Emakumeak borrokan

Izaera handiko poetak

  • Autobiographikal emanaldiaren kronika. Non: Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Noiz: 2017ko azaroaren 12an. Protagonistak: Ane Zubeldia eta Eider Perez.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte
2017ko abenduaren 10a
Azaroaren 25ean Ibarrako gaztetxean egin zuten Autobiographikal emanaldia. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.
Azaroaren 25ean Ibarrako gaztetxean egin zuten Autobiographikal emanaldia. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Igandea da, eta gaua egin da arratsaldeko sei eta erdietarako. Eskuak poltsikotan daramatzagu, “joder, hau hotza!” errepikatzen ilaran. Gutako batek esan du sei eta erdietan zela zazpi eta erdietan hasi den emanaldia, eta gero zain egongo ginela jakin izan bagenu, ez genuke hain bizkor eramango pausoa Putzuzulo inguratzen duten eraikin erautsien artetik.

Ez zen nire lehen aldia, aitortzen dut. Putzuzulo zapaltzen nuena bai (ez zen gogo falta), baina ez Autobiographikal ikusten nuen estreinako aldia. Poesia antzerkitua esaten diote. Eta antzerki poesiatua. Bi lagunek Gasteizko unibertsitate giroan sortutako ikuskizun bat. Literaturaren ertzetan dabiltzan lagun bi. Behin irratian izan ziren eta hala esan zuten: “Literatur munduan ez baduzu zuk zerbait sortzen zaila duzu aritzea”. Ane Zubeldia eta Eider Perez dira, eta poesia zale dira azkenera arte.

Jarri gara plastikozko Mahou aulki gorrietan, berokiak erantzi gabe, eta hasi da emanaldia. Aurreko ilunpean gaudenoi argibideak eman dizkigute –bertsotan bezala, poema bakoitzaren ostean txalotzeko, arren, adibidez–. “Izaera handiko poetak” datozela diote, haien poemak hartu, moldatu, itzuli, eure egin dituztela. Bazterreko emakume poeten ahotsak bere egiten dituzten emakumeak direlako eurak ere, hortik izenburua. Horretarako nortzuk diren, zein uste diren, poesia errezitaldiak modan ez ote dauden, itaunketa hasi da. Perezek: Eta zu nor zara niri hainbeste galdera egiteko? Zubeldiak, gaizto: Ni? Autokritika.

Ahotsez eta gorputzez bete dute eszena. Eta bete dute indarrez, freskotasunez, konplexurik gabe, goxo eta gazi. Tonu hori da, hain justu, emanaldia irribarre txikiarekin jarraitzea eragin didana. Hiru bloketan zatituta dago: ispiluak, egunkariak, hezurrak; eta musikak laguntzen du bakoitza zabaltzen. Lesboseko Safo eta Itxaro Borda parez pare denboran, eta Banira Giriren Katmandu poema Euskal Herriarekin orpoz orpo. Emakume histerikoak gogora ekarri dituzte, eta Alejandra Pizarniken egunerokotik lerro lazgarri batzuk erreskatatu. Poeten inguruko azalpentxoak eta gomendioak tartekatu dituzte, eta sentsazioa daukat, apar zerbitzatu berria nola, gora doala emanaldia. Hala, intentsuena da niretzat azkena, hezurrena: Mari Luz Estebanen Eskapan, Gioconda Beliren Algunos poetas, Eunice de Sousaren Emakumeei aholku bat, Maria Merce Marçalen Dibisa eta Cristina Perez Rossiren Vienes fabricada. Azken hau entzuleon bizkarretik garrasika bota du Zubeldiak eta bularrean ostikada baten pareko jaso dut.

Izango da urtebete lehenengoz ikusi nuenetik, eta pozten nau, asko, emanaldia mugitzen joan dela jakiteak. Abisatu zidaten, ez da lehengoa, aldatu dituzte zenbait gauza. Eta baietz diot, apur bat hotzago utzi ninduela aurreneko aldi hark. Eskuak berriz patrikan, izaera handiko poemen oihartzunak kaskezurrean, etxera eramango gaituen trenerako bidea hartu dugunean.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Poesia  |  Antzerkia

Poesia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude