Zergatik den astakeria hutsa espainiar kateetan atzerriko telesailak ikustea

  • Askotan galdetu izan dute AEBetan sekulako arrakasta izan duten telesailak Espainiako telebista kateetan ematen dituztenean, zergatik egiten ote duten porrot. Argudio ugari okurritzen zaizkit egia esan. Baina labainketa horien kontrako kasuak topatzen ditudanean, The Big Bang Theory, CSI, House edo Bones adibidez, alegia, arrakasta izaten jarraitzen dutenak urtetan parrila horren barruan igerian dabiltzan arren, nire buruan galdera bat pizten da: zergatik hauek bai eta besteak ez?

'The Sopranos' bezalako maisulan bat goizeko ordu txikitan emititu bazuten, zer espero daiteke?
'The Sopranos' bezalako maisulan bat goizeko ordu txikitan emititu bazuten, zer espero daiteke?

Duela bi urte sekulako saltsa sortu zen sare sozialetan, La Sexta telebista kateak True Detective telesailarekin egin zuenaren ondoren. 2015. urte hasieran, telesail bikain honen lehen denboraldiko atal guztiak emitituko zituztela iragarri zuten. Kontuan hartu, Ipar Amerikan estreinatu eta urtebete geroago eman behar zutela. Ia mundu guztiak izan zuen, beraz, lehenagotik ikusteko aukera; baina tira, utz dezagun hori alde batera, sakrilegioa beste bat izan baitzen. Ekoizpena ikusi duzuenok jakingo duzuen moduan –ikusi ez duzuenok ere agian entzungo zenuten– laugarren atalaren azken zatian, teknika eta koordinazio erakustaldi paregabea den sekuentzia-plano zoragarri bat ikusi dezakegu. Batzuek diote pantaila txikiaren historian azken urteetan egin den planorik onenetarikoa dela –sekuentzia grabatzen hasten den unetik lehen mozketa gertatzen den arte, kasu honetan, ia 7 minutuko tartea dago–. Errodaje horren parte diren teknikari eta langile guztientzat –aktoreak barne jakina– sekulako lana eta sinkronizazio ariketa berdingabea suposatzen duen unea. Akats bakar batek sekuentzia osoa hasieratik grabatzea bultza dezake, horrek ekar dezakeen estresa, nekea eta batez ere diru-galera handiarekin.

Telesail prozedimentalek funtzionatu dute Espainiako kateetan, kapitulu bakoitzean hasi eta bukatzen den trama daukatenak

Ba, atzean dagoen lana kontuan izanik, La Sextari ez zitzaion ezer hoberik bururatu plano horren erdi-erdian mozketa bat sartu eta 7 minutuko iragarkietarako tartea gehitzea baino. Webgunean, gainera “Sei minutuko sekuentzia-planoa, kapituluaren urrezko amaiera” titularrarekin iragarri zuten. Beraiek nahi izan zuten zatia moztu eta pikutara bidali zuten ikusleak oso-osorik ikusteko pentsatua zegoen unea. Atala, beraz, osotasunean gozatzea ezinezkoa bihurtu zuten. Azken urteetan desastre horren pareko adibide ugari topatu daitezke, –Lost izan liteke argiena–, ez agian mozketengatik, baina bai ordu/egun aldaketa etengabeen erruz, atalen errepikapenengatik edo horiek promozionatzeko sareak spoilerrez betetzeagatik.

Audientzia datuetan ikus daiteke ekoizpen hauek jasaten dituzten tratu txarren ondorio argiena. Downton Abbey ezagunak, adibidez, Erresuma Batuan, batez beste, 10 milioitik gorako datuak izaten zituen. Antena 3 kate espainiarrean aldiz, ez zuen milioi bat ikusleren muga gainditzea lortu. Edo Mad Men eta The Sopranos. Nazioartean sekulako kritikak jaso ondoren eta mundu osora inongo arazorik gabe esportatzea lortuta, Cuatro eta berriro La Sexta telebista kateek ordu txikitan programatzeko burutazio penagarria izan zuten, goizeko 1:30ean alajaina. Alegia, atzerriko produktu bikain hauek ez dituztela prime time tarteak betetzen, gehienetan, late-night eremuan igerian ibiltzen dira, lehen lerroan, nola ez, telesail espainiarrak kokatuz.

Publizitatera joateko mozten diren sekuentziak, ordutegi aldaketa etengabeak... zergatik jokatzen dute horrela Espainiako kateek?

Baina kontuz, hasieran esan dudan bezala, bada aparteko talde txiki bat, telebista kateetako arduradunen hanka-sartze eta lardaskeria guzti hauen eraginak apenas nabari dituena. Castle, The Big Bang Theory, CSI, House, Criminal Minds, Bones… Onak ala txarrak diren eztabaida alde batera utziz, gehiago ala gutxiago, baina urtetan mantendu dira, eta erne, ez pentsa hauek parrilla horien ordutegi eta egunetan gora eta behera aritu ez direnik. Zergatik mantentzen dira ikusleak fideltasunez, orduan, telesail hauekin batera? Argibidea oso erraza da. Telesail hauek guztiak prozedimentalak direlako. Telesail prozedimentalak atal independenteak dituztenak izaten dira. Alegia, atal bakoitzaren hasieran azpi-trama bat irekitzen da, kasu bat, pertsonaia berekin. Baina amaieran istorio konkretu hori itxi egiten da. Horrek ez du telesailaren jarraipen zorrotz eta finkoa eskatzen, neurri batean behintzat atalak solte ikusteko aukera dagoelako. Eta hementxe gakoa, programazioan etengabe dantzan dabilen telesail hauetako bat gustuko badut, baina aldaketa horien erruz kapitulu bat galduz gero, ez da ezer gertatzen, ez dutelako denboraldi oso bateko hari bakar bat.

Bikoizketaren gaia ere, gainetik pasa nahi ez dudan puntua iruditzen zait. Geroz eta ikusle gehiago gara jatorrizko herrialdetik datozkigun telesailak emititzen diren erritmoan ikusi nahi ditugunak. Duela urte batzuk gazteak zirela esango nuke, baina gaur egun, geroz eta pertsona heldu gehiago ari dira batzen jatorrizko hizkuntzaren defendatzaileen armadara.

Dena den, Netlfix, HBO edo Amazon bezalako plataforma digitalen etorrerari esker, lehen “ohiko supermerkatuetan” bakarrik lortu zitezkeen telesail horiek, orain edozein motatako ikuslerengana erraztasunez iristea lortu dute. Denboraldiak txukun-txukun ordenatuta, iragarkirik gabe, jatorrizko hizkuntzan eta nahieran ikusteko aukera eskainiz. Atzerriko telesailak telebista konbentzionalean ikusteko aroa itzaltzen ari da. Baina zer nahi duzue esatea, orain arte kudeatu diren bezala kudeatzeko, ez zait hain albiste txarra iruditzen.


ASTEKARIA
2017ko azaroaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude