Eraikitzeko ordua

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Uste dut egintzat eman dezakegula euskararen prozesua aro berri batean sartzeko lehen baldintza: zoru komun bat identifikatzea, terminologia eta diagnostikoak hurbiltzea, lubakien gainean zubi behin-behinekoak jartzea... Zantzu asko dago, izan Korrikaren Santiago zubiko argazkia, Udaltop jardunaldiko ekimena, Euskal Herriko euskararen erakunde publikoen lankidetza akordioa... Azken zantzua, Kontseiluak berriki egin duen ekitaldian azaldu zuen diskurtso berriaren osagaiak: konplizitate publiko-soziala, hizkuntza politika elkarrekin birpentsatu, egitasmo partekatuak eta  jauzi esanguratsu bat egiteko aukera.

Behin oinarrizkoa zen baldintza sortuta, ordua da zoru komun horren gainean eraikitzen hasteko. Eraiki beharko genituzke, ordena honetan:

    1. Elkarrenganako konfiantza. Mesfidantzaren garaian, ohiko bihurtu zaigu solaskidearen hitzei baino intentzio ustezkoei gehiago erreparatzea. Konfiantza da sinestea solaskidearen nahia dela hain justu esaten ari zaigun hori, beste tolesdurarik gabe.

    2. Ekimen partekatuak. Konfiantza igurtziarekin sortzen da; eta igurtzia, ekimen partekatuekin. Balekoa da batek antolatzea eta besteak atxikitzea, baina hobea da elkarrekin antolatzea eta gauzatzea, bide osoa elkarrekin egitea; ekintzan bezainbat, ideien artean ere igurtzia bilatzea. Praktikatzeko aukera ezin hobea da indartzen ari den aktibazioaren dinamika, ahobizi-en eta belarriprest-en festa.

    3. Marko instituzionala. Aspaldi amestutako urratsak gauzatzen hasi dira, bai erakunde publikoen artean (euskararen herriko hiru administrazioen akordioa), bai erakunde publiko eta gizartekoen artean (HPS-Topagunea ardatza aktibaziorako). Marko hau osatu eta egonkortu egin behar da, prozesua baliabidez eta bermez hornitzeko. Erakunde publiko/sozialen egitekoa da baldintzak sortzea hiztunak bidea egin dezan, gero eta erosoago, haizea alde jarrita.

    4. Ibilbide planifikatua. Behin bidean elkarrekin abiatuta, ezinbestekoa izango da ibilbidearen mapa adostea: epe jakin bateko helburua (25 urte?), haraino iristeko palankak eta palankariak (funtzio banaketa), tarteko helmugak eta helburuak, neurketa sistema, beharrezko baliabideak...

    Lehen bi esparruak emozioekin lotzen dira, batipat, eta inguru hurbilean landu behar dira nagusiki, ohiko harremanen esparruan. Azken biak, aldiz, jakintza eskatzen dute borondateaz gain, eta egituren bidez ekin behar zaie. Alde horretatik, oso lagungarri litzateke gune bat propio sortzea, euskararen erakunde publiko guztiak eta unibertsitateak bilduko lituzkeena, ezagutza zientifikotik marko instituzional bateratua eta plangintza adostua bultzatzeko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!