita, biolentzia alde batera uztea erabaki dugu”, gehitu du Fèlixek, “Espainiako Estatuak nahi ez zuen erantzuna eman dugu, erantzun baketsua”.

“Urriaren 1aren bueltan jende asko politizatu da”, dio Karimek. Orain esperientzia antierrepresiboaren inguruan interes handia dagoela adierazi dute hirurek. “Polizia Nazionala eta Guardia Zibila polizia txarrak direla uste du jende askok, Esquadra Mossoak, ordea, onak, gure lana da erakustea guztiek erabiltzen dutela errepresioa” gaineratu du Evak. Ulertzen dute batzuek Esquadra Mossoekiko konplizitate hori izatea, irudi harrigarriak ikusteko parada izan baitute erreferendumaren harira, guardia zibilak eta Mossoak aurrez aurre  jartzea adibidez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antifaxismoa
2024-02-09 | Gedar
Isuna jarri diote Barakaldoko lagun bati, faxista bati aurre egitea egotzita

Iazko uztailean eraso zion faxista talde batek, labanaz. Orain, erasotua izan zen pertsona horri jarri diote 600 euroko isuna, faxistetako bati aurre egitea leporatuta.


Herriak faxismoa gelditu zuenekoaren lekuko den zubia Donostian

Loiolako kuartelen salerosketa behingoz sinatuta, udalak auzune berri bat sortuko du han. Beste esku hartze batzuen artean, kuartelen eta Loiolaren arteko zubia botako dute, ibaiarentzako oztopo bat delako. Aurretik, ordea, komeni zubi esanguratsu horren historia errepasatzea.


Hilberria
Gilles Perrault idazle antifaxista zendu da

Idazle frantziarrak Euskal Herriaren askapenarekiko abegikortasun handia zuen. Nazismoaren biktima izan zen, eta Marokoko erregimenaren indarkeriak argitara ematen erreferentea. Normandiako bere etxean hil da, 92 urterekin.


Eguneraketa berriak daude